Elikaduraren arloan ere badira sasi-guruak

Nutrizioak sortzen duen jakin-min gero eta handiagoak, jendearen ezagutza faltak eta eskaintzen diren itxaropenek eman diete indarra gezurrezko guruei eta haien proposamenei
1 urria de 2013
Img alimentacion 4 listado 121

Elikaduraren arloan ere badira sasi-guruak

/imgs/20131001/gurus1.jpg
Itsasoko ura edan, esnea baztertu, zerealak eta lekaleak jateari utzi, oliba-olioa probatu ere ez egin, horra hor han eta hemen agertzen diren “nutrizio aholkuen” zenbait adibide, dieta miragarrietan, publizitate-eskuorrietan eta liburuetan aurki daitezkeenak besteak beste. Txukun eta ongi zainduta etortzen dira (askotan pertsonaia ospetsuren baten eskutik), eta salmenta handiak egitea lortzen dute. Baina elikadura kontuz hartzeko gaia da, osasunari zuzenean eragiten baitio; hori horrela izanik, geure buruei galdetu beharko genieke zer-nolako arazoak ekar ditzaketen dieta hauek eta, batez ere, nola jakin dezakegun horien atzean sasi ugari dagoela; sasi-guruak edo sasijakintsuak alegia.

Gezurrezko guruak: ohiko sei ezaugarri

Zerk lotzen ditu Gwyneth Paltrow estatubatuar aktorea, Hiromi Shinya japoniar medikua eta Pierre Dukan frantziarra? Hirurek idatzi dituzte nutrizioari buruzko liburuak eta hirurek lortu dituzte salmenta izugarriak. Itxura batean, ezin zaio inolako sinesgarritasunik eman nutrizio arloan hutsaren hurrena dakien norbaiti edo, medikua izanda ere, osasun arloan eredutzat hartzen diren erakundeen gomendio dietetikoen aurka ari denari. Baina komunitate zientifikoak behin eta berriz kritikatuagatik ere, It’s all good eta The Enzyme Factor Best Seller bihurtu dira eta zergatia aztertu beharra dago.

Bistan da nutrizioaren gaiak gero eta jakin-min handiagoa sortzen duela. Hori ona da berez, baina batzuetan itxaropen gehiegizkoak eta ez batere errealistak izaten ditu jendeak. Batez ere, herritarrek dietaz eta nutrizioaz dituzten ezagutzak nahiko azalekoak direlako. Horrek sinesbera bihurtzen gaitu, eta ia edozer irensten dugu salmenta-kanpainak, mezu ongi taxutuak, liburu politak eta gezurrezko testigantzak aurrean jartzen dizkigutenean. Egoera hori gainditzen jakiteko, hona hemen laguntzatxo bat: sasi-guru guztiek izaten dituzten zenbait ezaugarri.

  • Osagarri dietetikoak saltzen dituzte edo diru-sari bat jasotzen dute salmenten arabera (horren adibide da Dukan oloa). Edzard Ernst irakaslearen iritziz (ikertzailea da, eta aditua ebidentzia zientifikoetan), zientzialari bat enpresaburu bihurtzen denean, egia arriskuan egon liteke.
  • Elikadurarekin zerikusia duten adierazpen irrazionalak, gehiegizkoak egiten dituzte; adibidez, pisua azkar galtzen dela agintzen dute edo hainbat gaixotasun sendatzen direla (zahartzaroko dementzia, aterosklerosia eta minbizia ere bai).
  • Beren teoriek paziente guztientzat balio dutela baieztatzen dute, edozein gorabehera fisiko, mental edo emozional dutela ere.
  • Teoria kategorikoak erabiltzen dituzte beren tesiei eusteko, eta sarri aipatzen dituzte intsulina, indize gluzemikoa, oxidazioa eta metabolismoa.
  • Beren argudioetan beti agertzen dira zenbait hitz edo esaldi: “desintoxikatu”, “gai kimikorik gabe”, “garbitasuna”, “barne-oreka “, “bibrazio bidezko sendabidea” edo “elikadura naturala eta energetikoa”.
  • “Konspiraziozko teoriak” aipatzen dituzte, honako hau, adibidez: “Industria farmazeutikoa eta Gobernua elkar hartuta ari dira sendabide miragarri bati buruzko informazioa ezkutatu nahian”. Hori beti izaten da gezurra.

Sasi-guruaren curriculuma

/imgs/20131001/gurus2.jpg
Ezagutza handirik gabe zein ari den jakiteko, batzuetan aski izaten da curriculumari begiratu bat ematea, non gisa honetako orokorkeriak agertzen diren, “osasunarekin eta barne-harmoniarekin zerikusia duen guztia interesatzen zait” edo “hainbat herrialdetan ikasia naiz”, baina ez dute zehazten zer-nolako titulazioa duten osasun arloan. Zenbaitetan, inon ematen ez den doktorego-titulu baten jabe direla nabarmentzen dute, edo inork ezagutzen ez dituen unibertsitateak aipatzen dituzte. Batzuetan, hala ere, sasi-guru horiek osasun arloko profesionalak izaten dira, oker jokatzen dutenak batzuk (ez dakite zientziaren eta osasunaren arloetan ezinbestekoa dela teoriak frogatzea horiek ezarri edo zabaldu aurretik), eta lotsarik gabe engainatu nahi gaituztenak beste batzuk. Hori dela eta, honako gogoeta hau egin zuen Steven Jay Gould historialari zientifikoak Eight Little Piggies liburuan (Zortzi txerritxoak): “Izenaren atzean ageri diren ikasketa zerrendek eta tituluek ez dute bermatzen jakinduria maila berririk (…) Azken batean, ez dago ordezkorik arretaz irakurtzeko bizio zaharkituarentzat”.

Beste ezaugarri bat izaten da lehendik izan dituzten osasun-arazoen berri ematea ere. Medikuntzako ohiko bideek sendatu ez, eta dietaren ikuspegi alternatibotik jota lortu dute arazoa gainditzea. Osasunak ustez hobera egin diela eta, pentsatzen dute osasun arloko aholkuak emateko moduan daudela, eta dietak prestatzeko moduan ere bai. Nolanahi ere, beren “aurkikuntzak” izaten dira liburuen oinarriak, non dieta “iraultzaileak” ageri diren, “edozein desoreka sendatzen dutenak” eta “modu naturalean desintoxikatzen dutenak”. Abel Mariné katedradunak oso ongi adierazi zuen 2012. urtean dieta horiekin zen gertatzen den: “Badituzte gauza onak eta originalak, baina onak ez dira originalak eta originalak ez dira onak”.

Edozeinek agindutako dieta edonola egitearen arriskuak

Osasun arloko sasi-profesionalei jaramon egiteak talka egiten du dietistek-nutrizionistek emandako aholku eta jarraibideekin. Sasi-guru baten metodoari jarraitzeak honako eragozpen hauek, behintzat, berekin izango ditu:

  • Atzeratu edo eragotzi egingo du osasun-tratamendu egokia bilatzea gaixotasuna sendatzeko
  • Malnutrizioa eragingo du
  • Areagotu egingo du arrisku kardiobaskularra
  • Nahasmenduak agerraraziko ditu elikatzeko ohituretan
  • Elikatzeko ohitura arriskutsuak kroniko bihurtu edo sistematizatu egingo ditu
  • Frustrazio-sentimendua indartuko du, eta horrek kalte egingo dio egoera psikologikoari
  • Beharrezko ez diren gastu ekonomikoak ekarriko ditu
  • Nahi gabeko ondorioak eragingo ditu, gizakiekin probatu gabeko gehigarri dietetikoak hartzeagatik
  • Ilea galaraziko du, azazkalak ahuldu, zorabioak eragin, astenia, eta abar.