Kontserba-latak: zergatik birziklatu
Ireki, barrenean dakarrena janez edo edanez gozatu, eta birziklatu. Hori izan behar luke kontserba-lata baten edo edari-lata baten ibilbide naturala. Eta keinu txiki batekin hasten da dena: edukiontzi horian utzita. Hortik aurrera sistema konplexu bat jartzen da abian, material guztiak (altzairua eta aluminioa) berriz erabiltzeko moduan uzteko ezaugarririk galdu gabe. Latak birziklatzeak hainbat onura dakartza, bai ingurumen arlokoak, bai ekonomikoak eta bai sozialak ere. Herritarrek jabetu egin behar dute oso garrantzitsua dela kontserbatarako latak birziklatzea, eta arrazoi bat baino gehiago daude kontsumitzaileek arduraz joka dezaten:
Latorria birziklatzeko erakundeak hauxe esaten du: “Kontserbatarako erabiltzen diren latarik gehienak altzairuzkoak dira, nahiz eta aluminiozkoak ere badiren”. Aluminioa birziklatzeko erakundeak ñabardura bat eransten dio horri, eta esaten du aluminiozko latak gero eta maizago erabiltzen direla, adibidez natillekin, janari prestatuekin eta ogian zabaltzeko gaztekin. Bi materialak birziklatu egiten dira %100ean, eta bi erakundeek nabarmentzen dutenez, edukiontzi horian uzten diren lata guztiak berreskuratu eta birziklatu egiten dira altzairutegietan eta galdategietan.
2012. urtean, altzairuzko laten %89 birziklatu ziren Espainiako Estatuan, Ecoacero erakundeak emandako datuen arabera; bestela esan, merkatuan jarritako hamar latatatik bederatzi berreskuratu eta birziklatu ziren iaz. Hain zuzen ere, altzairuzko ontzi gehien birziklatzen duen herrialdeetako bat da Espainiako Estatua. Orain estatistikak eta datuak ere badaude, eta ikusten da urtetik urtera handitzen ari dela kopurua; dena den, oraindik ere badago tartea gauzak hobeki egiteko.
Kontserbatarako lata bat birziklatzen den aldiro, saihestu egiten da lehengai berriak eta energia erabiltzea. European Metal Packaging (Empac) erakundeak emandako datuen arabera, txatarra soilik erabiliz egiten den altzairuak %75 energia gutxiago behar du, lehengai birjina bat erabiliz egiten denak baino. Aluminioarekin, berriz, %95eraino igotzen da portzentajea.
Berotegi-efektua eragiten duten gasen isuriak ere murriztu egiten dira latak birziklatuz gero. Ecoacerok emandako datuen arabera, birziklatzen den lata bakoitzarekin, utzi egiten zaio CO2 isurtzeari. Zer neurritan? Lata horren pisua 1,5 aldiz biderkatuta. Eta altzairua birziklatzeko ziklo jarraituari esker, bermatu egiten da etorkizuneko belaunaldientzat ere iritsiko direla natura-baliabideak.
Hondakinak berreskuratu eta birziklatzeko sistema aski konplexua da, eta kostu handia eragiten dio gizarteari. Beraz, lata bat edukiontzi horian utzi beharrean lurrean botata geratzen bada edo zabortegi batera iristen bada, gauzak gaizki egiten ariko gara, eta gizabide eta konpromiso gutxi daukagula esan nahiko du.
Lata batek elikagai- edo likido-hondarrak baditu, ez du arazo tekniko askorik sortzen, baina eragin egiten dio kudeaketaren kalitateari eta instalazioen eta langileen segurtasunari eta osasunari. Hori dela eta, latak ongi hustuta utziz gero, hobeki birziklatzeko erraztasunak ematen ariko gara.
Hondakin bakoitza dagokion edukiontzian uztea da jokabiderik egokiena, baina gainerako zaborrarekin nahastuta botatzen diren latak ere birzikla daitezke. Hiri Hondakin Solidoak (HHS) tratatzeko edo konposta egiteko plataren batera iritsi ohi dira nahasian datozen hondakin horiek, eta gehienek izaten dute zabor horiek berreskuratzeko sistemaren bat; esaterako, elektroimanak (altzairua magnetikoa da). Latorrizko kontserbaren bat atzematen badute, litekeena da birziklatzeko zirkuituan sartzea. Egoki-egokiena, dena den, zaborrak ongi bereiztea eta ontziak edukiontzi horian uztea da, hortxe dago gako nagusia eta kontsumitzaileen jokabide arduratsua. Aluminiozko ontziekin are beharrezkoagoa da ongi bereizita jartzea, planta horietan oso-oso gutxi berreskuratzen baitituzte, eta ez dagokien lekuan bukatzen dute gehien-gehienean: zabortegietan edo erraustegietan.
Altzairuak eta aluminioak ez dute ezaugarririk edo propietaterik galtzen, eta nahi den guztietan birzikla daitezke. Altzairuzko ontziak aspalditik birziklatzen dira, ontziak bereizi eta edukiontzi horietan biltzeko sistema ezarri baino askoz lehenagotik ere bai (1998an izan zen hori). Zikloa behin eta berriz errepikatzen da: ekoitzi, berreskuratu eta birziklatu. Gaur egun erabiltzen den altzairua orain dela 150 urte ekoitzi zuten lehen aldiz, eta askotariko erabilerak izan ditu lata bihurtu aurretik.
Ecoembes erakundea arduratzen da edukiontzi horia eta urdina kudeatzeaz, eta behin eta berriz azpimarratzen dute industria gogotik ari dela lanean kontserbatarako latak gero eta arinagoak izan daitezen eta gero eta errazago birziklatzen direnak. Enpac erakundearen datuek diotenez, azken 20 urteetan %28 arindu da laten pisua, eta %33 elikagaientzat erabiltzen diren altzairuzko ontziena.
Elikagaiak kontserbatzeko latak orain dela 200 urte asmatu zituzten. Sendoak eta seguruak izaki, ezin egokiagoak dira kanpoko erasoei aurre egiteko (gasak, argia, mikro-organismoak), eta barrean daramatenak luzaroan irauten du egoera onean. “Lata bakoitza kutxa gotor bat da”, halaxe diote Ecoacerokoek.
Urte asko igaro dira ordutik, eta laten erabilerak indarrean jarraitzen du, eta indartuz. Elikagai mota askorekin erabiltzen dituzte: frutak, barazkiak eta lekaleak, arrainak, haragi-produktuak eta janari prestatuak. Latan datozen produktu batzuk oso ezagunak dira, artoa, zainzuriak eta atuna, adibidez, baina badira -oraingoz- latan ikustera ohituta ez gauden elikagaiak ere: gaztainak, itsas datilak, pikuak, eta berdin olioak, ozpinkiak eta maskotentzako jakiak ere.
Espainiako Estatua eredu da mundu osoan kontserbei dagokienez, lehengaia kalitate bikainekoa delako eta prozesu egokiak ezartzen dituelako. Dena dela, adituek nabarmentzen dute oso zaila dela jakitea zenbat lata ekoizten diren. Ecoacero erakundeak egindako kalkuluen arabera, urtean 200.000 tona altzairu erabiltzen dira latak egiteko.