Badut liburu-irakurgailua; orain, non lortuko dut liburua?

1 maiatza de 2011
Img internet

Badut liburu-irakurgailua; orain, non lortuko dut liburua?

Liburu elektronikoak irakurtzeko gailuek eta tabletek irauli egingo dute eduki digitalak kontsumitzeko modua; iraultzarik oraindik ekarri ez badute ere, ekartzekoak direla dirudi. Argitaletxeek eta kazetaritzako enpresek horietan jarri dituzte itxaropen guztiak krisiaren estualditik ateratzeko: paperak gero eta gutxiago saltzen du, baina, egia esan, paperaren baliokide digitalak ere ez du lortu erabateko arrakastarik. Ameriketako Editoreen Elkarteak emandako datuek erakusten dutenez, Internet bidezko liburu-salmentak poliki-poliki ari dira handitzen, eta salmenta guztien % 10 baino ez dira; paperezko liburuen salmenta, aldiz, % 32 apaldu zen iaz. Itxuraz, liburu-irakurgailuetan dago etorkizuna, baina, gaur-gaurkoz, halako bat daukanak ba ote du aukera egokirik liburuak, aldizkariak eta egunkariak erosteko edo Internetetik doan jaisteko, egile-eskubideei kalterik egin gabe?

Gehienak ingelesez

Egoera zertan den ikusita, badirudi ingelesa unibertsalizatzen ari dela irakurketa digitaleko hizkuntza gisa, eta gainerako hizkuntzetan aukera gutxiago izango dela. Belaunaldi berriak ingelesa ongi ikasita datoz, eta jatorrizko testuetara jotzeko joera ari da nagusitzen mundu guztian. Espainiako egunkari bateko zuzendariari zera galdetu zioten behin: ea gaztelaniaz zergatik ez den egiten The Economist, The Atlantic edo The New Yorker aldizkarien mailakorik. Beste galdera batekin erantzun zuen: “Errazagoa eta merkeagoa delako ingelesa ikastea jatorrizkoa irakurtzeko, kopia onak egitea baino?”.

Dena den, beste hizkuntzetan ere ari da ugaritzen eskaintza, bai ahalegin publikoei esker, bai argitaletxeek eurek egiten dutenari esker ere, zerbait egin beharra daukate-eta salmenten beheraldiari irtenbidea bilatzeko. Egunkariek eta aldizkariek eginagoa dute bidea, eta eskaintza ugariagoa da beste hizkuntzetan ere, publizitate-krisiak horretara bultzatu baititu, harpidetza- eta deskarga-sistemak probatzera, alegia. Dena dela, bereizi egin behar dira tinta elektronikoa irakurtzen duten gailuak eta tabletak; azken horiek ez dira hain erosoak irakurtzeko, baina deskarga-aukera gehiago eskaintzen dituzte.

Tinta elektronikoa irakurtzeko gailuetan, askoz ere murritzagoa da aukera: liburuak eta egunkari eta aldizkari batzuk baino ezin dira deskargatu, eta ilustraziorik gabe, gainera. Tabletek, aitzitik, nahiz eta LCD pantaila deserosoa izan (egunez gaizki ikusten da eta nekatu egiten ditu begiak), aukera gehiago ematen dituzte: Internetera sartu eta zuzenean irakur daiteke argitalpenen webgunean, deskargak egin daitezke ilustrazio eta loturekin, eta Apple etxearena edukiz gero, harpidetza-eredu antolatu batez balia daiteke.

Aukera gutxi lan berrietan

Literaturaren arloan guztia egiteko dago lan berriei dagokienez, argitaletxeak uzkur ageri baitira paperezko eredutik jauzi egiteko. Gaztelaniazkoetan, egile ezagunen lan berri gutxi jartzen dituzte eskura, eta argitaletxe handiek baino ez, gainera. Adibidez, Planetak, Anagramak eta Mondadorik badute eskaintza digitala: beren webguneetan, PDF formatuan jartzen dituzte liburuen zatiak, eta sareko denda handietan -Fnac, Casa del Libro…- saltzen dituzte liburuak; liburu-irakurgailuen salmentan ere zeresan handia dute denda horiek. Euskaraz, berriz, aipatzeko modukoa da Susa argitaletxeak bere nobedadeak ere Sarean jartzeko hartu duen ohitura. Ezin dira norbere ordenagailu ekarri baina bai Sarean irakurri (http://www.susa-literatura.com).

Badira, han eta hemen, beste plataforma txiki batzuk ere, autore berrien eta ezagunagoen lanak eskaintzen dituztenak. Bubok ekimena da horietako bat (http://www.bubok.com/), non egile gazte asko aurki baitaitezke, edo 24symbols (http://www.24symbols.com/), zeinak streaming bidezko Spotify musika-zerbitzuaren baliokidea izan nahi duen, baina literaturarako. Bestalde, Catedra argitaletxeak (funts izugarri oparoa du klasikoetan eta poesian) doan eskaintzen ditu katalogoz kanpo utzi dituen tituluak. Adobe Flash formatua erabiltzen du, web-orrian bertan txertatua, eta, egia esan, zaila gertatzen da erabiltzeko.

Google Books eta Amazonen zain

Bi zutabek eusten diote etorkizunean literatura-eskaintza ugaritu eta aberasteko itxaropenari, baina biak ere ez daude egonkortuak Espainiako Estatuan. Alde batetik, Amazon liburu-dendak gaztelaniazko bertsioa aurkezten duenean (oraingoz, ingelesezko bertsioa baino ez dauka, eta gaztelaniazko titulu batzuk saltzen ditu tartean), liburu berriak eta best sellerak modu masiboan merkaturatuko ditu gaztelaniaz. Dirudienez, urte bukaeran gertatuko da hori, baina behin betiko data ematerik ez dago, atzeratu eta atzeratu ari da eta.

Eskaintza aberastu dezakeen beste zutabea Google Books izango litzateke (http://books.google.com/?hl=es), bilatzaileak liburuak erosteko eta doan jaisteko sortu duen plataforma. Google Booksek, oraingoz, web-sarbide partzialarekin funtzionatzen du, eta hitzarmenak egin ditu Ipar Ameriketako argitaletxe nagusiekin, horien katalogoak sarean jartzeko, nahiz eta bere negozio-ereduak arazo handiak dituen hainbat herrialdetako justiziarekin. Euskal Herrian ere egin ditu harremanak Google Booksek bertoko argitaletxeen lanak sareratzeko. Eta euskaraz diogula, aipa dezagun Gurebook (http://www.gurebook.com/eu), euskal egile eta argitaletxeen lanentzat sortu berri den ataria.

Doako alternatibak

Beste aukera bat da erakunde publikoetan bilatzea doako literatura digitalizatua. Liburu teknikoak dira gehien-gehienak, baina badira zenbait liburu klasiko ere. Aurrerapausu polita eman du zentzu horretan berriki Susa argitaletxeak, Armiarma web-orriaren bidez. Epub zein pdf formatoetan literatura unibertsaletik euskarari ekarritako klasikoak zein euskal literaturakoak Sarean jarri ditu, doan (http://armiarma.com/liburu-e/ helbidean). 250 liburu dira oraingoz, berdin Leizarraga zein Shakespeare, Lizardi zein Defoe. Gaztelaniaz ere irakurri ahal dira hainbat klasiko, bereziki Urrezko Mendea deitzen den garaikoak. Hor daude, esate baterako, Argentinan sortu den Biblioteca.org web-orria (http://www.biblioteca.org.ar/) edo Espainiako Kultura Ministerioak Sarean abiatu duen Cervantes Biblioteka Birtuala (http://www.cervantesvirtual.com/), Espainiako Biblioteka Nazionaletik eta Hemeroteka Nazionaletik ateratako lanekin.

Ezin ahaztu, bestestik, Gutenberg proiektua ere hor dagoela (http://www.gutenberg.org/wiki/Main_Page), eta hainbat hizkuntzatan idatzitako lanak Sarean doan eskaini nahi dituela horrek ere.

Egunkariak eta aldizkariak

Egunkariak eta aldizkariak irakurtzeko gailurik egokienak ez dira irakurgailuak (irakurraldi luzeetarako dira aproposak), tabletak baizik. Apple etxearen iPad delakoa da merkatuko tableta nagusia, eta denda ere badauka, erabiltzaileak harpidetza egin dezan berak nahi duen komunikabideetan eta horien aleak deskarga ditzan. Gailu horrek hainbat aplikazio ditu, eta horiek aukera ematen dute Espainiako egunkari nagusiak eta munduko aldizkaririk garrantzitsuenak eskuratzeko.

Azkenik, tableta aisialdira mugatu nahi ez duten erabiltzaileentzat, badira aurkezpenak eta laneko testu teknikoak sarean partekatzeko aukera ematen duten zerbitzuak, baina horiek deskargatu ahal izateko, norberaren solaskideek sortuak izan behar dute. Scribd da ezagunena (http://es.scribd.com/).