Hasiberrientzako gida: nola erabili Pinterest
2010. urteko martxoan abiarazi zuten Pinterest, irudiak eta webguneak partekatzeko aukera ematen duen gizarte-sarea. Garrantzi eta hedadura gehien, dena den, azken urte honetan lortu du. Egitura erraza eduki arren, erabilera-baldintza berezi batzuk ezartzen ditu plataforma honek, eta horien berri eman nahi du artikulu honek.
Informazioa modu bisualean partekatzeko sortu zen Pinterest, eta horrexek bereizten du, hain zuzen, beste gizarte-sare batzuetatik. Ingelesezko bi hitz elkartuta eman diote izena, Pin eta Interest, eta interesgarri dena erakutsi izango litzateke nolabaiteko itzulpena. Plataforma honek aukera ematen du hainbat karpeta grafikotan gordetzeko eta partekatzeko erabiltzaileek Interneten aurkitu eta bereizi dituzten irudi eta bideo guztiak edo disko gogorrean bilduta dituztenak. Horiek partekatzeko ekintzari pin esaten diote.
Erabiltzaileek gaika sailkatzen dituzte karpetak, eta bakoitzari buruzko irudi eta bideoak sartzen dituzte horietan. Gai bat izan daiteke dekorazioa, beste bat sukaldeko errezetak, edo bidaia-argazkiak… Era horretan, norbaitentzat inspirazio-iturri gisa balio dezake sare honek, edo eduki edo gai berri bat aurkitzeko modua eman dezake, eta beti oso era bisualean.
Pinterestek aukera asko ematen ditu irudiak sailkatu eta gordetzeko. Jende askok beren zaletasunei lotuta dauden irudiak-eta gordetzeko erabiltzen du gaur egun (sukaldeko errezetak, bidaiak, eta abar), eta zenbait enpresak beren produktuak eta salgaiak erakusteko baliatzen dute, beren web-orriak baino askoz kanal ikusgarriagoa eskaintzen die-eta. Pinteresti esker, gaika sailkatuta dauden edukietan nabiga dezakegu, eta interesgarri izan daitezkeen elementu berriak aurkitu.
Badira hilabete batzuk Pinterest erabiltzaile guztientzat ireki zutenetik. Izena eman nahi duenak helbide elektroniko bat eman behar du, edo Facebook-en edo Twitter-en erabiltzen duena jar dezake. Azken hori eginez gero, izena emateaz gain, plataforma horietan integratuko du Pinteresteko kontua, eta elkarrekin komunikatuta egongo dira gauza berriren bat iristen denean. Orrialdearen goiko aldean lotura bat dago hizkuntza hautatzeko (euskaraz erabiltzeko aukerarik ez du ematen oraindik).
Izena emateko prozesuan, Pinterestek argazki sorta bat erakusten dio erabiltzaileari, gehien atsegin dituenak edo interesgarrien iruditzen zaizkionak hauta ditzan. Era horretan, erabiltzailearen hasierako orriarekin zerikusia duten edukiak erakutsiko dizkio gizarte-sareak. Aukera ematen du, halaber, Pinteresteko erabiltzaileak edo kideak norberaren kontura gehitzeko, eta, hartara, haiek egiten dituzten azken eguneratzeen berri izan dezakegu.
Pinteresten web-orrian sartuta erabil daiteke gizarte-sarea, baina bada hori baino modu hobe eta errazago bat: norbere nabigatzailearen markagailu-barran “Pin it” jartzen duen botoi bat eranstea. Web-orritik barrara arrastatu behar da botoia.
Horrela eginda, ez da Pinteresten web-orrian sartu beharrik hura erabiltzeko. Interneten nabigatzen gabiltzan aldiro, irudi interesgarri bat ikusten dugun bakoitzean, gorde eta partekatu egin dezakegu nabigatzailean daukagun “Pin it” botoiari eraginda. Horrek asko errazten ditu gauzak Pinterest maiz erabiltzeko ohitura dutenentzat.
Pinterestera eransten den irudi bakoitza pin bat izaten da, eta eransten den pin bakoitzak lotura zuzena izaten du jatorrizko webgunera; era horretan, irudi bakoitzaren jatorrira joan gaitezke gainean klik eginda.
Beste pertsona batzuen tauletan ere egin daiteke pin. Ekintza horri berpin egitea esaten zaio. Era berean, Pinteresteko irudi bati “atsegin dut” etiketa jartzeko aukera ere ematen du. Ekintza horrekin, irudia ez da txertatzen berpin gisa erabiltzailearen taulan; gustuko gisa markatu baino ez du egiten. Bestalde, pribatutasun-aukera bat baino gehiago eskaintzen ditu Pinterestek, norbere irudietan berpin nork egin dezakeen eta nork ez adierazteko. Erabiltzailearen profila bilatzaileetan ezkutatzeko aukera ere ematen du.
Norberak gorde eta antolatu duen edukia sailkatzeko karpetei pinboard edo taulak esaten zaie, eta erabiltzaileak editatu egin ditzake, eta nahi dituenak ezabatu. Pinterestek berak beti ekartzen ditu taula edo pinboard batzuk hasierako sailkapena errazteko.
Pinteresten irudi bat gordetzen den aldiro, beharrezkoa izaten da oinarrizko informazioa eranstea (irudiaren azalpena, adibidez) eta zer taulatan gordeko dugun hautatzea edo taula berria sortzea.
Pinterestek aukera ematen du irudiak beste gizarte-sare batzuetan partekatzeko, Facebook-en edo Twitter-en adibidez. Behin argitaratuta, editatu ere egin daiteke pina informazioa eransteko edo taula jakin batean sailkatu beharrean beste batean egiteko. Gorde den irudia salgai jarritako produkturen bat bada, prezioa ere jar dakioke azalpenean, diruaren ikonoa aurrean ipinita.
Pinterestek baditu aplikazio ofizialak gailu mugikorretarako, bai iOS sistema eragilea dutenentzat eta bai Android darabiltenentzat. Era horretan, sistema eragile horiek dituzten telefono mugikorretatik eta tabletetatik zuzenean erabil daiteke Pinterest. Orri pertsonalak eta blogak erabiltzen dituztenek ere badute aukera botoiak horietan jartzeko, baita elementu grafikoak ere, HTML kode bidez.