Internet izango omen zen askatasun eta aurrerakuntzazko paradisu hartatik zerk iraun ote du?
Interneten hastapenetan, beste genesi ugaritan bezala, gerora beteko ez ziren iragarpenak egin ziren, ulertzeko -eta, batez ere, sinesteko- lilura askoren premia zuten haiek, bereziki. Horren ordez, benetan baliagarri eta erakargarriak diren etekin batzuk gauzatu dira, hala nola -Errenazimenduko ametsa!- erraz kontsultatzeko eta berehala jasotzeko moduko datu-artxibo ia infinitua edukitzea, esate baterako. Nolanahi ere, Internet gizakiak egundo eratutako liburutegirik handiena bada eta hedabiderik eskergena bada, bere existentzia horrek ederki justifikatzen du.
Zure lehen zutabean, 1997 aldera, ordenagailuaren erabilera estandarizatzeko teknologia eskatu zenuen. Nolako kritika egin dakioke horri orain?
Hasteko, teknologiak gizakiaren bizitza hobetu du, inondik inora; aurrerakuntza guztiek hobetzen dute ordura artekoa, argi eta itzalak gorabehera. Batzuetan tarte bat izaten da, aurrerakuntza sortu denetik gizakiak onuradun sentitu arte eta, orokorki, pertsona zenbat eta adin handiagokoa izan, orduan eta zailago gertatzen zaio zerbait ikastea: sei urteko mutikoari DVD bat programatzen irakasten diozu eta, ikusi batera, asimilatzen ari da. Hirurogei urteko helduari gauza bera irakatsi nahi badiozu, oso litekeena da hasieratik berriro dena errepikatu behar izatea. Internet ezagutzea dela eta, informatika oro har maneiatzea den arazoari testuinguruarekin loturiko arazoa gehitu zaio: egungo teknologiak zertarako balio duen eta horren emaitzak nola hezurmami daitezkeen ulertzea, alegia.
Interneteko trena hartzera garaiz iritsi ez den pertsona nola has daiteke, bidean egindakoa galtzeko beldurrik izateke?
Ene ustez, berandu ibilitako jendea ez da eguneratuko prozesu osoa hagitz erraztu arte. Dudarik gabe, hori erraztu egingo da, makinak soilago izan behar duelako eta egun, berriro diot, erabiltzailearentzat oso aldrebesa da, oso zaila. Pentsa zenbat eragiketa -soilak, baina eragiketa, finean- egin behar dituzun, ordenagailua itzalita duzunetik web orrian sartu arte. Datozen urteotan zailtasun horiek konponduko dira, Internet ere etxeko ondasun eta zerbitzu arrunta izan dadin.
Familia gehienek, ordea, zertarako nahi dute etxetresna berri hori?
Bai, ulertzen dut zure susmoa. Etxebizitzan konputagailuen sarrerak itxaropen asko zapuztu zituen: ederki antolatutako marketing kanpaina baten arabera garatu zen baina, “pertsonal” izeneko ordenagailu harekin zer egin ez zuten asmatu kontsumitzaile gehienek. Gaizki funtzionatu zuen jostailu hark. Aldi berean lan alorrean ere sartu zen konputagailua baina honetan funtzio zehatzak agindu zitzaizkion; egun ordenagailua abokatuak berak baliatzen du lanean, garaipena erabatekoa izan da. Orain ordenadorea berriro dator etxera baina duintasun handiago batekin, testuinguruak zentzu handiagoa ematen diolako, batez ere. Etxean bertan kontabilitatea inork programatzen ez badu ere, bestelako zereginak egin ditzake herritarrak: posta elektronikoa erabili, egunkariak irakurri, antzokiko sarrerak erosi?
Internet es presenta de vegades com l’enemic de la cultura. “Acabarà amb els llibres”, han aventurat alguns.
Encara que siga una crítica recurrent, no hi estic d’acord; encara més, pense que ha succeït tot el contrari: les noves tecnologies són aliades de la lectura, dels llibres, de la cultura i de la comunicació. Quan en el món occidental es va corregir en gran mesura l’analfabetisme, la gent va aprendre a llegir i a escriure, però va sorgir l’analfabetisme funcional, ni llegia, ni escrivia. Les noves tecnologies han contagiat les ganes de comunicar-se mitjançant l’escriptura, tant fa que siga per correu electrònic que pels missatges de mòbils. Amb faltes d’ortografia i amb abreviatures horribles, però la gent llegeix i escriu.
Zenbaitetan Internet kulturaren arerio gisa aurkeztu digute: “liburuaren amaiera ekarriko du”, iragarri dute batzuek.
Kritika errepikakor horrekin ez nator bat; areago, zeharo alderantziz gertatu dela uste dut: teknologia berriak irakurketaren, liburuaren, kulturaren eta komunikazioaren aliatuak dira. Mendebaldean analfabetismoaren arazoa hein handi batean konpondu zenean, jendeak irakurtzen eta idazten ikasi zuen baina analfabetismo funtzionala etorri zen hurrena: inortxok ez zuen irakurtzen, ez idazten ere. Teknologia berriek, idazketari esker, komunikatzeko egarri hori kutsatu egin diote erabiltzaileari, berdin dio posta elektroniko bidez edo telefono mugikorretako mezuen bitartez; ortografi akats erraldoiak agertuz, laburdura ikaragarriak baliatuz, baina jendeak irakurri eta idatzi egiten du.
Eduki bera ehun aldiz errepikaturik irakurtzen dugu ehun web orri desberdinetan eta, gainera, batzuetan egiatik ez du bat ere izaten.
Informazio iturri ez ezik, zikinkeri iturri ere bada Internet; orain ez naiz kontu moralez ari, inongo lotsarik gabe behin eta berriro errepikatzen diren astakeria zientifikoez baizik: kategoria berean agertzen zaizkizu ikerlanik sakonena eta falaziarik lotsagabeena, idatzitakoari aitortzen zaion ospeak babesturik bata zein bestea. Baina idatzizko gezurrak betidanik izan dira, ontzat emaniko idazlan asko falazia hutsak gertatu dira gerora. Interneteko edukiekin ere beste horrenbeste jazotzen da. Erabiltzaileak -irakurleak bezala- mezuak bahetzeko nolabaiteko gaitasuna agertu behar du eta horretarako aurretiko ezagutzak eduki behar ditu; bestela alferrikako edukiak etengabe jasoko ditu, www orri bat zabaltzearen prezioa hutsa baita.
Nolanahi ere, eduki ospetsuak zituzten web orri batzuk erori egin dira, irakurlerik ezean. Telebistari geroaldia erdipurdiko denbora-pasa huts gisa iragartzen diote adituek; Interneten helmuga ere berdintsua al da?
Orria egin eta eskegitzearen kostua zero eurotik gertu dabil baina jatorrizko, egiazko eta kalitatedun edukiez osaturiko web gunea mantentzea dirurik kostatzen da. Hori babestuko duen iturri bakarra publizitatea da, ene iritziz; horrela, enpresek inbertsioa egin, bisitariek iragarkiak irakurriko dituzte eta hastapenetara goaz berriro. Internetek egun nozitzen duen arazo larria, bera transmisore modura darabiltenentzat, argi dago: denbora pasatzeko, komunikazioa eragiteko eta datuak artxibatzeko bitarte izugarria da baina Interneten argitaratzen duzun horrek, askotan, liburuxkan idatzi eta mahai gainean utziko bazenu bezalako eragina izaten du, hots, gauzak ondo-ondo eginik ere, ez zaizu gutxieneko publikorik bermatzen.
Komunikatzeko, jolasteko eta artxibatzeko bide izateaz gainera, Administrazioaren bide izateko asmoa ere ba omen du Internetek. Nolatan ez gara iritsi horretaraino oraindik?
Informatikaren garapeneko arazo asko eta askoren arrazoia, teknikaria eta erabiltzailearen arteko komunikaziorik eza da. Erabiltzaile diogun horretan eman dezagun modernizatzeko irrikatan diharduen politikaria, lanean ergonomiaren bila dabilen funtzionarioa, obligazioak betetzeko erraztasun handiagoak eskatzen dituen herritarra, etc. Programatzaileak premia bati erantzunik emateko ahaleginak egingo ditu premia hori zertan den -batzuetan zehazkiago, bestetan lausoago- azaltzeko gauza den norbaitek eskatzen dionean. Dena den, Administrazioko zerbitzuen informatizazioa urte gutxiren buruan hementxe izango dugu, erabiltzailearen eskura.
2004ko Interneteko blog izenekoak 1904ko kafetegiko tertulien kideak omen dira?
Erabiltzaile xumearentzat eskatzen ditudan aurrerabideetako bat da blog hori, hots, programazio alorreko ezagutza berezirik gabeko pertsona batek bere espazioa Interneten sortu ahal izan dezan balio du baina zuk diozun gabezia horixe du, orain dela ehun urteko elkarrizketa, alegia. Bada, gainera, izugarrizko aldea, 1904 eta 2004 urteetan sortutako gauza guztietan bezala: emakumearen agerpena dugu gaur, eta horrek azken 100 urteotako fenomenoez egin daitekeen zeinahi konparazio arras baldintzatzen du
Matrix filma gustatu al zitzaizun?
Nolabaiteko urruntasuna -adinaren ondoriozkoa, inondik ere- onartzen badut ere, 15 urte nituela ere ez zitzaidakeela gustatuko uste dut. Ergeltasuna ez dut onartzen ez errealitatean, ez fikzioan. Gizakia makinak goberna dezakeela pentsatzea ezinezko gertatzen zait. Hipotesi horiek guztiak funtsik gabeko espekulazio hutsak dira, bertan giza bizipenik ez baitago. Eta giza bizipena dut nik gauzarik interesgarrienetako bat.