Betiereko gaztetasuna
Buztina, banbua, papiroak, zeta eta papera erabili dituzte gizon-emakumeek Historian zehar ezagupena eta esperientzia transmititzeko. Denboraren orrialdeak pasatzen direnean, ostera, materiale horiek guztiak zaharkitu egiten dira eta adituen eskuetan jarri behar dira, etorkizuneko irakurleentzat ondare izan daitezen.
Aldez aurreko azterketa
Zaharberritzailearenak ebakuntza mahaia dirudi. Bertan dauka XVIII. mendeko meza-liburua. Lanarekin hasi baino lehen, liburukiaren eskema egin behar du eta orrialdeak ongi zenbatu zaharberritzearen ondoren zeuden moduan uzteko. Papera ere ongi aztertu behar du: landare-jatorrikoa den edo trapuz egina; ze pH duen; ze lodiera… Tinta uretan disolbatzen den ere jakin behar du, liburua garbitzen duenean ez daiten idatzitakoa desagertu.
Desmuntatu eta ezabatu
Meza-liburua asto gainean jartzen da, albora-begira gera dadin. Matxarda, artazi edo bisturiarekin zaharberritzaileak banan-banan hartzen ditu orrialdeak eta azalera lotzen dituzten josturak desegiten ditu. Pazientzia behar du gero orrialde horiek guztiak ezabagoma-ahutsez garbitzeko.
Garbitu eta lehortu
Azaletik askatuta geratu diren paper orriaren lau aurpegiak plastikotan biltzen dira gero eta ur epeletan sartu, lau edo bost aldiz, ura garbi atera artean. Lehortzen uzten dira orduan orrialdean eta lehor daudenean, pisua jartzen zaie gainean.
Bere onera itzuli
Onddoek ezezik karraskariek eta intsektuek ere hondatu egiten dituzte paperak. Haiek jan dituzten zatiak berregitea ez da batere erraza. Jatorrizko paperaren antzeko tonu eta lodiera duen beste bat aukeratu behar da eta falta diren zatien tamainu eta itxura berbera duten zatiekin berregin. Hauxe da, beharbada, zaharberritzearen zailtasun handiena.
Josi
Orrialde guztiak prentsatu egiten ditu zaharberritzaileak eta hasierako eskemari jarraituta koadernotxoetan ordenatu ondoren, ehungailuan jartzen ditu. Banan-banan josi eta nerbioekin lotzen dira, hari lodiagoak dira nerbioak, orrialdeak azalarekin lotzeko erabiltzen direnak. Azala eta kontrazala babes-orriekin zigilatzen da azkenik. Bi hilabeteko bi lagunen lana izan daiteke egoera txarrean dagoen liburua azken pausu horretaraino eramatea. Eta betiereko gaztetasuna bermatzea.