Mikroblogging-a

Twitter: solasak 140 karaktere

Interneten komunikatzeko modu berria ekarri du zerbitzu honek, eta arrakasta handia lortu du
1 uztaila de 2009
Img internet listado 518

Twitter: solasak 140 karaktere

“Kontatu 140 karakteretan zertan ari zaren une honetan”. Esaldi erakargarri hori egia bihurtzeko asmoa eta sistema teknologiko erraz-erraza, horra zein baliabide erabiltzen dituen Interneten ziztu bizian hedatu den zerbitzuetako batek: Twitter. Erabiltzaileak nahi duena idazten du mezuetan, eta berak erabakitzen du nork irakurri ahal izango dituen: lagunek eta ingurukoek soilik (sarbidea itxita uzten badu), edo mundu guztiak (irekita utziz gero). Une bakoitzean gertatzen ari dena esaldi batean kontatzeak, itxuraz, ez du aparteko berezitasunik, baina horrexek liluratu ditu Sareko erabiltzaileak. Unean-unean egiten ari garena besterekin partekatzeko ez ezik, besteren bizitzei jarraipena egiteko aukera ere ematen du; hurbil-hurbileko lagunen gorabeherak izan daitezke, edo arrakastaren zeruan distira gehien egiten duten izarren kontuak. Zeinek pentsatuko zuen inork jakin ahal izango zuenik bere rock talde kuttuneko kideak hondartzan piknikatzen ari direla kontzertua eman ondoren, eta mokadu eta mokadu artean idatzitakoa orduantxe bertan jaso ahal izango zuela… edo haur esperoan dauden lagun batzuek neska edo mutila zer izango duten jakin ahal izango genuenik eurei jakinarazten dieten une berean ia… Hori ere iritsi da, bada, Twitter-en eskutik.

Zein da Twitter-en sekretua?

Twitter-en arrakasta zergatik izan den azaltzeko, ez du balio erantzun bakarrak. Gizakiak barne-barnean daraman exhibizionismo nahia pizten duela esaten dute batzuek; beste zenbaitek dio jende asko ongi sentitzen dela gainerako internautei une horretan zer gertatzen ari zaien jakinez, lagunartean daudela iruditzen zaiela. Beste batzuek, berriz, zera azpimarratzen dute, Twitter-en komunikazio-asimetriak erakartzen duela jendea; alegia, erabiltzaile bakar batek idatzitako esaldi bat milaka eta milaka pertsonarengana heltzen dela jakiteak. Agian horrexegatik gertatu da hain arrakastatsua politikarien eta beste profesionalen artean, eta baita erakunde batzuen artean ere; jendearengandik hurbil daudela erakutsi beharrak eraman ditu horretara.

Arrazoia bat edo beste izan daiteke, edo guztiak, hori eztabaidatzekoa litzateke, baina bada gauza begi bistako bat Twitter-ek sortu duen fenomeno honetan (mikroblogging deitu dute): jendeak Internet-en bilatzen ditu gero eta gehiago komunikatzeko guneak. Garai batean eztabaidaguneak, solasguneak eta posta zerrendak sortu ziren Interneten, eta horiez baliatzen ziren internautak elkarrekin komunikatzeko; blogak etorri ziren gero, eta horien inguruko iruzkinak egiteko aukera ere sortu zen. Blogei esker, komunikazioa gehiago lantzera jo liteke; gogoetaren esparruan kokatu da, eta testuak ez ezik, bideoak eta irudiak ere sar daitezke. Hori dela eta, eragin handia izan du zenbait eremutan; kazetaritzan, adibidez.

Blogen atzetik, gizarte sareak etorri ziren. Horietan, elkarrekin konektatuta egon daitezke erabiltzaileak, eta lagunekin eta ingurukoekin trukatu ditzakete euren argazkiak, musika, bideoak… Hurrengo urratsa sakelako telefonoek egin zuten: sistema eragile eta guzti merkaturatzen hasi ziren (telefono adimendunak esaten diete), eta blogetara eta gizarte sareetara sartzeko modua eskaini zieten erabiltzaileei.

Azkarra, eraginkorra eta nonahitik sartzekoa

Etengabeko bilakaera horretan, pentsatzekoa zen hurrengo asmakizuna ere etorriko zela, eta etorri da: mikrobloggin-a. Eta ezaugarriak ere ez ditu orain artekoetatik oso desberdinak: gizarte sarea da, harremanetarako; testua dauka (kasu honetan, berehalakoa eta laburra da, eta, ondorioz, ez hain landua eta nekeza); eta edozein lekutatik sar daiteke. Kalean egin dezakegu twittaldi bat, sakelakotik (halaxe esaten zaio Twitter-en solasaldi bat egiteari), eta aireportu batetik, aukera hori ematen duten programak ere badaude eta (Twitterrific edo Twitterberry, esaterako). Eta zer esan dezakegu mezu labur horretan? Bada, hegazkinera igotzeko ilaran gaudela, adibidez, edo bero egiten duela.

Gabiltzan lekuan gabiltzala Twitter bidez etengabe twittaldiak egiten ari bagara (edo mikrobloggin-a egiteko beste zerbitzu baten bidez), gure bizitzak garrantzi berezia har dezake beste jende batentzat, gugandik hurbil daudela senti dezakete, eta eragina ere eduki dezake haiengan. Eta ospea ere eskuratu dezake Twitter erabiltzen duen jendeak, jarraitzaile edo follower ugari biltzeko gaitasuna edukiz gero. Zenbat eta gehiago bildu, orduan eta komunikazio-asimetria gehiago edukiko du, eta, beraz, orduan eta eragin handiagoa besteengan.

Politikariak azkar ohartu dira horretaz, eta tresna hori erabiltzen hasi dira herritarrengana hurbiltzeko eta sinesgarritasun gehiago lortzeko, eta berdin egin dute kirolaren eta ikuskizunaren munduko izar batzuek ere. Horietako zenbaitek, gainera, etengabe eguneratuta edukitzen dituzte zerbitzu horiek, baina, jakina, ezin da jakin eurak aritzen diren twittaldietan edo laguntzaileak hartzen dituzten horretarako ere. Gertatu izan da pertsona ospetsu bat telebistan agertzea, zuzeneko programa batean, eta Twitter orrian kontu kontari aritzea une berean, autoa parkingean uzten ari dela esanez (halako gertakariek eztabaida bat baino gehiago sortu dute).

Aplikazio ugari

Merkatuan izan dezakeen erabileratik harago, gizarte-funtzio handiagoa emateko modua ere aurkitu diote erabiltzaileek Twitter-i. Zirkulazioa unean-unean nola dagoen jakinarazteko, adibidez (Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak duen web orritik hitz batzuk iragaziz egiten da). Erakunde horrekin inolako zerikusirik ez duen erabiltzaile anonimo batek landu du bide hori. Los Angelesko suhiltzaileek ere (AEB) Twitter erabiltzea erabaki dute larrialdi abisuak emateko, haien ustez hori baita biderik azkarrena informazioa mugitzeko.

Zenbait erabiltzailek plataforma bereziak sortu dituzte, eguraldiaren berri emateko, adibidez, edo gai jakinen inguruko informazioa emateko. Enpresen munduan, berriz, berriak emateko zerbitzuak sortu dituzte zenbait komunikabidek Twitter-en (BBC ingelesak eta ABC telebista kate iparramerikarrak halaxe egin dute). Zenbait erakundek informazio ofiziala emateko ere erabiltzen dute zerbitzu hori; Telekomunikazio Merkatuaren Batzordeak, esaterako, twuttaldien bidez zuzenean jakinarazten die erabiltzaileei zein erabaki hartu dituen.

Twitter ez da bakarra

Twitter ez da mikrobloggin zerbitzu bakarra. Lehena bera izan zen, eta hain justu horrexegatik, ez dago ondoren sortu direnak bezain landua, eta besteek baino aukera gutxiago eskaintzen ditu. Jaiku izeneko zerbitzua era hortxe dago, besteren artean. Jaiku ere aitzindari izan zen bere garaian, eta hor norberarekin harremanetan daudenek iruzkinak erantsi ahal dizkiote twittaldiko testuari. Plurk izenekoa berrikiago agertu da, eta denbora-lerro horizontal batean erakusten ditu norberarekin harremanetan daudenen eguneratzeak; horrez gain, argazkiak eta bideoak igotzeko aukera ere ematen du, besteekin partekatzeko. YouAre edo Popego plataformek, berriz, lortu dute twittaldietan bideoak eta argazkiak txertatzeko modua egitea, eta, ondorioz, multimedia komunikaziorako bitarteko bihurtu dute mikroblogging-a.