Alaba edo seme bakarrak

Bakarraren aberastasuna

Alaba edo seme bakarra izatea, berez, ez da abantaila edo eragozpen norberarentzat; gurasoek nola hezten dituzten, zein balio erakusten dizkieten eta zein jarrera sustatzen dituzten, horren baitan dago guztia
1 uztaila de 2009
Img informe listado 607

Bakarraren aberastasuna

XXI. mende honetan, alaba edo seme bakarra daukate Espainiako familien % 30ek. Garai bateko argazkia bestelakoa zen. Orduan, seme-alaba sail handiak izaten ziren etxe askotan, baina horiek zuri-beltzeko argazkietan geratu dira, alderik alde eta elkarren ondoan ezin kabituz. Egungo argazkia, berriz, estatistikek ematen dute: Familia-Politikako Espainiako Institutuak (IPF) eman dituen datuen arabera, familia bakoitzak gero eta kide gutxiago ditu (2,9), eta bost kide edo gehiagoko familiak asko gutxitu dira 1980tik 2007 bitarte. Garai hartan % 29 ziren, eta orain % 7.

Egungo gizartean, alabarik edo semerik gabeko familiak dira bostetik bat, eta alaba edo seme bakarra duten bikoteak ere ugari dira. Aldiz, hiru seme-alaba dituzten familiak % 4 inguruan dabiltza. Egungo bizimoduak ekarri gaitu horretara: gure bizi-erritmoak aukera gutxi uzten digu familia eta lana bateratzeko, guraso egiteko adina atzeratu egin dugu, bikoteak gero eta azkarrago bereizten dira, seme-alabak edukitzea gastu handi bihurtzen da… Arrazoi horien guztien eraginez, alaba edo seme bakarreko familiak utzi egin diote gauza bitxi izateari soziologia ikuspegitik. Alaba edo seme horiek, ordea, haur izaten jarraitzen dute, eta gurasoen lana da horiek heztea. Tradizioz, ume berekoi, gaizki hazi eta apetatsutzat jo izan dituzte alaba eta seme bakarrak.

Haur gutxi jaiotzen da

Ikerketa Soziologikoen Espainiako Zentroak (CIS) makroinkesta bat egin zuen 2007. urteko martxoan, Ugalkortasuna eta Balioak XXI. mendeko Espainian izenekoa, eta han ageri denez, familia-egitura bat lehenestekotan, bikoteak eta bi seme-alabak osatzen dutena lehenesten dute Espainian, nahiz eta gero eta traba eta muga gehiago sortzen ari diren helburu hori gauzatzeko; ondorioz, alaba edo seme bakarreko familia-egituren aldeko joera gero eta handiagoa da. Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak (INE) emandako azken datuen arabera, behin ama izan diren emakumeen % 57k ez dute asmorik beste seme-alabarik edukitzeko.

Europako Batasuneko herrialdeetan (EB), Espainiak du jaiotza-tasarik apalenetakoa; Europan Familiak izan duen Bilakaera Neurtzeko Txostenak (2008) eta Familia-Politikako Espainiako Institutuak eman dituzten datuen arabera, emakume bakoitzeko 1,39 haur jaiotzen dira Espainian (2007ko datua da); EBko batez bestekoaren azpitik dago (1,5 haur emakumeko), eta belaunaldi berritzea gertatzeko mailatik oso behera (2,1 haur jaio behar lukete emakume bakoitzeko). Hainbat arrazoi daude hori horrela izan dadin: batetik, Espainian, 30,9 urterekin egiten dira emakumeak guraso lehen aldiz, eta EBn herrialde gutxitan atzeratzen da hainbeste haurrak edukitzeko adina (Italian 30,8rekin izaten dute lehen haurra eta Herbehereetan, 30,6rekin); bestetik, arazo ekonomikoak ere hor daude, familia-bizitza eta lana bateratzeko zailtasunak ere ez dira gutxi, bikote harremanek gero eta gutxiago irauten dute, indibidualismoa nagusitzen ari da, eta guraso bakarreko familiak ere gero eta gehiago dira.

Alaba eta seme bakarrak nolakoak diren eta nola hezi behar diren

Alaba edo seme bakarraren inguruko topikoak

Mainatuak, lainezaz beteak, apetatsuak, berekoiak eta uzkurrak. Topiko eta estereotipo ugari sortu dira alaba edo seme bakarren inguruan, baina horretantxe geratu beharko dute, topikoen eta estereotipoen sailean. Beste seniderik ez edukitzeak ez du esan nahi haien izaera eta etorkizuna era batekoa edo bestekoa izango dela; gurasoek ematen dioten heziketak eta txertatzen dizkioten balioek erabakiko dute haurrak zer bilakaera eta zer pertsonalitate edukiko duen, neba-arrebak dituen beste edozein haurrekin gertatzen den bezala. Psikologoek eta hezitzaileek antzeko iritzia eman dute: alaba edo seme bakarra izatea, berez, ez da abantaila edo eragozpen norberarentzat, eta ikerketa askok erakutsi duten arren senideek badutela eragina haurraren sozializazioan, beste ikerketa batzuek ere argi utzi dute alaba edo seme bakarrak ere oso jende artekoak izan daitezkeela. Txiki-txikitatik jendarterako jarrerak sustatuz gero haur horiengan, ez dute zertan arazorik eduki gizartean normal integratzeko (ez, behintzat, senideak dituzten haurrek baino gehiago).

Haurra gehiegi babestea, ohiko akatsa

Haur bakarra duten gurasoek hutsegite bat egiteko arriskua izan ohi dute, batik bat: haurra gehiegi babestea. Gerta daiteke errudun sentitzea haur gehiago ekarri ez izanagatik, edo gerta daiteke beldurrez egotea haurrari zerbait gertatuko ote zaion… Gauza bat dela edo bestea, ohikoa izaten da gurasoek haurra gehiegi babestera jotzea, eta erraztasun eta erosotasun guztiak haien eskura jarri nahi izatea; ustez, haurraren hobe beharrez egiten dute, baina gaizki ari dira, haurrari ez baitiote uzten modu independentean haz dadin. Gehiegizko ardura horrek, gainera, ito egin dezake haurra, eta gerta daiteke gurasoak pozik uztea beste helbururik ez edukitzea une batetik aurrera, edo pertsona beldurti, menpeko eta segurtasunik gabekoa izatea.

Gehiegi babesten duten haurrak arriskua du gaitasun batzuk ez lantzeko; besteak beste, autonomia. Eta hori landu gabe, ez du jakingo bere mugak neurtzen edo ez du ikasiko erabakiak bere kabuz hartzen, beti egongo baita gurasoen oniritzia jaso zain. Kontua ez da haurrari jaramonik ez egitea edo nahi duena egiten uztea, baina neurriz kanpo babestea ere, haurrak laguntza eskatu gabe gu irtenbideak ematen hastea, hori ere ez da batere ona. Gurasoek menderatu egin behar dituzte euren beldurrak, eta aukerak eta baliabideak eskaini behar dizkiote alabari edo semeari, trebeziak eta gaitasunak landu eta heldutasuna irits dezan arlo emozional eta sozialean.

Zentzuz hezi behar da

Oso erraza izaten da haurrak gehiegi mainatzera eta babestera jotzea, alaba edo seme bakarra izan edo ez. Horregatik komeni da aholku batzuk gogoan hartzea, haurra ahalik eta modurik naturalenean integratu dadin gizartean eta gehiegizko babesa ez dadin izan arazo, ezpada laguntza, are seguruago sentitzeko. Aholku guztietan onena, hala ere, beti zentzuz jokatzea da.

  • Alaba edo seme bakarrarentzat oso-oso garrantzitsua da beste haurrekin harremanetan egotea. Neba-arrebarik gabe hazi ohi dira eta helduekin ematen dute denbora asko, eta, ondorioz, zailagoa gerta dakieke gauzak besteekin banatzea, harremanak egitea eta kidekoekin integratzea. Gurasoek saiatu behar dute haurra jolas dadila lehengusu-lehengusinekin eta lagunekin, ongi pasa dezala, lehia dadila eta eztabaidatu.
  • Kirol eta jolas jardueretan parte hartzera bultzatu behar da, gurasoen magaletik kanpo landu ditzan bere gaitasunak eta indar dezan autoestimua.
  • Haurra ez da egun guztian babestu eta kontrolatu behar, pertsona beldurti, koldar eta ahula sor baitezakegu.
  • Haurraren adinari dagozkion arauak eta betebeharrak ezarri behar zaizkio, erantzukizuna hartzen ikas dezan eta mugak non dauden jakin.
  • Haurrari adorea eman behar zaio ahalegindu dadin nahi duen hori lortzera, horrela ikasiko du-eta gauzei balio ematen. Lorpenak goraipatu behar zaizkio, baina neurrian betiere.
  • Harekin jolastea komeni da, haren jolasetan, ez dadin sentitu bakarrik eta gizarte-arauak ikas ditzan (txandaren zain egon behar duela, irabazi eta galdu egin daitekeela…).
  • Muga jarri behar zaio telebista aurrean edo bideojokoetan ematen duen denborari. Banakako jarduerak dira, eta erraza izaten da gehiegikerian erortzea.
  • Haur bakarraren gurasoek harengan jartzen dituzte itxaropen guztiak, eta gauza guztietan onena izan dadin nahi izaten dute. Onartu egin behar dira haurraren gabeziak eta akatsak. Utzi egin behar zaio noizbehinka hanka sartzen, eta utzi halaber berak uler dezan zenbat balio duen gauzak ongi egiteak eta hori lortzeko modua aurkitzeak.
  • Familiako beste kide batzuekin egoten lagundu behar zaio, independenteagoa izan dadin.
  • Neba-arrebarik ez duela-eta, ez zaio eman behar nahi duen guztia hutsune hori betetzeko.

Neba-arrebarik ez edukitzearen abantaila eta eragozpenak

Abantailak…

  • Alaba edo seme bakarrei denbora eta baliabide gehiago eskaintzen ahal zaizkie.
  • Gurasoen maitasun guztia beretzat izaten du, asko maite dutela sentitzen du, eta horrek seguru sentiarazten du bere buruarekin, eta autoestimu handia eduki ohi du.
  • Gurasoek behar besteko autonomia ematen badiote eta gehiegi babestera jotzen ez badute, pertsona independenteak eta ekintzaileak izango dira.
  • Zenbait ikerketak esaten dute haur bakarrek gaitasun intelektual handiagoa dutela, arreta gehiago eskaini dietelako eta gehiago adoretu dituztelako.
  • Helduekin harreman gehiago dutenez, beren adineko haurrek baino hizkuntza-garapen handiagoa eduki ohi dute.
  • Arreta guztia bereganatzera ohitzen dira, eta askotan taldeko lider bihurtzen dira.
  • Sormen handiko pertsonak izaten dira, ohituta egoten baitira euren jolasak sortzera eta bakar-bakarrik jolastera.

… eta eragozpenak

  • Helduekin egotera ohitzen dira, eta azkarregi heltzen dira.
  • Gurasoek gehiegi babesten badituzte, arriskua izaten da pertsona lotsatiak eta segurtasunik gabeak izan daitezen, eta integratzeko zailtasunak eduki ditzaten.
  • Alaba edo seme askok presioa sentitzen dute gurasoei huts egiteko beldurrez; amak eta aitak haur horrengan jartzen dituzte itxaropen guztiak, eta haurrek ez diete desilusiorik eman nahi. Arreta guztia bereganatzea gustatzen zaie, eta taldeko jolasetan ari direla, asko kostatzen zaie txandaren zain egotea.
  • Kosta egiten zaie eskuzabal jokatzea, ez baitaude ohituta gauzak partekatzera.
  • Seniderik ez dutenez, ez dute jakiten nola adiskidetu behar duten borroka edo eztabaida bat eduki ondoren. Txikitatik erakutsi behar zaie nola aritu behar duten beste haurrekin, eta arauak garbi jarri behar zaizkie.

Albert Soldevilla López. Mensalus Institutuko psikologoa (Bartzelona)

“Ez da ona haurra gehiegi babestea, eta haren iritziak eta nahiak kontuan hartuz saihesten da hori”

Alaba edo seme bakar izan direnek haur bat baino gehiago eduki nahi izaten dute. Zergatik?

Guraso horiei halako joera bat antzeman diegu, eurek eduki ez zuten guztia eman nahia euren seme-alabei. Horrek baldintzatu egin dezake haur bakar izan direnen jarduna, eta euren alabari edo semeari beste senide bat eman behar dietela pentsaraz diezaieke. Baina uste horrek ere badu usteletik zerbait: gurasoek ez dute sentitu behar seme-alabei derrigor ase behar dizkietela eurek asetzerik izan ez zuten beharrizan guztiak. Hori egin beharrean, hobe lukete pentsatu zer abantaila eman dizkien alaba edo seme bakar izateak, eta euren alabari edo semeari horiek irakatsi. Uste badute alaba edo seme bakar izatearen ondorio direla euren gabeziak, horiei irtenbidea bilatzera jo dezakete, baina irtenbidea ez du zertan izan beste alaba edo seme bat ekartzea.

Alaba edo seme bakar izan direnak apetatsuagoak eta berekoiagoak dira. Hori egia da, edo topikoa?

Hori gehiago da gurasoen kontua, haurrena baino. Alaba edo seme bakarrak errazago lortzen du gurasoen arreta, ez du inorekin lehian ibili beharrik, eta bere pribilegioak besterekin banatu beharrik ere ez du izaten, baina, hala ere, gurasoen ardura da haurrari erakustea eskuzabala izaten eta ulertaraztea ahalegindu beharra dagoela nahi den hori lortzeko.

Alaba edo seme bakarra gehiegi babestea kaltegarria da?

Bai. Haurra gehiegi babestea kaltegarria da, berdin senide bakarra bada edo neba-arreba gehiago baditu. Hala ere, errazago jotzen da haurra neurriz kanpo babestera alaba edo seme bakarra denean.

Zer dakar babes gehiegiak?

Haurra etengabe babestuta, gerta daiteke zenbait gaitasun landu gabe geratzea, autonomia, esaterako, eta hori lantzea beharrezkoa da haurrak bilakaera egokia izan dezan. Hain justu, senide bakar diren haurrek aukera gehiago izaten dute autonomia hori lantzeko, eurek bakarrik jolastu behar izaten baitute zenbaitetan, eta euren kabuz bilatu behar izaten dute zer gustatzen zaien eta zer ez. Gauza ona da gurasoek prozesu hori erraztea.

Nola lortzen da haurra ez gehiegi babestea?

Haurraren beraren iritziak eta nahiak kontuan hartuz. Ez da batere osasungarria haurra bera egiteko gai den hori gurasoek egitea. Gurasoak garrantzitsuak dira haurrak bere gaitasunak landu ditzan, gurasoek eman behar baitizkiote hori egiteko aukerak eta baliabideak, eta segurtasuna ere bai. Gakoa zera da, haurrei sentiaraztea beti jo ahalko dutela gurasoengana. Ez da ahaztu behar, ordea, haurrak pertsonak direla eta euren iritzi eta irizpideak dituztela, eta aintzat hartu behar direla horiek ere, nahiz eta azken erabakia gurasoek hartuko duten; erabaki hori hartzeko arrazoiak zein izan diren azaltzea komeni izaten da haurrari.

Sozializazio prozesuan, senide bakar diren haurrek arazo gehiago izaten dituzte harremanak egiteko, beste haurrekin gauzak banatu eta jolasteko…?

Arazoak izango lituzke baldin eta beste testuinguru batzuetan ez balu edukiko harremanik beste haurrekin. Horregatik da garrantzitsua haurrak eskolan eta eskolaz kanpoko jardueretan landu ditzan harreman-gaitasunak, horiek lagunduko baitiote gaitasun sozialak sustatzen. Hala egiten badu, normal-normal joango da sozializazio prozesua.

“Nire lagunek badauzkate neba-arrebak, eta nik ez. Zergatik?”. Galdera hori maiz egiten dute haurrek. Zer erantzun behar diote gurasoek?

Erraz ulertuko dituen erantzunak eman behar zaizkio haurrari, haren adinerako egoki direnak, eta ez da komeni helduen arrazoibideetan sartzea (baliabide ekonomikoak, antzutasuna, dibortzioa…). Familia mota bat baino gehiago daudela esan diezaiokegu, batzuk besteak baino ugariagoak, eta horrekin aski izan liteke. Garrantzitsua da, halaber, haurrak ikus dezan beste haurren lagun izan daitekeela eta bere neba-arrebekin egingo lituzkeen gauzak egin ditzakeela haiekin.

Arreta gehiago, baina baita presio gehiago ere. Gurasoak haur bakarrari begira bizi dira, harengan jarri dituzte itxaropen guztiak. Non dago muga? Presio horrek nola eragiten dio haurraren bilakaerari?

Gurasoek kontu handia eduki behar dute horrekin. Haurrak pentsa dezake modu bakarra duela gurasoak pozik uzteko: harengandik espero duten guztia lortzea. Itxaropen eta desira horiek, gainera, itsutu egin ditzakete gurasoak, eta haurraren jokabidea edo etorkizuneko jardunbidea gehiegi kontrolatu nahi izatera eraman ditzake, eta horrek motibaziorik gabe utz dezake haurra, gurasoek jarritako helburuei erantzun behar izaten baitie, eta ez berak jarriko lituzkeenei. Senide bakar diren haurrei aholkuak eman behar zaizkie eta gidatu egin behar dira, besteak bezalaxe, baina utzi behar zaie irizpide-independentzia eta autonomia pertsonala lantzen, ikus dezaten haiek ere badutela zeresana euren bilakaeran.

Beste haur bat eduki nahi dut, orain dudanak senide bat eduki dezan. Horrexegatik bakarrik. Egokia da arrazoibide hori?

Beste haur bat edukitzeko arrazoia izan behar du berriz ere guraso egin nahi dutela, eta ez haurrari senide bat eman nahi diotela; hori ezin da izan arrazoi bakarra. Zergatik? Bada, gerta daitekeelako gauzarik egokiena zela uste izan eta ahalegin neurriz kanpokoa egin behar izatea bi haurren beharrei erantzuteko. Beste haur bat ekartzeko, bikoteak nahi izan behar du. Oso erabaki garrantzitsua da hori, eta ezin da usteetan oinarritu; ziurtasuna behar da, familia-proiektu horrek ilusioa sortzen duen ziurtasuna. Aukera hori buruan ibili dutenek jakin behar dute, orain arte esandakoaz gain, ezein ikerketak ez duela frogatu haurrek senide bat behar dutela ondoan bilakaera egokia edukitzeko.

Haurdunaldi testak emaitza positiboa eman du. Nola jakinaraziko diogu alaba edo seme bakarrari laster senidetxo bat edukiko duela?

Ahalik eta modurik naturalenean. Albiste pozgarria izan behar du, familia guztia ilusioz betetzen duena, eta haurrak eragozpenen bat jartzen badu ere, gauza ona eta pozgarria dela adierazi behar da. Haurrak ez du sentitu behar senide berria mehatxu izango dela haren pribilegioentzat; sentitu behar du hari ere mesede egingo diola. Saihestu behar litzateke, halaber, haurra ez dadin baztertuta sentitu haurdunaldian eta haurra jaio ondorengo lehen hilabeteetan. Haurdunaldiko prozesu guztian parte sentitu behar du haurrak, eta senidetxoari ongietorria ematera bultzatu behar dugu, baita haren gelako prestakizunetan parte hartzera ere.