Perfumea

Gustu onaren seinale

Perfume baten kalitatea berau egiterakoan erabiltzen den esentzia kopuruak erabakitzen du
1 abendua de 2003
Img listado miscelanea

Gustu onaren seinale

Perfumearen historia egunerokotasunean berau erabili duten zibilizazioen historiaren parekoa da. Atzean gelditu dira kultura antzinakoenek erritu erlijiosoetan erabilitako landare aromatiko eta erretxinen garaiak, bai eta ere Eguzki Erregeren gorteko Paris dotoreak perfumea gustu onaren seinale bilakatu zituen egunak. Pixkanaka bere izaera esklusiboa demokratizatuz joan zen, gizartea ere norabide horretan zihoan heinean. Gaur, kontsumoaren aroan gauden honetan, perfumeek diru kopuru izugarria mugitzen dute, ikerketan eta garapenean punta-puntako industria -marka handiei lotutakoa- osatzen dute, eta modan dauden eta ospea duten munduko izen mitikoak erakartzen dituzte.

Nola egiten da perfume bat

Gaur egun teknika zaharrak erabiltzen jarraitzen da, hala nola loreak animali koipe purifikatu eta egosietan beratzea; horrela ia berehala solidotzen den nahasketa lortzen da eta esentzia desberdinak egiten dira. Nolanahi ere, handizkako perfumegintzak prozesu guztian formula konplexuak eta mekanikoak egiten dituzten aurrerapen zientifikoak eta teknikoak behar ditu. Prozesuak barne hartzen ditu lehengaiak eta destilatze teknikak aukeratzea edota perfumisten usaimen profesionaltasuna. Perfume gehienen oinarria destilazio bidez lehengai naturaletatik ateratako esentzia olioak dira. Teknika horrekin loreak, hostoak, sustraiak, zurak… tratatzen dira. Usaina duten substantziak ur baporean barreiatzen dira eta, esentziak eta urak dentsitate desberdina dutenez, erraz banantzen dira. Beste olio batzuk delikatuagoak dira eta teknika honek ez die balio; horrela, disolbatzaile lurrunkorren bidez ateratzen dira. Olioa aterako duen planta beratzen jartzen da, disolbagarri egokia erabiliz (petrolioa edo bentzola) esentzia disolbatu egiten da eta disolbagarria lurrunketa bidez ezabatzen da. Edozein dela ere formula, perfume gehienak azkenean alkohol forma desberdinetan disolbatzen dira eta osagaiak dituzte substantzia egonkorra izan dadin. Kontsumitzaileari axola izango zaiona ezaugarri berezia duen lehengaia da.

Horren arabera perfumeak hiru talde nagusitan sailkatu daitezke:

  • Lore perfumeak: lore estraktuen bidez egindakoak (arrosa, lila, jasmina, peonia edo krabelina). Estraktu naturalak oso garestiak direnez, denborarekin lore estraktu sintetikoen bidez ordeztu dira; horiek perfumearen kostua merkeago egiten dute eta gehiago irauten dute.
  • Landare perfumeak: honako hauek nagusitzen dira: planta aromatikoak (labanda, melisa, salbia, erromeroa, izpilikua, izpiliku fina, ezkaia, mendaroa…), zitrikoak (laranja, limoia, mandarina, pomeloa), algak eta likenak (goroldioak eta itsasoko algak), espezieak (kardamomoa, martorria, iltze belarra), aleak eta haziak (anisa, aneta, txarpoila), azalak eta sustraiak (kanela, jengibrea, vetiver, aingeru belarra, kalamua), baltsamuak eta erretxinak (estorakea, intsentsua, mirra), zurak (urkia, zedroa, altzifrea, pinua, sandaloa) eta beste aroma batzuk (tabakoa, kamamila, berbena). Perfume fresko eta naturalak dira, baina badute eragozpenik ere: larruazalean usaimenak iraupen laburra du.
  • Ekialdeko perfumeak: banilla, sandaloa edo patchulia bezalako substantziekin egiten dira. Usaimen handikoak eta trinkoak dira, eta mendebaldeko gizartean gehiago erabiltzen dira ingurunea perfumatzeko larruazala perfumatzeko baino.

Perfume motak

Perfume baten kalitatea berau egiterakoan formulan erabilitako esentzia kopuruak erabakitzen du. Horrela, estraktuaz hitz egin dezakegu esentzia kontzentrazioa alkohol kopuruarekiko %40ra iristen denean. Formula hori guztietan garestiena da eta krema modura aurkezten da. Baina, zalantzarik gabe, perfumearen likido formak dira ezagunenak eta erabilienak.

Eau de Parfum. Likido formatuan perfume kontzentrazio handiena duena. Normalean %20rainoko osagai aktibo, esentzia olio edo lurrintsuak ditu. Perfumeak 7 ordu irauten du.

Eau de Toilette. Esentzia olioen kopurua %10ekoa du, gutxi gorabehera. Usainak gorputzean 3 eta 5 ordu bitartean irauten du.

Eau de Cologne. Esentzia olioen kopurua %5ekoa du, gutxi gorabehera. Usainak gorputzean 3 eta 5 ordu bitartean irauten du.

Colonia. Perfume mota oso arina da, %2-3ko kontzentrazioa du soilik. Perfume ugari ematea gustuko dutenek gehien erabiltzen dutena da, baina gorputzean bi ordu baino gutxiago irauten du.

Erabilera gomendioak
  • Argiak eta beroak perfume baten formula alda dezakete. Ez da komeni flaskoak eguzkitan jartzea, ez eta ere bero iturri baten ondoan. Era berean, ez dira denbora luzez gorde behar. Kontserbatzeko aukera on bat hozkailuan edukitzea da.
  • Klimak eragina du perfumearen lurrunketan. Beroak lurrunketa errazten du eta , beraz, udan perfumea neurriz aplikatu behar da. Aldiz, hotzaren efektu hodi uzkurtzaileak usaimena geldoago hedatzea eragiten du.
  • Perfume batek usain desberdina du pertsona bakoitzean, beraz oso garrantzitsua da erosi baino lehen probatzea. Pertsona baten larruazaletik ateratzen den usaina bere elikaduraren, larruazal motaren eta bizitzeko moduaren araberakoa da.
  • Perfume bat eskumuturrean eta ukalondo zimurrean probatu behar da. 15 minutu itxaron behar dira larruazal bakoitzak usain definitiboa berreskura dezan.
  • Perfumeak iraun dezan, lepoan, eskumuturrean, garondoan eta belaunpetan ematea da egokiena. Asko erabiltzen den trukua da eskotean perfumeaz bustitako kotoia jartzea eta arropa atomizagailu batekin pixka bat bustitzea.
  • Ez da perfumea gehiegi erabili behar bere itxura edozein dela ere: eramaten duenak perfumea usaintzen ez badu ere, perfumea hor dago eta gainerakoek usaintzen dute. Gehiago botatzeak ez du esan nahi gehiago iraungo duenik.
  • Larruazal lehorrek perfume kopuru handiagoa behar dute. Dietak koipe gutxi badu, perfumeak gutxiago irauten du. Erretzen duten pertsonetan perfume baten iraupena txikiagoa da eta gainera bere lurrina aldatu daiteke.
  • Xaboi, gel, krema edo lozio perfumatuen lurrinak perfumearen usain gozoa alda dezake. Hobe da produktu horiek hartzerakoan perfumearen lerro berekoak izatea edo, horrelakorik ezean, lurrinik gabeak izatea.