Krisia, 10 hitzetan
Oraintsu arte, jende askok alergia moduko bat eduki izan die termino ekonomikoei eta zenbakiekin zerikusia duten gauza guztiei. Uneotan, beste patologia bat ere agertu da jendearen artean: beldurra. Zalantza eta ezegonkortasuna dira nagusi gaur egun, eta zurrunbilo horretan ez galtzeko, ongi etorriko zaizkigu zenbait kontzepturi buruzko argibideak: krisia, defizita, arrisku-prima… Egunero-egunero entzuten dira gisa horretako terminoak, eta lehen kasurik egiten ez zienak ere, orain jakin egin nahi du hitz edo termino horietako bakoitzak zer-nolako lotura duen krisiarekin, zer esan nahi duen zehazki eta, nagusiki, nola eragiten dioten kontsumitzaileari. Krisi handi honekin zerikusia duten 10 hitz hautatu ditugu, eta ekonomiari buruzko gidaliburu laburra osatu dugu, argi pixka bat egitea aldera.
- Atzeraldia. Herrialde bateko ekonomia txikiagotzera daraman egoera izendatzeko erabiltzen da termino hori. Ekonomia handitu beharrean, aberastasun gehiago sortu beharrean, txikitu egiten da atzeraldian, eta egoera hori kaltegarria izaten da herritarrentzat. Herrialde bat atzeraldian sartzeak esan nahi du ez dela gai enplegua sortzeko eta ongizate-gizartea hedatzeko. Egoera horretatik ateratzeko, neurri batzuk hartu behar izaten dira (zergak igotzea, soldatak apaltzea, gizarte-laguntzak eta bekak murriztea…). Espainiako Estatuan ekin diote gisa horretako neurriak hartzeari, eta herritarrek pairatu dute kalterik handiena, jakina: funtzionarioen soldatak jaitsi dituzte, erretiro-adina atzeratu dute… Atzeraldia gainditzeko, garrantzitsua izaten da herrialdeek beren defizita murriztea. Horra hor etengabe entzuten den beste termino bat.
- Defizita. Baliabide-gabezia adierazten du kontzeptu horrek. Eta termino horri aurrekontu hitza eransten badiogu, krisi honetan asko aipatu den beste kontzeptu bat agertuko zaigu: aurrekontu-defizita. Herrialde batek egindako gastuak diru-sarrerak baino handiagoak direnean, aurrekontu-defizita sortzen da. Horixe adierazten du termino horrek. Egoera hori orekatzeko eta lehengoratzeko, zor-titulu mordoa jaulki behar izaten dute gobernuek (Letrak, Bonuak eta Obligazioak), eta inbertsiogileek erosi egiten dituzte (partikularrek eta erakundeek). Estatuak, ordea, kostu handia ordaindu behar izaten du oso. Herritarrei ere eragiten die, Estatuari buruzko ikuspegia gero eta okerragoa izaten delako atzerrian. Nazioarteko inbertsiogileak gero eta uzkurrago agertzen dira herrialde horren aktiboetan inbertitzeko, eta egoera horrek zorraren krisia sortzen du.
- Zorraren krisia. Estatu batzuek neurriz kanpoko errentagarritasun-tasak -beren ekonomiak jasan ezinekoak- eskaini behar izan dituzte beren zorra saldu eta dirua lortzeko; hori gertatu zaie, adibidez, periferiko esaten dieten estatuei: Italia, Irlanda, Grezia, Portugal eta Espainia. Egoera hori ona izan daiteke kontsumitzailearentzat, Letrek eta Bonuek etekin gehiago ematen dutelako. Urtebeterako Letretan, esaterako, % 5eko errentagarritasuna lor dezake, eta hamar urterako Bonuetan, ia % 10ekoa. Baina egoera gero eta arriskutsuagoa da, eta ez da segurua kontsumitzaileari irabaziak ordainduko dizkioten ere (inbertitu duen guztia itzuliko ote dioten). Inork ez du baztertzen Espainiako Estatuak Europako Erreskate-Funtsari heldu behar izatea (estatu guztien diruarekin sortu zen erakunde hori, muturreko egoerei aurre egiteko) edo Nazioarteko Diru-Funtsari laguntza galdegin behar izatea.
- Arrisku-prima. Termino horrek indarra hartu du, batik bat, Grezia erreskatatu ondoren. Greziako ekonomiak eta Espainiako Estatukoak badute antza, eta, ondorioz, alde izugarria sortu da Alemaniako bonuak ordaintzen duenaren (hori da erreferentzia Europan) eta Espainiako bonuak ordaintzen duenaren artean. Arrisku-prima zenbat eta gehiago igo, orduan eta arrisku handiagoa dago Espainiak esku-hartze ekonomiko baten beharra izan dezan. Horrek langabezia gehiago ekar lezake, murrizketa gehiago gizarte-laguntzetan, hezkuntzan, osasunean, azpiegituretako inbertsioetan…
- Eurobonuak. Zorraren krisiari irtenbidea emateko, horiek sortzea izan da proposamenetako bat. Zor-jaulkipen bateratuak izango lirateke, Europako zor-jaulkipenak, alegia (herrialde bakoitzarena ordezkatuko luke). Europako goi-bileran agertu den proposamen batek dio eurobonuek ordezka dezatela, zati batean edo guztiz, zor nazionala, BPGren % 60 hartzeraino. Helburu jakina du horrek: interes-tasak murriztea (horrek estatuei aukera ematen die modu merkeagoan finantzatzeko) eta merkatuak likidezia handia izatea.
- Kalifikazio-agentziak. Herrialde edo enpresa bat ordaindu ezinik geratzeko zer arrisku dagoen neurtzen dute. Azken urteotan, oso behetik ari dira egiten berrikuspenak. Egokitzat jotzen dira arrisku ekonomikoa neurtzeko. Kontsumitzailearengan badute eragina, notak edo kalifikazioak jartzen baitizkiote mota guztietako aktiboei. Eragin handia dute merkatuetan, eta inbertsio-joerak sustatzen dituzte. Aztertu duten erakundea ongi dagoela esaten badute, igo egiten dira aktiboak, eta, aldiz, gaizki dabilela adierazten badute (hori izaten da ohikoena krisi garaian), galera handiak izaten dira Burtsan, zor-merkatuan…
- Europako Banku Zentrala (EBZ). Funtsezko erakundea da euroa jasaten ari den krisi honetan. Inbertsiogileek ez dute konfiantzarik zenbait herrialderekin (Espainia eta Italiarekin, adibidez), eta errezelo horiek murrizteko, EBZk inbertsio handiak egiten ditu herrialde horien aktiboetan. Halaber, haren zeregina da merkatuari likidezia ematea ere, dirua mugiaraztea eta ekonomia suspertzea. Oro har, jendeak kontsumitzen badu, ekonomia batek funtzionatu egingo du. Krisitik ateratzeko, beraz, oso garrantzitsua da kontsumoa handitzea (adibidez, jendeak autoak erostea, etxeak, gehiago bidaiatzea…).
- Europako goi-bilera. Europako Kontseilua izendatzeko erabiltzen da termino hori. Europako Batasuneko (EB) 27 herrialdeetako estatuburuak edo gobernuburuak biltzen ditu. EBren organo politiko gorena da. Krisi honetan, garrantzia hartu du, haren esku baitago zenbait herrialderen zorrari irtenbidea ematea, Greziak, Italiak edo Espainiak pilatu dutenari, adibidez. Ohi baino bilera gehiago egin dituzte azkenaldian, nahiz eta batzuek ez duten emaitza onik eman. Herrialdeen arteko desadostasunek kalte egiten diete kontsumitzaileei, zorraren arazoari irtenbide baketsu eta ordenatua eman beharrean, larriagotu egiten dute eta. Zenbait herrialdek beren interesak jarri dituzte eurogunearen interes orokorraren gainetik.
- Egonkortasun-ituna. Arautu egiten du estatuek, gehienez ere, zenbateko defizita (BPGren % 3koa) eta zorra (BPGren % 60koa) eduki dezaketen. 2000. urtetik 2007. urtera, 100 alditan baino gehiagotan hautsi dute itun hori. Hala ere, inori ez diote jarri zigorrik. Espainiak lau aldiz urratu du ituna. Orain zigorrak gogortu egin nahi dituzte, eta Egonkortasun-ituna betetzea da estatuen lehentasun nagusia. Hori lortzen dutenean, krisia bukatu dela esateko moduan izango gara.
- “Korralitoa“. Argentinan sortu zen termino hori. Bankuak itxi egin zituzten han, eta ez zuten uzten kontu korrontetik dirurik ateratzen; egoera hori izendatzeko erabili dute. Fernando de la Ruaren gobernuak eman zuen agindu hori, 2001eko abenduan. Ekimen horrekin, gobernuak eragotzi egin nahi zuen dirua banka-sistematik atera zedin eta, oro har, herrialdetik ere bai. Izua nagusitu zen garai batean jarri zuten indarrean, sistema ez zedin kolapsatu. Muturreko egoera bat da.
Ez dirudi Espainiako Estatuan horretara irits litezkeenik, ezta gainerako herrialde aurreratuetan ere. Herritarrek ez dute beldurtu behar bankuan daukaten dirua dela eta. Gordailuen Berme-Funtsak babesten ditu, 100.000 euro artean. Gainera, bankuren bat kaudimenik gabe geratuko balitz, Espainiak erakutsi du gai dela esku hartzeko. Halaxe egin du hainbat banku eta kutxarekin:Caja Castilla la Mancha, Unnim, Catalunya Caixa, Banco de Valencia, Caja de Ahorros del Mediterráneo, Cajasur eta Novacaixagalicia.