Zeruak lehertzen direnean
Irail eta urrian Penintsula Iberikoko eskualde batzuetako zeruek iraupen gutxiko baina berealdiko biolentziadun ekaitzek jaurtikitzen dituzte. Tanta hotz deituriko fenomeno meteorologiko hori, mediterranear aldean bereziki, urte sasoi honetan ohikoak diren hiru faktorek sortarazten dute: itsaso beroa, azaleran atmosfera egongaitza eta altueran aire hotza. Sekulako ezbeharrak (1983ko abuztuan Bilbon izaniko uholdeak edo 1982 urtean jazoriko Tous-eko presaren haustura, adibidez), baldintza klimatologiko zein orografikoengatik, tanta hotzaren amenazoarekin bizi behar duen herrialde horren oroimen kolektiboan sartu dira.
Tanta hotza nola sortzen den
- Itsasoko ura bero-beroa dago. Mediterraneoan, esaterako, itsasertzetik gertuko urek hogeita hamar graduko tenperatura izan dezakete.
- Ur ugari lurruntzen da, bainu edo dutxa batean gertatzen den bezala.
- Baldintza klimatiko horietan depresioa edo fronte hotza iristen denean, altueran aire hotza baldin badago, egongaiztasun egoera gertatzen da.
- Itsasoak lurrunduriko ura egongaiztasun horrek erakarrita altxatzen da eta, zona hotza ukitzean, kondentsatu egiten da, hodei itzel bat sortuz.
- Oso litekeena da hodei gaitz hori ziztu bizian handitzea, behetik gora datorren lurruna erraz igotzen baita, zona hotzagoak aurkitzen baititu bidean; hotz horri esker, geroz eta ur gehiago bilduko da.
Era horretan, ordu gutxiren buruan, horizontalean azalera handikoak ez izan arren, hamar kilometroko altuera izan dezaketen ekaitz-hodeiak moldatuko dira. Hodei horiek berebiziko euri jasa botako dute, fenomeno elektrikoek eta kazkabarrak osaturik. Meteorologo batzuek, dena den, tanta hotza ez doa beti-beti euri jasa eskerga edo katastrofikoekin batera.
Kalteak eta lurzoruaren garrantzia
Fenomeno meteorologiko horretaz aritzeko espezialista (espainiar) batzuek DANA (Depresión Aislada de Niveles Altos) terminoa aplikatzea nahiago dute, tanta hotz horri zehaztasun urrikoa deritzote eta. Izenak izen, euri itzel horiek eragin ditzaketen kalteak ez dira intentsitatearen araberakoak bakarrik: lurzoruaren egoerak zerikusi handia du horretan.
Pendiz handiko eta landaredia urriko hegietan ura azkar-azkar doa eta zorua indarrez harrotzen du, sekulako erosioa ondorioztatuz. Hegi horien behealdean haran itxia baldin badago, urak bidean topatu duen guztia hantxe bilduko du. Espainiako mediterraneo aldean ohiko kontua da ibai eta erreken ohantzeak ia urte osoan idor agertzea eta, horrenbestez, bertan baratzeak edo etxolak ezartzea. Horrelakoak gertatzean, uholdeetan kalteak harik eta larriagoak izaten dira: batetik, bertan eraikitako guztia eraitsi egiten delako; bestetik, urari irteera galaraztean, ekarria areagotu egiten zaiolako.
Mendi-hegal gozo eta landaretsuetan, aldiz, eroritako ura zoruak xurgatu eta haren abiada landareek mantsotzen dutenez, hegian behera ur gutxiago eta geldoago jaisten da eta, hortaz, erosioa askozaz ere arinagoa da. Horregatik du berebiziko garrantzia basoak eta lurzoruaren landarezko estalkia mantentzeak, fenomeno klimatologiko bortitzen sortaraz ditzaketen kalteei aurre egiteko.
Uholdeak errepidean harrapatzen bagaitu…
- Tokian tokiko irratien informazioa aditu edota bisitatu behar dugun eskualdearen egoera meteorologikoaz informazioa jaso behar dugu.
- Ahal dela, gauez ez gara ibiliko automobilean baina, hori ezinbestekoa bagenu, zuhurtziaz eramango dugu ibilgailua, galgen funtzionamendua maiz egiaztatuz.
- Urak estalitako errepideak, zubiak edo bideak ederki ezagutzen baditugu ere, ez ibili automobilez bertatik.
- Urak harturiko toki batean automobilen ibili behar baldin baduzu, ibili poliki-poliki, lehen martxan, motorea busti (eta, beraz, gelditu) ez dadin. Urak harturiko zorua zeharkatu ondoren, gurpilak oraindik blai daudela, galgek ongi funtzionatzen ez dutela izan behar dugu kontuan.
- Ura automobilaren ardatzera edo gure belaunetaraino iristen denean, ibilgailutik atera eta toki altuagoren batera joan behar da. Ateak irekitzeko zailtasunik izatekotan, irten bertatik leihoetatik, lehenbailehen.
- Kontuz ibili luizi, eragindako zulo, hari elektriko eta, hitz batez, eroritako gauza guztiekin.
- Motorea gelditurik, berriro abiaraztea ezinezkoa baldin bazaigu, piztu larrialdiko argia (bi intermitenteak) eta eraman automobila bidertzeraino, ahal den neurrian, ibilgailua oztopo izan ez dadin. Gauez laguntza eskatzeko argi luzeen kolpeak ere baliagarri gerta daitezke. Gogoan izan Morse kodeko sorospen-seinalea: hiru motz, hiru luze, hiru motz (SOS). Baliteke mezu horren adiera norbaitek ulertzea.
- Etxeko teilatua eta zorrotenak eta etxetik gertuko ubide eta kanalak begiratzea komeni izaten da, eta bertan pilaturiko lur, orbela eta antzekoak ateratzea.
- Linterna eta ordezko pilak, pilaz dabilen irratia, lehen sorospenetako botikina eta erabili ohi diren botikak, elikagaiak eta arropa beroa eduki behar da eskura
- Etxearen kanpoaldetik, urak eraman ditzaken altzariak eta gainerako gauzak atera eta produktu toxiko guztiak (herbizida, intsektizida, etab.) ura irits daiteken tokietatik kanpo gorde behar dira.
- Tokian tokiko irratia sintonizatzea komeni da, informazioa jaso eta, halaber, agintariek ematen dituzten aholkuak (higienez, garbitasunez, elikaduraz…) bete ahal izateko.
- Eskualdean, gure tokia uholdeak bat-batean har dezakeela sumatzen badugu, beste toki seguruago batera joan beharra dago berehala, aholkuen zain egon gabe, eta arriskuaren berri agintariei jakinarazi.
- Garen zonaldeko toki garaienak identifikatu behar ditugu, uholdea gureganaino helduz gero, bertara igo gaitezen.
- Aparatu eta ekipo elektrikoak deskonektatutik edukiko ditugu; bustirik edo ura zapaltzen ari ez bagara bakar-bakarrik ukituko ditugu, piztutakoan.
- Arriskua desagertu eta geurera itzuli aurretik, etxea eraisteko arriskurik ba ote dagoen, hormetan arrakalak edo hanpadurak azaldu diren eta antzekoak zorrotz begiratu behar ditugu.