Zuk esana da produktu ekologikoak “aberaskumeentzat” direla. Zergatik?
Europako nekazaritzaren % 5 eta 10 artean soilik da ekologikoa (Ingalaterrako Carlos printzea da ekoizle nagusia). Espainian gutxi kontsumitzen dira, eta erosteko ahalmen ertain-handia edo handia dutenek erosten dituzte.
Sektore horretakoek esaten dute beren produktuak osasungarriagoak direla, zapore gehiago dutela eta ingurumenari ez diotela egiten ohikoek adinako kalterik. Ados zaude?
Ez, ez nago ados, eta Europako Batasuna ere ez, eta hura da produktu horientzat Europan dagoen agintaritza gorena. Bere webgunean esaten du ez dagoela datu erabatekorik gai horietan. Egindako ikerketa zientifiko guztiek adierazten dute ohiko produktuen antzeko ezaugarriak dauzkatela osasunarentzat.
Nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoak ordezka ditzakete ohiko sistemak?
Mila milioi pertsona elikatu ahalko lituzkete, onenean ere. Gainerako sei milioiak gosez hiltzen dira edo lur gehiago beharko litzateke lantzeko; hau da, eremu natural libreak suntsitu beharko lirateke. Ekoizpen ekologikoa eskala txikikoa da, eta kontsumitzaile gutxirentzat. Eskala handira eraman nahi izanda ere, muga gaindiezinak dauzka.
Eta ekoizle ekologikoak ohartzen al dira “muga gaindiezin” horietaz?
Haiek esaten dute gai izango liratekeela, baina nola egingo luketen galdetuta, ez dute erantzun argirik ematen. Objektiboki ezin da: nekazaritza-estatistiken datuek diotenez, ekologikoki landatutako hektarea bakoitzaren uzta ohiko nekazaritzarena baino % 25-50 txikiagoa da.
Haien ustez, ordea, orokortuko balitz, handitu egingo litzateke ekoizpena, jende gehiagorengana iritsiko litzateke eta merkeagoa izango litzateke.
Ez da sinesgarria; abeltzaintza ekologikoan, adibidez, izurriteak kontrolatzeko, homeopatia edo akupuntura, edo albahaka eta baratxuria gomendatzen dituzte, eta ekoizpena erdira murriztuta. Hutsegite kontzeptual batetik abiatzen dira: nekazaritza, berez, ez da ekologikoa, aldatu egiten duelako lekua horretako bioaniztasuna.
Liburu bat argitaratu duzu, ‘Los productos naturales ¡vaya timo!’ naturalak, a zer iruzurra!. Engainatu egiten al dituzte kontsumitzaileak?
Osasunarentzat eta ingurumenarentzat hobek direla esaten badiete, bai. Egiaztatze ekologikoa gainditu dutela esaten badiete, ez. Egiaztatze-agentzia bat dago: urtean behin pasatzen da, eta araudia betetzen den edo ez esaten du.
Seguruak al dira produktu ekologikoak?
Produktu ekologikoek eta ohikoek segurtasun-araudi bera gainditu behar dute. Baina ekoizpen ekologikoa atez atekoa izaten da, banatzaile txikien bidezkoa, eta kontrolak zailagoak dira, laxoagoak. Proportzioan, Elikadura Arloko Europako Agintaritzak (EFSA) alarma gehiago ematen ditu ekoizpen ekologikoarentzat, ohikoarentzat baino. Baina ez da zertan beldurtu: arriskua txikia da, Europan segurua da elikadura.
Zenbait ikerketak frogatu dute ohiko sisteman erabiltzen diren jokamolde batzuek kalte larriak egiten dizkietela ingurumenari eta osasunari.
Denbora askoan astakeria handiak egin dira lursailetan, batez ere zitokimikoekin. Baina gaur egun gauza guztiek pasatu behar dituzte kontrolak, duela 50 urte ez zeudenak. Ohiko nekazaritzak gero eta gehiago errespetatzen du ingurumena, eta are gehiago egingo du. Hain zuzen kontrol horiek egiten direlako, zenbait ekoizle handik Marokora eta Aljeriara alde egiten dute, non nahi duten guztia erabili, eta gero Espainiara saltzen duten.
Jokamolde horiek egoteak ez al die arrazoi ematen ekoizle ekologistei?
Ez nahitaez. Iaz arte, araudi ekologikoak onartu egiten zituen kobre-gatzak (salda bordelesa), eta oso kutsatzaileak dira. Araudiak erreparatuko balio egiaz ingurumen-eraginik ez duenari, eta ez “naturala” edo “artifiziala” izateari, orduan ekologikoagoa izango litzateke. Europako araudia negargarria da.
Eta tokiko ekoizpenari lehentasuna ematea, globalari ordez?
Ahal den neurrian, bai. Europa gero eta gehiago dago inportazioen mende. Baina gehiegikeriarik gabe. Bakoitzak gure elikagaiak ekoitzi behar bagenitu, Neolitora itzuliko ginateke. Eta ez da zertan esplotazio handiak deabrutu, zeren txikiak baino hobeki erabiltzen baitituzte baliabideak eta gutxiago kutsatzen baitute. Baratze handi bat edukitzea komeni da, eta kontsumitzailearengandik gertu egotea.
Zer iruditzen zaizkizu hiri-baratzeak?
Nik eduki nuen bat Suitzan ikasi nuenean. Hobby polita da. Irekiagoak egingo lituzke hiriak, baina ez da etorkizuneko elikadura-eredutzat hartzekoa. Eskala handian, baliabide ugari alferrik galtzea ekarriko luke, eta bi metro koadroko baratze batek ez du balio elikadura osatua bermatzeko. Gainera, ziurtatu egin behar litzateke lur hori ez dagoela kutsatua lehenagoko industria-jardueraren batekin.