Emakida ala herentzia?

Zerga-mota desberdina, funtsezko bereizgarria

Transmititu beharreko ondasunen eta erroldaturik gauden tokiaren arabera alda daiteke aukeraketa egokia
1 iraila de 2003

Zerga-mota desberdina, funtsezko bereizgarria

Ondasunak transmititzeko unean gehienbat herentzia aukeratzen da, dudarik gabe. Askozaz ere gutxiagotan baliatzen da bizitzan emakida egitea, herentzia bezain ezaguna inondik ere ez delako baina, halaz ere, honakoa ere biziki interesgarria gerta daiteke inoiz. Notarioa artekari dela egiten da emakida ere baina, herentzian ez bezala, emaniko ondasunen jasotzaileak ez du itxoin behar titularra zendu arte, horiez gozatzeko. Hona beste alde nabarmen bat: zerga desberdinak ditu batak eta besteak. Munta handiko ondareak direnean, emakida egiteari esker emandakoa pusketa zati daiteke eta, horrela, oinordetza eta emakiden zergan karga arinagoa jasango du onuradunak: herentziekin horrela jardutea ez da posible. Erroldaturik dagoen autonomi erkidegoaren bereizgarriek ere adieraziko dio kontsumitzaileari nolako hautapena izango duen interesgarriena: Euskadin, Nafarroan eta Kantabrian, adibidez, aplikazioa tokian tokiko gobernuen arabera aldatzen denez, zergapeko asko herrialde horietan erroldatzen dira, inongo kuotarik sortzen ez dutelako edo kuota hutsaren hurrena delako.

Emakida

  • Emakida oparia da, berez: alderdi batek besteari zerbait ematea edo pertsona batek beste bati ondasun higiezinak, akzioak edo bestelakoak ematea. Jasotzaileak ez du zertan senide izan, nahitaez.
  • Emakida idatziz egitea komeni izaten da; ondasun higiezina izatekotan, notarioaren aurrean eskritura publikoan jaso beharra dago.
  • Hainbat seme-alabari batera eginiko emakida hainbana partetan transmititutzat jotzen da.

Ondorio fiskalak:

  • Errenta aitorpenean emaileak salmenta balitz bezala agerrarazi behar du emakida.
  • Jasotzaileak salmentak aitortu beharko ditu; emaileak, berriz, “irabazia” (hau da, eskuratu zituenetik eman bitartean gertaturiko balio-gehikuntza).
  • Emakidaren onuradunak Oinordetza eta Emakiden gaineko Zerga ordaindu beharko du herentzien kasuan bezala, baina baldintza gogorragoetan, zerga-oinarria kalkulatzean ez baitzaizkio aplikatuko adin eta senidetasunagatiko kenkariak; ondorioz, kuota handiagoa izango da emakidetan. Indarrean dagoen legeriaren arabera, gurasoengandik etxebizitza hartua duen seme-alaba batek, adibidez, ondasun hori emakidatzat deklaratu eta dagokion zerga ordaindu beharko du.
  • Abantailen artean, emakida hainbat puskatan zati daitekeenez, karga hori arinago gertatzen da azkenean. Emakida bat eta beste baten artean hiru urte igaro behar dira gutxienez.
  • Transmititu diren ondasunek urtearen buruan etekinak uzten badituzte (alokairua, esate baterako) horiek ere jasotzaileak agerrarazi beharko du PFEZaren aitorpena egitean.
  • Baliteke, beste aldetik, etxebizitza baten usufruktua ematea, titularrak jabetza osoari eusten diolarik, baina, hori bai, eskritura publikoaren bidez. Higiezina alokaturik baldin badago, errenta jasotzaileak eskuratuko du. Higiezinaren kontrola erabat ez galtzeaz gainera, seme-alabaren bati hileroko diru-iturria zabaldu edo, bestela, saltzeko modukoa ez den bizitokiaz gozatzeko modu bat da.
  • Dirua ematen den guzti-guztietan Emakiden Zerga ordaindu behar dute kopuru horiek.
  • Eman beharreko ondasuna higiezina denean, zerga ondasun hori dagoen autonomi erkidegoan ordaindu behar izaten da. Bestelako ondasunak izatekotan, jasotzailea bizi den erkidegoan bilduko zaio zerga.

Herentzia

Oinordea nor den eta herentzia jasotzearren zenbat ordaindu behar duen, horiexek dira kontu nagusiak. Baldintzak aldatu egiten dira, zendutakoak testamentua egin badu eta zerga ordaindu behar duen tokiak zuzeneko eragina izango du azken emaitzan.

Testamentua egitea:

  • Notarioarengana joan beharra dago. Testamentugileak bere ondasunak norentzat diren aukeratuko du, legezko oinordekoen (seme-alabak edo, ondorengorik ezean, gurasoak) eskubideak eta legez dagozkien gutxieneko kuotak errespetatuz, dena den.
  • Testamentuaren kontra nahi bestetan egin daiteke: baliozko erabakia hartu den azkenekoa da beti.
  • Testamentuan pertsona bat baino gehiagok hartu badute esku, haren prezioa sinatzaileen kopurua biderkatuko da, ez utziriko ondasunen arabera. Testamentua egitearren ez da inondik ere zerga gehiago ordaintzen.
  • Zerga, zendua bizi zen autonomi erkidegoan ordaindu beharko da.

Testamenturik ez egitea:

  • Indarrean dagoena zuzenbide zibil ohikoa izan edo foru-zuzenbidea izan, oinordekoen ordena legeak agintzen du autonomi erkidego guztietan. Nolanahi ere, oso litekeena da oinordeko bakoitzari dagozkion portzentajeetan gorabeherak edo aldeak izatea.
  • Zuzenbide arruntaren arabera, derrigorrezkoa da ondasunen bi herenak seme-alabei ematea.
  • Nafarroa, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Kantabrian izan ezik, Espainiako erkidego guztietan oinordekoek indarrean dagoen tarifaren arabera ordainduko dute (%7,65tik %34ra bitartekoa), ahaidetasun-gradu eta adinaren arabera gutxieneko kopuruak aldatzen direlarik.

    Euskadiko erkidegoan oinordekoak ez du deus ordaintzen, gurasoek seme-alabei utzitakoetan behintzat, aurkezpen-apeak betetzen badira: bertan bost urtez bizi izana, alegia. Nafarroan azken urtea bakarrik hartzen da kontuan, eta kuota %0,8koa da. Herentzia zenbat eta handiagoa izan, zerga hori transferitua duten erkidegoen arteko aldeak orduan eta nabarmenagoa da.

Aukera onena

Gurasoengandik seme-alabengana igarotzen diren emakida eta herentziak:

Nafarroa, Kantabria eta Euskadiko erkidegoetan: emakida edo herentziaren onuradunek ez dute bat ere edo ia bat ere ordaintzen; beraz bata zein bestea, bi aukerak dira egokiak.

Espainiako gainerako erkidegoetan:

  • Bizitzan ondasunen emakida egitea hautu ona izan daiteke seme-alabaren bat laguntzeko premia baldin badago, baina emakiden gaineko zerga oinordekotzen gainekoa baino astunagoa da.
  • Zergak aurrezteko hobe izaten da herentzia egitea edo aholkulari batekin kontsulta egitea, dena behingoz eman ordez, ondasunak hainbat emakidatan eginez, aurrezkiak aurrezteko.
  • Emakidak nolako eraginak izango dituen emailearen eta jasotzailearen PFEZen aitorpenean.