Udal Administrazioa Sarean: informazioa lortzeko ondo, beste urratsik egiteko, eskas
Hiritar guztiok egiten dugu, nahi baino sarriago egin ere: udaletxera urbildu, ilaran egon, falta zitzaigun dokumenturen batekin itzuli, berriz joan datuak gaizki eman eta zuzendu behar genituelako eta antzekoak. Nekagarria, beti ere. Konponbidea Interneten legoke. Baina, momentuz, paper kontuak sarean konpontzea paperean da teoria polita, errealitatean ez hain erraza. Udal Administrazioak sarean informazioa eskaintzen du, bai, baina eginbeharra egiteko ez da nahikoa izaten Internetera jotzearekin. Hala esan lezake CONSUMER EROSKI-k 18 udalerrietako webguneen diseinua eta irisgarritasuna aztertu eta erabilera probak egin ondoren. Nota ‘onargarria’ baino ez dute lortzen gehienek eta askotan udal errolda agiria emateaz gain, ezer gutxitarako balio dute. Ohikoa da, baita ere, udaletxeari buruzko informazio instituzionala aurkitzea, beste ezeren gainetik.
A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Kordoba, Granada, Logroño, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Iruñea, Donostia, Sevilla, Valentzia, Valladolid, Gasteiz eta Zaragozan egin dugu gure azterketa. Gure aldizkariko adituek urriaren hasieran 360 eskakizun desberdin egin zituzten aipatutako Udalen webguneetan. Honakoak izan ziren bideratu nahi izan zituzten eskakizunak:
- Errolda agiria lortzea
- Kultur jardueraren baten izena ematea
- Norberak erabiltzeko kirol instalazioren baten erreserba egitea
- Garraio publikoa erabiltzeko karneta egitea
- Udaletxean eginbeharren bat konpontzeko zita eska-tzea
- Trafiko isunik ote dugun begiratzea
- Etxean lanak egiteko baimena eskatzea
- Ezkontza zibilerako paperak betetzea
- Animalia arriskutsuen zerrendan gurea sartzea
- Beste edozein gorabeheraren berri ematea
Erabilera proba hori egiteko gure adituek Espainia osorako balio duen agiri digitala erabili zuten (zera da, sistema elektronikoren batean dagoen edozein erabiltzaile idenfifikatzeko agiria, dokumentu elektronikoak eta emailak sinatzeko ere balio duena). Hala ere, paper kontu errazenak egiteko ez da beharrezkoa izaten eta teknikoek ez zuten erabili behar izan. Batzuetan sobera, beraz, eta beste batzuetan nahikoa ez. Bilbon, Bar-tzelonan, Valentzian, Alacanten, Gasteiz eta Donostian agiri digitala eskatzen da baina kasu honetan Erkidego Autonomoak ematen duena (ONA edo Izenpe Euskal Autonomia Erkidegoan, Idcat Catalunyan eta Clau-ACCV Valentzian). Logroñon eta Oviedon, bestalde, ez bata, ez bestea: Udalak pasahitza eta gakoa eskatzen dizkie erabiltzaileei.
Udal Administrazio elektronikoaren gabezia bakarra azpimarratzekotan, ostera, zera litzateke, sarean egin daitezkeenak gutxi direla. Informazioa aurki daiteke, bai, baina 18 udalerri horietatik bakar baten ere ez da posible izan hamar eskakizunen gure zerrenda hori betetzea. Madrilen sei egin daitezke eta horixe da osatuena (errolda eskatu, kiroldegian erreserba egin, zita eskatu udaletxerako, multak begiratu, animalia arriskutsua udal zerrendan sartu eta gorabeheraren baten berri eman). Horrez gain, Madrileko udalak etxean lanak egin nahi dituenari edo kultur jardueraren baten izena eman nahi duenari behar diren paperak sarean eskuratzeko aukera ematen dio. Etxean bete eta gero udaletxera eraman ditzan. Informazioa osatua ematen du, gainera, Sarean egin ezin diren beste urrats administratiboak nola bideratu behar diren jakiteko. Balorazioa, beraz, ‘oso ona’.
Bestalde, Bartzelona eta Zaragozan guk egin nahi genituen hamar eginkizunak neurri baten egiteko modua izan genuen. Paperak inprimatzeko aukera eskaintzen zitzaigun eta informazio osatua. Bi baino ez ziren arren, oso-osorik Internet bidez egin zitezkeen paper-kontuak. Malaga eta Gasteizen ere egoera antzekoa da, tramite partzialak egin litezke eta informazioa eskuratu baina kasu honetan ez zaigu esaten nola lortu udaletxean zerbait konpontzeko zita.
Kordoba, Oviedo, Valladolid, Donostia eta Murtzia dira arlo honetan gehien hobetu behar duten udal Administrazioak. Gure teknikoek ezin izan zituzten egin ezta proposaturiko eginbeharren erdiak ere eta informaziorik ere ez zuten aurkitu nola egin behar ziren jakiteko, behintzat.
Interneten argitu nahi diren kontuak eginda daudenean Bartzelona, Madril, Oviedo, Iruñea eta Gasteizeko webguneek mezua erakusten diote erabiltzaileari bukatu duela esateko eta erreklamaziorik egin beharrez gero zein zenbaki eman behar duen jakin dezan.
Paper kontu ohikoenak
Guk aztertu ditugun 18 webguneek eskaintzen zuten erroldan izena emateko aukera eta gorabeheren berri ematekoa ere bai. Beste eginkizun batzuk egitea ez da hain erraza, ostera, zita eskatzea, multak begiratzea edo kirol instalazioan erreserba egitea, adibidez. Azken kasu horretan, zera esan behar da, Bilbo, Granada, Donostia eta Valladolideko udal webguneetan ezin bada halakorik egin ere, kiroldegiek badituztela horretarako aukera ematen duten webguneak.
Erabiltzaileari, ostera, ez diote hori argi esaten, norberak jakin behar. Paper kontuak argitu behar dituenak, lehen lehenik zer egin jakin behar du eta beraz, webguneetan informazio hori agertzen ote den begiratu dugu. Nora joan behar duen hiritarrak, ze dokumentu eraman, ze departamentura bideratu eskakizuna, horretarako epeak etabar. Zaragoza, Malaga, Madril, Bartzelona, Gasteiz, Sevilla eta Valentzian erraza da datu guzti horiek aurkitzea. Zaila, ostera, Oviedo, Murtzia eta Logroñon.
Askok ez dute Internet halako gauzetarako erabili nahi izaten beraien datuak sarean jartzeak beldurra ematen dietelako. Udalek bermatu egin behar dute Datuen Babeserako Legea betetzen dutela eta informazioa ongi gorde. Beharrezkoa da, beraz, erabiltzaileak Legea ezagutu dezan bertara doan esteka jartzea eta leku agerian, gainera.
izan zituzten egindako eskakizunen erdiak
konpondu, ezta neurri baten bideratu edo
informaziorik lortu
Baina ez da hori ohikoa izaten. Normalena, hori bai, beste udal-araudi batzuk aurkitzea izaten da, guk egin nahi dugun betebeharrarekin harremana dutenak (animali arriskutsuen araudia, adibidez, edo etxeko lanak egitearen ingurukoa).
Hiritarren "karpetak" eta Sarean ibiltzeko laguntza
‘Hiritarraren karpeta’, horixe da udal Administrazioek sarearen erabilera bultzatzeko duten bideetariko bat. Zer den? Ba, norbere datu guztiak batzen dituen eremu pribatua, hiritarrak berak kontsultatu eta alda dezakeena. Normalean erroldan datozen datuak jasotzen ditu (bizilekua, familia zenbatek osatzen duten eta nortzuk diren eta halakoak) eta zergekin zerikusia duten datuak ere hortxe agertzen dira (udal zergak, ordainketen helbideraketak, ogasunaren egutegia etabar). Norberak zor dituen multak ere hortxe erakusten dituzte zenbait udalerritako webguneek.
Guk aztertu ditugun webguneen erdiak dauka halako ‘hiritarraren karpeta’ (Alacant, Bartzelona, Donostia, Iruñea, Granada, Logroño, Murtzia, Oviedo eta Zaragozan ikusi dugu). Bilbo eta Gasteizeko webguneetan antzeko zerbait daukate baina Bilbon ‘Udala sarean’ deitzen diote, Malagan ‘Izen-emate telematikoa’ eta Gasteizen ‘Neure udala’. Kordobak ere antzeko izendapenak erabiltzen ditu. Beste guztiek ez daukate erabiltzaile bakoitzarentzako halako eremurik eta datu pribatuak eskatzen dituzten betebeharretarako sinadura elektronikoa eskatzen dute, agiri digitala edo NA elektronikoa. Beti ere, datuen pribatutasuna bermatzeko.
Iruñean, bestalde, ‘hiritarraren karpeta’ hau beste modu batera ulertu dute eta egon badagoen arren, informazioa emateko da, beste ezertarako baino gehiago Kultur jarduera, dirulaguntza eta bestelakoen berri emango diote eta horrez gain, eremu pribatu honetan hiritar guztiek beraien txostenak, ordainagiriak, dokumentazio irteera edo sarrerak izango dituzte. Nafar hiriburuko udalaren webguneak momentuz erabiltzaileari bere izena eta gakoa eskatzen dizkio karpeta honetara sartzeko baina laster agiri digitala exijituko zaio. Iruñeako udalaren asmoa webgunearen bidez 50 bat paper kontu egiteko aukera ematea da.
Udal bakoitzak, beraz, modu batera ulertzen du ‘hiritarren karpeta’ baina batera zein bestera zerbitzuak erraz eta arina izan beharko luke. Tamalez, ez beti. Erabiltzaileari identifikatzeko gakoa eta pasahitza eskatzen zaizkio batzuetan eta agiri digitala beste batzuetan, Espainia osorako balio duena zein Erkidego Autonomoak ematen duena. Alacant, Bartzelona, Granada, Donostia eta Zaragozan agiri digitala eskatu ziguten. Iruñea, Logroño, Murtzia eta Oviedon identifikazio gakoa eta pasahitza exijitzen dituzte. Horiek lortzeko udaletxera joan behar da eta baimena idatziz eskatu, gakoa gero etxera bidaltzen diote hiritarrari edo, hala nahi balu, udaletxean jasotzeko.
A Coruña, Madril, Malaga, Sevilla, Valentzia eta Valladolideko webguneetan ez dago eremu pribaturik. Baina zenbait kontu argitzeko beharrezkoa da agiri digitala erabiltzea, sistema elektronikoan iruzurrik ez egiteko.
Zenbatetan ez ote ditugun paper kontuak egiteko dudak izaten! Bereziki aurrean inor ez dugunean, Interneten gertatzen zaigun moduan. Horregatik da hain garrantzitsua udalek telefono zenbakiren bat ematea edo iradokizunen buzoiren bat zabalik izatea. Erabilera proba egiteaz gain, gure teknikoek udal telefonoetara deitu zuten era horretako laguntza nola ematen zen jakiteko (Granadan webguneko erabiltzaileentzako propio sortutako telefonora eta beste guztietan 010 zenbakira). Hamarretik bederatzitan, deitu eta berehala hartu ziguten telefonoa (Madrilen bi eta baita hiru aldiz ere deitu behar izan genuen) eta informazioa ematen zuten langileen tratua ona edo oso ona izan zen. Emandako informazioa edo konponbidea ere, egokia edo oso egokia izan zen ia beti (Granada eta Oviedon ezik).
Udal webguneen iradokizunetarako buzoietan ere kontsulta bana egin zuten gure teknikoek. A Coruña, Kordoba, Granada, Murtzia eta Donostian bakarrik jaso genuen erantzuna, guztietan 24 ordu bete baino lehen. Murtzia eta Kordoban erantzuna osatua zen eta eskatutako informazio guztia jaso genuen, A Coruñan erantzuna onargarria izan zen, eskasa Granadan eta oso eskasa Donostian.
Erabilera proba eta konparatzeko taula
Sarearen aukerak… zulora
Bi dira hiritarrak Administrazio elektronikoa edo e-Administrazio deitu zaionari egiten dizkioten eskaera nagusiak. Batetik, paper kontu deserosoak ilararik egin gabe eta erraz konpontzea. Bestetik, informazioa: udalerriaren mapak nahi dituzte, trafikoaren egoera kontsultatu, aparkalekuak non dauden jakin, kultur jarduerak non eta noiz egiten diren, garraio publikoa non hartu behar duten etabar. Informazio hori osatua, ongi antolatua eta argia den ere jakin nahi izan du CONSUMER EROSKI-k bere azterketa egin duenean. Horregatik, 18 webgune hauek ondo begiratu ditugu eta honako alderdi hauei erreparatu diegu: ikusentzunezko baliabideen erabilera (trafikoa erakusten duten mapak, aparkalekuen informazio eguneratua, autobus, tranbia edo metro loturei buruzkoa), soinean eramaten diren aparailuentzako erraztasunik jarri badute (eskuko telefono edo agenda elektronikoentzat) eta webguneak ematen duen informazioa ondo antolatuta dagoen, irisgarritsunari begiratzen dion eta erabilerraza ote den. Balorazioak egiteko bost galderen erantzunak hartu ditugu kontutan.
- Eginbeharra bukatu ondoren udal logotipoan sakatuta orrialdearen hasierara itzul gaitezke? Horrek nabigazioa errazten du.
- Egin nahi ditugun paper kontuak argitzeko estekak erraz aurkitzen dira? Lehen begiradan, alegia, bila ibili beharrean.
- Interesa duen informazioa argi erakusten zaigu?
- Asko kostatzen ote da hizkuntzaz aldatzea? Erkidego Autonomoan hizkuntzak bat baino gehiago direnean ezinbestekoa da hori baina baita atzerritar asko dauden lekuetan ere, Balear Uharteetan edo Valentzian, adibidez.
- Bilatzailea bera aurkitzea asko kostatzen ote da? Logikoena erraz aurkitzea litzateke.
Bost galdera horien erantzunak konparatu eta zera esan daiteke, Bartzelonako webguneak bakarrik aprobetxatzen dituela ongi Internetek ematen dizkion aukerak. Madrilekoa ere ez da txarra baina ikusentzunezko baliabideak ez ditu behar bezain ongi erabiltzen. Beste guztiak, A Coruña ezik, oso atzean geratzen dira. Adibidez, ia gehienetan dago paper konturen bat egiteko aukera baina ez erabiltzaileak arin eta erraz ikusiko duen lekuan. Segurtasunarekin, antzera. Askok ematen dute informazio osatua Datuen Babeserako Legeari buruz baina oso gutxik webgunearen segurtasun mailaren inguruko daturik. Falta ez dena, akaso sobera dagoena informazio instituzionala da, hiritarrarentzat interesik ez duena eta unean-unean udal kontuen ardura duen taldearen irudia sendotzera datorrena. Kasu gehienetan webgunearen erdia horrexek beteten du.
Azkenik, horretarako erabiltzen den sistema automatikoari esker webgune hauen irisgarritasun maila aztertu dugu. Berebiziko garrantzia du irisgarritasunak, herritar guztiek kontsultak egin ahal izango dituztela bermatzen baitu. Tamalez, hutsegiteak aurkitu ditugu, bereziki A Coruña, Granada, Logroño, Oviedo eta Valladolideko webguneetan. Gauzak ongi egiten dituzten orrialdeak ere badaude, ostera. Hortxe, adibidez, Zaragoza, Valentzia, Murtzia, Madril, Donostia, Iruñea, Bilbo eta Alacant, irisgarritasun maila egoki eta are eredugarriarekin ere.