Nola aurreztu berogailutan, berorik galdu gabe

Etxea goxo edukitzen gutxiago gastatzeko, sistemarik egokiena hautatu behar da eta modu eraginkorrean erabili
1 otsaila de 2011
Img eco domestica listado 425

Nola aurreztu berogailutan, berorik galdu gabe

Egutegia abenduaren 21ean sartzen da neguan, baina hotza dezente lehenago sartzen da gurean, eta berogailuak dantzan jartzeko tenorea iristen da etxe guztietan. Krisiak krisi, gutxieneko goxotasun bat eduki behar du etxeak, eta ezin xuhurkerian hasi berogailuarekin. Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) eman duen datuaren arabera, etxea berotzeko erabiltzen da familiek kontsumitzen duten energiaren ia erdia. Ezinbesteko gastua da, baina beti dago aukera diru gutxiago gastatzeko horretan ere. Ez da gaizki etorriko.

Berokuntza-sistema ugari daude merkatuan. Beroa sortzeko moduak bereizten ditu, baina baita beste alderdi batzuek ere: guztiek ez dute berdin balio, ez daukate moldagarritasun bera, ez eta eraginkortasun energetiko bera ere. Euro batzuk aurrezteko helburua izanez gero, egoki erabili behar ditugu berogailuak. Eta horretarako, lehen-lehenik, ongi pentsatu behar dugu zer sistema komeni zaigun guri.

Berokuntza-sistemak

Banakakoa edo kolektiboa? Horixe da, zalantzarik gabe, bereizkuntzarik handiena. Instalazioa izan daiteke banakakoa, etxebizitza bakarrarentzat, edo kolektiboa, etxejabe guztiek partekatzen dutena.

Berokuntza zentrala:

Ikuspuntu ekonomiko eta energetikotik begiratuta, berokuntza zentral kolektiboa darabilen sistema askoz ere eraginkorragoa da. Espainiako etxerik gehienek, ordea, elementu independenteak dituzte (berogailuak, erradiadoreak eta konbektore elektrikoak, bero-ponpak eta bestelako gailuak, bizilagunek dituztenekin inolako konexiorik ez dutenak). Europako hainbat herrialdetan aski hedatua dago sistema kolektiboa, baina Espainian, % 10ek soilik daukate instalazio zentralizatua, etxejabe guztiei beroa ematen diena (IDAE erakundearen datua da). Banakako sistemarekin alderatuta, baditu aldeak berokuntza kolektiboak: galdara handiek errendimendu hobea ematen dute txikiek baino, eta, beraz, energia gutxiago kontsumitzen dute; gainera, erregaiak merkeago eskura litezke, eta sistema kolektiboa instalatzea merkeagoa da, banakako sistemak behar dituen gailu guztiak banan-banan jartzea baino.

Oro har, berokuntza zentralizatuko sistemek galdara estandarrak erabiltzen dituzte (4 eta 400 kilowatt arteko potentzia eduki ohi dute), eta erregaia, berriz, likidoa edo gasa izaten da. Merkatuan badira, hala ere, emaitza edo errendimendu hobea ematen duten beste galdara batzuk ere: tenperatura txikiko galdarak eta kondentsazioak, hain zuzen. Ohikoak baino garestiagoak dira (bi halako ere balio dute), baina % 25etik gora aurrezteko modua ematen dute, eta, beraz, bi urtean amortizatu liteke hasierako inbertsioa.

Banakako berokuntza

Etxe batean sistema zentralizaturik ez dagoenean, banakako sistemak hautatu behar izaten dira, eta hor, aukera asko eta askotarikoak daude.

  • Gas naturaleko galdarak: galdara mota hori erabiltzen dute gehien Espainiako etxeetan. Banakako metodoen artean, horixe da merkeenetakoa. 100 metro koadro inguru dituen etxe bizitza batentzat, 3.000 eta 4.000 euro artean ibili ohi da galdara estandar bat. Kondentsaziozkoak zertxobait garestiagoak dira (5.000-6.000 euro kostako litzateke halako galdara bat lehen aipatu dugun etxe horretarako), baina eraginkorragoak eta ekologikoagoak ere badira. Eta iraun ere gehiago egiten dutenez, luzera aise berdintzen da hasierako gastua. Hileko faktura, aldiz, dezente garestiagoa izaten dute, sistema komunitariokoek baino. 100 metro koadroko etxe batek, negu garaian, 150 euro baino gehiago ordainduko luke hilean. Sistema horrentzat jartzen diren berogailuak aluminiozkoak edo burdin urtuzkoak izan daitezke. Aluminiozkoak merkeagoak dira eta askoz azkarrago berotzen dira. Burdin urtuzkoak, berriz, luzaroago eusten diote beroari, behin sistema itzalita.
  • Gasolio-galdarak: Gas naturalarekin dabilen sistema baino garestiagoa da, zeren, berogailuak ez ezik, tximinia bat eta gasolio-depositu bat ere behar izaten baititu. Egokiak izan daitezke etxebizitza handietan jartzeko, adibidez baserrietan edo landaguneko etxeetan. 6.000 euro inguru balio du instalazioak. 300 metro koadro inguru dituen etxe batek hilean 200 euro baino gehiago ordainduko lituzke sistema horrekin.
  • Erradiadore elektrikoak: berogailua gutxi samar erabiltzen duten etxeetan, horixe da sistemarik errentagarriena. Prezioa ere aski egokia dute (100 eurorekin lor litezke berogailu edo erradiadore elektrikoak). Zertxobait sofistikatuagoak dira bero-metagailu elektrikoak: argindarra kontsumitzen dute, gauez beroa sortu eta metatzeko. Etxea hoztu ahala, beroa kanporatuz joaten dira. Bi eratakoak daude: finkoak (leku jakinean jarri eta handik mugitu ezin direnak) eta dinamikoak (batetik bestera mugi daitezkeenak). Metagailu horiek askoz garestiagoak dira ohiko berogailu elektrikoak baino: 2.000 euro balio du merkeenak. Metagailuei esker, probetxu ona atera ahal zaio gaueko tarifari, eta % 60 baino gehiago aurreztu liteke argindarretan. Ordea, egunean zehar kontsumitzen diren kilowattei gehigarri bat eransten diete ohiko tarifaren aldean, eta, beraz, ongi aztertu behar da zenbateraino komeni den metagailuen sistema jartzea.
  • Butanozko berogailuak: garai batean asko erabiltzen zen metodo hori, baina egun oso etxe gutxitan jartzen dituzte butanozko berogailuak (landagunean, nagusiki). Guztietan merkeenetakoa da: berogailuek 30 euro inguru balio dute, eta butano-bonbonak 13,19 euro). Metodorik kutsatzaileenetakoa ere bada, eta eraginkortasun gutxien daukanetakoa. Eremu txikiak berotzeko soilik dira egokiak. Behin berogailua itzalita, gainera, beroa oso azkar joaten da.
  • Bero-ponpak: Sistema mistoak dira, neguan beroa ematen dutenak eta udan hotza. Airea xurgatzen dute klimatizagailu baten bidez, iragazi, eta bueltan bidaltzen dute berriz, aire hotz edo bero moduan, zer nahi den. Etxeko tenperaturak aldaketarik gabe irauten du sistema horri esker. Sistema independenteak jartzea izaten da ohikoena, baina askoz hobeak dira zentralizatuak, non ponpak bidaltzen duen beroa hedatu egiten baita aire-bide eta sareta batzuetatik edo difusore batzuen bidez (hori izaten da ohikoena), edo bestela, ur beroz beteta dauden hodi batzuk jartzen dira, eta airea pasarazten dute horietatik. Oso sistema eraginkorra da, eta horixe du abantailarik handiena: argindarrean kontsumitzen duen kw/h bakoitzeko, 2 eta 4 kw/h ematen du beroa. Tenperaturak oso hotzak direnean, ordea, okerrago ibili ohi dira bero-ponpak, zaila gertatzen baitzaie kanpotik beroa hartzea. Kasu horretan, laguntzako erresistentzia elektrikoak erabiltzera jotzen dute zenbait gailuk. Merkeenak 1.000 euro inguru balio du, baina instalazioa 3.000 edo 6.000 eurora ere irits daiteke.

Azken belaunaldiko sistemak

Berokuntza-sistemarik ohikoenak ikusi ditugu orain arte, baina azken urteetan, energia alternatiboak oinarri dituzten sistemak ere hasi dira zabaltzen. Honako hauek dira sistemarik berrienetakoak:

Egongela batean, 18 eta 22 gradu arteko tenperatura
edukitzea komeni da, eta gradu bat goititzen den
bakoitzeko, % 7 igotzen da faktura

  • Zoru irradiatzaile bidezko beroa: zoruaren azpian, sabaian barrena edo hormetan zehar jartzen dira berokuntza-gailuak. Sistema horri esker, beroa modu uniformean zabaltzen da etxe guztian. Ohiko sistemak baino dezente garestiagoa da, eraikuntza-lan handiak egin behar izaten baitira. 100 metro koadroko etxe batentzat, 6.000 euro baino gehiago beharko lirateke instalazio egiteko. Galdarekin edo eguzki-plakekin funtziona dezake sistema horrek. Ur beroko galdara jarriz gero, gas naturalarekin dabiltzanak baino merkeago aterako litzateke. Izan ere, erradiadoreek behar duten tenperatura baino askoz txikiagoa eman behar litzaioke urari (35 eta 45 gradu artekoa). Eguzki-plakekin, askoz eraginkortasun handiagoa lortzen da, baina instalazioa % 20-40 garestiagoa izaten da (kasu horretan, 10.000 euroren inguruan ibiliko litzateke).
  • Eguzki-plakak: Eguzki-plaken bidezko sistema da berritzaileenetakoa. Plaka horiek energia elektriko bihurtzen dute energia termiko edo fotovoltaikoa, eta, beraz, beroa emateko erabil daiteke energia elektriko hori. Prezioa du alderik txarrena: 90 metro koadroko etxe batentzat, 120.000 euro inguru kostako litzateke plakak jartzea. Oso sistema eraginkorra da, eta, gainera, lortzen duen energia elektrikoa saldu ere egin liteke. Dena den, egindako inbertsio handia amortizatzeko, 10 urte inguru beharko lirateke. Sistema horren inguruko araudia ez dago guztiz argi, eta gaur-gaurkoz ez da oso sistema gomendagarria.
Alferreko gasturik ez egiteko aholkuak
  • Saihestu gehiegizko beroa. Egongela nagusietan, 18 eta 22 gradu arteko tenperatura edukitzea komeni da, eta logeletan, 17 eta 19 gradu artekoa. Tenperatura gradu bat goititzen dugun bakoitzeko, % 7 igotzen da energia kontsumoa, eta berdin berogailutan egiten den gastua eta atmosferara isurtzen den CO2 kopurua.
  • Gaueko beroa. Gauez tenperatura jaits dezakegu, 15-17 graduen mailara, baina berogailua guztiz itzaltzea da egokiena. Beroak ihes egin ez dezan, saretak edo pertsianak jaistea komeni da eta gortinak zabaltzea.
  • Bero-ihesak. Horiek saihesteko, bi leihoko edo bi kristaleko sistemak erabili behar dira: ohikoek, kristal bakarrekoek, alegia, lau aldiz bero gehiago galtzen dute. Zubi termikoa daukatenak jartzea da onena.
  • Aire berria. Zalantza hori sortzen da neguan, nola haizeberritu etxea berorik galdu gabe. Hori lortzeko, saihestu egin behar da etxea denbora gehiegiz haizeberritzea. Baldintza normaletan, aski da leihoak 10 minutuz irekita; horrekin berrituko da gela bakoitzeko airea.

Berokuntza-sistemarik egokienaren bila

  • Etxea inguru hotzean badago, beroari eutsiko dion sistema bat hautatu behar da, tenperatura-aldaketarik gabe irauteko modua emango duena.
  • Etxea inguru epelean badago, aski izango da une jakinean tenperatura egokia emango duen sistema batekin.
  • Instalazioa jartzeko eraikuntza-lanak egin behar badira, ongi aztertu behar da zer aukera tekniko dauden. Zenbateko dirutza joango zaigun neurtu behar da eta zenbat urtean amortizatuko genukeen.
  • Erregaia handizka hartzen duten sistemak edukiz gero (butano-bonbonak, gasolioa…), ongi jakin behar da zer banaketa-zerbitzu dauden, zer maiztasunekin ibiltzen diren eta horiek garraiatzen dituzten ibilgailuak irits ote litezkeen gure etxeraino. Elur asko egiten duen lekuan bizi bagara, gerta liteke banaketa-ibilgailuak ezin iritsiz geratzea.
  • Berokuntza-sistema bat edo bestea hautatu, kontuan hartu behar da mantentze-lanak egin behar zaizkiela eta hori ere ordaindu egin behar dela. Berokuntza-instalazio guztiak ikuskatu behar izaten dira (elektrikoak izan ezik), eta instalazio-enpresa baimenduek egin behar dituzte ikuskatzeak.