Maskotak zaintzeko 2.0 baliabideak

Txakurrak eta katuak zaintzeko zerbitzu integralei ateak zabaldu dizkie Sareak, eta animalia batekin bizi diren pertsonen arteko harremanak sustatzeko ere balio dute
1 urria de 2013
Img mascotas listado

Maskotak zaintzeko 2.0 baliabideak

Sareak ez ditu ahaztu maskotak eta haien jabeak. Internetek eskaintzen dituen aukera ugarien artean, maskotak dituztenek oso ontzat jotzen dituzte etxetik kanpo joan behar dutenean txakurren eta katuen ardura hartzen duten zerbitzuak, edo maskotak dituzten beste pertsona batzuekin harremanak egiteko moduen inguruan aholkuak ematen dituztenak. Teknologia berriek hainbat aukera eskaintzen dituzte txakurra zainduko duten pertsonak edo enpresak aurkitzeko norbera kanpoan izango denerako.

Maskota zaintzeko ere, Internet

Txakurra paseatu, etxean zaindu, kumea hezi, elikagaiak eta osagarriak erosi… Internet bidez bilatu eta kontratatu daitezkeen zerbitzuetako batzuk baino ez dira horiek. Sarean gero eta ugariagoak dira era horretako enpresak, eta zerbitzu horietaz gain, aukera ematen dute animaliak dituzten beste batzuekin partekatzeko norberak dituen kezkak eta zalantzak. Maskotak zaintzeko zerbitzu integralak eskaintzen dituzten enpresak indarra hartzen ari dira, eta bezerorik ez zaie faltako, Espainiako Estatuan hamar etxetatik seitan animaliaren bat daukate eta (Lagun egiteko Animalien Elikagaiak Ekoizten dituztenen Elkarte Nazionalak emandako datua da).

Maskota jabe askok eskatzen dituzte zaintza- eta arreta-zerbitzuak beren animalientzat. Adituek diotenez, azken 10 urteetan aldatu egin da etxeko animaliak zaintzeari buruzko mentalitatea, eta, ondorioz, jendeak gero eta gehiago eskatzen ditu maskotaren eta jabeen beharrei erantzungo dieten zerbitzuak. Eta Sarera jotzen dute horien bila, Espainiako Estatuko enpresa txiki eta ertainen erdiek baino gehiagok Internet erabiltzen baitute beren zerbitzuak iragarri, sustatu eta saltzeko; besteak beste, maskotak zaintzeko bitartekoak eskaintzen dituztenek.

Nola funtzionatzen dute Interneteko zerbitzuek

Askotariko aukerak izaten dituzte txakurrak eta katuak zaintzeko zerbitzu integralak eskaintzen dituztenek. Horietako batzuek pertsona-zerrenda bat izaten dute, eta txakurraren jabeak zerrenda hori eskuratu eta zaintzaile bakoitzak zer-nolako soslaia duen ikus dezake eta behar duen zerbitzua eskatu. Maskotak zaintzeko zerbitzuen arloan aritzen diren beste atari batzuek, berriz, datuak eta zerbitzuak eskaintzen dizkiete maskoten jabeei: osagarriak, txakurrentzako eta katuentzako janariak, larrialdiko osasun-arreta, txakurren heziketa edo txakurrak adoptatzeko aukera. Maskoten jabeei eguneroko zainketa-lanak erraztea da horien guztien helburua.

Beste batzuetan, webguneek topaguneak eskaintzen dizkiete animaliekin bizi diren pertsonei. Foro horietan beren iritziak, zalantzak eta esperientziak truka ditzakete animaliak maite dituzten beste pertsona batzuekin. Maskotazaleen komunitate birtual horiek hainbat eduki partekatzen dituzte Sarean: argazkiak, bideoak, bitxikeriak eta askotariko informazioa animaliak zaintzeko eta ezagutzeko.

Animalien inguruan sortu diren beste sare sozial batzuek, txakurrak zaintzeko zerbitzu integralak eskaintzeaz gain, beste aukera batzuekin ere osatzen dituzte beren plataformak; esaterako, jabeen eta txakurren profil pertsonalizatua sortzeko modua ematen dute, parte-hartzaileen arteko harremanak sustatzeko asmoz.

Non aurkitu txakurrentzako eta katuentzako zerbitzuak

  • Mascotea (http://www.mascotea.net/) sare sozial bat da, animaliekin bizi diren pertsonek beren kezkak parteka ditzaten sortua; horretaz gain, informazio baliagarria ematen du maskotak zaintzeko zenbait zerbitzuri buruz.
  • Dogaboo (http://www.dogaboo.com ) zerbitzuak txakurrak zaintzeko bitartekoak eskaintzen ditu, eta aukera ematen du txakurrak zaintzeko prest dauden pertsonen soslaia ezagutzeko, jabeak hauta dezan egokiena iruditzen zaiona. Besteak beste, txakurra paseatzen dute eta etxean bertan zaintzen.
  • Maringa (http://www.taringa.net/) atariak aukera ematen du bideoak, argazkiak, aholkuak eta ezagutzak argitaratzeko, txakurren eta katuen ingurukoak, eta sare sozial honetan parte hartzen duten gainerako kideen ekarpenekin aberasteko nork bere jarduna.
  • Gudog (http://gudog.com) zaintzaile profesionalen plataforma bat da, txakurren arlora mugatzen dena eta Estatu osoan funtzionatzen duena. Hirien arabera antolatua dago informazioa.
  • SrPerro (http://www.srperro.com) atariaren atal batean, txakurrak zaintzen dituzten pertsonen zerrenda ageri da. Estatu osoan jarduten du.
  • Bibulu (http://es.bibulu.com/) plataformak harremanetan jartzen ditu animalien zaintzaileak eta horien zerbitzuen beharra duten pertsonak; zaintzailearen etxean bertan hartzen dituzte animaliak.
Aintzat hartzeko aholkuak eta neurriak
  1. Webgune seguruetara jo txakurra zainduko duen norbait aurkitzeko: Interneten dozenaka orri daude txakurra zainduko duen jende arduratsua aurkitzeko. Guztiek ez dute berdin funtzionatzen, baina tramite edo jokabide batzuek hobetu egiten dituzte kalitate-kontrolak. Pauso egokia da, esaterako, webguneek zaintzaileei eskatzea erregistro-fitxa bat bete dezatela beren datuekin; era horretan, fidatzeko modukoak diren edo ez jakin liteke. Zaintzaile batekin Internet bidez harremanetan jarri aurretik, ziurtatu egin behar da bere burua iragartzeko erabili duen ataria eta haren atzean dagoen enpresa legezkoak direla; hau da, badituela IFK eta egoitza soziala.
  2. Bidaian abiatu aurretik, zaintzailearekin bildu: Konfiantzazko zaintzaileen bila ari diren pertsonek, inor kontratatu aurretik, ezagutu egin behar dute zaintzailea bera eta ikusi egin behar dute animalia non egongo den. Komeni izaten da, gainera, inguruko albaitariei galdetzea edo zerbitzu horiek berak erabili dituen norbaiti, zaintzaileari buruzko argibide gehiago izateko.
  3. Kontratua idatziz, baldintzak eta prezioak argi gera daitezen. Norberak zer behar duen, era bateko edo besteko zerbitzua kontrata dezake: egunero paseatzea (gutxienez, egunean bitan ateratzea komeni da) eta jaten ematea, baina baita beste zaintza bereziagoak ere: bainua, kirola egiteko irteerak, jolasak eta txakurra hezteko saioak. Prezioak, jakina, kontratatzen diren zerbitzuen araberakoak dira. Batez beste, egunean 15-20 euro artean ibili ohi dira. Tarifa eta baldintza horiek negoziatu egin behar dira, eta bi aldeak gustura utziko dituen hitzarmena egin. Kontratuaren xehetasunek argi eta garbi geratu behar dute, eta idatziz jarri behar dira. Atari espezializatuek, gainera, berme gisa jokatu behar dute, eta, arazoren bat sortuz gero, erantzun egin behar dute. Gerta liteke, dena den, aseguru bat kobratzea hori egiteagatik: tarifaren portzentaje bat izaten da (%20 ingurukoa), eta estalduren artean, albaitaritza-asegurua, 24 orduko telefono-arreta eta, aurkakotasunen bat sortuz gero, diru guztia itzultzeko aukera jasotzen ditu.