Azkar eta oso lasai jokatu behar da
Airebideak zerbait trabatu delako ixtea uste baino gehiagotan gertatzen da. Pertsona edadetuengan jatean gertatu ohi da, ohiz kanpokoa da objekturen bat izatea, baina haur eta jaioberriengan ahoan sartutako edozein objektu txikik airebideak trabatzearen koadro dramatikoa ekar dezake eta, garaiz eta zuzen tratatu ezean, heriotza ekar dezake. Eztarria trabatu zaion pertsonari ez bazaio lauzpabost minuturen buruan laguntzen, inguruan eskuarki medikurik izaten ez denez eta biktima erietxe batera eramateko denborarik izaten ez denez, maniobra samur hau ezagutzeak bizia salba dezake.
Zer da?
Heimlichen maniobra teknika bat da, sabelaldea konprimituz indar egozlea sortzen duena, biriketatik goiko bideetara. Sortzen den aire korrontearen abiadura batzuetan nahikoa izaten da airebideak ixten dituen objektuari indarrez bultza egiteko eta irtenarazteko.
Maniobra honen oinarri anatomo-fisiologikoa diafragmak abdomena indarrez presionatzean gorantz jasaten duen bultzaldian dago. Diafragmak gora egitean, eztul kolpe batean gertatzen den bezala, birikek airea bota behar dute, eta minutuko 205 litroko korrontea eta 31 mmHg-ko presioa sortzen da. Horrela sortutako jaurtigaiaren indarra airebidean dagoen edozein trabari egiten dio bultza.
Airebideak itxita dauzkan biktimak ezin du arnasa hartu, ezta hitz egin edo eztul egin ere eta, instintiboki, eskua eztarrian jartzen du. Aurpegiaren espresioak larritasuna, itomena adierazten du, eta kasurik gehienetan izuak geldiarazita geratzen da. Trabak jarraitzen badu, zurbiltasuna agertuko da eta, pixkana-pixkana, asfixiaren eraginez, zianotiko jartzen hasiko da, ubel, kontzientzia galtzeraino eta kolapso bat jasan arte, azkar jokatu ezean heriotza ere ekar dezakeena.
Nola egin Heimlichen maniobra
- Biktima heldua bada eta zutik badago: laguntzailearen beso bat pasatzen zaio gerriaren bueltan, ukabila itxita duela, erpuruaren aldea juxtu biktimaren zilborraren gainean eta esternoiaren puntaren azpian (xifoide apofisia). Gero, beste besoarekin gerria inguratu eta ukabil itxia besarkatzen du. Horrela jarrita konpresio edo bultzada bakar bat egiten da, erabakita, azkar eta indartsu, barrurantz eta gorantz, besteari minik emateko beldurrik gabe. Batzuetan bi edo bultzada gehiagoko serie bat egin behar izaten da.
- Biktima lurrean etzanda badago, ahoz gora: laguntzailea zangalatrau makurtuko da biktimaren gainean, esku baten orpoa zilborraren gainean eta esternoiaren puntaren azpian jarri eta bultza egingo du, kolpe azkar batean, barrurantz eta gorantz; lehenago bezala, daitekeena da bi aldiz edo gehiago bultza egin behar izatea. Oso garrantzitsua da eskua erdialdean jartzea, eta ez alde batera edo bestera desbideratzea, gibelean, barean edo beste errairen batean kalterik ez emateko.
- Biktima haurra edo jaioberria bada: Heimlichen maniobra funtsean etzanda dagoen helduarena bezalakoa da, baina kasu honetan behatz erakuslea eta erdikoa erabiltzen dira, oso elkartuta, zilborraren gainean, erdialdean. Sabelaldean bultza egiten da, baina kasu honetan indarra neurtu behar da, hau da, neurrian egin behar da bultza, haurraren adinaren arabera. Hemen ere, behar izanez gero, bi aldiz edo gehiago egin beharko da.
Beti ez da erraza haur edo jaioberri batengan airebideen trabatze total bat eta partzial bat bereiztea. Edozein objektu txiki sar daiteke trakean edo horren banaketan, bronkio nagusietan, eta trabatzea erabatekoa izan daiteke. Baina baita ere gerta daiteke bronkio txikiago batera pasatzea eta gainerako bronkioak libre uztea, eta hori trabatze partziala izango da. Azken kasu horretan beti dago arnas pixka bat hartzeko aukera. Etxean tradizionalki maniobra jakin batzuk egin izan dira, baina arriskua dute trabatze partzial bat erabateko bihurtzeko.
Maniobra hauek ez dira inoiz-inoiz egin behar:
- Haurra orpoetatik heldu eta bizkarrean jo. Bronkio txiki batean sartutako objektu txiki bat mugitu eta bidea erabat trabatzera iritsi daiteke.
- Eztarria behatzak sartuz esploratu. Hipofaringea zaurtzeaz gainera, daitekeena da zera horri oraindik barrurago bultzatzea.