Jaunartzearen gastuak

Nola prestatu jaurnartze 'merkeak'

Ospakizun horien gastua, batez beste, 3.000 euroren inguruan dabil, eta murrizten hasteko, oinarrizkoa da aurrekontu bat egitea, prezioak alderatzea eta kontsumismoak ez itsutzea
1 maiatza de 2011
Img eco domestica listado 451

Nola prestatu jaurnartze 'merkeak'

Lehenengo jaunartzea eztabaidagai bihurtu da askorentzat, eta eztabaida hori, erlijioaren alderdiari baino gehiago, ospakizun horien izaera komertzialari eta diru-xahutzeei lotua egoten da sarri askotan. Jantziak, bazkariak eta opariak batuta, ia eztei txiki batzuen pare jarri dira lehen jaunartzeak. Zenbait adituk emandako datuaren arabera, azken urteetan 12.000 euro gastatzera ere iritsi dira zenbait familia ospakizun horietan. Krisiak, ordea, aldatu egin ditu gauzak, eta apalxeago jokatzera eraman du jendea. Azkenaldian, jaunartze-eredu berri bat sortu da, eta gero eta gehiago hedatzen ari da: jaunartze merkeak dira. Aurreztea izaten da familia askoren helburua, eta garai bateko formuletara itzultzen ari da jendea: gonbidatu gutxi batzuekin egitea bazkaria edo askaria, senitartekoren baten trajea alokatu edo birziklatzea, eta opariak murriztu eta gauza erabilgarri eta praktikoak ematea. Erabiltzaile eta Kontsumitzaile Independenteen Federazioak (FUCI) egindako ikerketa baten arabera, ospakizun horien kostua % 15,6 murriztu zen 2010. urtean. Federazioaren kalkuluetan, familia bakoitzak, batez beste, 2.327 euro gastatzen ditu egun horretako ospakizunetan. Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak ere egin du kalkulua, eta hark dioenez, lehen jaunartzea 3.000 euro inguru kostatzen da Espainiako Estatuan. Zer egin daiteke kopuru horiek murrizteko, seriotasunik eta xarmarik galdu gabe?

Printzesa edo marinel… birziklatuak

Jaunartzea egiten duten haurrik gehienentzat, jantzi ederrak eramateko egun handia izaten da egun hori. Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak emandako datuaren arabera, nesken soinekoak 300 euro inguru balio izaten du, eta mutilen jantziak, 250 euro. Neskentzat, gainera, hainbat osagarri izaten dira aukeran, eta horiekin hasiz gero, beste 100 euro joan daitezke ohartu orduko. Batez bestekoa eginda, familiek 25 euro gastatzen dituzte ileko apaingarrietan, 40 euro eskularru eta jaunartze-eguneko diru-zorrotxo berezietan, eta beste 40 euro ile-apaindegitan. Horrez gain, askotan, urrezko katea jarri nahi izaten diete haurrei, gurutze edo medaila eta guzti, eta horrek beste 200 euro balio izaten du, batez beste. Familia askorentzat diru gehiegi da hori, eta egoerak ere ez du askorik laguntzen, jende asko baitako langabezian, ERE batean edo are okerrago. Horregatik, diru gutxiago gastatze aldera, hainbat neurri hartzea komeni da.

Hasteko, jantzia erosi beharrean, senitartekoren batek erabili zuena har daiteke, eta konponketatxo batzuk eginda (ez dira kostako 30 euro baino gehiago), jaunartze-egunerako prestatu. Etxeko inoren jantzirik eduki ezean, ongintzazko erakunderen batean eska daiteke. Caritasek, adibidez, zenbait autonomia erkidegotan utzi izan dizkie trajeak arazo ekonomikoekin dabiltzan familiei. Gainera, krisiarekin, ugaritu egin dira bigarren eskuko jaunartze-trajeak saltzen dituzten arropa-dendak edo alokatu egiten dituztenak (100 euroan eros litezke, edo 50ean alokatu).

Bazkaria

Jaunartze-bazkaria non egin ere pentsatu behar izaten da, diru asko joaten da-eta horretan ere. Batez beste, 20 eta 40 euro artean kostatzen da bakoitzarena (autonomia erkidegoaren araberakoa izaten da hori), eta 50 gonbidatu inguru bildu ohi dira. Bazkariak, beraz, 1.500 euro eramaten ditu, batez beste. Madrilen eta Bartzelonan, dena den, garestiago atera daiteke, menuak 90 euro inguruan ibiltzen dira-eta pertsonako.

Askotan, ezteiekin gertatzen den bezala, menuak nabarmen garestitzen dira jatetxeek jakiten dutenean lehen jaunartzeko bazkaria izango dela. Krisia heldu aurreko urteetan, ugaritu egin ziren ospakizun arranditsuak, eta halako ekitaldietan espezializatuta zeuden jatetxeek parekatu egin zituzten jaunartzeen prezioak eta ezteienak, eta menu mota berak eskaintzen hasi ziren. Itsaskia eta arkumea ohiko bihurtu dira azken urteetako jaunartzeetan, eta horrek garestitu egin izan du menua.

Bazkariaren gastua murriztea ez da hain zaila, aski da
hurbileneko senitartekoak soilik gonbidatu eta ohiko jatetxe bat
aukeratzearekin, ospakizunetan espezializatua ez dagoen batekin

Bazkariaren gastua murriztea ez da kontu zaila, dena den. Hurbileneko senitartekoak soilik gonbida litezke, eta ohiko jatetxe bat aukeratu (ospakizunetan espezializatua ez dagoena), jangela xumea eta modu oneko menua eskaintzen duena (bada zer aukeratua 15 eurorekin ere). Aurrezteko beste modu bat izaten da seme-alaba bat baino gehiagoren jaunartzeak aldi berean ospatzea, eta lehengusu-lehengusinenak ere elkarrekin egitea; era horretan, etxe bakoitzari merkeago aterako litzaioke bazkaria.

Animazioak eta bidaiak beharrean, etxean egindako festak

Azkenaldian, bazkari ondorenerako, pailazoak edo aisialdiko begiraleak ekartzeko ohitura hedatu da, haurrek ongi pasa dezaten (300 euro inguru kostatzen da horiek kontratatzea). Zenbaitetan, gainera, parke tematikoetarako bidaiak oparitzen dizkiote gurasoek haurrei (Eurodisneyra, Portaventurara edo Warner Bros-era), eta dirutza joan daiteke horretan: parkera joatea bera 200 euro inguru kostatzen da, eta gauren bat hotelean igaro behar bada, 1.000 euro inguruan ibiliko da. Era horretako gastuetatik kendu behar denean, aukera bat izan daiteke biharamunean saltoki handietara eramatea haurra eta haren lagunak, eta haur-jolasetan aritzea, edo, bestela, jaunartzea egin duen haurraren etxean bertan biltzea.

Opariak eta osagarriak

Haurrek jasoko dituzten oparirik gehienak etxekoek eginak izaten dira. Baina opariekin aski ez, eta, gainera, bestelako osagarri batzuk egiteko ohitura ere badago: argazkiak edo oroigarriak. Argazki-album batek 300 euro inguru balio du, eta bideoak, 200 euro inguru. Ohiko argazki-oroigarriak egitea (gonbidatu bakoitzarentzat bat) 200 euro baino gehiago kosta liteke. Atal horietan aurrezteko, familiako norbaiti eska dakioke argazkiak egin ditzan edo bideoz graba dezan. Oroigarriak, berriz, etxean eginak izan daitezke. Eta, agian, diseinu-kontuetan trebea den senitarteko hurbilen batek egindako oparia izan daiteke.

Esku-dirutan egiten diren opariek ere lagundu
dezakete haurrari ospakizun polita egiten

Familiakoek egingo dituzten opariei dagokienez, esaten ahal zaie dirua emateko haurrari (ospakizunak ordaintzen laguntzeko erabil daiteke), eta opari erabilgarri eta praktikoak egiteko: arropa, eskolarako edo kirolerako gauzak, liburu didaktikoak… Ez da komeni beren adinarekin bat ez datozen opariak jaso ditzaten, sakelako telefonoak, esaterako (hamalau urtetik aurrera erabiltzea gomendatzen da).

Maileguaren aukera

Jaunartze-egunean ospakizun handiak egin nahi baina dirurik ez duten familiek, besterik ezean, mailegu bat eska dezakete bankuan. Eskatzea libre da, baina ez ematea ere bai, eta bankuek zorrotz aztertzen dute eskatzaile bakoitzaren egoera, baiezkoa eman aurretik (zenbateko diru-sarrerak dituen hilero, lanean egonkortasunik baduen, zer beste mailegu dituen…). Bankuak onespena ematen badu, familiak argi eduki beharko du ospakizuna, batez beste, % 10-12 garestituko zaiela, uneotan interes-tasa hori ezartzen ari baitzaizkie mailegu pertsonalei.

Aldiz, bankuak ezezkoa ematen badu, aukera bat baino gehiago azter daitezke, eta horietako bat izan daiteke lehen jaunartzea hurrengo urterako uztea, egoera ekonomikoak hobera egingo duen itxaropenez. Erabiltzaile eta Kontsumitzaile Independenteen Federazioak egindako ikerketa baten arabera, hiru familiatatik batek hurrengo urtera atzeratzen du jaunartzea, egoera ekonomikoaren eraginez.

Jaunartzean dirua alferrik ez xahutzeko aholkuak
  • Planifikazioa: aurrekontu bat prestatzea eta ospakizunetarako zenbat diru izango den kalkulatzea oso erabilgarria da zorrik ez egiteko.
  • Ihes egin behar zaie gizartean dauden estereotipoei, eta horien artean, kontsumismo itsuari: funtsezkoa da zentzuz jokatzea. Haurrak dira egun horretako protagonistak, eta halaxe sentitu behar dute, baina inguruan ez dute ikusi behar kontsumismo-jarrerarik. Gauzak xume eginda ere, aski egokiak izan daitezke, eta umeek ongi pasatzeko modukoak.
  • Bilatu eta alderatu: jantzia eta bazkaritako menua aukeratzeko orduan, funtsezkoa da leku batean baino gehiagotan galdetzea eta prezio-kalitateak kontuan hartzea.
  • Aurrez erreserbatu: oporrekin bezala, merkeagoa izaten da bazkaritarako lekua aurretiaz hartzea. Komeni da galdetzea ea haurrentzako menurik ematen duten.