Izaerak agintzen du, ez diruak
Jarrera kontrajarriak sortzen ditu diruak: batzuek gastatuz gozatzen dute, eta besteek diru eginez eta pilatuz. Izaeraren araberakoa izaten da hori, eta ez hainbeste norberaren diru sarreren araberakoa: makina bat jende dabil daukan baino gehiago gastatuz, diruak eskuetatik ihes egiten diola keak bezala; beste muturrean, berriz, kea baino lehorragoak daude, gastatzeak min ematen dion jendea.
Xuhurkeria
Xuhurkeria mota bat baino gehiago daude, baina guztietan hartzen du diruak balio gehiegizkoa, eta obsesio bihurtzera ere iristen da batzuetan. Hala gertatzen zaie, adibidez, bizitzako atal guztiak ordenatu eta antolatu nahi izaten dituzten pertsonei; diruarekin ere berdin jokatzeko arriskua eduki dezakete, eta guzti-guztia kontrolpean hartzeko irrika neurrigabea sor dakieke. Ondorioz, diruari balio gehiegi ematen diote, eta estutasun batean bizi izaten dira.
Dirua kontrolatu daiteke, baina neurri batean; testuinguru ekonomikoa aldatu egin daiteke edozein unetan, eta ustekabeak ere noiznahi sortu ohi dira. Ziurgabetasun horrek sufriarazi egin diezaioke gorabeherak eta aldaketak atsegin ez dituen pertsonari, eta seguru sentitu nahian, dirua zorrotz kontrolatzera jo dezake, eta xuhurkerian erori (halakoetan berdin du diru sarrera handiak edo txikiak izan).
Oso obsesiboak diren pertsonek, beraz, arrisku gehiago izaten dute aurreztu beharrak itsutzeko: norberaren beldurretatik babestu nahiarekin lotuta egon ogi dira pentsamendu obsesiboak. Segurtasuna lehenesten dute gauza guztien gainetik, ezin izaten dute eraman ziurtasunik ez edukitzea, eta diruari begira hartzen dute sosegu. Ohiko gastuei aurre egin behar dietenean, kosta egin dakieke dirua askatzea, eta zer esanik ez ustekabe bat sortu eta diru kopuru handi samarra jarri behar badute; babesik gabe senti daitezke orduan, guztiz zaurgarri.
Bulkadei jarraituz jokatzen ez duten pertsonak, oro har, eraginkorragoak izan ohi dira dirua kudeatzeko orduan. Adineko jendea, esaterako, ez da izaten hain gastatzailea, esperientziak erakutsi baitie asko kostatzen dela irabaztea eta neurria hartu behar zaiola gastatzeari. Adinean aurre egin ahala, gainera, egonkortasuna nahi izaten da, arriskurik ez, eta horrexegatik izaten dira adineko pertsonak dirua aurreztu eta zaindu zaleak. Eta diru sarrerak apaldu bazaizkie, are gehiago. Gastatzeko gupidarik ez dutenak ere aldatu egin daitezke adinean aurrera joan ahala, eta xuhurkeriara ez, baina zuhurtasunera hel daitezke. Lehen ere xuhur zirenek, berriz, lehengo lepotik eramango dute burua urteetan aurrera eginda ere.
Nork bere dirua arretaz zaintzeak badu alde onik ere. Egoera kontrolatzen duela senti lezake pertsonak, segurtasuna eman diezaioke. Baina xuhurkeria gailentzen denean, kontrako efektua sor daiteke: herstura senti dezake pentsatuz behar baino gehiago gastatzen ari dela, eta dirua modu obsesiboan kontrolatzera jo dezake. Egoera horrek ez dio uzten pertsonari gozatzen, gauza bakarra baitu buruan, aurreztu egin behar duela eta aurreztu egin behar duela, eta zorionaren kaltetan, bere buruari ez dio onartzen plazerik txikiena ere.
Kontrako muturra: gastatzaileak
Diruzale itsuak badiren bezala, badira guztiz bestelakoak ere, gastatu besterik egiten ez dutenak, diruak eskuan erreko balie bezala. Eta hori ere arazo izan daiteke, jakina. Nahasmendu psikologiko baten ondorioz sortua izan liteke, eta areagotu egiten bada, gerta daiteke kontrolik gabe gastatzea, gastuei erantzuteko modurik ez izatea eta arriskuan jartzea norberaren eta familiaren etorkizuna.
Pertsona batzuek gozatu egiten dute dirua gastatuz, bai norberaren gutizietan bai besterentzat gauzak erosiz. Bulkadei erantzunez jokatu ohi dute, ez dira izaten kontrolatu zaleak, eta egoera ekonomiko zail samarrean gertatuta ere, ez dira hainbeste estutzen. Hala jokatu ohi dutenek, gehien-gehienetan, ez dute lanik hartzen bizitzako beste arloak planifikatu eta antolatzeko ere, baina hori ez du zertan arazo izan, baldin eta ez badie ondorio txarrik ekartzen ez haiei ez ingurukoei. Mentalitate hedonista edukitzen dute, hori baino ez, eta plazera bilatu nahi izaten dute, nekeak eta kontrolak ahaztuta. Azken batean, gozatzeari ematen diote lehentasuna, eta noizbehinkako estutasunek ez diete buruko minik ematen, nahiz eta ingurukoak haserretu ere egin daitezkeen dirua kudeatzeko irizpideetan bat ez datozelako.
Dirua gastatzeak, ordea, beti-beti ere ez ditu asetzen pertsona hauek. Batzuetan, erosketa handiak egin arren, ez dute gozatzen uste zuten adina, eta errudun sentitzen dira. Kontsumitu beharraren bulkadari ezin eutsi izaten dioten pertsonei gertatzen zaie hori: ez lukete gastatu nahi, baina ezin izaten dute horretara etsi, eta herstura eta ondoeza sortzen die ezintasun horrek. Zenbaitetan gerta daiteke herstura-nahasmenduekin lotuta egotea erosketa konpultsiboak, eta orduan profesionalen esku jarri behar izaten du nork bere burua. Pertsona horrek uste izaten du behar-beharrezko duela gauza bat eta erosi egin behar duela, baina, egiaz, erreakzio emozional batek bultzatzen du horretara; dirua gastatzeak arnasa ematen dio aldi baterako, baina ondoeza areagotzeko baino ez da izaten luzera.
Euforiaren bila
Pertsona batzuek euforia-kolpeak izaten dituzte tarteka, eta gastatzaileen antzera jokatzen dute. Aldarte aldakorra izaten dute oso, eta baikortasunak gainezka egiten dienean, ez dute arriskurik ikusten, eta daukaten baino gehiago gastatzen dute. Nork bere ekintzak kontrolatu ezin dituenean, era guztietako arazoak sor daitezke; euforia-kolpe batean dirua gastatu ondoren, gaizki eginaren damuak tristatu egin dezake norbera, eta familian ere arazoak ekartzen ahal dizkio, bere buruaren eta diruaren kontrolari eusteko gai ez delako, hain zuzen. Horixe gertatzen zaie aldarte-nahasmendu gorabeheratsuak dituztenei (nahasmendu maniako-depresiboa eta nahasmendu bipolarra, adibidez).
Diru gastatuz gozatzeak ez du zertan arazo izan. Gauza normala da, izaeraren edo adinaren araberako zerbait. Gazteek eta helduek ez diote balio bera ematen diruari. Gazteek joera gehiago izaten dute bulkadei erantzunez jokatzeko, eta berehalakoan gozatu nahi izaten dute, gero ere dirurik izango duten kezkatu gabe (etorkizuna urrun geratzen zaie, nonbait). Inbertsioaren kontzeptua ulertzea zaila gerta dakieke gazteei, eta normala izaten da unean uneko gozabideetarako erabiltzea euren baliabideak, nahiz eta gurasoei asko kostatu hori barneratzea. Nerabeen eta gurasoen artean eztabaidak sor daitezke arrazoi horrexegatik, eta are gehiago familiaren dirua badago tartean. Baina ez da arraroa izaten gazteek apurtu egin nahi izatea arau ekonomiko ezarriak; ikaskuntza prozesuaren zati da hori ere, eta normalduz joango da adinean aurreratu ahala.