Behar bezala erabiliz gero, arazorik ez
Buxadurak, kiratsak eta ur-ihesak dira gure etxeetako hoditeriek maizen dituzten arazoak: tresna horiek gaizki erabiltzen ditugulako eta, bestetik, denboran aurrera doazenez, azkenean endekatu egiten dira. Behar bezalako baliatzeaz gainera -gogoan izan ez direla hondakinak begitik galtzeko irtenbidea-, garbi eta egoera onean mantendu behar ditugu. Aldrebes samarra gertatzen bazaigu ere, hilero-hilero aztertu eta doitzea da adituek aholkatzen dutena.
Kontuz hondakinekin
- Ez bota hondakinik isurbidetik. Janari hondakinak, ileak, moztutako azkazalak, orratzak eta bestelako trasteak, urak eroaten dituen sedimentuekin (gatza edota karea, adibidez) nahasita, ez badirudi ere, metatu egiten dira eta, horrela, buxatzeak gertatzea lagunduko dute.
- Libragarri kimikoak baliatzen badituzu, hartu neurri guztiak: produktu horiek gai toxikoez osatuak daudenez, larruazala ez ukitzea ahalegindu beharko duzu. Produktua disolbatu eta sartzen laguntzeko ur irakina erabiltzen baduzu, babestu zeure burua nahasketak sortarazten dituen gasetatik. Ezinbestekoa da produktu horiek baliatzeko argibideak irakurtzea, ohiko kontua baita behar ez bezala erabiltzea: horietako asko, hodian barrena jauzi aurretik uretan disolbatu behar izaten diren arren, erabiltzeko arauak ez ezagutzearren, ez da beti modu egokian baliatzen.
- Ikuska ezazu isurbideak begi-bistan duen ahoa, uraren pasabidea buxa dezakeen objektu eskuragarririk ez dagoela egiaztatzeko.
- Komuna libratzeko, egin saio hau: bildu toaila zahar bat eskobilaren inguruan. Ondoren, eragin eskobilari gora eta behera, zanpatuz.
- Harraska buxatu bada eta gomazko libragailurik ez baduzu, estali kainu-zuloa eta bete harraska urez, hereneraino. Esku batez estali ezazu goialdeko aire-hodia eta, tapoia kenduta, eragin bestearekin, bentosa egiteko.
- Libratu hodiak sosa-kristalak eta ur irakina boteaz. Bi litro bakoitzeko katilu bat sosa aski izango da.
Kiratsik ez berriro
- Sifoiak dira hustubideetatik gora datozen kiratsei jarraitzea galarazi behar dietenak baina, nolanahi ere, batzuetan usain txarra sifoitik bertatik datorkigu. Pieza hori garbitzeko, kendu bihurguneetako batean dagoen tapoia eta atera barrutik metatuta zeuden hondakinak.
- Hilean behin, gutxienez, garbitu eskura dauden sifoiak. Horrela hondakinak pilatzea, usteltzea eta, ondorioz, usain txarrak itzuriko dituzu.
- Oporraldietara irten aurretik ur-pasabidea eten baldin baduzu, oso litekeena da sifoietako ur-maila jaitsi, lurrinketaren ondorioz eta sifoietako gasak etxean hedatu izana. Ez bota lixibarik edo bestelako produktu kimikorik kiratsak kentzen saiatzeko: ur-pasabidea berriro irekitzea aski izango da, sifoiak berriro bere mailaraino bete eta beren lana ondo egin dezaten.
- Kendu usain iraunkorrak: jauzi katilu erdi bat bikarbonato sodiko, katilu bat ozpin eta bi katilu ur bero, nahasita. Ondoren, bota hustubidetik behera ur irakina.
Ihesen kontrako konponbideak
- Egiaztatu hoditeriak ihesik ba ote duen, bertan detergente likidoa (uretan disolbatu gabe) ipiniz. Ihesik baldin badago, gune horretantxe burbuilak sortuko dira.
- Hodiak ura galtzen badu, itxi pasabidea eta hustu hodia. Zuloa txikia izanez gero ez da berehala profesionalaren bila joan behar. Jarri borragoma pusketa bat haren gainean eta lotu abrazadera batekin.
Hoditeria, airerik gabe
- Etxeko hodiren batek soinu edo zarataka badihardu (kanila ireki edo ixtean, bereziki), oso litekeena da barruan dauden aire-burbuilen ondorio izatea. Konponbidea: harrapaturiko airea ateraraztea, kanila bertako uraren presioa areagotuz, burbuila lekuz alda dadin.
- Hartu mangera pusketa bat eta lotu harraskako kanila eta airea daukan kanila. Zabaldu bi kanilak pare bat minutuz, uraren presio handiago horrek airea eraman dezan; kendu mangera eta egiaztatu airea desagertu dela. Hodian baldin badago oraindik, ireki berriz ere kanila eta egin horixe behar bezain bestetan.