Ezpainetako herpesa: irribarre gazi-geza
Gutxien uste dugunean, sukar-pikor ezin zatarrago bat agertzen da ezpainetan. Hotzikara ere esaten dio jendeak, baina, berez, ezpainetako herpesa da, gizakiari eragiten dion herpes sinpleetako bat. Zenbait ikerketak diotenez, biztanleen % 90ek berekin daramate gaitz hori eragiten duen birusa, nahiz eta askok sekula ere ez sumatu. Sarri askotan berez-berez sendatzen da, baina badira zenbait sendabide ere, ezpainari itxura hobea ematen laguntzen dutenak eta osatze-prozesua zertxobait azkartzen dutenak. Zientzia-elkarteek zenbait aholku ematen dituzte, gaitzari eta hark eragiten dituen lesioei aurre hartzeko. Birus bidezko infekzioa da herpes sinplea, eta ezpainetan bezala, sexu-organoetan ere eragin ditzake lesioak. Bi kasu horietan, herpes sinplearen birus berberak sortzen du gaitza, nahiz eta bi aldaera diren: ezpainekoa, herpes 1 delakoak eragiten du (VHS-1), eta sexu-organoetakoa, herpes 2 izenekoak (VHS-2).
Lesioak eta gune kaltetuak
Gehien-gehienetan, ezpainetako herpesa agertu aurretik, azkura sumatzen da, ezpaina inurritzen dela iruditzen zaigu, eta gorritu egiten da. Ondoren, baba edo pusla txiki batzuk sortzen dira, likido gardenez beteak, eta gerta daiteke lepoko gongoilak hanpatzea. Baba horiek lehortuz joaten dira eta, kolore horixka hartu ondotik, zarakar itxura hartzen dute, eta denborarekin, erori egiten dira, orbainik utzi gabe. Maizenik, berez sendatzen da ezpainetako herpesa, astebeteren edo bi asteren buruan, inolako arrastorik utzi gabe, baina, zenbaitetan, herpesa pairatu duen azal-eremua sentiberago geratu ohi da. Gaitz horrek ez du zerikusirik zoster deitzen den herpes beldurgarriarekin, zeina baztangaren birusak eragiten baitu; herpes sinplearekin alderatuz, gorputzeko beste atal batzuei egiten die kalte zoster herpesak, eta oinaze handia ematen du.
Ezpainetako herpesa, izenak dioen bezala, ezpainetan agertzen da ia beti, baina ezpain inguruko beste gune batzuetan ere sor daiteke (sudurra, masailak eta betazalak), eta larruazaleko edo muki-mintzetako beste edozein gunetan ere bai. Ez da izaten infekzio larria, salbu eta haur jaioberrietan eta pertsona immunogutxituetan, eta begietara edo begi inguruetara hedatzen denean ere arriskutsua izan daiteke, korneako infekzioa ekar dezake eta.
Aldizka agertzen da eta kutsagarria da
Ezpainetako herpesa oso gaitz arrunta da. Izan ere, haurtzarotik bertatik izaten dute herritar gehienek, nahiz eta sekula ez sumatu. Zenbait ikerketatan ageri diren kalkuluen arabera, herritarren % 70ek izango lukete, eta 4 edo 5 urtetik beherako haurretan, % 90ek ere edukiko lukete herpes sinplearen birusa. Haurtzaroa igaro ondoren, behin birusa organismoan barneratu denean, ez da desagertzen; lehenengoz herpesa sortu ondoren, lo bezala geratzen da birusa, eta noizean behin berriz aktibatzen da. Hortik aurrea, pertsona bakoitzaren immunitateak erabakiko du noiz agertuko den eta zer sintoma ekarriko dituen. Herpesa, beraz, birus errepikaria da, hau da, kroniko bihurtzen da, eta aldizka-aldizka agertzen. Horrek esan nahi du, zenbait pertsona, birusa edukita ere, hobeki babesten direla haren erasoetatik eta bakanago agertzen zaiela herpesa; beste batzuei, aldiz, ahulagoak izaki, organismoak aldaketaren bat sumatu orduko sortzen zaie.
sexu-organoetan ere eragin ditzake lesioak
Herpesa agerrarazten duten aldaketen artean daude, besteak beste, hilekoa edukitzea, estresa pairatzea, eguzkia luzaro hartzea eta eguzkiak erredurak sortzea, ariketa fisikoa gogor egitea, ezpainak hozkatu eta ezpainetan zauri txikiak egitea eta, oro har, organismoaren defentsak gutxitzen dituzten egoera guztiak. Lehen esan bezala, hotzikara deitzen dio jendeak ezpainetako herpesari, eta horrek ere badu bere zergatia: sukarra eduki ostean eta eguzkia hartu ondoren sortzen da maiz.. Ezpainetako herpesa gaitz kutsagarria da, eta listuaren bidez kutsatzen da, birusa daukan norbaitekin egon ostean, adibidez. Birus hori kutsagarriagoa izaten da fase aktiboan dagoenean. Horregatik, herpesa badugu, haurrei ez zaie musurik eman behar (eta beste inori ere ez, ahal dela). Birusa erraz transmititzen den arren, horrek ez du inor obsesionatu behar, zeren herritar gehienak lehendik kutsatuta egongo baitira, nahiz eta eurek ez jakin.
Haurrak, gingiboestomatitisaren biktima
Normalean, herpes sinpleak ez du ematen sintomarik, eta pertsona asko ohartu ere ez dira egiten. Baina ezpainetako herpesetan, bada bat eragozpen handiak sortzen dituena agertzen den lehen aldian, ez baita sortzen ezpainetan soilik; aho-barrunbean ere heda daiteke, mingaineraino. Herpes birusagatiko gingiboestomatitisa esaten zaio: astebete eta bi aste artean irauten du, eta 6 hilabetetik 5 urte bitarteko haurrei eragiten die.
Kasu horietan, eragozpen ugari ekartzen ditu birusak: sukar handia; adur-jarioa; entzia edo hortz-oiak hanpatu egiten dira (gingibitisa) eta odola ere bota dezakete; hats gaiztoa; eta babak edo ultzera mingarriak ezpainetan, ahoko mukosan edo muki-mintzean eta mihian (jateko arazoak eman ditzake horrek).
Sendabidea: fasearen araberakoa
Herpes sinpleak hobera egiten du egun gutxiren buruan, eta berez desagertzen da, sendabide beharrik gabe. Dena den, badira produktu eta sendabide batzuk herpesa arinago senda dadin hartzen direnak, nahiz eta emaitzak ez diren berebizikoak ere.
Herpesa agertzen den lehen unean, likidoz beteriko baba edo pusla gisa, antiseptikoak erabili behar dira garbitu eta lehortzeko. Horretarako, ur-xaboiekin garbitzea komeni da, eta, ondoren, baselina edo antzeko kremaren bat ematea. Alkohola da, adibidez, lehen une horietan erabil daitekeen antiseptikoetako bat: kotoi mutur batean tanta batzuk bota, eta baba busti horrekin, ukitu arinekin eta neurrian, betiere. Babak edo puslak lehortzeko beste aukera bat izaten da lozio bat ematea, honako nahastura honekin: gramo bat kobre sulfato edo zink sulfato (botikan saltzen dute) eta iturriko ura, litro bat. Jarraian, zapi edo gaza bat bustitzen da lozio horrekin, eta egunean hirutan jartzen da baben gainean, hamar minutuz, harik eta zarakar bihurtzen diren arte.
antiseptikoak erabili behar dira garbitu
eta lehortzeko
Badira birusen aurkako osagaiak (antibiralak) dituzten kremak ere, baina zer emaitza ematen duten ikusita, garesti samarrak gertatzen dira. Egin izan dira ikerketak penciclovir izeneko substantzia daramaten ukenduekin, baina ez dute onura handirik ekartzen: zertxobait lehenago sendatzen dira lesioak (ordu batzuk edo egun bat lehenago), eta, horrexegatik, zenbait dermatologok nahiago izaten dute ez erabili. Gaixoak immunogutxitasun larria duenean soilik erabili behar izaten dira birusen aurkakoak dituzte pilulak, aciclovir substantziaz hornituak, adibidez (ukendu gisa ere saltzen dute). Pilula moduan etorri ohi diren beste sendagai batzuk ere badira: famciclovir (penciclovir substantzia duen kremaren senidea da, pilula eran) eta valaciclovir.
Gingiboestomatitisa daukaten pertsonek parazetamola edo ibuprofenoa har dezakete sukarra eta oinazea arintzeko, aldi berean direlako antitermiko eta analgesiko edo min-kentzaile.
- Ongi garbituta eduki lesioak dituen gunea, ez ukitu, eta ukitzen badugu, eskuak garbitu, bai lehenago eta bai ondoren.
- Ez partekatu edalontziak eta mahai-tresnak, ez dadin inor kutsatu.
- Ez eman musurik haurrei, ez eta sekula herpesik eduki ez duten pertsonei ere.
- Ez dago prebentzio-neurririk (listu bidez elkar ez ukitzea izan liteke bakarra); beraz, herpesa agerraraz dezaketen faktoreak kontrolatzen ikasi behar da, estresa, adibidez.
- Pertsona bakoitzak ikusi behar du zer joera dituen berak eta zer egoerak sortzen dioten ezpainetako herpesa.
- Eguzkia hartu ondoren agertzen bada herpesa, babes handiko kremak eman behar dira ezpainetan, udan bezala neguan.
- Maiz samar agertzen bada (urtean seitan edo), dermatologoarengana joatea da onena.
- Gingiboestomatitisa duten haurrak ez bidali eskolara, harik eta herpesaren lesioak zarakar bihurtzen diren arte.
- Gingiboestomatitisa arintzeko, jaki hotzak eta erraz irenstekoak hartu behar dituzte haurrek. Elikagai azidoak saihestea komeni da (zitrikoak eta), eta gaziegiak ere bai. Likido asko edan behar izaten da.
Iturria: Osasunaren Gida Praktikoa. Larruazaleko eta ileko eritasunak, Semfyc eta AEPAP erakundeena, eta Aurora Guerra, Doce de Octubre Ospitaleko Dermatologia Saileko burua, Madrilgo Unibertsitate Complutenseko irakasle tituluduna eta Dermatologia eta Benereologiako Espainiako Elkarteko kidea (AEDV).