Aparkalekuak

Kobratzeko sistema bidegabea erabiltzailearentzat eta kalitatean asko hobe daitekeen zerbitzua

Hamarretik lauk azterketa suspenditzen dute, hori da ondorio lehenengo eta nagusia. Zehazki, aztertutako parkinen %3 "oso gaizki" dute azken nota, eta %17k "gaizki" notarekin konformatu behar dute; %20 "erdipurdi" notan geratzen dira.
1 otsaila de 2005
Img temap 215

Kobratzeko sistema bidegabea erabiltzailearentzat eta kalitatean asko hobe daitekeen zerbitzua

/imgs/20050201/tema-de-portada.01.jpg
Seguruenik, ordaindutako aparkalekuen zerbitzuak iaz gutxi gorabehera 300 milioi euro faktura zezan lagundu zuten erabiltzaile gehienek pentsatuko dute orduka edo denbora tarteka kobratzeko praktika, autoa aparkalekuan egon den minutu kopuruaren arabera egin ordez, gehiegikeria dela, edo zentzugabekeria, gaur egungoa bezalako garaian, teknologiak berriak nonahi ageri direlarik eta merkatua eskuratzeko lehiakortasuna eta kontsumitzaileen nahi txikienak ase nahi dituen marketin adeitsua nagusi direlarik. Beste horrenbeste pentsa dezakete aparkalekuko txartela galtzeko zorte txarra izan badute: kasurik gehienetan, nahiz eta erabilitako denbora askoz gutxiago izan, autoa 24 orduz izan balute bezala ordaindu beharko dute eta, gainera, esaten ari diren autoa berea dela frogatu beharko dute. Are gehiago: automobil barrutik sakelako telefonoa, maleta bat, musika aparatua edo edozein objektu pertsonal lapurtzen badizute, ez duzu inolako kalte ordainik jasoko. Pentsa liteke: “baina, ez al dago arautegirik, legerik, zerbitzu hau arautu eta erabiltzaileen eskubideak defenditzen dituenik?” Bai bada, egon badago, 2002ko azaroan jarri zen indarrean, baina kontsumitzaileen elkarteak aldatzeko presionatzen ari diren arren, bere artikulatuak aukera ematen du egoera orain duguna izan dadin.

CONSUMER EROSKIko teknikariek 155 aparkaleku publiko bisitatu zituzten, erabiltzaile plantak eginez, “txandakatze” esaten zaion sistema erabiltzen dutenak (ez dira egoiliar edo abonatuentzat esklusiboak), 13 hiritan: Madril, Bartzelona, Valentzia, Malaga, Bilbo, Zaragoza, Coruña, Murtzia, Gasteiz, Donostia, Almeria, Iruñea eta Santander.

Hamarretik lauk azterketa suspenditzen dute, hori da ondorio lehenengo eta nagusia. Zehazki, aztertutako parkinen %3 “oso gaizki” dute azken nota, eta %17k “gaizki” notarekin konformatu behar dute; %20 “erdipurdi” notan geratzen dira. Hirien arabera, Murtziak eta Malagak bakarrik gainditu dute azterketa erraz -hiri bakoitza oro har hartuta-. Bi hirietan nota “ongi” da, batez beste, eta hori are garrantzitsuagoa da 13 hirien batez bestekoarekin alderatuz gero, hori “erdipurdi” baita. Parkinak okerren dauden hiriak dira, ordena honetan, Zaragoza, Gasteiz, Coruña, Bartzelona, Bilbo, Madril eta Santander. Iruñea, Donostia, Valentzia eta Almerian aztertutako aparkalekuek -berriro diogu, hiriko guztiak kontuan hartua- azterketa gainditzen dute, baina nota “nahikoa” da, hau da, kalifikazio eskas samarra.

Laburbilduz...

/imgs/20050201/tema-de-portada.02.jpg
Espainiako parkinek gainditu gabe duten ikasgai nagusia da erabiltzaileek egiazki erabilitako denboraren arabera kobratzea da, edo behintzat egondako ordu laurdeneko kontatuta: gaur egun hori CONSUMER EROSKIk aztertutakoetatik %23k baino ez dute egiten. Positiboena da erabiltzaileari eskainitako informazioa, bereziki instalazioen seinaleztapena. Okerrena, atal horretan, erreklamazio orriak daudela jakinarazteko edo sua gertatuz gero zer egin adierazteko txartel edo panelik ez egotea. Zuzendu beharreko beste alderdi garrantzitsu bat (hamar aparkalekutik lauk suspenditzen dute), instalazioetan sartzeko bideak eta aulki gurpildunetan mugitzen diren erabiltzaileentzako egokitzapenak dira oro har (sarbideak, aparkatzeko plaza bereziak eta komunak). Nabarmentzekoa da baita ere, parkinen %36k segurtasunean eta zaintzan suspenditzen dutela (ez dagoelako zaintzailerik, eta ebakuatzeko planorik ez dagoelako, ez oinezkoentzako zebrabide eta espaloirik), eta antzeko proportzio batek garbitasunean eta mantentzean ez duela “nahikoa” lortzen: batzuek berrikuntzak eta oinarrizko zainketak behar dituzte, hala nola pintura esku bat; beste batzuek negargarri zituzten komunak, eta beste batzuetan lurreko seinaleak ikusi ere ez ziren egiten. Datu horiek guztiek beste maila bateko ondorio batera garamatzate: Espainiako parkin gehienek erabiltzaileentzat oso kaltegarria den kobrantza sistema erabiltzen dute baina, are gehiago, horietako askok oso zerbitzu eskasa eskaintzen dute.

Behintzat, eskuarki erabiltzen dutenak kontsolatu egingo lirateke aparkalekuen zerbitzua merkea balitz. Baina ezta hori ere: hirien artean oso alde handiak dauden arren (Valentzian batez besteko tarifa 1,6 euro, eta Gasteiz eta Murtzian 0,8 euro da), eta berdin hiri bakoitzeko parkinen artean (Madrilen, 3,6 eurotik 0,9 eurora doa ordua), Espainiako hiri batean automobila aparkatzeak batez beste orduko 1,43 euro ordaindu beharra esan nahi du, alegia, hiru ordu eta minutu batzuk uzten baduzu aparkatuta (adibidez, erosketak egiteko edo zinemara joateko, eta kasurik gehienetan 4 ordu kobratuko dizute), batez beste ordaindu beharko duzuna ia 6 euro izango da, hau da, antzinako 1.000 pezeta.

Seinaleak eta erabiltzailearen informazioa

Zer informazio ematen digute parkinek ordutegi eta zerbitzuei buruz? Erabiltzaileari gehien interesatzen zaion informazioa txartelen bidez erakusten dute? Sarrera, Irteera eta ordaintzeko kutxak eta komunak garbi seinalizatuta daude? Parkineko plazek zenbakia dute ibilgailuak errazago aurkitzeko?

Irekitzeko eta ixteko ordutegia: 10 parkinetik 7k informatzen dute ordutegiaz. Onenak, Bartzelonakoak: bisitatu ziren guztiek txartelak zituzten kanpoan eta barruan ordutegia jakinarazteko, eta/edo txartelean bertan ere. Parkinen %55ek ordutegia 24 ordukoa dela adierazten dute, eta %15ek itxi egiten dira gauez.

Irekitzeko egunak: 10 aparkalekutik ia 9 ez da urtean egun bakar bat ere ixten.

Erreklamazio orriak: 10etik 6k ez du horri buruzko informazio garbirik. Okerrenak, Zaragozakoak (bertan aztertutako 12etatik 1ek bakarrik zeukan orririk) eta Madril, Bartzelona eta Iruñekoak (10etik 8tan ez zuten horren berri ematen).

Oinezkoentzako seinaleak: gehienetan (10etik ia 9tan) ongi adierazitako daude oinezkoentzako irteerak, eta ibilgailuen irteeretatik bereizten dituzte. Onenak, Zaragoza, Valentzia, Iruñea eta Malaga. Txarrenak Bartzelona eta Gasteiz eta Bilbo (aztertutakoen %25etan ez dago seinalerik edo ez da nahikoa).

Erabiltzaileak gidatzeko sistema teknologikoak: %7k baino ez dute sistema gidaturik libre dauden plazak erakusteko sentsoreen, okupazioko argi txartelen edo informazio panel aldagarrien bidez. Aparkaleku horiek aurkitu ziren Bartzelonan (4 parkin), Valentzian (2), eta bana Iruñea, Zaragoza, Gasteiz, Bilbo eta Madrilen.

Ostutako objektuei buruzko informazio txartelak: parkinen %51ek ez dute ohartarazten ez dutela erantzuten ibilgailuen barruan utzitako objektuen inguruan.

Larrialdiak: bakarrik %53k informatzen dute garbi aparkalekuaren barruan larrialdia edo sua gertatuz gero zer egin behar den. Onenak, Murtziakoak (%93 ohartarazten du larrialdi egoera egin behar denaz) eta Iruñekoak (lautik hiruk ematen dituzte jarraibideak). Txarrenak, Madrilekoak (hamarretik zazpik ez dute gaiari buruz ezer azaltzen) eta Bilbo eta Donostiakoak (berdin hirutik bitan).

Aparkatzeko plaza zenbakidunak: aparkalekuetatik %56k bakarrik dituzte plazak garbi zenbakituta (batzuetan zenbakiak gastatuta daude eta ez zaie antzematen). Onenak izan ziren Donostian: hamarretik bederatzik ongi zenbakituta dituzte plazak. Txarrenak, Malagakoak: lautik hiruk ez dituzte zenbakituta.

“Libre” eta “Beteta” txartelak: parkinetatik %8tan ez zuten informaziorik ematen libre dauden plazei buruz, ez kanpoan, ez barruan. Okerrenak, Malagakoak: lautik batean ez zegoen informazio praktiko hori ematen zuen txartelik.

Mantentzea eta garbitasuna

/imgs/20050201/tema-de-portada.03.jpg
Aparkalekuak garbi daude? Ibiltzeko markak bereizten dira? Komunak garbiak eskaintzen dituzte? Kontserbazio egoera onean daude edo erreformak behar dituzte?

Ibiltzeko markak: aparkalekuen erdiek baino ez dituzte lurrean margotutako markak egoera onean. Onenak izan ziren Valentzia, Malaga eta Gasteizkoak. Txarrenak Donostia, Madril eta Bilbokoak.

Seinaleak horma, konketa, igogailu eta abarretan: hamar aparkalekutik zazpitan baino gehiagotan mantentze egoera onean daude, matxurarik gabe, herdoil, pintada, erorketa eta abar gabe. Onenak, Iruñea eta Murtziakoak (bisitatutako guztiak, ongi). Okerrenak Madril eta Zaragozakoak.

Komunak: parkinen %18k ez dute horrelakorik. Ikusitako aparkalekurik onenak komunei dagokienez Malaga, Iruñea, Almeria, Valentzia eta Murtzian zeuden. Txarrenak Coruñan (hirutik bitan ez zegoen komunik), Zaragoza (%42) eta Bartzelona (%29). Egoerari dagokionez, parkinen %16tan egoera higieniko negargarrian zeuden, usain nazkagarriarekin, zikinak eta abar. Komunik onenak Malagako parkinetan ikusi ziren. Txarrenak edo zikinenak, Madril, Bartzelona eta Almerian.

Lurraren garbitasuna: aparkalekuen %14tan instalazioetako zorua gaizki kontserbatuta eta zikin zegoen, zulo, itogin eta zikinkeriarekin. Txarrenak Bilbo, Bartzelona eta Madrilekoak ziren.

Kontserbazio egoera: parkinen %14k instalazioak zaharberritzea behar dute. Onenak horri dagokionez Malaga, Almeria, Iruñea eta Santanderkoak izan ziren. Eta txarrenak Bilbo eta Gasteizkoak.

Irisgarri- tasuna eta minusbaliatuentzako egokitasuna

Komunak egokituta: 10 aparkalekutik bakarrik hiruk dituzte komunak aulki gurpildunen erabiltzaileentzat prestatuta. Onenak Malagan: hirutik bik dituzte komun egokituak. Txarrenak Donostian eta Almerian.

Aparkaleku erreserbatuak: parkinen %56k bakarrik dituzte minusbaliatuentzako plaza esklusiboak. Onenak, Valentziakok (%86k eskaintzen du horrelakorik), Madril eta Iruñekoak. Okerrenak Donostia, Coruña eta Zaragozakoak.

Minusbaliatuentzako plazen kokapen eta neurri egokiak: oinezkoentzako irteeratik gertu egon behar lukete, zabalak izan, aparkatzeko maniobretan laguntzeko, eta lehenengo solairuan egon. Plaza erreserbatuak dituztenetatik ia %98k betetzen dituzte baldintza horiek. Txarrenak Almeriakoak izan ziren (hiru parkinetik batek huts egina zuen). Maniobragarritasuna: aparkalekuen %23tan zailtasunak aurkitu ziren zirkulatzeko eta aparkatzeko plazetara iristeko (barruko kale estuak, zutabe desegokiak…). Txarrenak izan ziren Zaragozakoak: erdietan zaila zen maniobrak egitea.

Igogailuak: aztertutako parkinetatik %43k ez du igogailurik, eta horrek eragotzi egiten du pertsona minusbaliatuak sartzea edo irtetea. Alderdi horretan onenak izan ziren Valentzia, Murtzia eta Bilbo. Eta txarrenak Coruña, Santander, Almeria eta Gasteiz. Aparkalekuen %3k bazuten igogailua, baina ez zeuden martxan.

Segurtasuna eta zaintza aparkalekuan

Argitasuna: aparkalekuen %88 ongi argiztatuta zeuden eta behar beste argi eta ikusgarritasuna eskaintzen dute eskailera, arranpa, aparkatzeko plaza eta abarretan.

Bideozaintzako kamerak: lau aparkalekutik ia hiruk bideozaintzako kamerak dituzte beren instalazioetan, baina batzuetan kamera horiek bakarrik ordaindutako eremuetan zeuden. Segurtasunezko ekipamenduetan okerren hornituta zeuden parkinak Coruña eta Zaragozakoak izan ziren.

Segurtasunerako langileak: aparkalekuen %37tan bakarrik aurkitu zen horrelakorik. Onenak: Malagakoak, lautik hirutan ikusi baitzen segurtasunerako langilerik. Okerrenak alderdi honetan: Santander, Gasteiz eta Zaragoza (bakarrik %17tan aurkitu zen segurtasunerako langilerik).

Su itzalgailuak: parkinen %95etan. Iruñea, Zaragoza, Bartzelona eta Madrilgo aparkalekuetan ikusi zen itzalgailu gutxien: bisitatuen %25-%27tan.

Ke detektagailuak: lur gainekoak ez diren aparkalekuen %78tan ikusi zen. Onenak Santander, Iruñea, Malaga, Madril eta Almerian. Txarrenak Zaragoza eta Murtzian.

Oinezkoentzako pasabideak: bisitatutako parkinetatik bakarrik %23k zituzten oinezkoentzako pasabideak ongi margotuta eta mugatuta. Alderdi honetan onenak izan ziren Malaga eta Iruñekoak. Eta txarrenak Gasteiz, Bilbo, Bartzelona eta Santanderkoak.

Parkineko tarifak eta zerbitzuak

Ordainagiririk ematen al dute? Kasuen %70etan ordainagiria makinak eman zuen, eta gainerako kasuetan kontroleko langileek (leihatilan). Eskuz emandakoetatik, hamarretik zortzik ez dituzte oinarrizko baldintzak betetzen (datuak falta dira, esaterako, ibilgailuaren sarrera eta irteera ordua, data, zigilua; batzuetan ez da ezta parkinaren izena ere agertzen). Gainera, leihatilan ordaindu zen parkinetakoren batean behin eta berriro eskatu behar izan zen ordainagiria, langileak ez zuelako eman nahi. Eta inprimakiei dagokienez, agiri automatikoen %14tan gabeziak detektatu ziren, gehienak dokumentua gaizki inprimatuta zegoelako edo orduari buruzko informaziorik ematen ez zelako. Ordainagiriari dagokionez ondoen funtzionatzen duten parkinak izan ziren Malagakoak eta Donostiakoak. Eta txarrenak Almeria, Santander eta Coruñakoak.

Kobrantza orduka edo denbora tarteka: aparkalekuetatik %48k orduka edo frakzioka kobratzen dute, eta %29k ordu erdika edo frakzioka; %12tan ordu laurdena edo frakzioa hartzen dute kontuan, eta bakarrik %10ek fakturatzen dute aparkatuta egondako minutuen arabera. Atal honetan dira Murtziako parkinak: udalaren titulartasuna duten bederatzik minutuka kobratzen dute, eta Bartzelona eta Madrileko batzuek ere. Erdi bidean geratzen dira Donostiakoak, hamabost minutuko frakzioka kobratzen baitute. Txarrenak: bisitatutako gainerako hirietakoak.

Proba egin genuen: zer gertatzen da erabiltzaileak aparkalekuko txartela galdu eta aurkitzen ez badu?

CONSUMER EROSKIko teknikariek 155 aparkalekuetan utzi zuten automobila. Ondoren, parkineko langile batengana jo zuten eta inguruko kale bategatik galdetu zioten. Hogeita hamar minutu igaro eta gero, langile horri berari azaldu zioten aparkalekuko txartela galdu zutela. Parkinen %62tan esan zieten egun osokoa beste ordaindu behar zutela, nahiz eta fisikoki erabiltzaile hipotetikoa ezagutu egin zuten. Horixe gertatu zen Valentzian eta Zaragozan bisitatutako aparkaleku guztietan, Murtziako %93tan, Madrilgo %86tan eta Iruñeko %75etan. Haatik, Malagako aparkalekuetatik bakarrik %17tan eta Almeriako %29tan ordainarazi zioten CONSUMER EROSKIko teknikariari egun osoa egon balitz bezala. Gainera, bakarrik parkinen %8tan onartu zuten matrikularen kontrol bat egitea, zeinarekin, sarrera erregistroaren bideoa erabilita, ibilgailua parkinean zer ordutan sartu zen ikus zitekeen. Bestalde, bakarrik parkinen %23tan onartu zen erabiltzaileak aparkatzeko erabilitako ordu erdia baino ez ordaintzea. Malagako parkinetako langileak nabarmendu ziren ulertzeko gaitasunagatik (%83 ordu erdia kobratu zuen), eta antzeko zer edo zer esan daiteke Almeria eta Coruñakoei buruz (%57). Aparkalekuetatik %3tan isuna ordainarazi zen txartela galdu izanagatik, baina egun osoko kostua baino gutxiago.

Eta, zer dio legeak aparkalekuei buruz?

/imgs/20050201/tema-de-portada.04.jpg
2002ko azaroan jarri zen indarrean 40/2002 Legea, bide publikoan araututako aparkamenduari ez dagokiona (ORA, TAO, urdingunea…), ezta beste instalazioetako parkinei (merkataritza guneak, hotelak, aireportuak, jatetxeak) ezta doanekoei ere.

Legezkoa al da orduka edo frakzioka kobratzea, erabilitako denbora errealaren arabera beharrean?

Bai. Legeak dio jabeak tarifak libre ezarri ahal izango dituela. Lautik hiruk orduka edo frakzioka kobratzen dute. Kontsumitzaileen elkarteek eskatzen dute kobrantza “aparkatuta egondako denbora egiazkoaren arabera egin dadin, minututan neurtuta”.

Zer gertatzen da parkin batean utzitako ibilgailua lapurtzen badute?

Enpresariak bakarrik ordaindu behar ditu ibilgailuak funtziona dezan modu finko eta banaezinean gehitu zaizkion zatiak, ohikoak eta arruntak direnak: gurpil bat jarri egin beharko da, baina sakelako telefono bat edo irratikasete eramangarri bat ez, berez ez direlako autoarenak. Beste horrenbeste gertatzen da ekipajearekin edo autoan gordetako beste edozein objekturekin. Aurretiaz parkineko kontsignan gorde direnak baino ez dira ordainduko. Parkinen %90ek ez dute kontsigna zerbitzurik.

Eta, parkineko txartela galduz gero?

Erabiltzaileak egiaztatu egin beharko du ibilgailuari buruz eskubidea duela, eta egoera horretarako ezarritako tarifa ordaindu beharko du. Aparkalekuen %62tan parkina egun osoa erabili balitz bezala kobratzen dute. Kontsumitzaileen elkarteek eskatzen dute sarrerako txartelean derrigor autoaren matrikula zenbakia ager dadin, eta parkinak bertan aparkatzen diren autoen matrikulen erregistroa eraman dezan.