Kindle, zer egin behar dut zu erabiltzeko?
Amazon etxeak -Interneteko denda bat da, eta 2011ko irailean iritsi zen Espainiako Estatura- Kindle izenarekin saltzen ditu liburu elektronikoak irakurtzeko gailuak, bai bere plataformatik bertatik eta bai zenbait banatzaileren bitartez. Gailu horiek oso harrera ona izan dute, baina zenbat eta konplexuagoa den modeloa, hainbat eta zailagoa da erabiltzea.
Modeloa askotarikoak, eta prezioak ere bai
Gaur egun, formatu digitalean datozen liburuak irakurtzeko bost gailu saltzen ditu Amazonek Espainiako Estatuan. Horietako hiru liburu elektronikoak dira, sei hazbeteko pantaila dutenak eta tinta elektronikoa darabiltenak. Modelorik oinarrizkoena Amazon Kindle izenekoa da; wifi bidezko konexioa eskaintzen du eta 79 euro balio du.
Amazon Kindle Paperwhite izenekoa da sail horretako beste modeloa; horrek ere sei hazbeteko pantaila du, baina ukipen bidezkoa da eta argia txertatua dauka; ondorioz, argi gutxiko lekuetan ere erabil daiteke. Bi bertsiotan eskura daiteke modelo hori: wifi bidezko konexioa soilik eskaintzen duena edo wifi eta 3G eskaintzen dituena. Lehenbizikoak 129 euro balio du eta bigarrenak 189 euro.
Beste bi gailuak tabletak dira, eta Android sistema eragilea dute oinarrian, baina zertxobait moldatuta. Kindle Fire HD eta Kindle Fire dute izena, eta 159 eta 269 euro artean balio dute. Biltegiratzeko tokiaren eta publizitatea txertatzeko aukeraren araberakoa da prezioa; hau da, Amazonek merkeago saltzen ditu produktu horiek, baldin eta erabiltzaileak onartzen badu publizitatea ager dadin pantaila-babeslean eta hasierako pantailaren beheko aldean.
Aukerarik onena
Amazonek merkaturatzen dituen bost modeloetatik zein erosi erabakitzeko orduan, garrantzitsua da jakitea zer-nolako erabilera emango zaion. Helburu nagusia liburu digitalak irakurtzea bada, bai aire zabalean edo leku itxietan, Amazon Kindle saileko modelorik oinarrizkoena hautatzea izango da onena. Gailu arina da eta egoki betetzen du bere funtzioa.
Amazon Kindle Paperwhite delakoa, berriz, edozein giro eta egoeratara moldatzen den gailua da, eta argi gutxiko lekuetan ere erabil daiteke. Amazonen dendan saltzen diren liburuak nonahitik erosi nahi dituztenek, 3G modeloa hautatuko dute, ez baitu behar wifi sarerik Internetera sartzeko.
Bestalde, tableta gisako modeloak hautatzen dituztenek aukera izango dute multimedia-erabilera emateko gailu horiei eta, aldi berean, Amazonen dendara sartu eta liburu elektronikoak eta bestelako eduki digitalak erosi ahalko dituzte (musika, filmak…).
Nola erregistratzen da Kindle bat?
Amazonen web-orrian sartu eta irakurgailua erosteko prozesua abiatzean, dendak aukera ematen du erosleak Amazonen duen kontuan erregistratzeko edo, bestela, beste norbaiti oparitzeko dela adieraz dezake. Era horretan, erabiltzailearen kontuarekin konfiguratuta bidaliko dute Kindle gailua edo erregistratu gabe.
Erregistratzea ezinbestekoa da Kindle-ren dendan erosten den edozein eduki deskargatzeko. Dena dela, oso erraza da irakurgailutik bertatik egitea gailua konfiguratzeko eta erregistratzeko pausoak: “Configuración y Registro” menuan sartu behar da horretarako.
Nola konfiguratuko dut Amazon Kindle irakurgailua?
Gailua lehenbizikoz pizten denean (behealdean ageri den botoi bati eraginez), ongietorri-mezu bat agertzen da pantailan eta zenbait pauso eman behar ditu erabiltzaileak: wifi konexio bat aukeratu behar du, eta hizkuntza ere bai Kindle-arekin komunikatzeko.
Nola kudeatzen da Kindle bat?
Amazonen kontu batean erregistratua dagoen erabiltzaileek Amazonen web-orritik kudeatuko dute irakurgailua. Kontuak eskaintzen dituen aukeren artean, “Gestionar mi Kindle” delakoa aurkituko du, eta hainbat ekintza egiteko modua izango du hortik: erabiltzailearen bibliotekan dauden liburu eta dokumentu guztiak ikusi, edukia berriz transferitu edo USB bidez deskargatu eta transferitu, wifi bidez egin beharrean. Aukera ematen du, halaber, irakurri dugun azken orriaren markagailua ezabatzeko edo bibliotekatik liburu bat kentzeko.
Menu-aukera honi esker, esan bezala, erabiltzaile-kontu batean erregistratuta dauden Kindle gailuak kudea daitezke, eta berdin beste sistema eragile batzuentzat diren doako irakurketa-aplikazioak ere (iOS edo Androidentzat, adibidea). Era berean, sinkronizatu egin daitezke Kindle gailuak eta Kindle irakurketa-aplikazioak, eta horrela jarraipena egin ahalko zaie liburuen markagailuei, oharrei eta azpimarrei.
Kontuan izan behar da badirela iPadarekin erabiltzeko Kindle aplikazioak, aukera ematen dutenak Amazonen dendan erositako liburuak irakurtzeko. Eta berdin egin daiteke Android sistema eragilean oinarritzen diren zenbait tabletarekin ere.
Formatuak
Gaur egun, Amazonek berariaz darabilen formatuarentzat (AZW) balio dute Kindle irakurgailuek, baita beste hauentzat ere: MOBI (kopien aurkako babesik gabea), TXT, PDF eta PRC. Eta irakurtzen ditu, halaber, HTML, DOC, DOCX, JPEG, GIF, PNG eta BMP formatuetan dauden dokumentuak ere (modu automatikoan bihurtzen ditu, dokumentu pertsonalak gailura bidaltzeko zerbitzuaren bidez).
Amazon Kindle-ren dendan erositako liburu elektronikoak AZW formatuan bidaltzen dituzte gailura, kopien aurkako babes eta guzti (DRM). Hau da, Amazonek kontrolatu egiten ditu erositako liburuak, eta Kindle gailuekin edo aplikazioekin soilik erabiltzen uzten du. Garrantzitsua da nabarmentzea honako hau: Kindlen liburu bat erosten denean, eroslea ez da egiten haren jabe; erabilera-lizentzia bat eskuratzen da, eta Amazonek ezartzen dituen baldintzetan baino ezingo da erabili.
Irakur al daitezke beste denda batzuetan erositako liburuak?
Liburu elektronikoak saltzen dituzten denda nagusiak beren DRM sistemak izaten dituzte (kopien aurkako babesak). Beraz, denda horietan eskuratzen diren liburuen formatuak ez dira bateragarriak Amazonek erabiltzen duenarekin.
Aukera bakarra izango litzateke formatu-bihurgailu independente bat erabiltzea liburuak formatu batetik bestera pasatzeko eta, aldi berean, kopien aurka dakarten babesa desagerrarazteko. Prozesu bihurri samarra da, baina Interneten tutorial ugari daude nola egin ongi adierazten dutenak.
Zer-nolako aplikazio independentea erabil daiteke Kindle irakurgailu bat kudeatzeko?
Kindle gailu bat kudeatzeko aukera ona izan daiteke Calibre izeneko aplikazio independentea; doakoa da, eta sistema eragile nagusientzat balio du. Programa hori prestatua dago liburu elektronikoak irakurtzen dituzten hainbat gailurekin erabiltzeko.