Hamar aseguru-etxeren prezioak eta estaldurak aztertu ditugu, 480 aurrekontu eskatu ondoren

Oinarrizko polizaren batez-besteko prezioa % 50etik gora igo daiteke aseguru-etxe batetik bestera

Hamar kasutan esan digute ez lioketela asegururik egingo haurdun dagoen andreari eta lautan, ez luketela sinatuko polizarik 60 urteko emakume diabetikoarentzat
1 otsaila de 2011
Img tema listado 154

Oinarrizko polizaren batez-besteko prezioa % 50etik gora igo daiteke aseguru-etxe batetik bestera

5 urteko andrea lau asteko haurdunaldiarekin agertu da aseguru-etxean, osasun aseguru pribatua nahi duelako haurdunaldian eta erditzean. 120 aurrekontu eskatu ditu eta 10 aldiz esan diote ezetz, ez diotela polizarik sinatuko haurdun dagoelako. Gehienek baietz esan diote, egingo diotela kontratua baina, kontuz: gutxienez 8 hilabete itxaronaldia pasa beharko du, benetan estaldura izan artean eta gehienez, baita 24 hilabete ere. Zera esan nahi du horrek, nekez izango duela aseguru pribaturik umea erdi-tzen duenean. Etorkizunean besterik ekarriko balu, horiek egongo lirateke aseguratuak.

Halaxe frogatu du EROSKI CONSUMERek Espainiako sei hiritan 480 aurrekontu eskatu ondoren (A Coruña, Bartzelona, Bilbo, Madril, Sevilla eta Valentzian). Hamar aseguru-etxetan egon dira gure teknikariak: Adeslaz, Allianz, Aresa, Asisa, Axa Winterthur Salud, Caser, DKV Seguros, FIATC, Mapfre Caja Salud eta Sanitas. Informazioa biltzeko lau profil sortu ditugu, laurak ezaugarri desberdinak dituzten ustezko bezeroenak. Gure lehen aukera 35 urteko emakume haurduna izan zen, bikote gabea eta administrazio lanetan aritzen zena. Bigarrena gizona zen, 35 urtekoa, hura ere bikoterik gabea, baina seme-alabarik bakoa eta udaltzain gisa lan egiten zuena. Hirugarren profilerako bikotea aukeratu genuen, 62 urteko gizonak eta diabetesa duen 62 urteko emakumeak osatua. Laugarren aukera ere bikotea, baina gazteagoa: 37 urteko andreak eta 40 urteko gizonak osatzen zuten eta 5 eta 9 urteko seme-alabak zituzten. Prezioak konparatu ahal izateko, hiriz-hiri joan ziren gure teknikariak aurrekontuak eskatzen, bezeroak zirelakoan eta aseguru-etxe guztietan gauza berbera eskatu zuten: oinarrizko estaldura eta denetatik osatuena.

Haurdun zegoen emakumeari gertaturikoaz gain, beste datu deigarririk ere utzi digu azterketak: aurrekontu kopuru berbera eskatu duen 60 urteko emakumeari lautan esan diote ez diotela asegururik egingo. Arrazoia? Diabetesa daukala.

Hain prezio desberdinak… zergatik?

Beste ezeren gainetik norberak kontratatzen duen estaldura-mailak, horrexek erabakitzen du zenbat ordaindu beharko duen hileroko sarian. Orohar, polizarik osatuenek lehen mailako arreta ordaintzen dute, pediatria, espezialisten kontsultak, ospitalera-tzea, urjentziak eta diagnostikoa egiteko mediku-azterketak. Oinarrizkoek, ostera, ez dute ospitaleratzea ordaintzen, normalean. EROSKI CONSUMERen azterketaren arabera bi dira aseguru-etxe garestienak: Axa Winterthur Salud (gure lau profiletatik hiruk etxe honetan ordaindu behar zuten beste edozeinetan baino sari garestiagoa) eta DKV Seguros (lau kideko familiarentzat garestiena. Merkeenak, berriz, Caser eta Fiatc lirateke, hileroko-sari merkeenak dituztelako, batez-beste. Sexuak, adinak, osasun egoerak, norbere hiriak eta bakoitzak bilatzen duen estaldura-mailak dute eragina aseguruaren prezioan. Baina aseguru-etxearen arabera ere aldaketa ederrak daude. Oinarrizko estaldura hartzen badugu, etxe batetik bestera dagoen aldea % 48 eta % 58 artean alda daiteke. Har dezagun, esate baterako, haurdun dagoen emakumea: 34 euro ordainduko ditu, batez-beste, Asisarekin asegurua hartzen badu eta 81 Axa Winterthur Salud etxea aukeratzen badu.

Aseguru-etxeek ez dituzte
zenbait gaixotasun
ordaintzen

Prezioen artean dauden aldeak ez dira hor geratzen. 35 urte dituen gizonezkoak 46 euro ordainduko ditu hilean batez-beste osasun-aseguru pribatua nahi badu. 35 urteko emakume haurdunak, ostera, 65 euroko saria izango du hilero-hilero. Adinaren arabera ere aldatu egiten da prezioa: 60 urteren bueltan dabilen bikoteak, batez-beste, 90 euro ordaindu beharko ditu hilean.

Hiriz-hiri, A Coruñan dira aseguruak merkeagoak (bereziki, emakume gazte haurdunarentzat eta adineko bikotearentzat), eta Sevillan ere bai (lau pertsonentzako familiarentzat eta gizon ezkongabearentzat, batipat). Bartzelona, ostera, garestia da haiekin konparatuta eta baita Bilbo ere (adineko bikotearentzat eta emakume gaztearentzat bi hiri horietan lortu genituen aurrekontu garestienak). Azkenik, Madrilen ere prezio altuak ordaindu behar dira (bereziki lau aseguru-mediku pribatua nahi duen familiak).

Eta gainera, bisita ordaindu

Osasun-asegurua nahi duenak ezingo du hileroko saria ordaindu eta kontua ahaztu. Normalean ez, behintzat. Gehienetan medikuari bisita egiten dion bakoitzean edo anbulantziari deitzen dionean diru kopuru bat eskatuko zaio, gehigarri bat, alegia, asegurua ordaintzen laguntzeko (gaztelaniaz ‘copago’ esaten diote ordainketa mota horri, bezeroak ere ordainketaren parte bat bere kargu hartu behar duela adierazteko). Gure ikerketan bi izan dira gehigarri hori eskatzen ez duten bakarrak, Allianz eta Fiatc. Axak, familia osoari eskeinitako aseguruetan bakarrik eskatzen du gehigarria eta Aresak, ostera, guzti-guztietan, 60 urteko bikoteari eskeinitakoan izan ezik.

Gehigarri horien prezioak ez dira beti berdinak, jakina. Batez-beste, 2 euro ordaindu behar izaten dira erizaina bisitatzeagatik, 10 euro inguru kostatzen zaio haurdun dagoen emakumeari medikuari bisita egitea eta urjentzietara joan behar duenak 6 edo 7 euro bitartean ordaindu behar ditu, batez-beste. Bikote gazteak Adeslas etxean ditu gehigarri garestienak eta Asisan merkeenak. Lau profilen batez-bestekoa egiten badugu, ostera, Mapfre merkeena.

Estalduraren mugak

/imgs/20110201/tema2.jpg
Osasun-asegurua kontratatzen duenak ezingo du kontratua sinatu eta berehala bere asegurua erabili. Asteetan itxaron beharko du asegurua erabili baino lehen eta itxaronaldi horri ‘gabezia’ esaten diote aseguru-etxeek. Itxaronaldia zenbat luzatuko duten kalkulatzeko aseguru-etxeek pertsona bakoitzaren osasun-egoera aztertzen dute eta gaixotzeko dituen aukerak. Ezarritako gabezia hori ere aztertu du EROSKI CONSUMERek eta honako galdera hauek erantzun nahi izan ditu. Zenbat itxaron behar zuten gure ustezko lau bezeroek ebakuntza egiteko erietxean edo osasun-etxean? Zenbat, ospitalean mediku-tratamendua jasotzeko? Eta zenbat, erditu al izateko? Hona erantzunak: ebakuntza egiteko 6 eta 7 hilabete artean itxaron behar zuten guztiek eta emakumeak, 9 eta 10 hilabete artean egon behar zuten zain erditzeko laguntza lortzeko. Horregatik komeni zaio asegurua hartu nahi duenari letra txikia ongi irakurtzea, ezustekorik izan ez dezan. Aurrekontua eskatzen duenean aseguru-etxeek ez diote esango, ziurrenik, gabezia tarte hori duenik, prezioa baino ez diote esango eta estaldurarekin zer zerbitzu lortuko dituen. Baina horrez gain, oso garrantzitsua da aseguruaren mugak zeintzuk diren jakitea. Esate baterako, asegurua duten pertsona askok ez dakite gaixotasun batzuk asegurutik kanpo geratzen direla, IHESA, adibidez, eta drogo-menpekotasuna edo alkoholismoak ere osasunean eragiten dituzten kalteak ez dituzte aseguru askok ordaintzen. Gerra edota epidemiarik badago edo nuklearrek eragindako gaixotasunik aseguru-etxeek ez dute ardurarik hartzen eta kirola egiten duenari ere, normalean, ez diote babesik ematen ariketa egiterakoan min hartzen badu. Lur edo itsas-ikarak daudenean edo gobernuak hondamen izendatu dituen uholdeak daudenean ere aseguruek ez dute babesik ematen.

Sexua, adina, osasun-egoera,
norbera bizi den hiria eta bilatzen
duen estaldura-mailaren arabera
prezioa asko aldatzen da

Beste muga batzuk ere badaude. Adibidez, atzerrian gaixotzen denari 10.000 eta 15.000 euro arterainoko mediku-babesa ordainduko zaio,baina hortik aurrerako gasturik bada berak ordaindu beharko du. Telefonoz aseguru-etxeekin hitz egin dugunean ospitalean pasatzen den denbora guztia ordain-tzen dutela esan digute, baina zera ikusi dugu gero: Asisak urtean 30 egun baino ez ditu ordaintzen, Adeslasek 50 egun, Fiatc etxeak 90 eta DKV etxeak 180. Caser etxeak, berriz, zera esan zigun, 4 euroko gehigarria ordaindu behar zuela gaixoak ospitaleko lehen egunaren ordainetan.

Jakin beharreko besterik ere bai: bezeroaren osasun-egoera aztertzen dute aseguru-etxeek eta kontratua egin baino lehen galdeketa egiten diote. Epe laburrean gaixotuko dela uste badute litekeena da asegururik ez egitea eta antzera, bezeroak gaixotasuna duela esaten badu. Horixe gertatu zaio, adibidez, 60 urterekin diabetesa zuen andreari eta 35 urterekin haurdun zegoen emakumeari.

Gure profilak, banan-banan

35 urteko emakume gaztea, ezkongabea eta haurduna.

  • HILEROKO SARIAK. Haurdunaldiak asegurua kontratatzeko orduan eraginik duen jakin nahi zuen EROSKI CONSUMERek. Gure azterketaren arabera, egoera honetan dagoen emakumeak, batez-beste, 65 euro ordaindu behar ditu aseguruagatik, baina oinarri-oinarrizkoa aukeratzen badu 53 eurotan aurki dezake eta estaldura hobea aukeratzen badu 76 euro ordaindu beharko ditu. Hiriz-hiri, Bartzelona, Bilbo eta Sevilla dira hiri garestienak (70 euro inguru hilean) eta A Coruña da merkeena (59 euro kosta-tzen da hilean). Oinarrizko estaldura eta estaldura osatuenen arteko aldea, hiriz-hiri % 36 ingurukoa da. Eta aseguru etxe garestienak honako hauek dira: DKV (70 euro hilean), Mapfre eta Sanitas (bi horietan 75 euro ordaintzen dira hilean, gutxi-gora-behera), Aresa (80 euro hilean) eta Axa Winterthur Salud (azken honetan, 20 euro inguru gehiago ordaindu behar dira hilean).
  • MERKEENA. Emakume gazte honek Adeslasen aurkituko du aseguru merkeena. Oinarrizkoa 27 euro kostako zaio Madrilen bizi bada. Aukera garestiena, berriz, Aresa etxeak eskainiko dio: 145 euro hilean estaldura osatuena nahi badu eta Madrilen bizi bada. Baina kasu honetan itxaronaldia edo gabezia-epea da esanguratsua, hau da, bezeroak itxaron behar duena asegurua kontratatzen duenetik benetan erabil dezakeen arte. Batez-beste, oinarrizko estaldura hartu zein osatua, hamar hilabete itxaron behar ditu bezeroak eta beraz, ez litzateke erditzera aseguru pribatuarekin iritsiko.

35 urteko gizon ezkongabea

  • ZENBAKITAN. Ezaugarri horiek betetzen dituen bezeroak, batez-beste, hilean 46 euro ordaindu beharko ditu (36 euro oinarrizko estaldura nahi badu, 55 osatuena eskatzen badu eta 40 euro aseguru mota bakar bat nahi badu). Hiriz-hiri, Valentzian aurkituko ditu prezio garestienak (ez askoz garestiagoak, ordea, batez-bestekoa baino 4 euro gehiago) eta merkeena, ostera, A Coruñan eskeiniko diote. Aseguru-etxeak konparatzen baditugu, garestienak honako hauek dira: Asisa, Adeslas (50 euro hilean bi kasuetan), Allianz eta Axa Winterthur (55 euro azken bi hauetan).
  • MERKEENA. Aurrekontu merkeena, ostera, Mapfre Caja Salud etxeak eskaini dio oinarrizko estaldurarekin: hilean 10 euro baino gutxiago A Coruñan bizi den ustezko bezeroarentzat. Eta aurrekontu garestiena, Valentziako Adeslasen bulegoetan lortu dugu: hilean 85 euro baino gehiago.
  • ESTALDURAK. Zer eskaintzen dioten aseguru-etxeek gure 35 urteko gizon ezkongabeari? Estaldura osoena aukeratuaz gero, gehien erabiltzen diren zerbitzuak sartzen ziren kontratuan: lehen mailako arreta, pediatria, ospitaleratzea, espezialistak, urjentziak, azterketa eta diagnostikoak egiteko mediku-frogak. Oinarrizko estaldura aukeratuaz gero, aseguru-etxeen erdiak baino ez zuten ospitaleratzea ordaintzen eta hamarretik bik ez zituzten urjentziak kontutan hartzen. Ospitaleratzea estalduraren barne zegoen kasuetan, aseguru-etxeek ez zuten normalean epemugarik jartzen eta gehigarririk ere ez zuten kobratzen. Oinarrizko aseguruen kasuan, Adeslas eta Asisa ziren ospitaleratzeagatik gehigarria kobratzen zuten bakarrak, 50 egunen buruan Adeslasek eta 30 egun pasa ondoren Asisak.

60 eta 62 urteko senar-emazteak.

  • ZENBAKITAN. Andreak diabetesa dauka eta egoera horretan batez-beste, hilean 178 euro ordaindu beharko lituzkete gure adineko senar-emazteek. 134 euro izango lirateke oinarrizko estaldura aukeratuko balute eta 220 inguru estaldura osatuena nahiago izango balute. Hiriz-hiri, Bartzelona litzateke garestiena (batez-bestekoa baino 15 euro garestiago) eta Valentzia merkeena (batez-bestekoa baino 20 euro merkeago). Aseguru-etxeei erreparatzen badiegu, Axa Winterthur Salud litzateke prezio altuena duena (260 euro hileko, gutxi-gora-behera) eta merkeena, ostera, Caser etxea litzateke, 133 euro ordainduko lirateke han, batez-beste. Alde polita dago hiri batetik bestera eta aseguru-etxeen artean ere bai, % 39 gutxi-gora-behera.
  • MERKEENA. Hala ere, profil honentzat eskatutako aurrekontu guztien artean merekena Bilbon lortu genuen. Han, Adeslas etxeak hilean 100 euro eskatzen zituen oinarrizko polizaren ordainetan. Denetatik garestiena, berriz, Bartzelonan eskeini ziguten: 370 euro hilean Axa Winterthur etxean gure adineko bikoteari asguru-mediku osatuena egiteko.
  • GEHIGARRIAK. Hileroko sariaz gain, aseguru-etxe gehienak gehigarriak eskatu zizkioten adineko bikote ezkonduari zerbitzu bat edo beste ordaintzen laguntzeko. Oinarrizko estalduren kasuan, lau aurrekontutik hirutan eskatu zizkieten gehigarriak (mediku-kontsulta egiten denean edo ospitaleratzean truke ordaindu ohi dira) eta estaldura osatuagoen kasuan, lautik bi baino gehiagotan jarri zizkioten gehigarrien ordainak baldintza moduan. Azterturiko hamar aseguru-etxeetatik batek ere ez zion 60 urteren bueltako bikoteari adin-eperik jarri kontratua egiteko, baina guzti-guztiek eskatu zieten gure senar-emazte adinekoei kontratua sinatu aurreko osasun-galdetegia. Gehienek ez zieten eskatzen osasun-azterketa baina hamarretik seik exijitzen zieten kontratua sinatu baino lehen ordura arteko txosten medikuak ekartzea.

Lau laguneko familia, 40 urte inguruko senar-emazteek eta eta 5 eta 9 urteko seme-alabek osatua

  • HILEROKO SARIA. Pentsa zitekeen eta halaxe da: guk asmatutako lau profilen artean lau pertsonentzako asegurua bilatzen duen familiak beste edozein hautagaik baino gehiago ordaindu beharko luke hilero-hilero aseguru pribatuaren truke. Batez-beste, 188 euroko saria ordaindu beharko luke familia honek hilean osasun-aseguru pribatua izateko. Oinarrizko estaldura baino ez balu nahi, 130 euro lirateke hilero ordaindu beharrekoak eta ia halako bi asegururik osatuena aukeratuko balute. Hiriz-hiri, Valentzian aurkitu dugu aurrekonturik garestiena (ia 240 euro), eta Sevilla suertatu da hiririk merkeena (batez-beste, 30 euro merkeago zen Andaluziako hiriburuan asegurua egitea). Aseguru-etxeei erreparatuta, DKV Seguros litzateke garestiena (290 euro hilean, gutxi-gora-behera) eta Caser, merkeena (135 euro hilean). Hala ere, gure familia gaztearentzako aurrekontu guztien artean merkeena Sevillan lortu genuen: 45 euro hilean Andaluziako hiriburuan DKV Seguros etxean oinarrizko asegurua egitearen truke. Gure aurrekontu guztien artean garestiena, berriz, Bartzelonan aurkitu genuen: 945 euro hilean aseguru-etxe berarekin, DKVrekin. Hiriz-hiri dauden desberdintasunen adibidea.
  • ESTALDURAK. Ze babes-maila eskaintzen zaio 40 urteren bueltan dabilen seme-alabadun bikote honi? Ba, aseguru osatuena aukeratuaz gero, ohiko zerbitzu guztiak izango lituzkete: lehen-mailako arreta, pediatria, espezialistak, ospitaleratzeak, urjentziak, azterketak eta diagnostikoa egiteko mediku-frogak. Oinarrizko estaldurarekin, berriz, aurrekontuen % 20ak bakarrik ordaintzen zuen ospitaleratzea, hirutik batek bakarrik urjentziak eta hamarretik bik baino ez espezialisten kontsultak.

Bestetik, hamar aurrekontutik zazpi eskatzerakoan esan ziguten itxaronaldia edo gabezia-tartea egongo zela, eta beraz, asegurua kontratatzetik benetako estaldura izan artean, estaldurarik gabe egon behar zuela gure familia honek tarte batez. Oinarrizko estaldurarekin gertatu zen hori, baina baita osatuenarekin ere. Ospitaleratzea edo ebakuntza beharrezkoak izanez gero, berriz, familia honek 6 eta 7 hilabete artean itxaron behar zuen, gutxi-gora-behera, bai oinarrizko estaldurarekin, baita osatuenarekin ere.

Osasun-asegurua kontratatu baino lehen... eta konparaketako taula

Asegurua kontratatzea ez da erraza. Are zailagoa, osasuna babestu nahi dugunean. Osasun publikoak eskaintzen digunaz gain beste zerbitzu hori ordaindu nahi badugu, honako alderdi hauek hartu beharko ditugu kontuan.

  • ASEGURU MOTA. Bi eratakoak dira nagusiki aseguru pribatuak. Zerrendako medikua dutenen kasuan medikua eta klinika aukera ditzakegu, beti ere aseguruak eskaintzen digun zerrendatik. Dirua itzultzen dutenak dira besteak eta zera esan nahi du horrek: edozein mediku eta klinika aukera dezakegula, zerrendari begiratu gabe. Geuk ordainduko diegu eta gero aseguru etxeak ordaindutakoaren portzentaia itzuliko digu.
  • ESTALDURA. Norberak jakin behar du ze eratako estaldura behar duen eta zenbat pertsonentzako asegurua beharko duen. Esate baterako, haurrak izateko adinean dagoen andreak ginekologoa beharko du, akaso, eta erditzeko laguntza eta babesa ere bai.
  • ESTALDURAREN MUGAK. Aseguru-etxeek ez dituzte gaixotasun guzti-guztien gastuak ordaintzen eta bereziki garrantzitsua da hori norberak asegurua hartu aurretik eritasunik baldin badu. Kasu horretan litekeena da aseguruak kontraturik ez egitea.
  • OSPITALERATZEA. Kasu gehienetan, aseguruek muga jartzen diote ospitaleratzeri. Epe-muga batetik aurrera gaixoak gehigarriren bat ordaindu behar izaten du ospitalean egiten duen egun bakoitzagatik. Normalean, urtean 30 eta 90 egun artean ordaintzen ditu aseguru-etxeak.
  • ITXARONALDIA. Kontratua sinatu ondoren, aseguru-etxeek gabezia deitzen zaion epea inposatzen digute, estaldurarik gabea. Ohikoena, sei hilabeteko itxaronaldia izaten da eta tarte horretan ez dira ordaintzen ez ebakuntzak ez ospitaleratzeak.
  • PREZIOAK. Hileroko saria kalkulatzeko orduan adina, bizilekua eta sexua ere erabakiorrak izaten dira. Normalean, 60 urtetik aurrera garestitzen dira aseguru-sariak eta garestiagoak dira, era berean, haurdun dauden emakumeentzat. Catalunyan dira beste inon baino garestiago aseguruak.
  • GEHIGARRIAK. Hileroko sariaz gain kopuru txiki bat ordaindu behar izaten da maiz, medikua bisitatzen denean edo zerbitzuren bat erabiltzen denean.
  • KONTRATUA BERRITZEA. Normalean aseguruak urte beterako kontratatzen dira eta automatikoki berritzen dira kontrakorik esaten ez denean. Aseguru-etxeak edo asegurua hartu duenak ez dutenean berritu nahi, epemuga baino bi hilabete lehenago abisatu behar dute. Hori bai: asegurua hartu duena tratamenduan badago, etxeak ezingo du asegurua eten tratamendu hori buka bitartean.