Uruguai 1972 urtean utzi zenuen, egoera politikoak behartuta, eta hogeita hamar urte baino gehiago Bartzelonan bizi izan zara. Ba al dago erbeste hartara itzultzerik ala dena galtzen da bidean, behin betiko galdu ere?
Hitzari hertsiki helduta, itzultzea ezinezkoa da; toki geografikora itzul zaitezke, baina ez garai hartara. Eta batek nahi duena horixe da, hain zuzen, utzitako garai eta une haietara itzultzea. Hogeita hamar urtean Uruguaitik kanpora bizi izan naiz: tokia aurreko bera da, fisikoki, baina denbora aldatu da, neu aldatu naiz. Ongi nago orain, ez dut itzultzeko aukerarik kontuan hartzen. Lege aldetik orain ez naiz atzerriratua baina, metaforikoki bada ere, erbestea da norberarena ez dena eta ni, bizi naizen sistema politikoarekin eta mundu honetako gauza askorekin ados ez nagoenez, gauza zenbaitetatik atzerriratua nagoela esan dezaket. Ene ustez, idaztearen tokia erbestea da, atzerria, bertatik behatzen baituzu, integratua ez zauden tokitik. Ene burua integratzen ez badut behatzeko unean erraztasunak izango ditut. Idazlearentzat bizitoki aldrebesa da baina literaturaren ikuspegitik oparo-oparoa.
“Mintzatzeko modu bat sentitzeko modu bat da”. Lantresnaz gainera, zer da zuretzat hizkuntza, zurean espainiera, zeure aire uruguaiar eta guzti?
Aire hori ez dut galtzen, landu ere ez dut egiten, ene buruaren eta nortasunaren atal bat da. Beste hizkuntza batean ari naizenean arraro ikusten dut ene burua: luzaro izan naiz frantsesezko itzultzaile eta frantsesez ari naizenean beste norbait sentitzen naiz. Erbestera zoazenean uharte batean gorde behar dituzu zeure nortasuna, zeure izaera izan zen harekin zerikusia duten arrasto batzuk, atzerria eskizofrenia gerta ez dadin, beste pertsona bat bihur ez zaitezen.
Askoren iritziz poesia ezin itzul daiteke. Poeta zara zu, eta itzultzaile lanetan ibilia. Nola ikusten dituzu zeure poemak, beste hizkuntza batzuetara itzulita?
Kontatzeko oraino geratzen zaizunetik zer agindu diozu zeure buruari?
Hogei eta berrogei urterekin ez nuen planteatu; orain, aldiz, giza izaera ikertzeko eta, batik bat, mutur-muturreko kasuak ulertzeko, idazten diren gertaera ikaragarri batzuk idaztea merezi duen galdezka ari natzaio neure buruari. Uruguai eta Argentinako zapalkuntza garaietan, adibidez, jazoera benetan ikaragarriak izan ziren eta, horietan oin harturik, fikziozko pertsonai itzelak sor litezke. Eta, neure buruari: “Merezi ote du gaizki jartzerainoko ahalegina, muturreko egoera psikologikoetan murgiltzea?”. Adin honetan pentsatzen ari naiz hori, une batera iritsiz gero bizitza eta literatura elkarren aurkakoak direla baitirudi. Idatzi ez da egiten dirua edo ospea jasotzeko. Batzuetan, berriro diot, pedagogiaren adarretako bat da literatura, gizateriaren zerbitzutan jarduteko, agerturiko izugarrikeriak “ostera behin ere” gerta ez daitezen asmoa baitatza idazlearengan. Horrelako titulua ezarri zion Sábatok Argentinan desagertutako jendearen gaineko ikerkuntzari baina Historiak dena errepikatzen dela frogatzen du, tamalez.
Ba ote liteke literaturarik gabeko mundurik? Literatura bizitzaz bestelako zerbait al da?
Literaturarik gabeko mundurik ez da izan sekula baina jende gehiena literaturarik gabe bizi daiteke, oso-oso gutxi irakurtzen baitu eta aberats, epaile, presidente izateraino iristen dira deus irakurri gabeak. Niri interesatzen zaidan jendea, aldiz, irakurtzen duena da. Irakurtzeak aberastu egiten gaitu, zenbaitetan kalte egin diezagukeen arren. Dena den, egun zinema dugu eta, ene ustez, XX. mendeko eleberri nagusiak zineman idatzi dira, literaturan baino askozaz ere areago. Poesia, nolanahi ere, bestelakoa da, ezin eraman baitaiteke zinemara. Agian etorkizunean denbora-pasa moduko eleberriak egingo dira eta, horren alboan, poesiak intimitatearen lurralde ordezkaezina beteko du.
Honela dio zure poemetako batek: “Ahantzi egiten naizelako idazten dut / eta norbaitek irakurtzen du / behar bezain biziki gogorarazten / ez duelako”. Eleberria idazten eta irakurtzen duenaren arteko harremana baino hertsiagoa al da poesiaren irakurle eta idazlearen artekoa?
Poesia irakurtzen duena da irakurle hoberena, beste inork kontatzea ez baitu nahi. Mintzairak berak diotsu: “novela” hitzetik “novelería” (“huskeria”) sortu zen baina poesia hitzetik ezin deus atera. Faulknerrek zioenez, kultura ertaineko edonor da gai nobela idazteko. Aski da liburu batean gertakari-segida bat agertzea: hortxe duzu nobela. Poema on bat, ordea… hori ez du edonork egiten, jakina. Poesiaren irakurlea ameslaria da, malenkoniatsua, ez daukagun izaki osatu horren nostalgikoa da. Inoiz ez gara izaki osoak, beti dugu zerbaiten faltaren sentimendua: hortxe datza poesia.
Garai ederrak al dira hauek poesiarentzat?
Bai, horrek ez baitu zerikusirik irakurle kopuruarekin. Ikusi dudanez, poesia errezitaldietara ohi doa jendea eta bertan begiak itxita aditzen ditu poemak… zorionez ateoagoak diren gizarteetan errezitaldiak tenpluaren eta erlijiozko liturgien eginkizuna beteko balu bezala, alegia. Poeta eta irakurlearen, ahots poetikoa eta entzulearen arteko zuzeneko komunikazio hori behar-beharrezkoa da: horregatik esan ohi dut poesiak duen irakurketa publikoaren funtzio hori onartu behar dugula poetok.
Liburua masa-produktu bihurtu nahi dute: irakurketa-indizea horrenbeste inporta al zaie? Ala liburuen salmenta-indizea da benetako interesgunea?
Salmenta-indizea da nagusia, noski. Merkatua eta idazketaren arteko erlazioa beti dago bizirik. Baina askatasun-area horretan tinko mantentzen saiatu behar dugu. Idazleak jakingo du zer aukeratu. Askotan eskaini didate literatur sari bat halako eleberria honela edo horrela idaztearen truk. Nik ez dut sekula ere egin horrelakorik. Espazio honetan, gutxienez, nahi dudana egiteko eskubidea dudala aldarrikatzen dut.
Kritikariez nolako iritzia duzu?
Kritikariaren funtzioak berebiziko garrantzia dauka, irakurlea literaturaren egiazko balioen norabidean ongi orientatzen badu. Dena den, askotan galdetzen diot ene buruari kritiko horietako batzuk nondik sortuak diren, nolako ikasketak ote dituzten. Egunkari bakar batean ez da argitaratzen halako sendagileak eginiko ebakuntza edo zapatagilearen lanaren inguruko kritikarik; liburuez, ordea, zenbaitetan kritika gupidagabe eta gordin askoak egiten dira eta egundoko garrantzia duten liburuak kritikarien aurretik igarotzen dira besteetan, hauek lo omen daudela. Beraz, ez dut uste oso serio hartu behar ditugunik kritikariak.
Nola erosten dituzu besteren liburuak? Zergatik?
Irakurle naizen aldetik, sena zaintzen dut. Zeinahi liburu ireki eta esaldia ondo taxutua badago, erosi egiten dut. Esakunea herrenka edo kirrinka badabil, ez. Idazlearen lehen obligazioa sena aditzea da, bere hizkuntzako musikari izan behar baitu. Orain, oro har, ez dut asko-asko irakurtzen, bizitzan dezente irakurri dut baina, une bateraz gero, aukeratu, hautatu egiten duzu. Bitxia bada ere, era guztietako erakargarritasunak nozitzen ditudanez, egunak eta egunak ematen ditut honetaz eta hartaz denetik irakurtzen: xakea, opera, dinosauroak…
Zer egingo zenuke nerabeen artean irakurketa bultzatzeko?
Irakurtzearen aldeko interesak afektibo eta emozionala izan behar du eta gaztetxoak berari dagokion zerbaitez dihardutela aditzen duenean sortzen da liburuen aldeko interesa. Literatura ez da historikoki irakatsi behar, ludikoa izan behar du. Ikasleei umorezko testuak entrega dakizkieke, adibidez, hasieran. Literaturak bizitzarekin zerikusia duela ulertu behar dute baina Myo Cid-ekin hasten badira, behintzat, nekez ulertuko dute ezer. Beste aldetik nik zinema ezarriko nuke ikasgai, ikasleei hainbat pelikula ikustaraziko nizkieke eta, hortik aurrera, pelikulako nobela emango nieke, irakur dezaten.
Irakaslea izan zara eta, alderdi horretatik, hamaikatan gomit egin dizute hainbat unibertsitatetan hitzaldiak eta ikastaroak emateko. Zein da egun Unibertsitatearen eginkizuna?
Unibertsitatea, egun dagoen bezala, nik suntsitu egingo nuke: ez dabil, ez du funtzionatzen, ez dago egiazko ikerkuntza eta hierarkia gehiegi dago bertan. Nik nahi dudan unibertsitatea -atzerriratu aurretik ere, Uruguain lanean ibili nintzen hura legez- Grezia klasikoko paideia haren ideiarekin lotuagoa dago. Ikaskuntza elkarrizketaren eta talde-lanaren bidez egin beharra dago, baina hori ez da Espainiako unibertsitateetan gertatzen dena.