Organoak ematea

Emaitza gehiago egitea, premiazko beharra

Joan den urtean itxaron zerrendan zeuden 271 pertsona hil ziren, eta emaitza egiteko gai diren gorpu apurren %20 ezin dira erabili senideek baimenik ematen ez dutelako
1 abendua de 2003
Img temap 174

Emaitza gehiago egitea, premiazko beharra

Espainian iaz guztira 3.605 transplante egin ziren, eta munduan ez dago milioi bat biztanleko organo emaile kopuru handiagorik duen herrialderik (33,7). Datu horiek nola edo hala organoak ematearen inguruan dagoen sentiberatasun sozial handiaz mintzo dira, izan ere, emaitza horiek -gaur gaurkoz- ezinbesteko zutabea dira bihotza, gibela, giltzurrunak eta birikak transplantatu ahal izateko.

Transplanteek, eta beraz organoak emateak, urtero mila pertsonaren bizia salbatzen dute, izan ere, daukaten gaixotasun larria dela eta, eskuarki transplantea behar izaten dute, urgente.

Espainian 1979an atera zen Transplanteen Legea aitzindaria izan zen, Horrek eta gerora egin zaizkion erregelamenduek, 1980ko Errege Dekretuan jasota, organoak emateko printzipio sustatzaileak garatzen dituzte, hala nola organo hartzailearentzako doakotasuna, emaitzaren truke kobratzeko debekua, hildakoaren ustezko baimena (senideek ezetz esaten ez badute, emaitza onartutakotzat jotzen da, hildakoak emateko borondaterik erakutsi ez bazuen ere) eta emandako organoen hartzaileentzako berdintasunaren irizpidea -ez da diskriminaziorik onartzen sexuagatik, arrazagatik, adinagatik edo egoera sozioekonomikoagatik.

Garbi dago motiborik aski badugula gure herrialdean organoen emaitzak duen egoeraz harro egoteko. Datu horiek guztiek, gaiari buruz dagoen legediarekin batera, espainiar hiritarrek gertuko pertsona maite baten heriotzaren aurrean duten izaera solidarioa eta eskuzabala erakusten dute, baina hala eta guztiz ere, hori guztia kontuan izanik ere, egoera hobe daiteke, are gehiago, hobetu beharrean da.

Premiazko beharra

Iaz bakarrik, 271 pertsona hil ziren transplanterako behar zuten organoa ez zelako iritsi zain zeuden ospitalera, nahiz eta ebakuntzarako behar zen beste guztia prest zeukaten. Eta ikus ditzagun beste bi errealitate argigarri: gorpuen %1ek baino ez dute balio beren organoak beste pertsona bati transplantatu ahal izateko, eta balio duten bost gorputatik bat ezin da erabili Espainian, hildakoaren senideek, arrazoi desberdinak direla medio, ez dutelako erabilera solidario hori egiteko baimenik ematen. Espainiar Estatuan pertsona bakoitzak libreki erabakitzen du emaile izan nahi duen ala ez, eta horretarako ez da inolako txartel edo egiaztagiririk behar. Heriotza gertatu eta gero, arduradun medikoek gorpua emaitzarako egokia dela erabakitzen badute, automatikoki hartu beharreko erabakiak hartzen dituzte organo baliagarriak ateratzeko eta garraiatzeko protokoloa has dadin; jakina, hori tartean senideen berariazko ezezkoa gertatzen ez bada egin daiteke.

CONSUMER-en txostena

Organoen emaitza sustatzen eta laguntzen duten hamar erakunderekin hitz egin eta gero, eta gaiari buruz dagoen arautegia sakon aztertu ondoren, CONSUMER-ek inkesta bat egin die 407 pertsonari, horietatik 50 organo emaile direlarik.

Inkesta honen arabera, espainiar hiritarren %12k bakarrik esaten dute organo emaileak direla eta, horien artean, hamarretik bederatzik egoera hori erakusten duen txartel ofiziala daukate. Dena dela ere, errealitatea ez da dirudien bezain deprimigarria: inkestari erantzun dioten pertsonetatik %64k behin hil eta gero beren organoak helburu solidario horrekin erabiltzeko prest daudela adierazi dute. Horrenbestez, adinez nagusi diren espainiarren %68 organo emaileak direla jo daiteke. Egia esan, lehenago aurreratu den bezala, legez guztiok gara emaile, senideen berariazko ezezkorik dagoenean izan ezik, etxekoek hildakoaren borondatearen transmisore gisa jokatzen baitute.

Emaileak ez direla esan dutenen artean (nahiz eta, ikusi denez, gehienek egiteko prest daudela adierazi duten), erdiak baino gehiagok aukera hori ez dutela sekula planteatu esan dute. Honelako premiazko behar sozial baten aurrean zergatik hartzen duten jarrera pasibo hori galdetuta, %19k oro har dagoen informazio falta aipatu dute, eta ez dakitela konpromiso hori zehazteko nora jo behar duten. Beste datu batzuk, ordea, ez dira aurrekoak bezain esperantzagarriak: ia %40k aitortzen dute emailea ez egiteko arrazoia “utzikeria” dela, are gehiago, %28k garbi esan dute ez dutela baimenik eman nahi beren gorpuaren organoak beste pertsona batzuei bizia emateko transplanteetan emateko. Ezezko hori 45 urtetik gorakoen artean agertzen da gehien (%37), eta 18 eta 44 urte bitartekoen artean askoz txikiagoa da (%19). Argudiatu diren beste motiboetako batzuk dira gai horiekiko beldurra edo arbuioa (%11), adina ez dela egokia (%9), gaixo egotea edo medikamentuak hartzea (%5) eta emailea egiteko “denbora asko behar” delako uste guztiz okerra (%4). Emaileak ez diren %4k bakarrik esan dute emailea ez egiteko arrazoia familiari arazoak edo nahigabea ez ematea dela (45 urtetik gorakoen artean ehunekoa %4 da).

Organoak emateari buruzko informazioaren gaira itzuliz, oso deigarria da komunikabideek zein rol eskasa jokatzen duten ekimen mesedegarri eta altruista honen eragile sustatzaileak izateari dagokionez, ezta dibulgatzaile bezala ere. Emaileak direla esan dutenen artetik %8k bakarrik hartu zuten emaile izateko informazioa telebista, irrati edo bestelako komunikabide batzuetatik. %28k adierazi dute aukera hori medikuen bitartez edo ospitalean jaso zutela, eta beste %22rentzat informazio iturria etxe ingurukoa eta lagunak izan ziren. Ematearen aldeko elkarteen kanpainak (%6) eta farmaziak izan ziren beste iturririk ohikoenak. Erabakia gauzatzeko eta formatu ofiziala emateko helburuarekin, emaileen %36 medikuengana edo ospitalera joan ziren, eta %32k emaileen elkarteetara jo zuten. Organo emaileei emaile bihurtzeko pausoa emateko zer arrazoi izan zuten galdetu zitzaien. Erantzun guztien gainetatik bat nabarmentzen da (%60), hau da, elkartasuna eta beste batzuen bizia salbatzeko aukera, baina beste arrazoirik ere bada: bata pragmatikoa da, “behin hil eta gero, organoak ez zaizkigu ezertarako balio”, (%18); eta bestea inguruneari lotuago ageri da: gertutik bizi izan dute transplante baten beharrean egotea zer den eta gaixoarentzat transplantea egin ahal izateko organoak izateak zer esan nahi duen (%14).

Beste elementu interesgarri bat da organo emaileek zuzeneko senitartekoei beren erabakiaren berri ematea da, momentua heltzen denean horiek hartu beharko dutelako hildakoaren organoak ematen diren ala ez esateko erabakia. Inkestan adierazi denaren arabera, gehin-gehienak (%96) kontziente dira batzuetan erabakitzen hain zaila den ekimen honen garrantzia oso handia dela: ia gehienek berariaz jakinarazi diete beren senideei hilez gero beren organoak emateko erabakia hartu dutela, betiere beste pertsona bati edo batzuei transplantatzeko egokiak baldin badira, jakina. Gauzak, ordea, ez dira hain errazak: 12 emailetik batek aitortu egin du bere familiak erabaki solidario horrekin ez dagoela ados jakinarazi diotela.

Horrezaz gainera, hamar emailetik bederatzik uste dute organoak emateko beharraren inguruan gizartea gehiago kontzientziatu behar dela, eta erdien iritzia da organo emaile izateko aukera baloratzen ari direnek hartzen duten informazioa ez dela nahikoa. Dena dela ere, kontsulta egin zaien ia guztiek adierazi zuten organo emailea egitea oso gauza erraza dela.

Emaile ez direnek diotena

Orain arte esandakoz gainera, biztanleria orokorrari egindako inkestak emaile ez direnen iritzira zehatzera hurbiltzeko aukera ere eman digu. Esate baterako, horien artean, hamarretik ia zortzik esan dute ez dutela gaiari buruzko informaziorik hartu. Horrek gauza asko argitzen du, eta ildo jakin bat markatzen du: organo emaileen kopurua handitzeko garatu beharreko lehenengo ekimena organoen emaitzari buruz publiko handira iristen den informazioa hobetu egin behar da, kuantitatiboki eta kualitatiboki. Transplantea behar duten pertsonen kopurua txikia izateak ere izan dezake eragina organo emaitzaren gaineko kontzientziazio sozialari dagokionez: emaile ez diren hamar pertsonatik zazpik dio ez duela ezagutzen transplante bat behar izan duen inor. Gainera, inkestari erantzun dioten ia erdiek esan du organo emaitza ez dela modu eraginkorrean promozionatzen.

Beste gai bati helduta, ia-ia erabateko adostasuna dago legeak ezarritako irizpide baten gainean (%94 alde daude), eta hori da organoak ematearen truke ezingo dela kobratu. Emaile ez direnen artetik bakarrik %1ek uste du kobratzea komenigarria izango litzatekeela. Beste horrenbeste gertatzen da organoak hartzearen truke ordaindu egin beharko litzatekeen galdetzen denean: emaile ez diren artetik %96 ordaintzearen kontra daude.

Ba al dakigu zein den organo baten transplantearen zain dauden pertsonen arazoaren egiazko dimentsioa? Erantzuna ezetz da. Emaile ez direnen artetik %10ek diote badakitela gutxi gorabehera Espainian organoren baten zain dauden pertsonen itxaron zerrenda zenbatekoa den, alegia, aurten 5.000 pertsona. Eta azkenik, beste galdera bati erantzunez, orain emaile ez diren baina organoak emateko prest leudekeen artetik %93k organo guztiak emateko prest leudeke; gainerakoek soilik organo jakin batzuk emateko prest agertu dira, batez ere giltzurrunak eta bihotza. Eta hamarretik batek adierazi du emaile bihurtuz gero ez liokeela bere familiari jakinaraziko (65 urtetik gorakoen artean 6tik 1ek esan du hori).

Berriro ere informazio falta handia dagoela egiztatu da, izan ere, emaile ez diren %2k esan dute beraiek sinesten duten erlijioak ez duela organoak ematea begi onez ikusten, baina egia bestelakoa da, eliza katolikoa eta beste sineste batzuk ez daude organoen emaitzaren kontra.

Galderak eta erantzunak

Nork kudeatzen ditu transplanteak?

Espainiako Transplanteen Erakundeak (ONT) koordinatzen ditu espainiar osasun sisteman Organoak eta ehunak Emateko, Ateratzeko, Gordetzeko, Trukatzeko eta Transplantatzeko jarduerak.
Bere egitura hiru mailatan banatuta dago: Koordinazio nazionala, Koordinazio autonomikoa eta Ospitaleetako koordinazioa.
Prozesu guztia honako lege honetan zehaztutako eskubideak errespetatuz egiten da: Osasunari buruzko 14/1986 Lege Orokorra, apirilaren 25ekoa, 10 artikulua; eta horri gehitzen zaizkio organoen emaitza arautuko dituzten irizpideak, lege honetako arauetan eta printzipioetan zehaztuta: 30/1979 Legea, urriaren 27koa. Printzipio horiek dira: Borondatezkotasuna, Informazioa, Doakotasuna, Emaileen baimena, Xede terapeutikoa, Irabazteko asmorik ez izatea eta Anonimatua. ONTk bermatu egiten du transplanterako organoen eta ehunen banaketa eta esleipena eta, horretarako, bere ezagutza teknikoak eta berdintasunaren printzipio etikoa erabiltzen ditu.

Nola ezartzen da transplanteen txanda?

Giltzurrunetako transplanteak tokian bertan esleitzen dira, eta Estatuan 40 zentro daude hori egiten dutenak. Transplanterako zentroak erabakia hartzeko duen arrazoia organoak sufritzen duen iskemia txikiagoa izatea da (odol zirkulazioa aldi baterako edo modu iraunkorrean urritzen da).
Giltzurrunetakoak ez diren transplanteetarako itxaron zerrenda ONTk erabakitzen du, lehentasun sistema bati jarraituz. Lehenik eta behin, herrialde osorako urgentzia markatzen duten gaixotasun klinikoak daude, eta ondoren eskualdearen arabera zehazten dira urgentziak (Espainia osoan 6 eskualde daude); azkenik, modu lokalean egiten den transplante selektiboa dago. Emaitzen lehentasunak transplantatuaren eta emailearen artean dauden bateragarritasunen arabera zehazten dira: tamaina, adina, sexua, etab., ahalik eta ondoen uztar daitezen, betiere ikuspegi medikotik begiratuta. Urtero bilera bat egiten da, transplanteak egiteko jarraitzen diren irizpideak berrikusteko, biztanleen artean ez dadin inor diskriminatuta geratu.
Arazorik gehien aurkezten dituzten transplanteak dira haurrei, 0 odol taldeko pazienteei, hesteetako gaitza dutenei eta biriketako gaitza dutenei egiten zaizkienak.

Organo emaile potentzialak nola lokalizatzen dira?

Komunikazioa azkarra eta zuzena izatea behar da. Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) hilkortasunaren eta heriotza entzefalikoaren jarraipena egiten da. Organo emailea egokia izan dadin, hartzaileari kalte egingo dioten gaixotasun tumoralak eta infekziosoak ez direla transmitituko bermatzeko hainbat proba gainditu behar dira. Gorpuetatik %1 baino ez da egokia transplantea egin ahal izateko, eta horregatik da hain garrantzitsua lokalizatzeko sistema eragingarria izatea, emaile potentzialen galera minimizatzeko helburuarekin. Eta organoak atera ahal izateko legezko eginbideak bete behar dira, heriotzaren kasuaren arabera desberdinak direnak. Bortxaren ondorioz gertatu den heriotza batek epailearen baimena behar du organoak atera ahal izateko (frogak lortzeko prozesuan eragina izan dezakeelako). Azken pauso gisa, organoa ateratzeko eta ezartzeko programa abiarazi behar da.
Hildakoa organoak emateko gai dela aurretiaz segurtatu arte familiari ez zaio emateko aukerari buruzko kontsultarik egiten.

Non informa gaitezke?

Erkidego autonomo guztietan emaileen eta transplantatuen elkarteak daude. Helbideen eta telefonoen informazioa lortzeko, ONTren web orrian edo edozein erietxetan begira daiteke. Emaile txartela lortzeko erakunde horietara, erietxeetara edota ONTren web orrira jo daiteke.

Zer egiten eta pentsatzen dute emaileen elkarteek?

  • Emaileak erakartzeko kanpainak eragingarriak direla baieztatzen dute, emateko beharra biztanleengana gerturatzen dutelako eta gaiari buruz sentsibilizatzen dutelako.
  • Transplantearen zain dauden gaixoei laguntzea elkarte guztien duten helburua da, eta horietako batzuetan laguntza transplantatuengana eta beren senideengana zabaltzen dute.
  • Ematen duten laguntza nagusia psikologikoa da, beste transplantatu batzuekin harremanetan jartzeak lagundu egiten duelako etorkizuneko transplantean zein horren postoperatorioan. Elkarte batzuek laguntza ekonomikoa ematen diete ebakuntzaren ondorioz desplazatu behar duten familiei, eta batzuetan harrera etxeak ere badituzte, ebakuntzak irauten duen bitartean egoteko.
  • Elkarte batzuek transplanteak egiteko ospitale gehiago eskatzen dute, nahiz eta kontsulta tu diren gehienek nahikoa direla uste duten. Beste batzuek, berriz, aipatu ospitale horiek bizitokitik urruti daudela gastu handia dela kritikatzen dute, eta hori arazo bihurtzen dela transplantea egin behar dioten pertsonaren familiarentzat.
  • Emaile txartela intentzio deklarazioa besterik ez dela diote, emailea hilez gero familiari gaiari buruz hark dituen asmoak jakinarazteko helburua duena. Elkarte gehienen iritziz, agiri hori loteslea izatea komeniko litzateke, emailearen borondatearen erakusle zuzena delako. Baina beste batzuek defendatzen dute senideek eskubidea dutela hildakoaren borondatea transmititzeko, izan ere, gerta daiteke hil aurretik emaileak iritzia aldatu izatea. Batzuek diote arazo hori bizi arteko testamentuaren bitartez konpon daitekeela, izan ere, hori bizirik dagoen bitartean egiten den intentzio deklarazioa da, eta hurbilekoek ez lukete hori deuseztatzeko aukerarik izango.
  • Komunikabideek organoak emateari buruzko kanpainez egiten duten jarraipenaren inguruan iritzi desberdinak daude. Elkarte batzuek gaiak sortzen duen interesa azpimarratzen dute, eta beste batzuk, berriz, kexu dira kasu gutxi egiten zaielako.
  • Ia elkarte guztiek uste dute emaile egiteko ematen den informazioa ez dela egokia, eta kanpainak bitarteko gehiagorekin egin behar direla eta administrazio publikoek interes handiagoa erakutsi behar dutela nabarmentzen dute.
  • Zenbait elkarteren iritziz, arazoa ez da emaitzen kopurua, familiarren erabakiagatik egin ezin direnen kopurua baizik (egin litezkeenen %20).
  • Denak datoz bat organo emailearen familiak ez duela organoen hartzailea nor den jakin behar esaterakoan.
  • Bakar batek ere ez du uste herrialde garatuetan organo trafikoa egiten dela.
  • Organoen emaitza etxean hitz egin beharreko gaia dela baieztatzen dute, erabakia hartu behar den momentuan positiboa izateko aukera gehiago izan dezan.
  • Elkarteek diotenaren arabera, familiak emaitza ez baimentzeko dauden arrazoi nagusiak informazio falta eta dauden egoera emozionala ira, baina beste kausa batzuk ere badaudela aitortzen dute, hala nola beldurra edo sinesmen erlijiosoak. Erantzuna positiboa izan dadin gehien agertzen diren arrazoien artean elkartasuna eta gertu esperientziaren bat izatea dira, baita familian bertan emaileak egotea ere.

Nola jarri harremanetan hurbileneko elkarteekin?

ONTk 91 314 24 06 telefono zenbakian erantzuten du. Informazioa eskatzeko mezu elektroniko bat bidaltzeko aukera ere badago, ont@msc.es helbidean. ONTk elkarteen erregistro bat dauka, erregiotan banatuta.

Transplanteetan sortzen diren arazoak

Bateraezintasunak, errefusa eta postoperatorioa

Transplanteak bere arriskuak dauzka, batzuk ebakuntza kirurgikoari lotuak eta beste batzuk pazientearen erantzun immunologikoari lotuak. Ez onartzeak edo errefusatzeak esan nahi du organismo hartzaileak organoa gorputz arrotz moduan identifikatzen duela, eta errefusa emailearen kode genetikoa eta organoaren hartzailearena desberdinak direlako gerta daiteke. Transplantatutako zelulen antigenoek transplantatuaren sistema immunologikoa ohartarazten dute ez dutela organoa beretzat ezagutzen. Ez onartzearen ondorioz, hantura erreakzio bizia sortzen da, organoa suntsituko duena. Errefusatzeko modu desberdinak daude: hiperakutua, eta bere ondorio berehalakoa organoa galtzea da. Hartzailearengan transplantatutako organoaren kontrako defentsak daude, kontaktuan jarri baino lehenago ere existitzen zirenak; horiek atzemateko, ebakuntza egin aurretik proba gurutzatu bat egiten da. Errefusa akutua: transplantearen lehenengo hilabeteetan sortzen da, baina medikamentu immunosupresoreetan egin diren aurrerapenen eraginez, arinagoa zain ohi da eta tratamendu hobea dauka. Errefusa kronikoa transplantearen ondoren agertzen da eta bilakaera geldia izan ohi du, baina azkenean transplanteak porrot egitea ekar dezake. Faktore arriskutsu gehienak saihestu edo trata daitezke (faktore immunologikoak, zirkulazio arazoak, hipertentsio arteriala). Errefusatzeko aukera murrizteko, defentsa mekanismoen indarra murrizten da, gorputzak organoa berea balitz bezala bereganatzen joan dadin. Prozesu horrek hainbat urte behar ditu, eta medikamentu immunosupresoreak erabili behar dira. Immunitatea ezin da erabat desagerrarazi, pazienteek sarri infekzioak izango lituzketelako, eta horiek proiektuaren bideragarritasuna arriskuan jarriko lukete. Gaur egun hainbat immunosupresore daukagu, immunitatea errefusa ekiditeko behar den neurrian baino murrizten ez dutenak, pazientea infekzioen arrisku horretan jarri gabe. Sistema hori ez da perfektua eta, pazienteak errefusa arinak jasan ditzakeenez, horiei zaintza etengabea egin behar zaie.

Immunosupresoreen helburua errefusa ekiditea da, infekziorako arriskuari lagundu gabe. Ez dago tratamendu estandarrik eta, ondorioz, probak egin behar dira eta ondorioak neurtu. Immunosupresoreen jarduera neurtzeko linfozitoak aztertzen dituzten analisiak egiten dira.

Immunosupresoreak ebakuntzaren lehenengo egunetik aurrera hartzen dira, oro har kirurgiaren aurretik, eta gero transplantea egin ondoren. Transplantearen lehenengo asteak igaro eta gero, transplantatuarentzako egunik zailenak iristen dira: infekzio oportunistak ager daitezke, osasuntsu dauden pertsonek dituztenak bezalakoak, baina transplantatuak medikuarengana jo behar du edozein alarma sintoma agertu eta berehala. Gehien erabiltzen diren medikamentuak kortikoideak dira: ondorio immunosupresorea izateaz gainera, hanturaren kontrako efektua ere egiten dute.

Postoperatorioa

Ebakuntza kirurgikoaren ondotik, pazientea zaintza intentsiborako unitatera eramaten dute, eta bertan etorriko da bere onera anestesiatik eta ebakuntzak egindako oinazea leunduko eta kenduko zaio. Unitate horretan egongo da plantara eramaten duten arte. Ospitalean egoteko denbora estandarra desberdina izango da transplante motaren arabera. Ospitalean egongo den bitartean, pazientea bere ebakuntzatik suspertuko da, eta transplanteak zuzen funtzionatzeko egin behar duena azaltzen zaio, izan ere, bere bizitzako gainerako denboran ohitura zorrotz batzuei jarraitu beharko die eta medikamentua hartu.

Zer motatako emaileak daude eta nolakoa da organoa emateko prozesua?

Emaile bizia: baldintzak betetzen dituena eta organoren baten edo zati batzuen emaitza bizirik dagoenean egin duenari esaten zaio emaile bizia, organoak atera ahal izatea biziarekin bateragarria denean eta betetzen duten funtzioari dagokionez emailearen organismoak behar bezala eta erabateko segurtasunez betetzeko gaitasuna duenean.

Adinez nagusia izan behar du, eta ahalmen mentala eta osasun egoera egokiak izan behar ditu. Aurretiaz organoak ateratzearen ondorioei buruzko informazioa eman behar zaio, eta baimena eman behar du berariaz, libreki, kontziente eta interesik gabe. Emailearen osasun mentala organoak aterako dituen eta transplantea egingo duen medikuak ez beste batek aztertu behar du, eta horrek emango dio ebakuntzak dituen arriskuei buruzko informazioa, maila somatikoan zein psikologikoan aurreikusten diren ondorioen berri emango dio, bere bizitza pertsonalean, familiakoan zein lanekoan izan ditzakeen ondorioak jakinaraziko dizkio eta organoaren hartzaileak lor ditzakeen onurak ere azalduko dizkio. Organoak atera ahal izateko, emaileak Erregistro Zibileko epailearen aurrean eman beharko du bere baimena, berariaz eta idatziz. Emaileak izenpetu duen lagapen agiri horretan berak baimena ematen du emaitza bizirik dagoela egiteko. Lagapenaren sinadura egiten denetik organoa ateratzen denera arte gutxienez 24 ordu igaro behar dira, eta emailea, dena dela ere, atzera egin dezake bere erabakian. Bizirik dauden emaileei organoak ateratzea ebakuntza hori egiteko baimena duten zentroetan baino ezin da egin. Emaileak, azkenik, behar duen laguntza sanitario guztia izango du behar bezala osatzeko.

Hildako emailea: hil den pertsona da, zeinari organoak atera nahi zaizkion, ezarritako baldintza guztiak betetzen dituena eta berariaz hori egitearen kontra dagoela adierazi ez duena. Organoak ateratzeko heriotza nola gertatu den hartzen da kontuan, eta kasu horiek bihotzeko eta arnasbideetako funtzioak etetea edota funtzio entzefalikoak atzera bueltarik gabe etetea gertatzen direnekoak dira.

Hil eta gero berariaz organoak ematearen kontrako jarrera adierazi ez bada, organo horiek erabili egingo dira, eta kontrako jarrera hori edozein organo motari edo bakarrik mota jakin bati buruzkoa izan daiteke. Hildako pertsona adingabea edo ezindua denean, kontrako jarrera adierazteko aukera haiek bizirik zeudenean ordezkaritza legala zutenek adierazi ahal izango dute. Organoak ateratzeko baimena duen zentroak jakiten saiatu behar du interesatuak senideren bati edo erietxean tratatu duten profesionalen bati jakinarazi ote zion zein zen bere borondatea zein zen, eta, horretarako, erietxeko Borondate Deklarazioen Erregistro Liburuan edo historia klinikoan idatzi ahal izan duten edozein ohar erabil dezakete, eta hildakoak zeraman dokumentazioa eta gauza pertsonalak aztertu behar dira. Inguruabarrek galarazten ez dutenean, erietxean dauden senideei informazioa eman behar zaie organoak ateratzearen beharraz, izaeraz eta gorabeherez, baita hildakoen sanitatearen gaineko errestaurazioaz, kontserbazioaz eta praktikez.

Pertsonaren heriotza bihotzeko eta arnasbideetako funtzioak edota funtzio entzefalikoak atzera bueltarik gabe eten direla berretsi eta gero egiaztatuko da. Heriotzaren ordu gisa erregistratuko dena heriotzaren diagnostikoa osatu den ordua izango da. Heriotza agiria eta organoak ateratzearen agiria ateratzeko eta transplantatzeko ebakuntzan parte hartuko dutenek ez beste hiru mediku desberdinek izenpetu beharko dute, eta horien artean izango dira neurologo edo neurozirujau bat eta ingresatuta dagoen unitate medikoko zerbitzuburua, edo horren ordezkoa, heriotza entzefalikoa den kasuetan. Heriotza bihotzeko edo arnasbideetako funtzioak ezinbestean gelditu direlako gertatzen denean, heriotza agiria organoak ateratzeko eta transplantea egiteko medikua ez den beste batek izenpetu behar du. Heriotza istripuz gertatzen baldin bada, eta tartean ikerketa judiziala baldin badago, organoak atera baino lehenago epailearen baimena lortu beharko da, eta horrek, aurretiaz mediku forentseak txostena egin eta gero, baimena eman beharko du, betiere eginbide penalak garatzeko oztopo ez den bitartean. Organoak ateratzeko oniritzia ematearen arduradunak, edota horretarako ordezkaritza eman zaion pertsonak, agiri bat eman beharko du aurreko atal guztiak berariaz jasotzen dituena.

Zein da organo desberdinen helburua?

Ez dago organo bat besteak baino gehiago ematen dena, izan ere, Espainian egiten diren organo ateratzeak emaitza multiorganoetatik datoz: transplanterako egokiak diren organo eta ehun guztiak erabiltzen dira.

Bihotz transplantea

Bihotza gorputz osora odola eramateaz arduratzen den organoa da. Tratamendu farmakologikoari erantzuten ez dioten eta gabezia kardiakoa duten paziente guztiei egin behar zaie transplantea.

Birika transplantea

Birikak arnasa hartzearen organo arduradunak dira. Fibrosi kistikoa, Enfisema edo Arnasbideetako gabezia sufritzen duten eta tratamendu medikoaren bidez erantzunik ez duten pertsonak sar daitezke birikak transplantatzeko itxaron zerrendan.

Gibel transplantea

Gibelak energia erregulatzen du, proteinak ekoizten ditu eta odoleko hondakinak kanporatzen ditu. Gibel transplantea behar dutenak zirrosiak eta hepatitisak jota egon ohi dira.

Pankreas transplantea

Digestioan erabiltzen diren entzimak isurtzen dituen organoa da eta, gainera, intsulina isurtzen duenez, glukosa erregulatzeaz arduratzen den organoa da. Muturreko diabetesa duten gaixoak dira beste pertsona batzuen pankreasa hartzeko hautagaiak, betiere ez badiote tratamenduari erantzuten eta ikusmena edota atalen bat galtzeko arriskua baldin badute.

Giltzurrun transplantea

Giltzurrunek odoleko hondakinak kanporatzen dituzte eta hainbat hormona sortzen dituzte. Giltzurrunetako gabezia kronikoa duten gaixoek transplantea behar dute, bizitza osoan hemodialisiari lotuta igaro ez dezaten.

Itxaron zerrendak

Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, 2003an itxaron zerrendan zeuden pazienteak 5.000 ziren, eta joan zen urtearen amaieran 892 ziren. Itxaron zerrendak handitu edo murriztu egiten dira, eta horretan eragina du hainbat paziente zerrendan sartzeak edo irteteak, bai itxaroten zeuden bitartean beren egoera hobetu egin delako, bai okertu egin delako, edota zendu egin direlako. 2002an itxaron zerrendan zeudenetatik 271 pertsona hil ziren.

Adingabe bat emailea izan daiteke?

Adingabeak bizirik daudela ezingo dira emaileak izan, ezta gurasoen edo tutoreen baimena baldin badute ere. Hilez gero bai izan daitezke emaileak, betiere gurasoek edo legezko tutoreek ez badute kontrako jarrerarik adierazten.

Organoak gordetzea eta garraiatzea

Iskemia fasean ateratako organoak gordetzea eta zaintzea guztiz funtsezkoa da (odol zirkulaziorik ez dagoenean). Organoak odol zirkulaziorik gabe gehienez ere egon daitezkeen denbora desberdina da organoaren arabera: bihotza 4 ordura arte egon daiteke; birikak 7-8 ordu iraun dezake; gibelak 17-20 ordu, eta giltzurruna eta pankreasa 24 ordu baino gehiago egon daiteke. Organo solidoak gordetzeko tenperatura 4ºC arte jaisten da, eta hainbat soluzio gehitzen dira organoak garbitzeko eta hozketa ahalik eta azkarren eta modurik homogeneoenean egin dadin.

Zaintzeko prozesua organoa atera aurretik hasten da eta, horretarako, soluzioak banatzeko sistema gisa, emailearen odol zirkulazioaren sistema erabiltzen da. Organoa atera dutenean, ontzi batean sartzen da, 8ºC-tan dagoen soluzio batean, eta une horretantxe egiten da organoari buruzko azterketa.

Azken pauso gisa, organoa ontzi esteril batean sartzen da, eta hori ere, era berean, poltsa bikoitz esteril batean sartzen da, zeina edukiontzi isotermiko batean jarriko den garraiatu ahal izateko. Gainera, izotza daukan soluzio hotz batez inguratzen da, behar den tenperaturari eutsi ahal izateko. Prozesu konplexu horren guztiaren ondoren, organoa prest egongo da transplantea egingo den ospitaleraino eraman ahal izateko.

Organoa ateratzeko oniritzia emateko agiria

Organoa ateratzeko baimena ematea dagokion arduradunak, edota horretarako ordezkaritza duen pertsonak, agiri bat egin beharko du, non aurreko atalak agertuko diren berariaz

  • Hildakoaren edo haren ordezkaritza legala betetzen duten pertsonen borondatearen gaineko egiaztapenak.
  • Familiarrei informazio eman zaie, betiere inguruabar objektiboek hori galarazi ez badute, eta azken egoera hori gertatzen bada jakinarazi egin behar da.
  • Heriotza egiaztatu eta ziurtatu egin da, eta baimen agiriari aipatu heriotza egiaztagiri medikoa gehituko zaio.
  • Heriotza istripuz gertatu denean edo tartean ikerketa judiziala egiten ari bada, epailearen baimena lortu behar da.
  • Organo ateratzea egingo den zentroa horretarako baimena izan behar du, eta baimen horren indarrean egon behar du.
  • Emaileak murrizketak ezar ditzakeela kontuan hartuta, jakinarazi egin behar da zein organotarako ez den baimenik ematen.
  • Heriotza egiaztatu duten medikuen izena, abizenak eta kualifikazio profesionala jakinarazi behar da, eta egiaztatu egin behar da mediku horietatik inor ez dela organoak ateratzeko edo transplantea egiteko taldeko kide.
Organo bakoitzarentzako itxaron zerrenda
Itxaron zerrendan onartutako pazienteak 2002an Transplantea egiteko itxaron zerrendan dauden pazienteak 2002/12/31n
Gibela 1455 546
Bihotza 423 96
Birika 231 98
Bi Birika 231 98
Pankrea/Pankrea Giltzurruna 105 47
Hestea 15 4
Familiakoen ezezkoak
URTEA % EZEZKOAK
2002 20
2001 23,4
2000 21
1999 21,8
1998 21,3
1997 21,7
1996 24,8
1995 24,8
1994 23,6
1993 25
1992 27,6

Legeriaren arabera Espainiako herritar guztiak organo emaileak dira, salbuespen bakarrarekin: hildakoaren familiak bere organoak erauzteari uko egin diezaioke horien beharra duen beste pertsona bati transplantatzeko. Soilik gorpuen %1 da egokia organoak emateko, beraz oso garrantzitsua da hildakoen familiakoak organoak emateari uko ez egitea, baldin eta gorpuak horretarako egokiak badira.