Facebook: nagusi sartu da Sarean
Internet deitzen den Sare handiaren barneko sare gisa hasi zen Facebook, baina umeak ama irentsi duela dirudi, eta orain, Facebooken barrenean egiten dira ziber-jarduerarik gehien-gehienak: informazioa bilatu, bideoak ikusi, lagunekin txatean aritu edo blogak irakurri. Facebook da Internet gaur egun. Hain bihurtu da fenomeno harrigarria, Wire aldizkari teknologikoak ere artikulu bat eskaini baitzion udan, eztabaida handia sortu duena. Titulua ere aski deigarria da: Hil da Web-a, bizi bedi Internet. Han esaten denez, erabiltzaileek gero eta bakanago jotzen dute bilatzaileetara informazioa bilatzera (Google eta Yahoo!-ra, esaterako), edo Youtube-ra bideoak ikustera eta posta elektronikora mezuak irakurtzera. Beste gune batzuk bilatu dituzte hori guztia egiteko: Twitter da horietako bat, eta, ororen gainetik, Facebook.
Gizarte-sareek zerbitzu eta leiho asko biltzen dituzte beren barnean, eta horri esker, erabiltzaileen etxe iraunkor bihurtu dira. Sarea abian jarri zenean, lehen urte haietan, internautek nabigatzaile baten helbide-barran idazten zituzten helbideak, eta halaxe ibiltzen ziren orri batetik bestera. Horixe zen ohiko jarduera. Ondoren, bilatzaileak agertu ziren, Google bereziki, eta helbide-barran idatzi beharrean, bilatze-koadrotxoan idazten hasi ziren erabiltzaileak. Era horretan, Google-ren beraren orrian zentralizatu zen nabigazioaren abiapuntua.
Web guztia eskura, saretik atera gabe
Baina gizarte-sareek berriz aldarazi dituzte ohiturak. Ez bat-batean, ezpada sotilki eta ezarian-ezarian, erabiltzailea bera ohartu ere egin gabe ia. Sare horiek handitu egin dute solaskideen kopurua eta ugaritu egin dituzte, halaber, gainerako komunitatearekin parteka daitezkeen edukiak. Eta sare batean internauta asko eta asko biltzen direnean, hainbeste informazio partekatzen dute, ez baita beharrezko izaten bilatzaileetara jotzea edo edukien oinarrizko orrietara; guztia dago han barruan, eta han dagoena aski izaten da erabiltzaileen esperientzia digitala asetzeko.
Edukiak barneratzea dei litekeen fenomeno hori Facebook-en gauzatu da, beste inon baino gehiago. Berebiziko hedadura hartu du gizarte-sare horrek, eta Time aldizkariak, adibidez, 2010. Urteko Gizon hautatu du haren sortzailea, Mark Zuckerberg. Ehunka milioi lagunek daukate bere orria Facebook-en, eta denetarako aukera ematen diete beren solaskideek: bideoak erakusten dizkiete, argazkiak ikusteko gonbita egiten diete, blogean argitaratu dituzten gogoetak irakurtzeko bidea jartzen diete edo berehalako mezularitzaren bidez jardun daitezke elkarrekin. Eta orain, duela hilabetetik hona, posta elektronikoz ere ari daitezke.
Zergatik irten Facebooketik, behar den guztia han badago? Internauta askok zera pentsatzen dute, zertarako joan Googlera informazio bila, Facebook-en baldin badaukat, solaskideek gomendatua eta bermatua, gainera; Googlek eskaintzen duen infozaborrik gabe. Ohartzerako, erabiltzaileek aldatu egin dute joera, eta informazio bila atera beharrean, orain jaso egiten dute, Facebooken daukaten orrialdean, hain zuzen.
Internet bera xurgatu
Baina ohitura aldaketa hori ez da gertatu besterik gabe; ongi pentsatua zeukaten gizarte-sarea sortu zutenek. Nolabait esateko, Zuckerberg-en taldeak etxea diseinatu eta eraiki zuen, baina altzariak eta gainerako osagaiak, bizilagunek jarri dituzte. Era horretan, biztanleen neurrira hazi da sarea.
Facebook gizarte-sare guztien gainetik jarri den honetan, gainerako sare guztia xurgatzea da orain sortzaileen asmoa, eta Internet bera ordezkatzea, nolabait. Praktikan, bere lau hormen barruan hasi eta bukatuko litzateke internauten ibili oro. Helburu horrekin sortu zuten iaz Open Graph sistema (erabiltzaileen iritzian oinarritutako webgune-bilatzaile bat da). Berriki nabigatzen aritu dena ohartu izango da orrialde askok botoi urdin bat ageri dutela orain, “Atsegin dut” jartzen duena. Botoi horren gainean klik eginez gero, internautak Facebook-en daukan orrialdera gehitzen du gustuko juzgatu duen edukia, eta haren solaskideek ere ikusten dute. Era horretan barneratzen du sarean, fagozitatu egiten du, eta Facebook-etik atera gabe ikus dezakete solaskideek.
Hurrena, telefonoa
Teknologia berrien aroan, dena den, deus ez da betiko, eta arrakasta ere ez. Aski da zertxobait atzera egitea horretaz ohartzeko. Gaur egun nor oroitzen da Microsoft-ek garai batean informatikan eduki zuen nagusitasun erabatekoaz, edo orain dela hamar urteko Nokia telefonoak ezin sofistikatuagoak iruditzen zitzaizkigula. Oraingoan Facebook bihurtu da errege, baina aldaketen gurpilean sartzen ez bada, bigarren mailan gera liteke denbora gutxian.
Hori aski ongi dakite Zuckerberg eta enparauek, eta horregatik, hurrengo jauzia prestatzen hasi dira: telefono mugikorren esparrura ere eraman nahi dute plataforma. Gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu smartphoneak edo telefono adimendunak, baina ez hitz egiteko, Interneten nabigatzeko baizik. Beraz, jada hasiak dira estrategia berria lantzen, etorkizunean telefonoen idazmahai ere izan dadin; hau da, erabiltzailea nabigatzen hasten denean, bideoak ikustera, albisteak irakurtzera edo mezuak bidaltzera sartzen denean, Facebook-ek mugikorrentzat sortuko duen bertsiotik egin dezan.
Dagoeneko txertatu ditu sarean Internetez deitzeko aukera ematen duten aplikazioak (Skype, adibidez, nahiz eta ez den bakarra), eta Facebook Places izeneko sistema ere jarri du, zeinak mugikorraren GPSarekin bat eginda funtzionatzen baitu, eta aukera ematen baitu tokiak, jatetxeak eta negozioak besteri gomendatu eta mapan kokatzeko.