Ibiltzeko oinetakoak aukeratzea

Oinak lurrean

1 maiatza de 2004

Oinak lurrean

Bide arrunt batean pare bat ordu oinez egiteko zeinahi oinetako erosok balio du, baina egun osoan ibiltzeko, era guztietako bideak topatuko ditugula kontuan izanik, oinetako egokiak hautatu beharko ditugu, zapata horien aukeraren arabera sentituko baitira gure oinak.

  • Oinetakoak aukeratzeko unean, izan kontuan gehien ibiliko zaren zorua: azalera gogor edo samurrak, labainak, asfaltoa, lur edo harritza, hondarra, porlana…
  • Mendirako txango laburrak egin eta naturara gerturatuz, estrata, bidezidor eta pistetatik ibiltzeko asmoa baizik ez badugu, hiking edo txangorako bota hautatu behar dugu.
  • Helburua baldin bada asteburuan ibilbide xuabea egin eta noranahi eroso eta seguru iristea, trekking motako botak dira egokienak.

Hobe eguna amaitzean erostea

  • Aukera ezazu tamaina ilunabarrean (orduantxe baitago oina zabaldu edo hanpatua, egun osoan ibili ondoren) edo 20 minutu oinez egin ondotik. Era horretan, ibilbide labur bat egin ostean legez egongo dira oinak.
  • Oinetakoak probatzeko, jarri ibiltzeko erabili ohi dituzun galtzerdiak. Kontuan izan galtzerdi ona eramatea funtsezkoa dela oinetakoak ongi aritzeko. Hautatu josturarik gabeak, ariketa fisikoan urradura edo higadurarik ez nozitzeko.
  • Ahal dela, proba itzazu botak arrapala batean gora eta behera, ordekan eta aldapan biziki emaitza desberdinak agertzen dituztelako. Gora eta behera eginez oina era naturalean mugituko da, bere tokia bilatuz, eta zuk botetako lasaierak eta balizko igurtzi edo urradurak detektatu ahal izango dituzu.

Lehenik eta behin, erosotasuna

  • Proba ezazu zure ohiko zenbakiko bota eta beste bat, bataren eta bestearen arteko egokipena eta erosotasuna konparatzeko. Oinean daukazun bota zure tamainakoa dela seguru-seguru ez bazaude, proba itzazu beste bota batzuk, ezaugarri berberekoak baina beste fabrikatzaile batek eginak.
  • Egiaztatu orpoa finko egokitua daukazula, behatz potoloa besteen gainetik ez doala eta denak mugitu egin daitezkeela (zentimetro bat, gutxi gorabehera, behatz potoloaren eta puntaren artean). Egokiena, erabili ohi duzun zapata baino taila laurden handiagokoa izaten da. Probatu bi botak eta aukera itzazu oin luzeena erreferentzia hartuta.
Botaren erradiografia
  • Aukera ezazu oinbular leun eta aurrealde elastiko samarra daukan bota edo zapatila, behatzak era naturalean zabal daitezen. Atzealdeak zurrunagoa izan behar du, orpoan altuxeagoa, bultzada hasten den unean oinaren eta zangoaren arteko angelua irekiago izan dadin, orkatilaren mesedetan.
  • Erne zolari: lurzoru naturaletan ibiltzeko, aukera ezazu ildaxka sakon samarreko zola, zanpatzen duzun materiak behar bezala ihes egin dezan. Asfaltoan, egurretan edo material sintetikoetan aritzeko bada, ildaxkak ez du horren sakona izan behar. Belaze edo antzekoetan ibiltzeko, berriz, gomazko edo aluminiozko takoak dira egokienak.
  • Orpoa oinetakoaren oinarriari egokitu eta lotuko zaio, orkatilaren kulunka zeharo eragotziz.
  • Ibiltzean egiten dugun mugimenduak odol zirkulazioari eta behatzen konfortari ez eragiteko moduko punta eduki behar du oinetakoak.
  • Josturek ez dute oinetan igurtzi edo urradurarik egin behar; material malguz fabrikatuta egongo dira, ibiltzean orpotik behatzetaraino oin osoak lurra zapal dezan. Atzealdean arrakala bat egongo da, orpo zurdak min edo kalterik izan ez dezan.
  • Hauta ezazu material transpiragarria, hala nola larrua edo nylonezko ehuna.
  • Lotu ongi botak. Lotura oinbularrean geratuko da, ariketa egin eta oina hanpatzearen ondorioz, alderdi horretako zurdek min har ez dezaten; bestetik, irmo lotu behar dira oinetakoak baina odolaren zirkulazioa galarazi gabe.