Konjuntibitisa: negarra ez, baina malkoak bai
Eguraldi onaren zain jarriak gaude, udaberritik udari begira, baina lehen eguzki-izpiek eta murgilaldiek badute arriskutxo bat ere: begietan hanturak ager daitezke -konjuntibitisa, alegia-. Konjuntibitis alergikoak ohikoagoak izaten dira udaberrian, polenen eraginez-eta; bakterio bidezko konjuntibitisak, berriz, udan agertzen dira, eta, batik bat, haurrei eragiten diete. Eta igerilekuetako konjuntibitisak ere eragin handiagoa izaten du oporraldian. Horregatik, zenbait neurri zaintzeak lagundu egin dezake gaitz horri aurre hartzen eta begietako arazorik gabe gozatzen udaberriko eta udako giroaz.
Azkura, erredura, sumindura, begian hondarra edo beste zerbait sartu zaigulako irudipena, malko-isurtzea, begi gorrituak eta fotofobia (argiarekiko hipersentiberatasuna) dira konjuntibitisaren sintomarik ohikoenak. Konjuntiba izeneko muki-mintz fin-fin bat izaten du begiak, betazalak barrualdetik bildu eta begi-globoaren aurreko alderaino hedatzen dena, eta hori handitzeari edo hanpatzeari esaten zaio konjuntibitisa. Begiak babestea izaten da mintz horren funtzioa, etengabe kanpo-giroaren eragina jasan behar izaten dute-eta. Hainbat arrazoirengatik sor daiteke hantura edo handitze hori, eta infekzio bidezkoa izan daiteke, alergikoa edo begiak produkturen batekin erre edo narritatu direlako ager daiteke.
Infekzio bidezkoa, alergikoa edo narritadurak sortua
Infekzio bidezko konjuntibitisa agertzen denean, betazalak handitu egiten dira, eta ohiko sintomez gain, begia jarioan hasten da eta makarrak sortzen dira. Birusek, bakterioek edo bestelako mikroorganismoek eraginda sor daiteke, zenbait onddok eta parasitok, adibidez. Konjuntibitis mota hori haur txikiek izaten dute maiz, lehen bi edo hiru urteetan. Adin horretan, lau hankan ibiltzen dira askotan, eta erraza izaten da lurrean dauden bakterio eta germenekin kutsatu eta esku zikinekin begiak igurztea. Gainera, haurrek eurek kutsatzen dituzte gero familiako gainerako kideak. Konjuntibitis alergikoa loreen eta zuhaitzen polenek agerrarazten dute. Eta narritadurak sortutako alergiak, berriz, begian partikula organikoren bat sartu delako edo produkturen batek begia erre duelako izaten dira: lantokian erabiltzen diren produktu kimikoek (azido eta alkaloideak, adibidez), edo etxea garbitzeko edo higienerako erabiltzen direnek. Etxeko garbigarrien artean, esaterako, lixiba aipa daiteke, zoruak garbitzeko likidoak, koipea kentzekoak eta xaboirik gogorrenak. Higiene-produktuen artean, xanpuak nabarmentzen dira, nahiz eta horien kaltea akutua eta arina izaten den, eta kosmetikakoak ere bai, egia den arren gero eta kasu gutxiago agertzen direla horien eraginez, hedatzen ari da-eta produktu hipoalernegikoak erabiltzeko joera.
Konjuntibitisak urte guztian izaten diren arren (birusek sortuak, batez ere), bakterio bidezkoak udan agertzen dira gehienbat, eta alergikoak, berriz, udaberrian (urte-sasoi horretan izaten dira arazorik gehien begien osasunarekin).
Igerilekuetan eta hondartzetan
Igerilekuetan, konjuntibitisa sortzen da kloroaren eraginez (narritagarria da eta alergiak eragiten ditu), edo ager daiteke desinfektatzeko erabiltzen diren beste substantzia kimiko batzuek begiak narritatu dituztelako, edo birusek edo bakterioek erasan dietelako. Hondartzetan, urak gatz gehiegi daukalako ager liteke gaitza, baita begia eguzkiaren eta haizearen eraginpean dagoelako ere, eta, bereziki, izpi ultramoreen eraginpean, mota horretakoak ugari izaten baitira itsasoko urak islatzen duen argian.
Igerilekuetako konjuntibitisik ez agertzeko, igeri egiteko eta murgiltzeko betaurrekoak erabiltzea komeni da, bai helduek eta bai haurrek, salbu eta hiru urte baino gutxiago dituztenek (horiei ez zaie komeni erabiltzea). Begiek ura ez ukitzea da neurri horren helburua. Gainera, infekzio bidezko konjuntibitisa daukaten pertsonek ez dute igerilekuan bainatu behar, besteak ez kutsatzeko, hain zuzen. Eta ukipen-leiarrak edo lenteak erabiltzen dituztenek kendu egin behar dituzte beti bainatu aurretik, eta sekula ez dituzte erabili behar ez igerilekuan ez itsasoan, zeren urarekin, oso erraz ager baitaiteke begian infekzioa, acanthamoeba izeneko protozoo baten eraginez. Infekzio larria eragiten du begian, ultzera oso mingarria ekar dezakeena (acanthamoeba bidezko keratitisa), eta kalte handia eta behin betikoa egin diezaioke ikusmenari.
egiteko eta murgiltzeko betaurrekoak
erabiltzea komeni da
Narritadurak sortzen duen konjuntibitisari aurre egiteko beste modu bat izaten da urean gai kimiko gutxiago dauzkaten igerilekuetara joatea. Gaur egun, aukera bat baino gehiago daude: ionizazioa da horietako bat, aski egokia, gainera, urak ez baitu izaten inolako produktu kimikorik; gatz-klorazioak, berriz, gatz kopuru jakin bat soilik eransten dio urari; ozonoarekin, kloro gutxi-gutxi botatzen zaio urari; eta, azkenik, kloroarekin tratatuta dauden igerilekuek baimendutako kopuru estandarra eduki ohi dute, pertsonak bainatu ahal izateko adina.
Konjuntibitis bakoitzak bere sendabidea
Begian emateko sendagaiekin egiten da tratamendua, kasu bakanetan izan ezik; tantak edo kolirioak ematea izaten da aukera bat, gel oftalmikoak erabiltzea bestea, eta hor daude ukenduak eta kremak ere. Oso gutxitan erabiltzen dira ahotik hartzeko sendagaiak (sistemikoak esaten zaie); muturreko egoeretarako soilik dira, erredurak gertatu direnean, adibidez.
Bakterio bidezko konjuntibitisarentzat, antibiotikoak izaten dira sendagaiak, eta kolirio edo tanta bidez ematen dira, egunean hirutan, zortzi orduz behin, eta hamar egunez, begia handitua badago. Dena den, pertsona bakoitzaren araberakoa izaten da hori. Gaur egun, antibiotiko mordoa erabiltzeko aukera dago konjuntibitisaren aurka, erruz baitaude merkatuan. Norbaitek antibiotiko bidezko tratamenduari erantzuten ez badio, hazkuntza bat egin daiteke gaitza eragin duen bakterioa isolatu eta tratamendu espezifikoagoa emateko. Hori, baina, kasu gutxi batzuetan baino ez da gertatzen. Askotan, aski izaten da azterketa kliniko on bat egitea, eta horrela jakin daiteke zer konjuntibitis mota den, bakterioa bidezko edo birus bidezkoa.
da tratamendua, gehien-gehienetan
tanta edo kolirioekin
Azken horientzat ez dago sendagai eraginkor eta espezifikorik. Hala ere, merkatuan berriki agertu da birusen aurkako sendagai bat, ganciclovir izenekoa (Virgan®); horixe izan da azken lau urteetan agertu den berrikuntza terapeutiko bakarra, eta nolabaiteko eragina lortzen du birus bidezko zenbait konjuntibitisetan, nahiz eta beste batzuk berdin-berdin sendatuko liratekeen hori gabe ere. Oro har, birus bidezko gaitz horiek ez dira tratatzen; organismoak berak sendatzen ditu, birusaren aurkako antigorputzak sortuz. Konjuntibitisa narritadura batek sortua denean, konpresa edo zapi hotzak jarri behar dira betazalen gainean, eta narritadura eragin duen substantzia saihestu. Egun baten edo biren buruan desagertu ez bada, medikutara joan behar da, gerta baitaiteke infekzioren bat edukitzea. Azkenik, gaitza alergikoa bada, alergien aurkako tantak edo antihistaminikoak ematen dira.
Ongi-ongi garbitu, pausoz pauso
Konjuntibitisak erasandako begiak kontu handiarekin garbitu behar dira egunero. Esnatu eta begiak makarraz itxita agertzen direnean, ahal dela, gazur fisiologikoarekin garbitu behar dira, esterila baita, nahiz eta kamamilaz ere garbi daitezkeen. Begian pilatu diren jariakinak kentzeko, gaza esterilak erabiltzea komeni da, eta begi bakoitza batekin garbitzea, batez ere konjuntibitisak begi bat soilik harrapatu badu, ez baita komeni bestea ere kutsatzea. Garrantzitsua da ez aritzea begia une oroz garbitzen, betazalen azala beratu egin baitaiteke gehiegi garbitzearen erruz. Beraz, egunean hirutan garbitu behar da, begi-ura edo tantak eman aurretik.
- Igerilekuan begiak ez narritatzeko, betaurrekoekin egin behar da igeri, batez ere konjuntibitisa hartzeko joera duten haurrek.
- Konpresa hotzak jarri behar dira betazalen gainean.
- Konjuntibitisa narritadurak sortua bada, hobera egiten du 24 edo 48 orduren buruan. Hala ez bada, medikutara joan behar da.
- Konjuntibitis alergikoei aurre hartzeko, saihestu egin behar da alergenoa, eta behar balitz, botikak hartu behar dira.
- Infekzio bidezko konjuntibitisa saihesteko, maiz garbitu behar dira eskuak, eta ez da begirik ukitu edo igurtzi behar aurrez eskuak garbitu gabe.
- Ez da partekatu behar ez toallarik ez zapirik, batez ere malkoak lehortzeko erabili badira.
- Maiz aldatu behar dira oheko burkoak, batez ere gauean malko-jarioan ibili izanez gero.
- Ez da etzan behar konjuntibitisa duen beste norbaiten burkoaren gainean, gaineko estalkia aldatu gabe.
- Ukipen-leiarrak edo lenteak edukiz gero eta horiekin zerikusia duen konjuntibitisa eduki bada, oso-oso ongi garbitu behar dira bai begiak eta bai leiarrak, eta jartzerakoan eta kentzerakoan ere ahalik eta kontu gehienarekin ibili behar da.
Iturria: Josep Villanueva, Bartzelonako Barraquer Oftalmologia Zentroko Larrialdi Zerbitzuko oftalmologo arduraduna, eta Victor Charoenrook de la Fuente, zentro bereko kidea.