Musikaz zein isiltasunaz gozatzeko
Entzungailuak belarrietan jarri, bolumena igo eta musika entzunez joan ohi da hainbat jende trenean, autobusean edo paseo bat ematen duen bitartean, inguruan zer gertatzen den ohartu gabe eta beren entzumenari kalte egiten ari direla jabetu gabe. Entzungailuak erabiltzen dituzten nerabe eta gazteek gorreri-arazoak izan ditzaketela ohartarazi dute zenbait ikerketak. Merkatuan salgai dauden entzungailu mota batzuk kaltegarriagoak dira besteak baino. Hori dela eta, batzuen eta besteen artean zer alde dagoen jakitea komeni da, eta nola erabili behar diren ere bai, musika ez dadin isildu, betiko.
Gero eta tarte gutxiago dago entzungailuak erabiltzetik audifonoak erabiltzera. Azken urteotan, hainbat ikerketak baieztatu dute gorreria gero eta jende gazteagoarengan ari dela agertzen. Bostongo ikertzaile talde batek egindako ikerketa da arlo horretako berriena eta aipagarriena (Journal of American Medical Association aldizkarian argitaratu zuten, 2010. urtean), eta han esaten denez, entzumen-galera % 31 handitu zen 2005etik 2006rako tartean estatubatuar nerabe eta gazteengan, 15 urte lehenago adin-tarte horretako pertsonei egindako azterketekin alderatuta. Datu batzuk, gutxien-gutxienik, aski deigarriak dira: bost nerabetatik batek (12 eta 19 urte artekoak) entzumen-galeraren bat zeukan. Eta hainbat arrisku-faktoreren artean, leku berezia hartzen zuen batek: musika ozen entzutea.
Ikerketa askok frogatu dute zaratak gorreria sortzen duela. Orkestrako musikarien artean egin zuten horrelako bat, eta han ikusi zutenez, luzaroan egonez gero musika bolumen handian entzuten, koklea kaltetzen da, barne-belarriko egituretako bat, alegia. Musika entzunez luzaroan egoteak entzumen-trauma bat sortzen du, baina beti ez da izaten larritasun berekoa: pertsona batzuk besteak baino zaurgarriagoak dira, eta horiei gehiago erasaten die; denbora ere kontuan hartu behar da (jarraian zenbat ordu ematen diren musika entzunez), eta musikaren indarra edo bolumena ere bai.
Osasun-Arrisku Sortuberrien eta Berriki Identifikatuen Batzorde Zientifikoak (Europako Batzordearen barneko erakundea da) 2008. urtean egindako txosten batek ere ohartarazten zuen gorreria sor dezakeela musika 89 dezibeliotik (dB) gora entzuteak 60 minutuz baino gehiagoz. Ohiko elkarrizketa batek 60 dB izaten ditu, eta 85 dB-tatik gorako soinu guztiak arriskutsuak izaten dira entzumenarentzat.
Entzungailu motak
Hainbat motatako entzungailuak daude. Diseinuari erreparatuz gero, kanpokoak edo barnekoak izan daitezke; soinuaren kalitatea aintzat hartzen bada, irekiak edo itxiak; eta inpedantziaren araberako sailkapena egiten badugu, inpedantzia handikoak edo txikikoak izan daitezke. Hasteko, har dezagun kontuan diseinua, eta ikus dezagun zer-nolako ezaugarriak dituen entzungailu mota bakoitzak:
- Kanpokoak: belarri-pabiloitik kanpo jartzen diren entzungailuak dira, eta bi multzotan sailkatzen ditu zenbaitek: zirkunaurikularrak batetik (aparrezko bigungarriz belarria inguratzen dutenak), eta supra-aurikularrak bestetik (belarri gainean geratzen diren bigungarridunak, hura osorik estali gabe). Soinuaren kalitateari dagokionez, irekiak izan daitezke batzuk zein besteak (soinuari kanpora ihes egiten uzten diotenak eta kanpotiko soinuaren zati bat hartzen dutenak), edo itxiak (soinuari kanpora irteten utzi ez eta giroko soinutik guztiz isolatzen dutenak). Adituen esanetan, ordea, ez dago arrazoi teknikorik era horretako azpimultzoak egiteko, eta kontu semantikoa baino ez da. Horien ustez, aski da kanpoko entzungailuak esatea.
- Barnekoak edo intra-aurikularrak (izen tekniko egokia erabiltzen hasita, entzungailu intrakanalak esan behar zaie): entzunbideen barrenean gorderik geratzen direnak dira. Talde honetakoak ere bi multzotan sailkatzen ditu zenbaitek, eta ear-buds direlakoak bereizten ditu batetik, belarriko botoiak esango geniekeenak: horiek dira ohikoenak, eta belarri-sarreran jartzen dira, barrenean sartu gabe; bestetik, intra-aurikularrak egongo lirateke, entzumen-kanalaren barrenean sartzen direnak. Kasu honetan ere, adituek ez dute ikusten arrazoi handirik bi azpi-multzo horiek egiteko, eta guzti-guztiei intrakanalak esatearen alde egiten dute.
Diseinua ez ezik, ezaugarri teknikoak ere aintzat hartu behar lirateke entzungailuak erosterakoan, oso garrantzitsuak baitira entzumena zaintzeko. Inpedantzia da ezaugarri horietako bat, eta zera adierazten du: entzungailuak zenbateko erresistentzia egiten dion korronteari. Entzungailu guztietan agertzen da datu hori, eta, gehienean, 32, 16 edo 8 ohm-etakoa izaten da, eta gutxi batzuetan 4 ohm-etakoa. Inpedantzia zenbatekoa den, potentzia handiagoa edo txikiagoa izango du musika-erreproduktoreak. Hau da, zenbat eta inpedantzia txikiagoa, hainbat handiagoa potentzia, eta alderantziz. Entzumenaren osasunari dagokionez, hobe da inpedantzia handia duten entzungailuak erabiltzea, potentzia txikiagoa izan dadin.
Kaltegarrienetatik, arrisku gutxien dutenetara
Entzungailu egokiak hautatzea eta behar bezala erabiltzea funtsezko alderdiak dira entzumena luzaroan ongi edukitzeko.
- Barrenekoak edo intrakanalak dira guztietan kaltegarrienak entzumenarentzat, horiek jartzen direlako tinpanotik gertuen eta, beraz, presio gehiago egiten diotelako entzumen-organoari. Gisa horretako entzungailuak belarrian sartzen ditugunean, aire gutxiago geratzen da entzungailuaren eta tinpano-mintzaren artean. Eta airea murrizten denean, handitu egiten da entzuten den musikaren edo soinuaren potentzia (115 dezibeliotan irteten den hotsa 125 dezibeliotara igo daiteke), eta potentzia handiak kalte egiten dio kokleari. Barneko entzungailuen inguruan, zenbait gauza hartu behar dira kontuan:
- Ear-buds direlakoek ez dute oso ongi isolatzen kanpoko zaratatik. Eta kanpokoak trabarik ez egiteko, bolumena igotzera jotzen du erabiltzaileak. Horrek ez dio onik egiten entzumenari.
- Intra-aurikularrak barnerago jartzen dira, entzumen-kanalean, eta horiek dira kaltegarrienak entzumenarentzat, oso tarte gutxi izaten baita horien eta tinpanoaren artean. Tartean hain aire gutxi izanik, are indar gehiago hartzen du soinuak, eta are kalte handiagoa egiten dio entzumenari. Zenbaitek esaten dute entzungailu horiek, belarri barrenean geratzen direnez, hobeki isolatzen dutela kanpoko hotsetatik eta musika ez dela zertan jarri hain ozen. Adituen iritziz, ordea, okerreko planteamendua da hori, zeren bolumena igotzea ez baita izaten entzungailuen diseinuaren araberakoa, ezpada horien inpedantziaren eta erreproduktorearen araberakoa.
Kanpoko entzungailuek egiten dute kalte gutxien, belarritik kanpo jartzen direlako eta, beraz, tinpanotik aldenduago (bai supra-aurikularrak eta bai zirkunaurikularrak). Entzungailu horien eta tinpanoaren artean, aire gehiago geratzen da, 3 edo 4 zentimetro kubiko (cm3), entzungailu intrakanalekin baino gehiago (1 cm3 edo 1,2 cm3 geratzen dira horiekin).
Soinuaren kalitateari erreparatuz gero, entzungailuak irekiak edo itxiak izan daitezke, baina adituek diotenez, horrek ez du inolako eraginik entzumenaren osasunean. Itxiekin, gerta daiteke erresonantzia gehiago sortzea eta soinu baxuak hobeki antzematen ditugula iruditzea, baina horiek ez diote kalterik egiten entzumenari, bai, ordea, soinu altu edo zoliek.
Zer-nolako entzungailuak gomendatzen dituzte, beraz, adituek? Diseinu supra-aurikularra dutenak eta inpedantzia handikoak. Entzungailu intrakanalek baino leku gehiago uzten dutenez airearentzat eta inpedantzia handikoak direnez, potentzia gutxiago behar izaten du soinuak.
Aparteko babesak
Entzungailurik gabe etxetik ateratzen ez direnek jakin behar dute badaudela moduak entzumena zaintzeko; ez dago aukera askorik, egia esan, baina batzuk bai:
- Soinu-iragazkia erabiltzea: audioprotesi baten gisakoa da, neurrira egiten dena eta belarri-zuloan jartzen dena; horri esker, inguruko soinuetatik isolatu eta zenbait frekuentziaren eragina apaldu egiten da. Zenbait lanbidetan erabili ohi dute: besteak beste, orkestrako musikariek, disko-jartzaileek, eta 1 Formulako gidari eta mekanikariek (148 dB-tako zarata jasan behar izaten dute). Baina musika-erreproduktoreen erabiltzaileek entzungailu supra-aurikularrekin soilik erabil ditzakete, iragazki horiek entzumen kanalaren barrenean jartzen direnez, entzunbideetan ez da tokirik geratzen entzungailu intrakanalak jartzeko.
- Soinu-irteera berez mugatua daukan erreproduktorea hautatu: entzungailu intrakanalak erabiltzen dituztenek modu bakarra daukate entzumena babesteko: soinu-irteera mugatua duten erreproduktoreak erabiltzea. Ezaugarri hori izaten dute, adibidez, iPod direlakoek; soinu-irteera mugatuarekin etorri ohi dira berez, eta hori desblokeatu nahi duenak gailu horien funtzio aurreratuetan sartu behar du. Gaur egun, 100 dezibeliotako muga jartzen du Europako legediak audio-tresna eramangarrien soinu-irteerarentzat, baina are gehiago murrizteko asmotan dabiltza, kontsumitzaileak babeste aldera.
- Entzumen-probak: entzungailuak erabiltzeko ohitura izanez gero, entzumen-probak edo audiometriak egitea komeni da noizean behin; esate baterako, frekuentzia handiko audiometriak. Ohiko audiometriekin, 12.000 Hz-eko frekuentziak edo maiztasunak aztertzen dituzte, baina beste horiekin, 18.000 Hz-erainokoak aztertzera iristen dira. Hain zuzen, tonu apal edo behekoei dagozkie 18.000 Hz-eko frekuentzia horiek, eta entzumena kaltetzen denean, horiexek galtzen dira lehenbizi. Proba hori, ordea, oso garestia da, eta Espainiako Estatuan oso leku gutxitan egiten dute.
- Bolumen txikiagoan jarri musika, ongi entzun baitaiteke soinua entzungailuetatik kanpora zabaldu gabe ere.
- Musika bolumen handian jarriz gero, gehienez ere ordu erdiz entzutea komeni da.
- Musika oso ozen entzuteko ohitura izanez gero, entzumen-probak maiz samar egin behar dira, entzumena kaltetu den edo ez ikusteko.
- Kalitatezko musika-erreproduktoreak erabili, soinu-irteera mugatzeko aukera ematen dutenak.
- Musika, gehienez ere, 90 dezibeliotan entzun (berez, potentzia handia da hori ere), baina sekula ez 100 edo 110 dezibeliotan.
Iturria: Josep Gou, audioprotesien egilea, Audioprotesi-egileen ETCP-Clot Eskolako irakaslea eta Widex fundazioak audioprotesien arlorako duen arduraduna.