Itsaski-bilatzaileak

Itsasoko laborariak

1 maiatza de 2011
Img en imagenes listado 191

Itsasoko laborariak

Baratze emankor eta fruituz betea estaltzen du itsasoak, eta itsasbeheraren zain egon beharra dago uzta biltzeko. Eguzkia, hotza edo euria egin, itsasoak hiruzpalauz orduz eskaintzen dien tarte hori baliatzen dute emakume itsaski-biltzaileek, aitzur luze gisakoekin eta eskuareekin, moluskuak lurpetik ateratzeko.

Moreira hondartzako hitzordua

Arousako itsasadarrean dago Moreira hondartza. Arropa koloretsuak soinean jantzita, biserak, botak, ontziak eta tresneria guztia hartu eta pinudia zeharkatzen dute itsaski-biltzaileek; itsasoa joana izaten da, eta ur putzuak, harriak, algak uzten ditu agerian, harearen gainean. Gerriko minaren beldurrik gabe, eskuareari heldu, makur-makur egin eta harea harrotzen hasten dira, txirlak eta berberetxoak non aurkituko. Itsaskiak biltzeko baimena eskuratzeaz gain, ikastaro berezi bat egin behar izaten dute lantegi horretan aritzeko. Itsaski-bilketak etekin onak eman ditzan, denbora asko ematen dute moluskuak hazten eta hondartzetan pilatzen diren algak eta zaborrak garbitzen, moluskuak ez daitezen hil.

Harea azpian gordeta

Txirlak eta berberetxoak maskor biko moluskuak dira, eta harea azpian bizi izaten dira. Harea oso nahasia ez dagoenean, itsaski-biltzaileek arakatu egiten dute, moluskuen bila. Saskira sartzeko, gutxieneko neurri bat eduki behar dute: txirla finek 4 zentimetro behar dituzte, gutxienez, eta berberetxoek, 2,8. Hondartza berean egun batean baino gehiagoan aritu ostean, urritzen hasten da uzta, eta itsaski-biltzaileak uretan sartzen dira, gerri pareraino, egunean bildu beharreko molusku kopurua osatzeko.

Merkatura itzuli eta enkantea egin

O Groveko San Martin Kofradiak kudeatzen duen arrain-merkatuan bukatzen da laneguna. Itsaski-biltzaile bakoitza bere txanda noiz iritsiko egoten da, moluskuak galbahetik pasatu eta gutxieneko neurria ematen duten egiaztatzeko. Ondoren, pisatu eta neurriaren arabera multzokatzen dituzte, kaxetan edo sareetan. Talde bakoitzari etiketa jartzen diote, non agertzen den biltzaile bakoitzaren ordena-zenbakia, biltze-data, espeziea eta biltze-tokia. Arratsaldeko lehen orduan hasten da itsaskiaren enkantea. Merkatuko langileak gidatzen du: abiaburuko prezio bat jartzen dio sorta bakoitzari, eta jaisten hasten da, harik eta erosle batek eskaintza onartzen duen arte, urrutiko aginte batekin.