Zer ote du trastetzar honek...!
Etxeko ibilgailuaren hots eta erreakzio arraroei arreta zuzentzeak dirua aurreztu eta denbora irabazteko aukera eman diezaguke. Bolantearen dardarizo txiki batek gurpila desorekatuta dagoela, pneumatikoak behar bezalako aire-presiorik ez duela edo motelgailuetako bat akastun dagoela esan nahi digu, agian. Arazorik hautematen duzunean jo berehala profesional batengana, zure segurtasuna eta zure ingurukoena auzitan dago eta.
Motorra
- Ihes-hoditik irteten den kea beltza bada, automobilak behar baino erregai gehiago kontsumitzen du eta, hortaz, kutsadura gehiegi harrotzen du.
- Ke horren kolorea zuri urdindua bada, ibilgailuak olio gehiegi irensten duen seinale.
- Josteko makinaren tankerako soinua ateratzen badu, baliteke motorrak balbula eta take -espeka-ardatzaren egintza sarrera eta ihes-balbuletara eroarazten duten elementu mekanikoak- bat edo gehiagoren arteko lasaiera ohikoa baino handiagoa izatea.
- Motorra abiatzen ez bada eta, giltza biratzean, “eztarri garbitzearen” antzeko hotsa antzematen baduzu, oso litekeena da abiarazteko motorraren eskuilak itsatsiak egotea.
Transmisioa eta enbragea
- Lehen martxan ateratzen zarenean klok-klok-klok hots jarrai errepikatua aditzen baduzu, baliteke transmisio-muturrean (“juntura homozinetikoa” deritzote teknikariek) arazorik izatea.
- Enbrageko pedala sakon kalkatu eta martxa bat sartzean hots metalikoa (“martxak zarrastatu egiten du”) entzuten baduzu, azter ezazu enbragea.
- Enbrageko pedala libre dagoela, azeleragailukoa zanpatzen duzunean erreboluzio-kopurua ugaldu bai baina automobilak behar bezalako abiadura hartzen ez badu, enbragea labaindu egiten den edo pedaletik egintza eroanarazten duen haria hautsia dagoen seinale.
Pneumatikoak
- Bolantea ohi baino zailtasun handiagoz biratzen baduzu, baliteke aurreko gurpilen behar baino aire-presio txikiagoa edukitzea, gidagailuaren koipeztaketa egokia ez izatea edo ibilgailuak karga handiegia eramatea.
- Galtzada-harrizko zoladuraren gainean dardarizo gehiegi egiten badu, baliteke aurreko gurpilek behar besteko aire-presiorik ez izatea edo ibilgailuak karga handiegia eramatea.
- Egokiro asfaltaturiko zoru gainean zoazela, bolanteak dardarizo txiki bat (metraileta antzera) agertzen badu, oso litekeena da aurre gurpiletako bat ongi orekatua ez egotea.
- Ibilgailuak alde baterako joera agertzen badu, aurreko gurpiletako bat lasaiegi dago, pneumatikoak ez daude berdin higatuak edo, bestela, gurpila geldiarazita, karga gaizki banatua edo mangeta okertuta dago: horrelakoetan ardatzaren lerrokadura aztertzea komeni izaten da.
Galga edo balaztak
- Pedala kalkatzean gogortasun-aldaketarik hautematen baduzu baliteke hodietan airea egotea; beraz, zirkuitua purgatzea komeni da.
- Balaztari eraginez gelditzean ibilgailuak desbideratzeko joera agertzen badu edo gurpil batek besteak baino azkarrago galgatzen badu, pastillak eta zapatak zikin daude, edo koipez blaituak.
- Balaztari eragitean igurztearen ordez labaintzea (eta, horrekin batera, txilio antzekoa eragiten duen dardarizoa) atzematen baduzu, pastillaren edo diskoaren azalera kristalizatua dago.
Gidagailua
- Bolantea gogor hautematen baduzu, aurreko gurpilen behar bezainbesteko aire presiorik ez izatearen, aholkatzen den baino gurpil zabalagoak eramatearen, gidagailu mekanismoa higatua edukitzearen edo motelgailuak gaizki egotearen ondorio izan daiteke.
- Automobilak direkzio lagundua baldin badauka eta txilio antzeko hotsa egiten badu, likidoa falta du.
- Ibilgailuak albo batera desbideratzeko joera agertzen badu, aurreko gurpilek presio bera ez edukitzearen ondorio izan daiteke.
Motelgailuak
- Azter itzazu motelgailuak baldin eta:
- Automobila gelditzean, muturra gehiegi inklinatzen dela edo ibilgailuak lurzoruaren gorabeherak biolentzia handiegiz islatzen dituela hautematen baduzu.
- Gauez lurzoru irregularrean zoazela, faroek dardarizo handia agertzen badute.
- Haizeak albotik jotzen duela, automobila zabuka-zabuka badabil.
- Pneumatikoak era irregularrean higatzen badira.
- Bihurgunetan automobila mantsoaraztean bolanteak dar-dar egiten badu, baliteke biratu dugun alboko aurrealdeko motelgailua akastun egotea edo, bestela, balezta gaizki egotea.
- Aurrealdean edo atzealdean hots bortitzak aditzen badituzu, hori izan daiteke motelgailua edo gertuko elementuren bat puskatu izanaren seinale edo silentblock izenekoak -metalezko bi piezaren arteko gomazko junturak- egoera txarrean egotearen ondorio.