Kontuz ibili libragarriekin
65 urtetik gorako emakumea izatea, etxetik kanpo bazkaldu ohi izatea, ariketarik ez egitea, libratzeko premiaren aurrean kontra egitea eta komunera ordu jakin batean joan ohi ez izatea dira idorreria nozitzen duen batez besteko pertsonaren ezaugarri tipikoak, patologia honek adin-multzo guztietako pertsonek pairatzen duten arren. Gai honen gainean eginiko azken ikerketa epidemiologikoen arabera, Espainiako biztanleriaren %20 inguruk (7 milioi pertsona, horien %35 kronikoak izaki) honelako arazoak ditu. Pertsona idorren %75 emakumeak dira eta %40, berriz, 65 urtetik gorakoa. Arazoa, dena den, haurrek ere nozitzen dute: idorreria da pediatriako kontsulten %5en arrazoia eta gastroenterologia pediatrikoan azterturiko lau haurretatik bat idorra da. Agureen artean maiztasuna biderkatu egiten da, egonaldi luzeko zentroetan bizi ohi diren pertsona edadetsuen %70etik gora baitira idor. Hedapen handi-handiko osasun-arazoa da, beraz.
Inoiz behinekoa, ohikoa
Idorreria gorotzen kanporatze arazotsu eta maiztasun gabekoa dela esan daiteke. Ohikoena egunero libratzea den arren, pertsona batzuk eguna baino tarte luzeagoa izaten dute. Astean hiru bider baino gutxiagotan libratzen denean idorreria dagoela esan dezakegu; koadro horretan, gorotz gogor eta lehorregiak eta kanporatze nekosokoak hautematen dira. Idorreria iragankorra denean ez du garrantzi handirik baina ohiko bihurtzen denean libratzearen maiztasuna normalizatzeko neurriak hartzea komeni izaten da.
Faktore sortzaileak
Arazo honen sorreran faktore soziodemografikoek, psikologikoek edo bizimoduek nolako garrantzia duten aski zehaztu ez bada ere, idorreriaren zergatietako batzuk bizimoduarekin zerikusia dutela onartzen dute adituek.
Idorreriaren balizko zergatiak:
- Okerreko azturak. Libratzea, gorotzek hestearen azken partea betetzen dutenean pizten den erreflexuei esker gertatzen da, baina erreflexu hori nahita kontrola dezakegu guk. Premia sentitu arren, gehienetan erreprimitu egiten dugu etxez kanpo gaudelako, astirik ez dugulako, etc. Komunera ordu jakin batean joateko ohiturarik ere ez dugu, hau da organismoa hezi gaberik daukagu.
- Kausarik ohikoena, zuntz eta likidoz hornituko gaituzten fruta, lekale eta barazkiez osaturiko dieta ez hartzea da. Elikadura eskasa -horrela gertatzen da adin handiko pertsona batzuetan- eta anorexia dira bolumen txikiegiko gorotz gogorregiak egiteko kausa nagusia.
- Behar bezainbeste likidorik ez hartzearen, gorotzak ez daude kanporatuak izateko egoera egokienean.
- Eserita bizi, ariketa fisikorik ez egin eta sabeleko muskulatura ahul edukitzearen ondorioz, libratzeko beharrezkoa den zanpatze hori egiteko gauza ez dira paziente batzuk. Emakume erditu berriek horixe dute idorreriaren ohiko arrazoia. Haurdunaldian oso litekeena da fetuak eragiten duen presioak edota aldakuntza hormonalek hesteen mugimenduak eragoztea.
- Faktore psikologikoek (estresa eta antsietatea, adibidez) edota azturak, bizimodua, elikatzeko ohiturak eta bidaiengatiko ordutegiak behin eta berriro aldatzeak ere garrantzi handia izaten dute: idorreria nozitzen duten pertsonen erdiek antsietatea eta depresioa jasaten dutela egiaztatu da.
- Libratzean molestia edo mina sentitzearren (ondestearen hanpadura, fisura edo hemorroideen ondoriozkoak) eragindako pertsonek komunera joate hori geroratu egiten dute, minik ez nozitzeko. Horrek, konponbidea ekarri ordez, arazoa larritu egiten du, atxikitako gorotzek ura galdu eta gogortzean, libratzea arazotsuago bihurtzen baita.
- Botikak hartzea ere (antidepresiboak, lasaigarriak, antsiolitikoak, diuretikoak, burdina edo kaltziodun osagarriak, antiinflamatorioak, Parkinson gaitzaren kontrakoak…), adineko pertsonetan batik bat, idorreria agertu edo larritzeko motiboa izaten da.
- Zenbaitetan, idorreria beste gaitz metaboliko, endokrino edo bestelakoren baten ondorio eta agerpen izaten da.
Sendagilearengana jotzea
Eragozpen ugariren iturri da idorreria: sabeleko min, ondoeza, betekada-sentsazio, gas-metaketaren ondorioz meteorismo eta, areago, buruko minen sortzaile izaten da usu. Kasurik larrienetan baliteke fekaloma bat osatzea, hau da, gorotz pilota zurrunaren antzeko bat gehiegi lehortu eta gogortu denez, nekez kanpora daiteke eta, ondorioz, heste-buxaduraren koadroa ager daiteke.
Idorreria kronikoa sendagileak aztertu eta berak adieraziko digu nolako neurriak hartu behar ditugun. Kasuren batean sendagilea bisitatze hori ezin geroratuzkoa da:
- Normal libratzen duen pertsona batek bat-batean idorreria (eta, horrekin batera, sabeleko min handiak, eta gorotzak zein gasak pasarazteko ezintasuna) nozitzen duenean
- Bi hilabeteak bete ez dituen haurtxo batek nozitzen duenean
- Gorotzak mehe-meheak direnean, arkatz itxura dutenak
- Ezin esplikatuzko pisu galerarekin gertatzen bada
- Gorotzetan odol arrastoak ikusten badira
Libragarriak, bai ala ez?
Libragarriak hartzea askotan jarri izan da auzitan. Idorreria kronikoa duten pertsonek beren kabuz botikak hartu ohi dituzte, seguruenik, arazoari aurre egiteko erarik okerrena dela jakin gabe: epe luzera, libragarrien dosia handituz doan heinean larriagoa da idorreria. Oraingoz behintzat, horrelako botikez eta elikaduraz eginiko ikerketek ez dute behar bezala egiaztatu idorreriaren kontra lasaigarriak hartzea komeni denik.
Hamaikatxo libragarri-multzo daude: masa-osatzaileak, leungarriak, osmotikoak, hesteen mugikortasunaren eragileak, azukre-deribatuak, ondeste-bidezko lasaigarriak… Horien alboko eraginak nabarmenak izan ohi dira: horietakoren batek tolerantzia eta mendekotasuna sortzen dute, idorreria larriagotuz; beste batzuek sabeleko mina, goragalea, ondesteen hazkura, gorotz likidoak, trastorno elektrolitikoak… eragiten dituzte.
Erditzeagatiko idorrerian, zuntzez osaturiko gehigarriak lagun dezaketen arren, errizino-olioa daukaten lasaigarriak, ahoz hartzeko olio mineralak eta gatzezko lasaigarriak guztiz kontrakoak dira. Sendagileak kontrolaturik eta noizean behin, lasaigarri leungarriak edo azukre osmotikoak har daitezke.
Laburbilduz, hobe da lasaigarririk ez hartzea; premia larria nozitzekotan, sendagileak hala agindurik bakarrik hartuko dugu: hark erabakiko du kasuan kasurako lasaigarri-mota egokiena.
Idorreria diagnostikatzea erraza da; nekosoagoa, horren zergatiak zehaztea izaten da. Lehendabizi, beste gaitz baten ondorio izatea baztertu behar da. Horrela izatekotan, beste gaixotasun hori tratatu behar da. Patologia hori sendaturik, libratzeko zailtasunak ere desagertuko dira. Idorreria primario denean (hau da, beste gaitz baten ondorio ez denean), ordea, hurrengo aholkuak bete daitezke, lagungarri gisa:
- Jan poliki, murtxikatu elikagaiak ongi, izan zaitez erregularra jate-ordutegiekin.
- Edan likido ugari, egunean 1,5 litro gutxienez.
- Hezi hestea, premia sentitzean ez erreprimitu. Ohitu zaitez ordu berean libratzen
- Egin ariketa egunero: oinez, korrika, igerian, gimnasia, bizikleta… Eta indartu sabeleko muskuluak.
katzen diren elikagaiak:
- Esnea eta esnekiak: esne osoa, erdi gaingabetua edo gaingabetua, gantz gutxidun jogurt eta esnekiak bereiziki
- Haragia, arraina, arrautzak eta deribatuak: murriztu txarkuteriako produktuak, erraiak, keztatuak.
- Laboreak eta patatak: hobe oreak eta labore integralak (ogi, labore eta gaileta integralak, mueslia) finduak baino. Arroza (astringentea denez), hobe astean behin edo bitan, lekale eta barazkiekin (paella moduan) batera.
- Lekaleak: dilistak, garbantzuak, babarrun, baba eta ilarrak, txerrikirik gabe prestatuak.
- Barazkiak: denak, flatulentuak izan ezik (orburua, aza, azalorea, brokolia, piperra, pepinoa, errefaua, tipula, porrua…) egunero gordinik, ahal izanez gero (entsaladan).
- Fruta: denak, astringenteak izan ezik (irasagarra, pomeloa, banana, sagar ehoa, limoia…). Hobe freskorik, bere azal eta guzti.
- Edariak: ura, salda, infusioak, zuku natural arrunt edo integralak (bere mami eta guzti, zuntza izan dezaten) baina limoi edo bestelako fruten zukurik gabeak.
- Gantzak: oliba eta hazien (ekilore, arto, soja) olioa, gurina, landare-margarinak (hobe gordinik) eta fruitu sikuak.