Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa

Λ

Haurtxo eskatzaileak: nola antzeman?

Haur horiek lo gutxiago egiten dute, negar gehiago eta ohi baino arreta gehiago eskatzen dute

  Guraso gutxik entzun izango dute "eskatzailea" edo "eskari handia" termino zientifikoa beren haurtxoen jokabideaz ari direnean. Izan ere, gisa horretako haurren jokabideaz hizketan hasita, ohikoagoa izaten da "nekagarria", "zaila" eta gisako terminoak erabiltzea. Eta zer da, bada, haurtxo eskatzailea edo eskari handikoa? Etengabe negarrez ari dena, beti besoetan nahi duena, atseden ordu gutxi behar dituena eta etengabe bular eske ari dena.

William Sears estatubatuar pediatrarena da "haurtxo eskatzailea" terminoa. Ameriketako Pediatria Akademiako kidea da Sears, eta 30 liburu baino gehiago argitaratu ditu haurren heziketaz. Searsek berak zortzi seme-alaba ditu, eta laugarren alabaren jokabidea definitzeko erabili zuen kontzeptu hori, ordura arte ezagutu gabeko portaera ageri baitzuen: "Xurgatzailea zen, hipersentibera, estimulu normalekin lasaitzen ez zena". Azken batean, ohi baino arreta gehiago eskatzen zuen.

Espezialista horrek sustatu zuen lehenengoz atxikimenduzko edo loturazko haziera. Gurasoen eta haurraren artean lotura emozional sendo bat sortzearen alde egiten du, eta bakoitzak dituen beharren araberako arreta eskaini behar zaiela esaten du. Espainiako Estatuan, batez ere Carlos Gonzalez pediatrak babestu eta zabaldu du teoria hori, eta hainbat lan argitaratu ditu haziera-eredu ez-konduktistaren abantailak nabarmentzeko.

Gurasoen arreta handia behar izaten dute haurtxo guztiek, batez ere lehenbiziko hilabeteetan. Haur eskatzaileek, ordea, are gehiago. "Egunak akigarriak izaten dira", adierazten du Monica San Martinek, Crianza de Alta Demanda on-line komunitatearen sustatzaile eta Hijos intensos, un enfoque positivo liburuaren egileak (Haur intentsuak, ikuspegi baikor bat).

San Martinek etxean bertan ikusi zuen zer den haur eskatzaile bat izatea, halakoxea baitzuen alaba, eta horren ondorioz ekin zion abentura literario horri. Haren esanetan, izendapen hori ez da hartu behar diagnostiko bat balitz bezala, ez baita gaixotasun bat, eta etiketa gisa ere ez da erabili behar. Termino horrekin, zenbait haurrek ageri dituzten ezaugarriak bildu nahi dira, eta baliagarria izan daiteke guraso kezkatu batzuek uler dezaten beren haurtxoa normala dela eta ezaugarri horiek kontuan hartuz hazi behar dutela.

Negar asko, lo gutxi

Asko behar duten haurrak izaten dira, xurgatzaileak, bularra maizago hartzen dutenak, maiz esnatzen direnak, kontentagaitzak, iragarrezinak, hipersentiberak eta kontaktu fisiko asko behar dutenak. Horiek dira haurtxo eskatzaileak esaten zaienen ezaugarri nagusietako batzuk.

Zaila gerta daiteke halako haur batekin bizitzea, indar handiz egiten duelako negar eta ez dezakeelako jasan amarengandik urruti egotea. Gainera, haur horiek beti erne egoten dira, ia ez dute lorik egiten (20 minutu jarraian, gehien jota) eta soinurik txikienarekin esnatzen dira. Ezaugarri horietaz gain, dena den, badira haur eskatzaileek berezko izaten dituzten bereizgarri batzuk, eta horiek ere salatzen dute haur bat talde horretan sartzekoa dela:

  • Begi handiak eta oso irekiak izaten dituzte; inguruari arretaz begiratzen diote lehen egunetik.
  • Ia jaio orduko eusten diote buruari tente inoren laguntzarik gabe, eta ez dute onartzen etzanda jartzea: beti goitituta egon nahi dute, gauza guztiei begira.
  • Ez dute onartzen unetxo batez ere amaren gorputzetik urruti egotea (ez egunez eta ez gauez).
  • Haur horiek ez dute maite autoan joatea: bere onetik aterata egiten dute negar.
  • Ez dute nahi sehaskan, kotxetxoan, ezta haurtxoak eramatekoan ere: besotan nahi dute, eta besotan baino ez.
  • Ez dute maite bainatzea, eta oso zaila da botikak harraraztea.
  • Ez dute uzten beste inork har ditzan, eta horrek zaildu egiten du, adibidez, medikuak azterketak egitea.

Haurra zaindu eta norbere burua ere bai

Zenbaitetan, haurtxo zailak dituzten gurasoek senti dezakete familiakoek eta lagunek ez dituztela ulertzen, eta, gainera, errudun egiten dituztela haurraren jokabideagatik. Ildo horretan, behin gurasoek baieztatzen dutenean haurraren jokabidea ez dela arrazoi medikuren baten ondorio, ulermen faltaren horma agertzen zaie aurrez aurre. Familiakoek eta lagunek beti ez dute ulertzen haurrak jokabide desberdin hori izatea, eta askotan gurasoen jarrerari egozten diote. "Asko hartzen duzu besoan", "utzi negar egin dezan", "beti ez zaitezke egon bere gainean" eta gisakoak entzun behar izaten dituzte ingurukoen ahotik haur eskatzaileen gurasoek.

Adituen esanetan, horrelako haur bat daukanak soilik uler dezake gurasoen jokabidea. Hori dela eta, gauzak lasai hartzea komeni da, nork bere burua errudun ez egitea eta onartzea haur horren izaerak gehiago eskatzera daramala eta sentiberagoa egiten duela estimuluen aurrean. Hortik aurrera, honako arau hauek aintzat hartzea gomendatzen diete espezialistek gurasoei:

  • Zaindu norbere burua. Zaila da hainbeste eskatzen duen haurraren beharrak asetzea, gurasoak eurak ongi ez badaude. Horregatik, ahal den neurrian, lo egiten eta atseden hartzen saiatu behar dute.
  • Beharra da, ez apeta. Gurasoek ikasi egin behar dute haurrari begiratzen eta beharra zer den eta apeta zer den bereizten. Searsek azpimarratzen duenez, "haurrari utzi egin behar zaio frustrazioren bat sentitzen eta esperimentatzen".
  • Ahaztu eskemak. Ez da batere ona hain eskatzailea den haur bat eta ez den bat alderatzea. Espezialistek gomendatzen dute ahaztu egin behar direla aurrez eginda dauden eskemak, eta berariazko bat sortu behar dela haur horientzat, horrela jakiten delako zer keinuk, jarrerak, errutinak... funtzionatzen duten haiekin.

Alde ona ikusi

  Haurtxo eskatzaile bat gero ere hain eskatzailea izaten al da? Esperientzia hori bizi izan duten amek adierazten dutenez, gauzak aldatu egiten dira haurtxoa lau hankan hasten denean eta gero oinez eta hizketan. Hiru lorpen horiek independentzia handiagoa ematen diote haurrari eta zer behar duen adierazteko gaitasun handiagoa; ez du negarraren bidez eskatu beharrik, eta lasaitu egiten dira hein batean.

Adituek esaten dutenez, haur eskatzaileek ahalmen handiak izaten dituzte jaiotzen direnetik bertatik, eta bereziki nabarmentzen dute haien enpatia, analisiak egiteko eta behatzeko gaitasuna, inguruko gauzentzat jartzen duten gogo beroa eta sormen handia.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto