Jaitsiera segurua egiteko pistak
Basoz inguratutako hegi elurtuan zehar eskiatzen jaistea ez da dagoeneko eliteen pribilegioa. Joan den urtean Espainiako eski-estazioek sei milioi bisitari jaso zituzten, hots, 2002-2003 negutean baino %2 gehiago. Eginiko inbertsioari esker, -2004-2005 honetan bakarrik 111 milioi eurotik gorakoa-, pistak zabalago eta, batez ere, seguruago dira orain. Materiala ere etengabe bilakatzen ari da, kirol onen praktika errazago eta seguruago bihurtuz. Horiek guztiak gorabehera, kontuan izan behar dugu eskia kirol arriskutsua dela oraino ere. Segurtasuna egunetik egunera areagotuz doan arren, pistetako abiadura ere azkartu egin denez, erraz uler daiteke eskiatzaileen %6k aldez edo moldezko lesio zein ezbeharrik nozitzea, ehuneko hori handituz joatea eta negu guztietan espainiarrek eski-asegururen bat kontratatzea. Ezbehar eta istripu horien zergati ohikoena, gehiegizko abiadura ez ezik, pistetan ibiltzeko segurtasun arau oinarrizkoenak ez ezagutzea da.
Segurtasunaren garrantziaz jabeturik, estazioek berariazko ahalegina egin dute aurten alderdi hori bermatzeko. Adibidez, kaskoa erabiltzearen egokitasuna nabarmendu da behin eta birritan eta, bestetik, eskiatzailearen esku-liburua argitaratu da:bi neurri horien bidez, bisitari gutxi-gutxik agertzen dituzten jokamoldeak suntsitu nahi dira, gainerako eskiatzaileak arriskutan jartzen baitituzte.
Gida-liburu horretan, estazioetako arduradunek gizabidez jokatzea eskatu eta, bide batez, kirol honetaz hobeki gozatzeko aukera izan dezan, oinarrizko arauak gogorarazten dizkiote eskiatzaileari. Adiera horretan, beren buruaren eta gainerako pertsonen segurtasuna arriskutan jartzen duten eskiatzaileei forfaita kendu eta pistetatik ateratzeko ahalmena eman zaie estazioei. Andorrako estazioetan, areago, elurretako zaindariaren irudia sortu dute: beharrezkoa balitz, agente horrek isun larriak ezartzeko aginte eta eskuduntza dauka.
Eskiatzailearen lesioak
Eskia praktikatzea, duda izpirik gabe, biziki osasuntsua da: egoera fisikoa hobetzen du, goratasun handian praktikatzen denez globulu gorri eta zurien kopurua areagotu egiten du, organismoa oxigenatzen laguntzen du… Hala eta guztiz, badu bere ahuleziarik ere: pistetan gertatzen diren istripuen ondoriozko lesio ugariak, alegia. Kirol honetan jazotzen diren lesioen %60 behe-ataletakoak dira (belaunekoak gehienbat, bera baita lan nekosoen egiten duen atala eta, aldi berean, presio handiena jasaten duena); %20 eskuetakoak dira, %10 burezurreko traumatismoak eta gainerakoak bizkarrezurrekoak izaten dira..
Lesio adierazgarriena, belauneko aurreko lotailu gurutzatuari dagokiona da (lotailu honek errotularen azpitik belauna diagonalean zeharkatzen du). Eskiatzaile baten belauneko aurreko lotailu gurutzatuaren lesioa jasateko probabilitatea populazio arruntarena baino 365 bider handiagoa da. Ohiko gaitza da, era berean, “eskiatzailearen hatz potoloa”: erorikoa arintzeko eskua luzatzean, hatz potoloari alde batera tiratzen dio eskiatzaileak, lotailuak hautsi arte.
Snowboard kirola praktikatzen dutenen artean ohiko lesioa eskuturra haustea da, eskuak aske baitaramatza kirolariak eta, hortaz, erorikoa jazotzekotan, berak dira elurra bortizki jotzen duten gorputzeko lehen atalak.
Eskiatzailearen amenazo larria, dena den, mokor edo aldaka eta femurra haustea da. Horrelakoak, gehienetan, abiadura handiegian eskiatzaileak egiten duen biraketaren ondoriozko kontrola galdu eta, azkenean, zuhaitzaren edo babes-hesiren baten kontrako talka egitean gertatzen dira.
Eguzki printzen eragin kaltegarriek begiei ere erasotzen diete. Fotoftalmia izeneko konjuntibitisa behar bezalako segurantzi neurriak hartu ez dituzten eskiatzaileetan ager daiteke. Gaitz horren sintomak (malko isuria, begia gorritzea eta begi barruan “zerbait” edukitzearen sentsazioa) eguzkitan egon ondorengo lau edo sei orduetara azaltzen dira eskuarki.
Dena den, segurtasuna
Gauzak horrela, istripu asegurua kontratatzea biziki gomendagarria gertatzen da, eskia praktikatzeak ondorioztatzen dituen arriskuetako batzuk onartzeko; batez ere, erreskatea zein pistetako lehen asistentzia ez gizarte segurantzak, ezta seguru pribatuek ere, estaltzen ez dutela gogoan izaki. Espainiako eskiatzaileen %20k, pistetako erreskateak, ospitaleratze gastuak, makuluen kostua, istripua izatekotan helbiderainoko garraioa, erantzukizun zibileko asegurua eta kirolariaren babes juridikoa estaltzen dituzten aseguru polizak hartzen dituzte. Eski aseguru baten kostua estalduaren eta iraupenaren arabera aldatzen bada ere, eguneko 2’5 (Espainiako pistetan forfait-ekin batera kontratatzen bada), edo 3 eurotik (Andorrakoetan) 86 euroetaraino doa, azkeneko hau urte osorakoa izanik (baita, aseguru konpainia batzuek eskaintzen dutelarik, errehabilitazioa egiteko eskubide eta guzti).
Ohiko eskiatzaileak federatuta egotearen abantailak ederki ezagutzen ditu: horra hor, adibidez, neguko zeinahi kirol praktikatzean izaniko ezbeharren aseguru txartela. Txartel horien prezioetan aldeak hautematen dira, Espainiako erkidego batetik bestera: Andaluziako Federazioko kide izatea urtean 60 euro kostatzen delarik, Asturiaskoek urtean 55 euro, katalanek 46 euro eta bizkaitarrek 45 euro ordaintzen dituzte. Txartelok urtebeterako edo eski-sasoi osorako balio dute eta, beharrezkoa izanez gero, sendagilearen arreta eta tratamenduen jarraipena bermatzen dute.
Merkatuak Espainiarako eskaintzen duen gutxieneko osasun-estaldura 600 euro inguruan dabil egun. Andorrari dagokionez, kopurua 1.500 eta 7.500 euro bitartean dabil. Europako gainerako herrialdeetan eta mundu zabalean aritzeko, azkenik, aseguratzaileek estaldura zabaldu egin dute: 3.000 eurotik 12.500era arte.
- Jardun zaitez besteen segurantzia arriskutan jarri gabe, besteak kaltetu gabe.
- Ibil zaitez era kontrolatuan. Egokitu zure abiadura eta eskiatzeko modua zeure trebezia pertsonalari eta elurrak, mendiak eta eguraldiak agindutako gorabeherei; baita pistetako trafiko-dentsitateari ere.
- Aukeratu zeure bidea, zure aurretik doan eskiatzailearentzat arriskutsu izan gabe.
- Ibili mantso area saturatuetan eta ikuspen eskaseko tokietan; maldaren gainaldeetan, pista bukaeretan eta igogailuetarako sarbideetan bereziki.
- Goitik beherakoan abiatzean, zure azpian dauden erabiltzaileen segurtasuna bermatuko duen norabidea aukeratu behar duzu.
- Beste eskiatzaile bati aurreratzean utzi tarte zabala, hura ere eroso mugi dadin.
- Pistan sartzerakoan begira ezazu gora eta behera eta segurtatu pista libre dagoela.
- Ez gelditu pistan bertan, toki estuetan, leku arriskutsuetan edo ondo ikusten ez direnetan. Horrelakoren batean erori bazara, egin ezazu alde batera eta utzi lehenbailehen pista libre.
- Oinez igotzen eta jaistean zoaz pista-ertzetik edo albotik.
- Errespetatu seinale, ohar eta agindu guztiak. Bete itzazu estazioko pertsonalak jardunean emaniko aginduak.
- Istripua gertatzekotan, ahal duzun neurrian lagundu eta jakinaraz iezaiozu estazioko pertsonalari.
- Zeure jokabideaz ez ezik, zeure material akastunaz ere arduradun zara. Izan kontuan.
- Errespeta ezazu ingurugiroa. Ez bota zigarrokinak edo zaborrak. Ez sartu inguruneari kalte egin dakiokeen tokietan.