Maileguetako abalak

Abalatzeak arrisku ekonomiko handia dakar

Abalak abalatuaren zorrei aurre eginarazten duen kontratuak dira
1 abendua de 2003
Img listado eco domestica

Abalatzeak arrisku ekonomiko handia dakar

Nomina finkoa izatea, ondasun higiezinen jabe izatea edo kontu korronte osasuntsua edukitzea dira banku edo aurrezki kutxek bezero bati exijitzen diotena mailegu bat ematearen truke. Hiru baldintza horietako bat betetzen duenak -edo bat baino gehiago, eskatutakoa asko bada-, eta kaudimenduna dela froga dezakeenak ez du abalen beharrik izango. Baina ohikoena guztiz kontrakoa izaten da, batez ere lehenengo etxebizitza eskuratu nahi duten gazteen kasuan. Orduan, banketxeak mailegua eskatu duenari bankuak edo aurrezki kutxak hartu duten arriskua gutxituko duen abal bat exijituko dio. Arazoa da senide edo adiskide bat abalatzeko ekimen eskuzabalak abal emailearentzako ondorio ekonomiko larriak ekar ditzakeela.

Kontratu arriskutsua

  • Abal berme bankarioa da. Bere helburua da banketxeari frogatzea, kredituaren titularra kreditua eman ahal izateko behar beste bermerik ez badu ere, titularkide bat badela, titularraren ordez erantzuten duena, eta, behar izanez gero, hark ordaindu gabe utzitako kopurua ordaintzeko konpromisoa hartzen duena.
  • Abalak kontratu publikoa dira: notarioaren aurrean sinatzen dira. Normalena tramitea banketxeko edo kutxako bertako notarioaren bidez egitea da. Beste aukera bat notarioaren bulegotik egitea da, baina aukera hori finantza erakundearen eta bezeroaren araberakoa da. Hipoteka kreditu bat abalatu behar denean, sinadura banku erakundean bertan egiten da.
  • Bi abal mota daude: pertsona fisikoek ematen dituztenak -abal pertsonalak- eta banku abalak, hau da, zorra ordaintzeko konpromisoa hartzen duena finantza entitatea denean.
  • Abal pertsonalak oro har hipoteka eta kontsumo kredituetarako erabiltzen dira. Etxe bat erosteko, automobila eskuratzeko… senideak edo lagunak aukeratzen dira abal emailetzat. Abal hori doakoa da: titularrak ez dio abal emaileari konpromisoa hartzearen truke ezer ordaintzen.
  • Bankuko abalak enpresek erabiltzen dituzte gehienbat -banku erakundeek hirugarrenen aurrean abalatzen dituzte-, baina gero eta gehiago etxebizitzak alokatzeko kontratuetan ere erabiltzen dira: jabeak, maizterrak ordaintzeari utziko dio, edo adostu baino lehenago etxetik alde egingo duen edo zer edo zer puskatuko duen beldur, fidantzaz gainera, bankuaren abal bat eskatzen du, 4 edo 5 hilabetetako alokairuaren parekoa.
  • Bankuko abalak ez dira doakoak: bankuak edo kutxak, abal emaile den heinean, kredituaren titularrari komisio bat eskatuko dio. Jabeek maizterrei eskatzen dizkieten eta teorian horiek ordaindu behar dituzten bankuko abaletan aukera dago gastuak bi aldeen artean erdibana egiteko. Borondate oneko seinaletzat hartzen da maizterrak abala onartzea, eta horrek jabea lasaitu egingo du, eta, ondorioz, jabeari ere eska dakioke borondate horri abalaren kostuaren erdia bere eginez erantzun dezan.

Abalaren indarraldia

Abal bat mailegu osoa edo zati bat bermatzeko izenpe daiteke, bai abal pertsonaletan, bai banku abaletan. Kontratua sinatu baino lehenago, abal emailea informatu egin behar da zeregin horretan zein den abalatutakoaren zenbatekoa eta epea. Epe hori amaitu eta gero edo abalatutako kopurua ordaindu eta gero, bere loturetatik libre geratuko da. Kredituen titularrek gero eta gehiago abalaren iraupena mugatzeko eskatzen duten arren, finantza erakundeek, hartu duten arriskuaz ohartuta, ez dute nahi izaten abal emailerik gabe gelditu. Eskaintzen duten aukera abal emailea aldatzea da. Hau da, abal emaile batekin epe jakin baterako kontratu eskaintzen dute eta, epea amaitzen denean, titularrari beste abalista bat eskatzen diote, eskatzaileak aukeratzen duena.

Indarraldia: banketxe eta aurrezki kutxa batzuek hiruhileko komisioak edo arriskuaren gaineko komisioak kobratzen jarraitzen dute, baita abalaren epea amaitu bada ere edo abalatutako kopurua ordaindu bada ere. Abalaren indarraldiak ez du zertan bat etorri mailegua sinatu den epearekin, gerta baitaiteke soilik zati bat abalatzea. Abalaren indarraldia bukatzen denean, kredituaren titularrak exijitu egin behar dio bankuari abalaren kontratua kitatutzat jo dezan.

Zer gertatzen da titularrak ordaintzen ez badu?

Kopurua ordaintzen ez bada, hartzekodunak (banketxeak edo aurrezki kutxak) lehenik eta behin zordun nagusiari (mailegua eskatu duenari) erreklamatu behar dio zorra ordain dezan. Erreklamazio hori idatziz egiten da: bezero zordunari gutun bat igortzen zaio ohartarazpen gisa, ez zorraren epea amaitutzat jo dela esateko baina. Atzerapen bakar bat nahikoa izan ohi da banketxe eta kutxek kobratzeko eginbideei ekiteko. Ez ordaintzea zigortu egiten da, maileguaren kontratuan adierazten den bezala. Banku edo kutxa bakoitzaren erabakia bada ere, ezarritako zigorra mailegurako hitzartutako interes tipoa baino 5 puntu gehiago izan ohi da. Isun hori garaiz ordaindu gabeko hilabete bakoitzeko ezartzen da. Titularrak ez badu maileguaren epean ordaintzen, banketxea edo kutxa oro har telefonoz aurkitzen saiatuko da, nahiz eta ez duen horretarako obligaziorik. Ez da ideia txarra dei hori banketxeari beharrezko azalpenak emateko aprobetxatzea, edota luzapena negoziatzen saiatzeko, ez ordaintzea ekarri duen arazoa justifikatuz, eta zorra berandu baino lehen ordainduko dela esanez.

Ordaindu gabe jarraitzen bada, ohikoena da bankuak edo kutxak kredituaren titularrari auzitegira joko duela esanez ohartaraztea. Horrelako kasuetan, erakundeak obligazioa dauka abala gauzatzeko epeak betetzeko -legez eta maileguaren kontratuan honela adierazita dagoelako-; oro har hiru hilabete izan ohi da, baina kasu bakoitzaren araberakoa da. Epe hori amaituta zordunak ez baditu atzerapenak ordaintzen, abal-emailearengana jotzen da.

Abal emaileak maileguaren titularrak zor dituen diruak ordaindu behar dizkio banketxeari, baita zigorrak eta auziaren ondorioz sortu diren gastuak ere, hala nola, epaiketak. Horrek ez dio galarazten abalatzen ari den pertsonaren hartzekodun bihurtzea, eta kobratu ahal izateko egin beharreko eginbide judizialak egiteko, beste bide batzuetatik, abalatu zituen kopuruak kobratzeko. Horretarako oso baliagarria kontrabermea. Agiri publiko bat da, notario bate sinatua ere, zeinaren bidez maileguaren titularrak konpromisoa hartzen duen abal emailearekin har dezakeen zorra ordaintzeko. Auzitara joz gero, kontrabermearekin abal emaileak denbora aurrezten du, ez duelako frogatu behar izango titularra berekin zorretan dagoela (eta hori beharko luke agiri hori ez existitzekotan).