Begi kirurgia

Hamaikatxo teknika bai, behin betiko konponbiderik ez

Ikusmen-errefrakzio arazoak konpontzeko ebakuntzek ez dute beti-beti balio betaurrekoei agur esateko
1 otsaila de 2005
Img salud listado 327

Hamaikatxo teknika bai, behin betiko konponbiderik ez

/imgs/20050201/salud.01.jpg
Ikusmenaren errefrakzio arazoak -erretinan islatzen den irudiaren proiekzioa okerrekoa izatearen ondoriozkoak, alegia- makina bat pertsonarentzat buruhauste latza ez ezik, zailtasun larria ere badira. Horrelako eragozpenak mende askotan betaurrekoen bitartez bakarrik zuzendu ahal izan dira baina XX. mendearen kondarrean lentilla edo ukipen-lenteek bestelako alternatiba bat eskaini zioten arazoari. Orain, berriz, kirurgia errefraktiboak beste aukera bat ematen du: metodo hau, sortu zenez geroztik, etengabe aurrera egiten eta perfekzionatzen ari da baina, hori bai, behin betirako konponbidea iristear dago oraino.

Arrakasta ia erabatekoa

Ikusmeneko akatsen zergatia genetikoa da gehienetan: kornearen edo begi-globoaren kurbadurak agertzen duen deformazio txiki baten erruz, azken horren luzera aldatu egiten da eta, ondorioz, irudia erretinan ez da doi-doi proiektatzen. Azken hamabost urteotan -laserrezko teknikak izugarri garatzen hasiz geroztik, batez ere- korneako ebakuntzak biderkatu egin badira ere, kasu guztietan ezin da tratamendu hori aplikatu. Emaitzak ere, batzuetan ez dira espero zitekeen bezain onak, ebakuntzaren prezioa handia da eta epe luzerako onurarik ezin da bermatu, teknika batzuk duela hamar urte aplikatzen hasi zirenez, goizegi delako oraino balioztapenak egiteko baina, halaz ere, errefrakzioaren ondoriozko trastornoak zuzentzeko kirurgiari esker jendeak betaurrekoak edo ukipen-lenteak kendu egiten ditu eta, horrek batzuentzat adierazten duen abantaila estetikoaz gainera, eguneroko bizimoduko jarduerak eta maite dituen kirolak ikusmenaz kezkatu gabe praktikatzeko aukera izaten du.

Kirurgia motak

Pertsona bakoitzarentzako kirurgi mota egokiena, jakina, miopiaren izariaren arabera aldatzen da. Plegu horietako bat keratotomia erradiala da, kornean ebakera erradialak eginez burutzen dena. Ebakera horiek kornea erdialdearen lautzea eragiten dute eta, horri esker, 1,7 dioptriatik 7 bitarte dituzten miopeen ikusmena hobetu egiten da. Pazientea azkar osatzen da eta ikusmen zolitasunaren %90 hobetuko bada ere, alboko ondorioak izan ditzake prozesuak: ebakiak sakonak direnez, emaitzak aldakorrak eta ezin iragarrizkoak dira eta, areago, baliteke urrutiko ikusmena epe batez alteratua izatea.

Eragozpen horiek direla eta, adituek nahiago dute orain Laser Excimer metodoa: hori aplikatuz kornearen atal txiki batzuk bakarrik aldatzen dira eta, ondorez, trauma arin samarra da. Sendamena, nolanahi ere, luzea da, oso litekeena da kornea-lauso bat geratzea eta, gainera, duela hamar urte hasi zela egiten izan behar du pazienteak gogoan; beraz, epe luzerako emaitzarik ez dugu ezagun oraino. LASIK teknikak ere Excimer laserra baliatzen du baina ez du ebakirik egiten, kornearen sakoneko geruzak leundu, “zizelkatu”, egiten ditu, bestelako kurbadura lortzeko. Horixe omen da, adituen arabera, 10 dioptriatik beherako miopiak osatzeko prozedura eraginkorren eta seguruena.

ICL (ukipen-lente ezargarria) 10 dioptriatik gorako miopiak sendatzeko erabiltzen da. Kornean ebaki txiki bat eginik, lente tolesgarri hori begiaren aurrealdeko ganberan sartzen da; barruan dagoela, lentea zabaldu eta imajina erretinan hobeki enfokatzea ahalbidetzen du. Lentea ezarri aurretik irisean YAG laserren bidez bi ebaki (iridotomiak) egin behar dira, begi barneko presioa handitu ez dadin. Pazienteak behin betirako ikusmen zolia eskuratzen du, erabat osaturik. Teknika honek epe luzera eskain dezakeen emaitza aztertzen ari dira orain.

CRT (Corneal Refractive Terapy) dugu teknika denetan berriena: pazienteari gauez lentilla bereziak ezartzen zaizkio, korneak (lo datzan bitartean) moldatzen joan daitezen. Urtebete baizik ez diraute lente horiek; beraz, epe hori betetakoan, berriak ezarri behar. Emaitza behin-behinekoa da, ez da bizitza osorako, eta 1,75etik 6 dioptria bitarteko pazienteei aplikatzen zaie, baina ez dago bifokalik; beraz, urrutira sekulako begi zorrotza badu ere, gertutik irakurtzeko eragozpenik baldin badu, betaurrekoak erabili beharko ditu aurrerantzean ere.

Honelako ebakuntzen etorkizunari dagokiola, badirudi aurrerantzean urruti eta gerturako begi barneko lente difraktibo, errefraktibo edota cumming motakoen (hau da, gerturik begiratzean, lenteak aurreratu eta, hortaz, haien potentzia areagotzeko modukoak) garapen azkarra ikusiko dugula.

Arrisku gutxienekoak

/imgs/20050201/salud.02.jpg
Teknika kirurgikoak beti du arriskua, txiki-txikia izaki ere: botiken kontrako erreakzioak, zoldurak, hemorragiak… Errefrakzioaren kirurgiari dagokionez, alboko arrisku horiek honela labur daitezke: ikusmen fluktuatzaile edo gorabeheratsua, zuzentze eskas edo larregia, kornearen zoldurak, argitasuna dela medio gauez ikusteko zailtasuna, mina, korneako ultzerak… Dena den, egunez egun teknikak hobetuz doazen eta arazoak geroz eta urriago diren arren, ez ahaztu oztopo eta eragozpen horiek agertzen direla eta balitekeela ebakuntzaren emaitzak espero ez bezalakoak izatea.

Ebakuntzak, eskuarki, modu anbulatorioan egiten dira, gaixoa ospitalean sartu gabe, debora gutxi irauten dute eta anestesia topikoa aplikatzen da (dagokion tokian bakarrik). Osatze prozesua ere azkarra da eta bi begiak batera opera daitezkeen arren, fakultatibo eta paziente batzuek nahiago izaten dute ebakuntza batetik bestera egun batzuetako tartea uztea.

Ikusmena hobetzen al da?

Ebakuntza nozitu ondoren ere betaurrekoak erabili beharko dira? Laser tekniken bidezko kirurgiak ez du ikusmen zolitasuna hobetzen, hots, ebakuntza egin ondoren pazienteak izan dezaken ikusmenik hoberena, lehenago betaurreko edo lentillekin zeukan berbera izan daiteke. Laser bidezko ebakuntza izan duten gehienek ez dute zertan betaurreko edo ukipen lenterik eraman, baina horietako batzuek protesi horien premia izango dute irakurri, telebista ikusi, gauez automobila gidatu edo antzekoak egiteko, batez ere miopia edo astigmatismo larriak tratatu direnean edo, noski, emaitzak espero bezain onak ez direnean.

Beste aldetik, 45 edo 50 urtez gorako pertsonen erdiek baino gehiagok presbizia nozitzen dutenez, gertutik ikusteko betaurrekoak jarri behar izaten dituzte, baliaturiko teknika kirurgikoa zeinahi dela ere. Izan ere, presbizia sendatzeko ukipen lenteak baliatzea arazo askoren iturri izan daiteke, adin batetik aurrera begia lehor samar ohi dagoenez, hezetasun gabezia horrek tolerantzia hein batez galarazi egiten du.

Ikusmeneko akatsak

Miopia eskuarki haurtzaroan garatzen delarik, batzuetan lenteak behin baino gehiagotan aldatu behar izaten dira; behar edo premia hori, dena den, pazienteak 20 urte betez gero dezente baretzen da. Gizon zein emakume, bata zein bestea, biak berdin dira, miopia nozitzeko paziente. Familiak erabat baldintzatzen du, argi eta garbi, gaitz hau nozitzeko jarrera. Miopian irudia erretinaren aurretik osatzen denez, urrutiko objektuak lauso ikusten dira; horrek ezkeltasuna eta buruko minak sortaraz ditzake eta, kasurik larrienetan, begiaren tentsio altxa ere bai.

Hipermetropian begi globoa laburragoa da, irudia erretinaren atzetik osatzen da eta honetan ere ikusmena lausoa da. Astigmatismoa, askotan miopiaren edo hipermetropiaren eskutik datorrela, kornearen kurbadura irregularraren ondorio da; irregulartasun horrek eragiten du objektuak itxuraldatuak ikustea.

Presbizia 40 urtez gorakoek nozitu ohi duten gaitza da eta ez du zerikusirik herentziarekin, ez eta “ikusmenaren nekearekin” ere. Hori nabarmendu beharra dago, presbizia nozitzen duten pertsona askok uste baitute gaixotasun hori ikusmena lanean eta bizitza pribatuan asko baliatu izatearren pairatzen dutela, eta, ondorioz, inolako arrazoirik gabe, gustukoak dituzten jarduerak bertan behera utz ditzakete, okerreko bidetik. Kristalinoa zahartu ahala, enfokatzeko gaitasuna galduz doanez -beraz, 35 eta 100 cm tartean dauden objektuak ez dira zehazki ikusten-, presbizia jasatera kondenatuta gaude denok 40 urte edo betetakoan.

Nori aplikatu kirurgia errefraktiboa?
  • 20-21 urtez gorakoei, azken bi urteotan eboluzionatu ez den errefrakzioaren alterazio egonkorra agertzen baldin badute;
  • korneak egoera on-onean egon behar du, lesiorik nozitzeke, kornea-ehunak ohiko lodiera duela;
  • 45 urtez gorakoek kontuan hartu behar dute, presbizia badaukate, gertutik ikusteko betaurrekoak jarri beharko dituztela;
  • Kolagenoaren (lupus, artritis erreumatoidea) keratokoa, herpes korneala, SIDA edo gaitz autoinmunerik nozitzen dutenek ez dute deus konponduko ebakuntza horri esker.