Ahoko higienea: osasuna hortz-haginetan

Beharrezkoa da oheratu aurretik, gutxienez, hortzak garbitzea, loaldian listu gutxiago sortzen dugulako eta, beraz, babes gutxiago izaten dugu mikro-organismoei aurre egiteko
1 urtarrila de 2013
Img salud listado 872

Ahoko higienea: osasuna hortz-haginetan

/imgs/20130101/salud1.jpg
Ahoko higienea ongi zaintzeak berebiziko garrantzia du, horrela soilik saihestu baitaitezke hortz-plaka, halitosia (hats-kiratsa) eta munduan hedatuen dauden bi eritasunak: txantxarra eta piorrea edo eritasun periodontala. Espainiako Estatuan, ordea, helduen % 30ek eta haurren % 20k baino gehiagok ez dute ohiturarik egunean bitan (gutxienez) edo gehiagotan hortz-haginak garbitzeko. Ahoko osasunaren mesedetan, zurda sintetikoak dituen eskuila txikia hautatzea komeni da, hiru hilez behin aldatzea eta hortzetako haria ere erabiltzea.

Noiz garbitu

Hortz-haginak egunean bitan garbitu behar dira, gutxienez, eta aldian bi minutu eskainiko behar zaizkio zeregin horri. Egokiena, dena den, otordu nagusi bakoitzaren ondoren egitea litzateke (egunean hiru edo bost aldiz, norberak zenbat otordu egiten dituen). Elikagai-hondarrak desagerraraztea da helburua, gainerakoan mikrobioek azido bihurtuko dituzte eta esmaltea (hortzen estalkia) hondatu egingo da. Otordu luze batera joatekoak bagara eta jan bezain pronto hortzak garbitzeko modurik izango ez badugu, orduan aurretik garbitzea komeni da; era horretan, murriztu egingo dugu mikrobio kopurua, eta azido gutxiago sortuko dute, nahiz eta janari-hondarrak izan. Egunean zehar egin beharreko garbialdietan, dena den, lotara joan aurrekoa da guztietan garrantzitsuen; izan ere, lotan gaudela listu gutxiago sortzen dugu, eta, beraz, babes gutxiago izaten dugu mikrobioei aurre egiteko.

Mugimendu egokia: ‘erraztza’ bai, lanbasa ez

Hortzak eskuilaz garbitzeko teknika egokia erratza pasatzean bezala egitea da: hortzoitik hortzaren ertzera eramatea, eta ez ezker-eskuin igurztea (mikrobioak eta janari-hondarrak hortzoien azpian metatuko lirateke, eta lertzoa eta gingibitisa sortuko lukete). Goialdeko hortzak goitik behera eskuilatu behar dira eta behealdekoak behetik gora. Gainera, gainazal guztiak garbitu behar dira (hotzen kanpoaldea eta barrualdea), hortzen tarteak eta mingaina ere bai, irmoki egin ere.

Eskuila: txikia eta ergonomikoa

Hortzetako eskuilak txikia eta ergonomikoa izan behar du, ertz eta txokoetara hobeki irits dadin; zurda guztiak neurri berekoak izan behar ditu eta material sintetikoz eginak, naturalak baino sendoagoak baitira; azken horiek porotsuagoak dira, ez hain higienikoak eta sendotasuna galtzen dute hezetasunarekin. Hortzak eskuilatzeko zailtasunak dituztenek eskuila elektrikoa erabil dezakete: forma biribildua izaten dute, eta biribilak eginez eta kulunkatuz mugitzen direnez, oso ongi egokitzen zaizkie hortzoien formari eta ertzei, eta oso onak dira bakterio-plaka desagerrarazteko. Gainera, zenbait modelok ordularia ere edukitzen dute, garbialdiaren iraupena kontrolatzeko (bi minutukoa behar du). Ohiko eskuila bat erabiltzen bada, bi edo hiru hilez behin aldatu behar da. Aholku ona da bi eskuila izatea txandaka erabiltzeko eta bietako bat beti lehorra egoteko.

Hortzetako haria, ezinbestekoa

/imgs/20130101/salud2.jpg
Nahitaezko elementua da hortz-haginen tarteak garbitzeko eta txantxarra saihesteko. Egunean behin erabili behar da, ahal dela oheratu aurretik, eta oso garrantzitsua da egoki erabiltzen jakitea, hortzoiei kalterik egin gabe. Hatz lodiarekin eta erakuslearekin heldu eta hortzen artean sartu behar da haria. Ongi tenkatuta egon behar du, eta goxo-goxo mugitu behar da, hortzoietan zauririk ez egiteko. Minutu eta erdi inguru iraun behar du garbialdi horrek.

Pasta eta aho-garbitzekoak: bigarren mailakoak?

Hortzetako pastak, hasieran ematen bada, aparrez betetzen du ahoa, eta iruditzen zaigu hortzak garbituta daudela; ondorioz, behar baino lehenago utzi ohi diogu eskuilatzeari. Horrexegatik komeni izaten da bukaeran ematea, pixka-pixkatxo bat (garbantzu baten neurria baino gutxiago). Pastak fluorra edukitzea da onena, osagai horrek aldatu egiten baitu hortzetako esmaltearen osaera, eta sendotu egiten du (txantxarrari aurre egiteko). Aho-garbitzekoak, berriz, lasai utz daitezke bazterrera. Badira fluorra dutenak eta astero erabiltzekoak (0,03 eta 0,05 zati izaten dute fluorra milioi bakoitzeko), eta badira antiseptikoak dituztenak ere (hexetidina edo klorhexidina), eritasun periodontalentzat balio dutenak. Alkohola izaten duten arren, ez dira minbizi-eragileak. Baina, abantaila batzuk badituzten arren, aho-garbitzekoek ez dute ordezkatzen eskuilaren lan fisikoa; osatu baino ez dute egiten.

Higienea, jaiotzatik beretik

Haurra jaiotzen denetik hasi behar da ahoko higienea zaintzen. Jaioberriei, gazatxo batekin garbitzen zaizkie hortzoiak, kontu handiarekin eta goxo-goxo, eta berdin egin behar da lehenbiziko hortzak ateratzen zaizkienean ere; horrela, eragotzi egingo dugu ahoan mikrobioak ugaritzea. Haurra handitu ahala eta bost-sei urte betetzen dituen arte, gurasoek ispiluaren aurrean jarri behar dute eta hortz-haginak garbitzen erakutsi behar diote: gurasoek eurek eskuilari heldu eta behar diren mugimenduak eginda, beti pasta pittin batekin (ez gehiago, bestela irentsi egiten dute eta). Sei edo zazpi urte egiten dituztenean, behin kontrol motor ona eskuratzen dutelarik, haurrak prest egoten dira hortzak eurek bakarrik garbitzeko; eskuila txiki bat eman behar zaie, erraz samar erabil dezaten.

Ahoko higienea zaintzeko aholkuak:
  1. Oheratu aurretik, ongi garbitu ahoa, eskuilarekin eta hortzetako hariarekin.
  2. Otordu nagusietako bat egin eta berehala garbitu behar dira hortzak; bazkalostea luzatu egingo bada, aurretik garbi daitezke, eta etxera joandakoan arin-arin pasatu eskuila.
  3. Ez da komeni otordutik otordura jaten aritzea, batez ere jaki gozoak, zeren gero sakarosa bihurtzen baitira, eta azukre horrek kalte egiten die hortz-haginei.
  4. Urtean behin, gutxienez, dentistarengana joan behar da, txantxarra eta piorrea diru gutxirekin jar baitaitezke sendabidean hasieran antzemanez gero.
  5. Behin 35 edo 40 urte beteta, aho-garbiketa bat egitea komeni da urtean behin gutxienez, eta eritasun periodontala izanez gero, urtean bitan edo hirutan.

Iturria: Alfonso Villa Vigil, Espainiako Dentista Elkargoen Kontseilu Nagusiko presidentea