Nola esan: zaharra, hirugarren adin, aiton-amona…?
Adineko pertsonak. Esakune horrexekin identifikatzen dira hobekien beraiek. Hirugarren adina paternalista eta, areago, peioratibo gertatzen da; aiton-amona ez zaie gustatzen, gizartean duten funtzioa mugatu egiten baitu horrek, eta zaharra (viejo), berriz, hitz polita da baina Espainian -ez horrela espainolean- nolabaiteko mesprezuaren adierazle da.
Pertsona batzuei zergatik iruditzen zaie tristea bizitzako etapa horretaz mintzatzea? Bertaraino iristea bera ere ez al litzateke pozgarri izan beharko?
Halaxe da, pertsona adintsu izatea lorpen pertsonala da eta horrela diogu guk ere geure Dekalogoko bigarren atalean: “Zaharrak harro egon behar du horretaraino iritsi izanaz”. Izan ere, jendea adin batera helduta, bere burua gazteagotzat jo ordez, zaharragotzat agertu nahi izaten du. Bestetik, gizartean jende adintsu asko izatea erdiespen sozial handia da, aipatu dekalogo horretako lehen atalean diogun bezala: “Herri baten zahartzea, aurrerakuntzaren ondorio den aldetik, inola ere ez da agertu behar zama edo arazo gisa”.
Nolanahi ere, zaharrenganako arreta Gizarte Zerbitzuetan sartzen da instituzionalki…
Bazterketa eta zahartzaroa elkartzea pertsona adintsuez okerreko kontzeptua izatearen agerpena da. Agerpen eta bazterketa, Espainiak egin duen politika traketsaren ondorio. Gogoan izan Espainia izan dela, Hamabosten Europan, zaharren alorretara diru eta ahalegin gutxien bideratu duena.
Egun, noiz sartzen gara zahartzaroan?
Administrazio alorreko irizpideak baliatuz, pertsonak erretiroa hartu edo 65 urteak betetzean. Nahiago nuke, ordea, ongi ulertuko bagenu zahartzea aldatzea dela baina, inondik ere ez, gaixotzea. Horrela hartuko bagenu, urteak betetzearen eta zahartzat tratatua izatearen aurreko beldurra desagertu egingo litzaiguke, zaharraren duintasuna eta izari pertsonalak aintzat joko lirateke eta. Harrigarri samarra da, daukagun adina edukita, honen gazte egotea; baina ez da zertan urteek agintzen dutena baino endekatuago egon. Zahartzaroko aldaketa fisiologiko hutsak geroz eta berantago gertatzen ari dira: egun, 80 urte inguruan gauzatzen omen dira. Adina ez da ajeak justifikatzeko arrazoia, mito hori behin betirako hautsi behar dugu: urteak betetzeak ez du esan nahi oroimen ahulagoa izatea, minak nozitzea, gortu edo itsutzea.
Adineko pertsona gaixotu egiten da, ordea.
Baita haur txikia ere. Gaixotasun larriek sortarazten duten autonomi galera eta, batez ere, gizarte sektore horren premiak betetzera bideratu beharko liratekeen baliabideen eskasia da benetako arazoa. Zahartzarora zuzendutako programak betetzen ez direnak dira beti baina, harik eta larriago, ezin saihestuzkotzat jotzen du gizarteak ekidin daitekeena. Zaharrerian pobrezia ugari izatea normal ikusten da, diru-sarrerak gutxieneko soldata baino txikiagoak izateak ez gaitu kezkatzen, gorreria eta itsutasun portzentajea biziki handia izatea normaltzat hartzen dugu. Kasu askotan pertsona ez doa ospitalera eta etxean hiltzen da, zaharra izatearren. Baina zaharra izate hutsagatik ez da inor hiltzen, bada beti-beti arrazoiren bat, gaixotasuna edo beste zerbait.
Aspaldi honetan zaharrak botika asko kontsumitzeak kezkatu egin gaitu. Akats larria ote da jokamolde hori?
Zaharra bera ere kexu dago, botika gehiegi ematen zaizkiolako. Abusu hori osasun arreta eskasaren ordezko da, medikuarengana doazenean eskaintzen zaien denbora urriaren ondorio. Erraz eta azkarragoa da errezeta bat preskribitu egiazko premiak zein diren arakatzea baino: baina hauek belarria erne eta pazientziaz atzematen dira, ez zahartasunari gaitzak leporatuz. Arreta-denbora luzeagoak botika-kontsumo txikiagoa dakarrela frogatu da nonahi. Edonola ere, berriro esatea gustatuko litzaidake: zaharra sendagilearengana doanean, motibo handia duen seinale; ez doa denbora pasa, batzuek sinestarazi nahi omen diguten bezala.
Zein patologia dira gehien hobetu beharrekoak?
Mendekotasuna sortarazi eta sindrome geriatrikoak agertzen dituztenak, dudarik gabe: inkontinentzia, desnutrizioa, ikusmen eta entzumeneko arazoak, depresio bilakatzen den isolamendua, etc. Gaixotasun horiei guztiei, gainditu ahal izateko, diziplinarteko sendabidea eman behar zaie. Egun, Geriatriaren ahalegina prebentzio eta sendaketara bereziki zuzentzen den arren, baliabide urri-urriak ditu.
Adineko pertsonaren zaindaria geroz eta irudi garrantzitsuago bilakatzen ari da. Nolako ezaugarriak izan beharko lituzke zaindari horrek?
Zaindariez jardun aurretik bereiz ditzagun bi zahar mota: batetik, urte asko dituelarik, etxea utzi nahi ez duena (eta, gainera, ez du zertan utzi). Funtsezkoa da horren autonomia aintzat hartzea eta, pertsona horien osasuna arretaz zaindu behar dugun arren, ez ditugu gizaki pasibo gisa tratatu behar. Bestetik, arreta bereziak eskatzen dituzten zaharrak daude: botikak hartze soiletik hasita tratamendu konplexuagoen premia dutenetara doaz hauek. Horrelakoetan kontua da pertsona zaintzailea gaixoez arduratzea; hortaz, zaindariak berariazko ezagutzak izan beharko lituzke, zaharraren senide hutsa baizik ez bada ere. Edonork ez du balio pertsona horretaz arduratzeko baina, hori bai, nornahik ikas ditzake oinarrizko ezagutza soilak.
Zaindariak noiz planteatu beharko lioke bere buruari laguntza eskatzea?
Ahitzearen ondorioz osasuna galtzeko sintomak agertzen hastean, aldartea txartzean, etengabe triste dagoenean edo ideia arraro-arraroak bururatzean. Pertsona edadetua zaintzeak norberaren bizitzan du eragina, baina horrek ez du esan nahi eragin kaltegarria izan behar duenik.
Noiz planteatu egoitzan sartzea?
Zaharrak, oro har, nahiago du ez joatea baina egoitza beharrezkoa da eta, askotan, aukera egokiena. Famili sendagileak edo, baldin balego, geriatrak aholkatu beharko luke hori. Kontuan izan pertsona zaharrak seme-alabekin baino nahiago duela bere etxean bizitzea, autonomia eta pribatutasuna mantentzeko. Edadetuen iritzia kontuan ez hartzeko joera handia dugu, gure gizarteak zaharrari hertsatzen dion bazterketaren ondorez, seguru aski. Agintaria zeharo galdu du zaharrak baina, horrez gainera, zuzen-zuzen doazkien kontuetan ere ez zaie iritzia eskatu ere egiten. Horregatik, etxea uzteko aukera baloratzen hasi aurretik, hobe da haien jarrera ezagutzea.
Agian bakarrik bizitze horren tristuratik urrundu nahi ditugu.
Bizitza luzea egin duenak ordaindu behar duen prezioetako bat horixe da, bakarrik geratzea. Aldamenekoak hiltzen ikusi du: gurasoak, ezkontidea, adiskideak eta, areago, seme-alabaren bat ere, agian. Baina uler dezagun ongi bakarrik bizitzea ez dela bakarrik egotea. Espainian pertsona zaharren %15 bakarrik bizi dira baina horrek ez du esan nahi bakardadea pairatzen dutenik: zaharrak dira eta bere buruaz nahien dutena egin dezakete. Familiarekin bizi dena ere bakar-bakarrik sentitzen da askotan.
Gizonezko eta emakumearen artean ba ote da alderik adin hauetan?
Horixe, asko eta era askotakoak. Ikuspegi fisikotik argi dago emakumea gehiago bizi dela, baina gaixotasun ugariagoak eta mendekotasun handiagoa nozituz. Ikuspuntu sozialetik, bistan da emakume eta gizonezko alargunen artean badela diskriminazioa: gizasemeak pentsio handiagoa kobratzen du, adibidez. Kultura alderditik ere, harremanetan bada nolabaiteko matxismoa. Gazterik alargundutako gizonezkoak beste emakume bat bilatzen du maiz, alaitasunez bizi nahi du eta bere inguruan ongi ikusita dago. Emakume alarguna arrazoi beragatik kritikatzea ohiko kontua da.
Zahartzaroko sexualitateaz dezente hitz egiten da egun. Tabu hori gainditu egin al da?
Sexualitatea gizakiak berea du, gizaki den aldetik, berarekin jaio eta hiltzen da eta sexualitatea praktikatzea naturala da. Egia da sexua edertasun eta gaztetasunarekin lotua dagoela, baina ez du zertan izan gazte ederren kontua bakarrik. Gauza bat izango da hogeita hamar urterekin eta beste bat hirurogeita hamarrekin, baina bietan ere errespetu berbera zor zaie eta bietan garrantzizkoa da praktikatzea. Bikote batek eta bik baino gehiago diote, gainera, etaparik sutsuena zahartzaroan bizi dutela.
Osasunez zahartzeko nolako aholkua emango zenioke gazte bati eta heldu bati?
Bizitzen den bezala zahartzen da pertsona. Gaztaroan eta helduaroan aztura osasuntsuak izan badituzu, zahartzarora iritsitakoan ere hortxe iraungo dute. Horri betikoa erantsiko nioke: elikadura osasungarria, tabakorik eta gainontzeko drogarik ez, ariketa fisiko pixka bat egitea eta harreman sozial egokiak mantentzea. Norberak ditu bereak, horrenak ez dira nireak baino hobeak, baina izaki sozial izaten eta praktikan jartzen jakin behar dugu. Pertsonok elkarren beharra dugu eta alderdi hori biziki zaindu behar da.
Barkatu atrebentzia: zergatik espezializatu zinen geriatrian?
Uste nuen bestelako alorretan baino sendagileago izan nintekeela honela, gizarteak utzien duen alorrean jardun nahi nuen eta. Asmatu ere, asmatu egin nuen. Geriatrian lanean eman ditudan hogeita bost urte hauek zoriontasun handia ekarri didate. Geroz eta balentria gutxiago dituen mundu honetan, albiste-muin sekula izan ez ditugun arren, heroi diren zaindari familiak ezagutu ditut hemen. Bizitzeko estimulu eta eredu izan ditudan zaharrak ezagutu ditut hemen. Dudarik gabe, erdipurdiko osasun zerbitzuak jasotzen dituztelako, gaixo dauden pertsonak egunero sufritzen ikustea mingarria, lazgarria da. Adiera horretan, zaharrak gizarte, ekonomia, kultura eta osasun alorretan diskriminaturik egongo ez diren eguna ezagutuko dudala espero dut.