Elikadura arloko intolerantzien testak: agindu asko, balio gutxi
Elikadura arloko intolerantziak gero eta ohikoagoak dira gizarte aurreratuetan, eta, horregatik, azken urteetan ugaritu egin dira intolerantzia horiek diagnostikatzeko balio omen duten testak. Azterketa horiek nolabaiteko esperantza ematen diete gaitz hori daukatenei, sendatuko diren itxaropena pizten zaie, eta bestelako gaitz batzuen sendabidea aurkitzeko ere balioa dutela agintzen dute. Proba horiekin, norberari kalte egiten dioten elikagaiak zein diren aurkitzea lortzen omen da, baina emaitzek ez dute balio zientifikorik.
Elikadura arloko intolerantziak eta alergiak, esan bezala, erruz hedatu dira gizarte aurreratuetan. Haurren %8k eta helduen %3-4k daukate alergiaren bat elikagaiekiko, eta herritarren %20k izan dute noizbait erreakzio alergikoren bat elikagai bat jandakoan; dena den, elikadura arloko toxikatzeak ere sartzen dira hor, elikagai jakin bat jateagatik uneren batean sortzen direnak (adibidez, ostrak jateagatik). Horiek ez dira intolerantziak.
Intolerantzia edo alergia?
Elikadura arloko intolerantzia oso gauza zabala da, eta hainbat kontzeptu biltzen ditu:
-
Elikagaiekiko hipersentiberatasun ez-alergikoa edo elikadura arloko intolerantziak, digestioari edo metabolismoari dagozkion faktoreek eragiten dituztenak; esaterako, laktosarekiko edo fruktosarekiko intolerantziak: entzima-gabezia bat izaten da, eta horrek eragotzi egiten du azukre horiek digeritzea.
-
Elikagaiekiko hipersentiberatasun alergikoa, non immunologia-sistemak esku hartzen baitu. Honako hauek izaten dira:
-
IgE (E immunoglobulina) antigorputzek esku hartzen ez duten alergiak. Proteinen aurrean sortzen diren erreakzioak dira, baina mekanismoak ez dira izaten ohiko alergienak. Medikuek intolerantzia esaten diete askotan, baina ez dira hala. Sail horretakoak dira behi-esnearen proteinekiko enteropatia eta zeliakia (gluteranekiko intolerantzia iraunkorra).
-
Ohiko alergiak, IgE antigorputzek esku hartzen dutenak. Elikagai jakin bat jan ondoren agertzen dira: esnea eta arrautzak (ohikoa izaten da haurrengan), fruitu lehorrak, itsaskiak eta zenbait fruta eta arrain.
-
Diagnostikoa: bada zer hobetu
Elikadura arloko intolerantzien sintomak era askotakoak izaten dira, baina denak digestioari lotuak: beherako kronikoak, goitika egitea, sabelaldeko oinazea, odola eta mukiak agertzea gorozkietan, eta haurren hazkundea atzeratzea. Gainera, zaila izaten da egiaz hala direla frogatzea, gerta baitaiteke elikagai kaltegarria jan eta hiru egunetara agertzea. Erreakzio horiek ez dute zerikusirik ohiko alergietan izaten direnekin; beste horietan, izan ere, elikagai jakin bat jan eta organismoak berehala eta modu aski deigarrian erreakzionatzen du: dermatitisa ager daiteke, urtikaria (toki jakinean edo orokortua), edemak (betazaletako eta ezpainetako hantura), doministikua, bronkoespasmoak eta anaxifilaxia (arina izan liteke, moderatua edo larria, eta heriotza ere eragin dezake minutu gutxitan, shock anafilaktikoagatik). Norberaren historia klinikoa aztertuz egiten duten elikadura arloko intolerantzien diagonostikoa: elikagai susmagarria dietatik desagerrarazi eta sintomak ere joan egiten direla baieztatzen dute, eta handik denbora batera elikagaia berriz dietan sartu eta sintomak atzera ere agertu egiten direla. Elikadura arloko alergien diagnostikoa egiteko, berriz, ospitalean proba bat egin behar izaten da, itsu bikoitza esaten zaiona eta plazebo bidez kontrolatua (gaixoari ahotik harrarazten diote elikagai bat).
Testak: “Erne ziria sartu…”
IgE antigorputzek esku hartzen ez duten intolerantziak eta alergiak antzemateko, gaur egun ez dago proba bakar eta errazik (zeliakiarentzat izan ezik), eta horrek eraginda edo, test berezi batzuk agertu dira merkatuan, alergiak eta intolerantziak diagnostikatzeko ez ezik, beste hainbat arazo sendatzeko ere balio omen dutenak: migrainak, artritisa, pisu gehiegia, arnasketa-arazoak, arazo gastrointestinalak, neke kronikoa… Proba egin, eta emaitzen araberako dieta jartzen zaio gaixo bakoitzari. Azterketa horiek, dena den, oraindik ez daukate zientzialarien onespenik. Honako arrazoi hauengatik, zehazki:
-
Ez da ikerketarik egin balio duten edo ez frogatzeko.
-
Elikagai multzo asko hartzen dituzte kontuan, eta elikagai askorekiko alergiak ematen dituzte.
-
Emaitzak ez dira modu finkoan errepikatzen: pertsona berari ez dio beti emaitza bera ematen.
-
Dieta murriztaileak eta desorekatuak gomendatzen dituzte, oinarrizko elikagai multzoak kentzen baitituzte; beraz, ez dira egokiak argaltzeko eta, haurrengan batez ere, elikadura-gabeziak eragin ditzakete.
-
Dieta horiek kalterako gerta daitezke alergiak izateko joera genetikoa duten pertsonentzat, zeren elikagai arazotsua kendu eta gero berriz sartzen denean, nahi den eraginaren kontrakoa ekar baitezakete: alergia bat.
-
Garestiak dira: 300 eta 600 euro artean balio dute.
Alergia eta Immunologia Klinikoko Kataluniako Elkarteak (SCIAC) dokumentu bat argitaratu du, eta Alergia eta Immunologia Klinikoko Espainiako Elkarteak (SEIAC) bere web-orrian jarri du, non esaten den European Academy of Allergology and Clinical Immunology elkarteak ez diela oniritzirik eman elikadura arloko intolerantziak antzemate in vitro testei (laborategian egiten direnei), zientziak ez dituelako ontzat jo:
-
ALCAT Test: kanpoko substantziei emandako erantzun zelularraren testa ere esaten zaio. Odol-lagin batetik abiatuta, 100 elikagairen eta 20 gehigarriren aurrean leukozitoek nola erreakzionatzen duten aztertzen du (nola aldatzen diren neurriz, nola deformatzen diren…).
-
Novo Inmogenics testa: proba zitotoxikoetan oinarritzen da; odol-analisi batetik abiatu, eta 115 elikagairen aurrean zer-nolako erreakzioak dauden neurtzen du.
-
Antigorputz espezifikoen erreakzioa neurtzen duten testak, baita IgG4 immunoblobinarena ere: test horiek zera soilik adierazten dute, organismoak gehiago ezagutzen duela harreman gehien izan duen elikagaia, jan ere maizago egin duelako, baina horrek ez du esan nahi elikagai horrekiko alergia dagoenik.
Zientziak ez ditu ontzat jotzen, halaber, inolako sinesgarritasun zientifikorik gabe gaixoei egiten zaizkien in vitro testak ere:
-
Zinesiologia aplikatua: alergenoak dituen kristalezko botila bati eutsi behar izaten zaio, eta lotu egiten ditu elikadura arloko intolerantzia eta giharren indar-galera.
-
Larruazalpeko eta mihipeko probokazioa eta neutralizazioa, eta DRIAren testa: bi test horiek alergenoen estraktuak ematen dituzte mihipean jartzeko (lehenbizikoak larruazalpean ere sartzen du), eta ondoren, giharren indar-galera neurtzen dute.
-
Bioerresonantzia: proba horren oinarrian honako uste edo sinesmen hau dago: giza organismoak uhin elektromagnetiko onak eta txarrak igortzen ditu, eta horien bidez jakin liteke pertsona batek elikadura arloko intolerantzia baduen edo ez.
-
Elektroakupuntura: gorputzeko zenbait gunetako jarduera elektrikoa neurtzen du (zehazki, korrontearen jaitsiera), eta horrela aztertzen du intolerantziarik baden edo ez.
-
Intolerantzia edo alergia gisako erreakzio baten susmoa hartuz gero, alergologoarengana joan behar da.
-
Nutrizionista edo dietista batengana joanez gero, ziurtatu tituluduna dela.
-
Intolerantzia test bat egina badugu, alergologiako adituarengana joan behar da emaitzak azter ditzan eta balio duten edo ez esan dezan.
-
Elikadura arloko alergia edo intolerantzia baten diagnostikoa egiteko, historia kliniko egokia behar izaten da eta zenbait proba osagarri ere bai (pertsona bakoitzaren araberakoa izaten da hori).
-
Elikadura-alergien probak fidagarriak, seguruak eta merkeak dira, eta gaur-gaurkoz, ez dago horiek antzemateko balio duen bestelako metodorik.
Iturriak: Pilar Hernandez, Elikagaiekiko eta Latexarekiko Alergikoen Espainiako Elkartea (AEPNAA), eta Pilar Cots, GEMA Zentro Medikuko alergologoa (Mataró, Bartzelona) eta AEPNAAren laguntzailea.