Proba praktikoa: gehien erabiltzen diren nabigatzaileen bertsio berriak

Chrome da azkarrena, eta Firefoxek eskaintzen du pribatutasun-aukera gehien

1 urtarrila de 2012
Img internet listado 683

Chrome da azkarrena, eta Firefoxek eskaintzen du pribatutasun-aukera gehien

Nabigatzaileak hainbat funtzio ditu gaur egun. Sareko orrietara sartzeko bidea zen lehen, baina orain, plataforma osatuak dira, aldi berean web-aplikazioak exekutatzeko, multimedia-edukiak erreproduzitzeko eta 3Dko grafikoak erabiltzeko aukera ematen dutenak. EROSKI CONSUMERek erabilera-proba bat egin du gehien erabiltzen diren hiru web-nabigatzaileekin, eta zer-nolako abantailak eta eragozpenak dauzkaten aztertu du. Honako hauek dira nabigatzaileak: Google Chrome 9, Firefox 3.6 eta Internet Explorer 8.

Nabigatzaile horiek orriak zer-nolako abiaduran erakusten dituzten jakiteko, errendimendu-testa egin dugu bakoitzarekin, SunSpider JavaScript Benchamarck 0.9.1 delakoa; neurketa bat baino gehiago egin ditugu, eta batez bestekoa atera dugu. Ondoren, proba praktiko bat egin dugu EROSKI CONSUMERen orriarekin (www.consumer.es), eta kargatzeko zenbat segundo behar izan dituen kontatu dugu.

Elkarrekin dituzten ezaugarriak

Azken urteetan, antzeko alderdiak landu dituzte hiru nabigatzaileek, eta horietan izan dute bilakaerarik handiena: web-orriak kargatzeko abiadura, renderizazioa edo irudiak erakusterakoan prozesagailuaren baliabideetan eragiten duen kontsumoa, segurtasuna eta pribatutasunarekin zerikusia duten aukeren kudeaketa. Horrez gain, multimedia-elementuak ikusteko eskaintzen dituzten web-teknologiak ere aipatu behar dira, eta nabigatzaileari ezaugarriak eransteko eta haren ingurune grafikoa pertsonalizatzeko aukera ematen duten osagarriak, gehigarriak eta luzapenak ere bai.

Desberdintasunak

Firefox 3.6 eta Chrome 9 nabigatzaileak hainbat sistema eragilerekin erabil daitezke (Windows, Linux eta Mac Os X), eta Internet Explorer 8, aldiz, Windowsen azken bertsioekin soilik. Bestalde, Chrome 9 izan da azkarrena JavaScript exekutatzerakoan eta web-orriak kargatzerakoan; Firefoxen 3.6 bertsioak nabarmen hobetu ditu alderdi horiek, baina ez du lortu hura gainditzea. Internet Explorer 8 izan da hiruretan motelena, 2009an merkaturatu zutenetik, orduko nabigazio-motor bera dauka-eta.

Hauxe da onena:

  • Azkar nabigatzeko: Chrome
  • Web-orrietara erraz sartzeko: Chrome
  • Osagarriak gehitu eta pertsonalizatzeko: Firefox
  • Segurtasun- eta pribatutasun-aukera onenak edukitzeko: Firefox
  • Gurasoek kontrolatzeko: Internet Explorer 8 eta Firefox

Nabigatzaileak, banan-banan

Google Chrome 9

Oso funtzionaltasun gutxirekin sortu zen Chrome, baina horixe izan da nabigatzailerik azkarrena; izan ere, motor berri bat erabiltzen du funtzioak exekutatzeko eta web-orriak renderizatzeko. Gainera, nabigatzaile hori eguneratzen dute maizen.

Bertsio berriak baditu aipatzeko moduko zenbait berrikuntza: PDF dokumentuen irakurgailua, erabiltzaileak zenbait ordenagailuren nabigatzaileetan instalatu dituen guneak sinkronizatzeko aukera, markatzaileen administrazioa eta miniaplikazioak kudeatzekoa.

Chromek, gainera, harware bidez irudiak azkartzeko teknologia eskaintzen du, eta, ordenagailuaren ahalmenaz baliatuz, arinago erakusten ditu. Horrez gain, Adobe Flash integraturik daukan nabigatzaile bakarra da; beraz, ez du behar plugin bat instalatzea, eta automatikoki eguneratzen da. Beste abantaila bat ere badu: nabigatzailea automatikoki eta maiztasun handiz eguneratzen da, erabiltzaileak esku hartu gabe eta nabigatzailea eguneratu egin dela jakin gabe; horri esker, zuzendu egiten ditu programa gaiztoek edo malware delakoek balia ditzaketen zirrikituak.

Renderizazioa eta web-orrien abiadura. Bertsio berriarekin (9 delakoa), Google Chromek jarraitzen du izaten azkarrena JavaScript V8 erabiltzerakoan. Bestalde, hiru segundo baino ez ditu behar izan EROSKI CONSUMERen orri nagusia kargatzeko.

Segurtasuna eta pribatutasuna. Leihoburu bakoitza bereiz exekutatzen da, eta horri esker, orri bat exekutatzerakoan arazoren bat sortzen bada, ez die beste orriei eragiten. Ezaugarri hori abantaila bihurtzen da web-orri gaizto bat exekutatzen denean ere, bakartu edo isolatu egin baitaiteke irekita dauden gainerako leihoburuetatik.


Firefox 3.6

Azken urteetan, Firefox bihurtu da mehatxurik handiena Internet Explorer-entzat. Aurreko bertsiotik (3 delakoa) berrira, gabezia asko hobetu ditu: besteak beste, ziurtagiri digitalen kudeaketa edo modu pribatuan nabigatzeko aukera (Internet Explorer-ek soilik eskaintzen zuen orduan). Firefoxen bilakaera eta eguneratze-erritmoa, ordea, ez da iritsi Google Chromeren mailara. Renderizazioa eta web-orrien abiadura. SunSpider 0.9.1 testean, Google Chromeren ondotik geratu da, eta, batez beste, 875 ms-ko emaitza eskuratu du. EROSKI CONSUMERen orri nagusia kargatzeko, berriz, lau segundo behar izan ditu. Segurtasuna eta pribatutasuna. Automatikoki eguneratzen da, eta horrek babestu egiten du segurtasun-arazoetatik, software gaiztoetatik eta phishing saioetatik. Nabigatze-barran, atal berezi bat eskaintzen du, hobeki bereizi ahal izateko ziurtagiri digital baliozkoa darabilten salerosketa-gune elektronikoak edo banka elektronikoan aritzen direnak. Nabigatze modu pribatua egiteko aukera ematen du, eta hori oso gomendagarria da norberarena ez den ordenagailutik gune pertsonaletara sartzeko: posta elektronikora, Sareko bankara edo gizarte-sareetara.

Internet Explorer 8

Nabigatzaile hori da guztietan zaharrena, baina aspaldi samarrekoa izanik ere, eguneratuta dago segurtasun-arriskuei aurre egiteko eta sistemaren funtzionamendu orokor egokia bermatzeko. Renderizazioa eta web-orrien abiadura. SunSpider 0.9.1 testean, nabigatzaile honek eskuratu du emaitzarik apalena, batez beste (4205 ms), eta 11 segundo behar izan ditu EROSKI CONSUMERen orri nagusia kargatzeko. Segurtasuna eta pribatutasuna. Baditu zenbait ezaugarri erantsi software gaiztoetatik babesteko eta phishing bidezko erasoei aurre egiteko. SmartScreen izeneko iragazki bat dauka, zeinak abisua ematen baitu pantaila batean, baldin eta bisitatu dugun web-orriak kodea isilpean instalatu nahi badu gure ordenagailuan. Web-orri bat ez badu segurutzat jotzen, nabigatzaileak automatikoki jakinarazten du (iragazkia aktibatuta eduki behar da horretarako). Pribatutasunari dagokionez, gurasoek kontrol-neurriak ezartzeko aukera eskaintzen du.