Nerabeak: lege-laino artean
Adina: 16 urte. Gasteizen gazteegia izango litzateke tatuaje bat egiteko, baina adin nagusikotzat joko lukete kirurgia estetikoa egiteko, eta gurasoen baimenik gabe egin ahal izango luke. 18 urte bete ondoren bihurtzen da pertsona adin nagusiko, halaxe esaten du Kode Zibilak, eta ordu arte gurasoak izaten dira seme-alaben lege-ordezkariak, baina behin 14 urte eginda ere, independente bihurtzen dira hainbat esparrutan, eta, besteak beste, aukera dute euren datu pertsonalak Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren esku uzteko. Kode Zibilak esaten duenez, adin txikikoek ezin dute onespenik eman ondasun bat kontratatzeko, baina zenbait gaitan, baliozkotzat jotzen dira haiek sinatu dituzten kontratuak, baldin eta 16 urte baino gehiago badituzte eta berez emantzipatutzat jo balitezke. Hor ere badira salbuespenak, ordea.
Adin txikiko batek sinatutako kontratu batek noiz balio du?
Oro har, adin txikiko batek sinatzen dituen kontratu guztiek balio dute, baina gurasoek baliogabetu ditzakete. Emantzipatu gabe dauden adin txikikoek ezin dute onespenik eman kontratatzeko, baina horrek ez du esan nahi ezin dutenik kontratatu; horrek esan nahi du zenbaitetan ezin dutela egin gurasoen laguntzarik gabe.
Orduan, 16 urterekin onespena eman dezakete ebakuntza kirurgiko bat egiteko?
Berez, adin txikikoek gurasoen baimena behar izaten dute ebakuntza kirurgiko bat egiteko, baina Gaixoaren Autonomiari buruzko Legeak esaten du, pertsonak behin 16 urte eginda, eta behar bezain heldua dela egiaztatzen bada, gurasoen baimenik gabe ere egin dezakeela. Halakoetan, gurasoak jakinaren gainean jarri ohi dituzte, eta ebakuntzak arrisku larrian jar badezake gaztearen osasuna, haien iritzia ere aintzat hartzen dute.
gurasoek adin txikikoek egindako
kontratuak edo zenbait erosketa
baliogabe ditzazkete
Hala ere, Kirurgia Plastiko Konpontzaile eta Estetikoko Espainiako Elkartearen iritziz (SECPRE), ez da komeni ebakuntzarik egitea pertsona hazteko eta garatzeko garaian dagoenean. Eta kirurgialarien esanetan, gehienek uko egiten diote halakoak egiteari. Horrez gain, 18 urtez azpikoek ez dute gaitasunik finantzaketa-kontraturik egiteko, eta zorpetzeko erantzukizunik ez daukatenez, nekez jo ahal izaten dute aurrera gurasoen onespenik eta dirurik gabe.
Nerabeen artean erruz igo dira kirurgia estetikoa egiteko eskariak, eta hori ikusita, zenbait autonomia erkidego gai hori arautzeko urratsak egiten hasi dira. Andaluziako Autonomia Erkidegoan, esaterako, azterketa psikologikoa eginarazten diete ebakuntza egin nahi duten nerabeei, aski helduta dauden edo ez ikusteko.
Tatuajeen gaia ere arautua dago?
Autonomia erkidego batzuetan bai eta besteetan ez. Euskal Autonomia Erkidegoan, adin txikikoek edo ezintasunen bat daukatenek euren lege-ordezkariaren baimena aurkeztu behar dute, bestela ez baitiete egingo. Dokumentu hori tatuatzailearen aurrean sinatu behar dute, eta zaindariaren NAren kopia bat ere utzi behar da.
Kantabrian, 2006. urteaz geroztik, aski heldutasun daukaten adin txikikoek onespen informatua izeneko dokumentua sina dezakete. Aski heldutasun baduela egiaztatzeko, hala ere, gurasoetako batek edo zaindariak sinatutako dokumentu bat aurkeztu behar da. Heldutasun hori ez daukaten adin txikikoetan, gurasoetako batek edo zaindariak sinatu beharko du onespen informatua. Murtzian, adin txikikoak heldu batek lagunduta joan behar du, eta haren ordezkariak baimena sinatu behar du (berdin gertatzen da Nafarroan, Galizian eta Balear uharteetan).
Adin txikiko batek kontrata dezake esku telefono bat?
Gurasoetako batek edo zaindariak sinatu behar du kontratua. Dena dela, adin txikikoak kontratua sinatzen badu, baliozkotzat jotzen da berez, nahiz eta gurasoek eskubidea duten baliogabetzeko, salbu eta nerabea adin nagusiko egiten ez bada tarte horretan. Telefono operadoreek ziurtatu behar dute bezeroek 18 urte eginak dituztela eta, zalantza edukiz gero, NA eskatu behar diete.
Saltzaileak, derrigorrean, egiaztatu egin behar du ondasun eta zerbitzuak eskuratu nahi dituzten pertsonek behar adinako gaitasuna dutela horiekin jarduteko, eta ez dute onartu behar adin txikikoak egin daitezen horien jabe. Santa Cruz de Tenerifeko Probintzia Auzitegiak, esaterako, baliogabe utzi zuen motor baten salerosketa kontratua, bezeroa adin txikikoa zelako (2007ko martxaren 30ekoa da epaia).
Badago irizpide bakar eta argi bat?
Bereizi egin behar dira erosketa mota batzuk eta besteak. Adin txikikoek ezin dute erosi tabakorik, eta legeak esaten du egiaztatu egin behar dela bezeroak zer adin duen. Beste zenbaitetan, kontua ez dago hain argi. Arropa erosi ahal izango lukete, baina gurasoek baliogabetu egin dezakete era horretako erosketa bat.
Akademia edo ikastaro batean izena eman lezake adin txikiko batek?
Bai, baina kontratua gurasoek sinatu behar dute. Ikastaro bat kontratatzeari buruzko epaia eman zuen 2007ko ekainaren 8an Madrilgo Probintzia Auzitegiak; kontraturik ez zegoela esan zuen auzitegiak (beraz, ezin baliogabetu), ikaslea adin txikikoa zelako eta amaren onespenik ez zuelako. Ikastaroaren lehen kuotak ordainduta zeuden, baina auzitegiaren iritziz, hortik ezin zen ondorioztatu amak onespena eman ziola. Epai horren arabera, gurasoen sinadurarik gabe ezin da kontraturik sortu.
Kontratua baliogabetzen ez bada eta adin txikikoak 18 urte betetzen baditu, kontratua baliozko jotzen da?
Kontratua baliogabetu nahi bada, gurasoek edo zaindariak saltokiari edo zerbitzu-emaileari jakinarazi behar dizkiote kontratuaren xehetasunak eta haiekin adostu behar dute kontratua nola baliogabetu, eta auzitara ere jo beharko lukete, beharrezko balitz. Halakorik egiten ez bada eta adin txikikoak ere ez badu baliogabetzen adin nagusiko egiten denean, eta ordaindu beharrekoak ordaintzen baditu, baliozkotu egiten du kontratua.
Espainiako Auzitegi Gorenak halaxe erabaki zuen 2000. urteko urtarrilaren 21ean: aski zentzu badaukan adin txikiko baten onespena, etorkizuneko onespena da, zeren adin nagusiko egiten denean, baiezko hori berretsi ahal izango baitu eta bere garaian emandako onespena zuritu. Horixe gertatu zen adin txikiko batek etxetik erosketa bat egin zuenean: 18 urte bete zituenean, zati bat ordaindu zuen. Kode Zibilean ageri den onespen-mekanismoa erabili zuen, eta salerosketa baliozkotu zuen.
Zer behar da adin txikiko baten pisua saltzeko edo adin txikiko bat eta heldu bat jabe dituen pisua saltzeko?
Kontratu mota horiek beste arau batzuk izaten dituzte. Adin txikiko baten guraso batzuek ondasun higiezin bat saldu ahal izateko haren izenean, Kode Zibilak dio epailearen baimena beharrezko dela, Fiskaltzaren entzunaldiarekin.
Kode Zibilaren 166 artikuluak zera esaten du: gurasoek adin txikikoen ondasunak besterentzen badituzte epailearen oniritzirik gabe, gertatu gabekotzat joko dira eta baliogabeak izango dira Eskubide osoz. Jurisprudentziak dioenez, adin txikikoen ondasunak emateko ekintzetatik sortzen diren negozio juridikoetan, aurrez epailearen baimenik jaso ez badute, egintzat ematen da kontratatzaileek baimenik eduki gabe jokatu dutela.
- Zerbitzu-emaileari edo saltokiari jakinarazi behar zaio baliogabetu egin nahi dugula adin txikikoak gurasoen edo zaindariaren baimenik gabe sinatu duen kontratua, ordaindutakoa itzul diezagutela nahi dugula eta erositakoa itzuliko dugula.
- Kontsumitzailea Informatzeko Udal Bulegora joan eta erreklamazio bat egin; horrez gain, bitartekari lana egin dezala eskatuko genuke, kontratua baliogabetzen lagun diezagun.
- Akordiorik lortu ezean, abokatu batengana edo kontsumitzaile elkarte batera jo dezakegu, eta auzitara joateko aukera aztertu. 900 euro baino gutxiago balio duten kontratuetan, ez da beharrezko ez abokatu bat hartzea ez prokuradorea.