2013. urtean, Garapenerako Laguntza Ofiziala 1981eko mailara etorri da. Ba al da horretarako motiborik?
Ezin ulertuzkoa eta justifikaziorik gabea da erabat. 2008. urtetik hona, errenta nazionala %5 murriztu da, eta GLO, aldiz, %70 2001. urtetik. Krisi ekonomikoa omen den honek -ez baita hala- murrizketa batzuk ekarri ditu, eta horien atzean eredu-aldaketa bat ezkutatzen da. Aurrekontuak moralgabeak dira, ez dute kontuan hartzen milioika lagun muturreko pobrezian bizi direla munduan.
Zenbat murriztu dira Garapen Lankidetzarako GKEei ematen zaizkien diru-laguntza publikoak?
Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziatik (AECID) lortzen dituzte baliabideak GKEek, eta hor izan dira murrizketarik handienak (%70eko jaitsiera metatua). Haren aurrekontuaren %50 jasotzen jarraitzen dugu GKEok, eta eutsi egin zaie abian zeuden konpromisoei, baina kendu egin dituzte laguntza bereziak eta hitzarmen berriak, hainbat urtetan lantzeko izaten diren programak %17 apaldu dira eta erakunde txikiagoak diruz laguntzeko deialdia oso urria izango da 2013. urtean.
Zer ekarriko dio baliabide murrizketa horrek nazioarteko lankidetzari?
Garapen Lankidetzarako GKEak pobrezia handia duten lekuetan ari gara laguntzen, eta jardun hori Garapenerako Laguntza Ofizialaren mende dago. GKE horien bidez helarazten den laguntza bereiz hartzen badugu, eragina are gehiago sumatuko da 2013an eta 2014an. Lankidetza deszentralizatuak %50 egin du behera, eta gure laguntza ere hein berean murriztuko da. Baina, horretaz gain, erakundeen %19k utzi egin behar izan dugu herrialderen bat edo inguru geografikoren bat, %65ek murriztu egin ditugu tokian-tokian lantzen diren proiektuak eta Espainian lantzen diren proiektuen %37, leku batzuetan egoitzak itxi behar izan dituzte %21ek eta %50ek langileak murriztu.
Murrizketa horiek izango al dute eraginik Milurteko Garapen Helburuetan?
Bistan da. Nazio Batuetako idazkari nagusiak berak onartu du Europako herrialdeen murrizketek bete-betean eragingo diotela helburu horiek lortzeko lanari, bereziki aipatu zituen Greziaren eta Espainiaren murrizketak, eta eskatu zuen ez dezatela pobreen gain jarri austeritate fiskalaren zama.
Beldurrik bai Garapen Lankidetzarako GKEei ematen zaizkien diru-laguntzak desager daitezen, edo AECID bera?
Ez genuke nahi halakorik gerta dadin, baina AECIDen aurrekontua hainbeste murrizteak ekar dezake Agentzia gisa desagertzea. Kezkatzekoa iruditzen zaigu, gainera, zenbaitek duen interesa atzerriko lankidetza-bulego teknikoen koordinatzaileak diplomatikoak izan daitezen, eta ez lankidetza arloko adituak.
Hobetu egin behar al da laguntzaren eraginkortasuna?
Hori premiazkoa da, krisia izan edo ez. OCDEren Garapena Laguntzeko Batzordeak egin duen azken txostenean esaten du kontzentratzea komeni dela, eta Plan Zuzendariak ere jasotzen du hori. Beharrezkoa da, halaber, emaileen arteko koordinazioa hobetzea, ebaluazioaren kontuan gauzak hobeki egitea, eta bermatzea zenbait arlotan -nekazaritza, arrantza, ingurumena, merkataritza edo migrazioa- egiten diren politika publikoen helburua izan dadila pobreziaren aurka egitea eta giza eskubideak babestea.
Garapen Lankidetzarako GKEek berraztertu egin behar lukete beren funtzionatzeko modua?
Beti egiten dugu, baina erantzukizun partekatu bat dugu. Gure profesionaltasuna dela eta, funts publiko gehienak Garapen Lankidetzarako GKEen bitartez bideratzen dira. Hala ere, dibertsifikatu egin behar ditugu gure iturriak, eta premiazkoa da mezenasgoaren edo babesletzaren legea egitea, emaile pribatuak motibatuta senti daitezen laguntza emateko.
Enpresek lankidetzan jardutearen aldeko apustua egiten du Plan Zuzendariak.
Horrexegatik eskatzen ditugu mekanismo etikoak eta giza eskubideei dagozkienak haien ekarpenak erregulatu eta haien ekintzak kontrolatzeko, gainerako eragileenak bezalaxe. Enpresa sozialei, giza garapenari eta garapen iraunkorrari begira ari direnei, ongietorria ematen diegu. Baina haien asmo nagusia aberastea eta nazioartekotzea bada, orduan kontra egiteko arrazoi asko izango ditugu.
Zer-nolako papera jokatzen dute Garapen Lankidetzarako GKEek garapen-eragile gisa?
Proiektuak kudeatzea eta exekutatze da ohiko zeregina, baina funtsezkoena, gizarte-eraldaketa da, pobreziaren eta desberdintasunen aurkako borroka. Garapena laguntzeko politika publikoekin konprometitua dauden eta arduratsu jokatzen duten herritarrak sustatu nahi ditugu, baina oraindik badugu gabezia alderdi horretan.
Estatistikek esaten dute Garapen Laguntza Ofizialen alde daudela herritarrak.
Baina jarrera hori ez da masiboa, eta ez da kalera irteten. Oso garrantzitsua da une jakinetan, adibidez larrialdi handietan, baina falta da pausoa eman eta konpromiso iraunkorra agertzea.
Beste konpromisoetako bat da errenta nazionalaren %0,7 jartzea Garapen Laguntza Ofizialerako. Beteko al dugu?
Urruti gaude, baina Irlandak eutsi badio, erreskatatua izan arren, Espainiak lor dezake.