Moldeko ogi integrala osasungarriagoa eta merkeagoa da moldeko ogi zuria baino
Moldeko ogiak aztertu ditugu, zortzi guztira: lau zuri eta beste lau integral (Bimbo, Panrico, Moldipan eta La Hornada Casera etxeetakoak). Plastikozko poltsan etorri dira guztiak, eta 295 eta 545 gramo artean eduki dituzte; xerrak, berriz, 14 eta 25 artean. Prezioan alde handia sumatu dugu batetik bestera: Moldipan etxekoan, 1,5 euro balio izan du kiloak (zuriak eta integralak), eta Bimbo etxekoan, aldiz, 5,02 euro moldeko ogi zuriak eta 3,58 euro integralak. Ogi berezien sailekoa da moldeko ogia, eta honako osagai hauek eduki ohi ditu: gari irina, ga-tza, legamia, edateko ura, gehigarriak, landare gantzak, azukrea, esnekiak eta lekadunen irina edo malta irina.
Gure azterketak eman dituen emaitzak aztertuta, honako ondorio orokor hau nabarmendu beharra dago: moldeko ogiak, elikadura-osaera onena dutenak ere, ez dira eguneroko ogia bezain osasungarriak maiz-maiz jateko. Gantz gehiago dute: % 2,7 eta 6,1 artean guk aztertu ditugunek (zaporea emateko eransten diete, mamitsutasuna eta testura); ohiko ogiak, berriz, % 1,5 baino ez dauka gantza. Gatza ere gehiago daukate: moldekoek % 1,3 daukate, batez beste, eta baten batek % 1,5etik gora ere eman du; ohiko ogiak, berriz, % 1 dauka. Eta horrez gain, hainbat gehigarri eransten dizkiete, guztiak ere arauzkoak (ohiko ogiak ez dauka horrelakorik). Kaloriatan, moldeko ogiak zertxobait gehiago ematen du (235 eta 275 kaloria artean ibili dira, ehun gramo bakoitzeko), eta ohiko ogiak, 250 kaloria. Berez, moldeko ogiak ez du kaloria asko ematen, eta gantz saturatuak ere ez; horiek sandwich-ak ematen ditu nagusiki, hau da, ogiak berak baino gehiago, ogi tartean jartzen denak; hestebeteak, patea, hirugiharra, gazta, maionesa, hanburgerra, mantekila. Moldeko ogiak duen abantaila nagusia iraupena da, eguneroko ogiak baino hobeki irauten baitu luzaroan, eta errazago jaten da.
Ohiko ogiak % 2,2 eta 3,5 artean izaten du zuntza, zein ogi mota den. Moldeko ogi zuriek, berriz, % 1,6 eta 3,9 artean eman dute, eta integralek, % 4,3 eta 6,5 artean. Gure azterketak erakutsi du, gainera, moldeko ogi integralak, osasungarriagoak izateaz gain (zuriek halako bi baino gehiago dute zuntza, kaloria gutxiago eta gantz saturatuak ere gutxiago), merkeagoak ere badirela: Panrico etxeko ogi integralaren kiloak, adibidez, 3,03 balio du, eta etxe bereko ogi zuriarenak, 4,69 euro.
Arau-hauste txiki batzuk antzeman ditugu, etiketari buruzkoak (ikus Banan-banan atala). Moldeko ogietan, alderdi bakarra dago berariaz arautua, hezetasunari dagokiona. Zuriek ez dute eduki behar % 40tik gorako hezetasuna, eta integralek, % 42koa dute muga; guk aztertu ditugun zortzi ogiek % 33 eta 38 artean eduki dute. Bestalde, zortzirek higiene eta osasun-egoera ona eduki dute eta ez diegu antzeman genetikoki eraldatutako osagairik.
Egiaztatu ahal izan dugu zenbait ekoizlek landare olio osasungarriak erabiltzen dituztela (oliba, ekilore, soja), gantz saturatu gutxiago dutenak, alegia; beste zenbait, aldiz, landare gantz merkeenen baliatzez dira, lipido-izaera hain osasungarria ez dutenez, hain zuzen (gantz saturatu asko dauzkate). Panrico etxeko ogi zuriak eta La Hornada Casera etxeko zuriak eta integralak, hiru horiek gantz saturatuak dituzte gantz guztien % 50 inguru, eta beste bost ogiak, berriz, % 20 eta 26 artean ibili dira.
Zuria edo integrala?
Bimbo zuriak % 2,7 du gantza, eta Panrico integralak, % 6,1; zurien artean, berriz, % 5era iristen dira hiru. Zun-tzari dagokionez, integralek gehiago daukate zuriek baino, baina azken horietan, batek % 1,6 besterik ez du, eta beste bat % 4ra heltzen da (Panrico). Kaloriatan, aldiz, ia ez dago alderik: mutur batean Moldipan eta La Hornada Casera etxeetako ogi zuriak geratu dira (ia 275 kaloria, ehun gramo bakoitzeko), eta bestean, Bimbo integrala (235 kaloria, ehun gramo bakoitzeko). Gatzean alde gehixeago antzeman dugu: Panrico zuriak % 1,1 eduki du (ogi freskoak adina), eta beste muturrean, Panrico integralak % 1,5 eta Moldipan zuriak, % 1,6; elikagai bat gaziegitzat jotzen da gatza % 1,5etik gora duenean.
Moldeko ogiek eman ohi dituzten elikagai funtsezkoenak karbohidratoak dira, eta horien barnean, almidoia. Guk aztertu ditugunek, batez beste, % 45 eduki dituzte karbohidratoak (zuriek, % 47; integralek, % 42), eta ohiko ogiaren parean ibili dira (% 47 eduki ohi ditu, eta horietatik % 2 azukre erantsiak). Almidoiaz gain (karbohidrato konplexua da, eta irinetatik etorri ohi da), ogi guztiek eduki dute azukrea (hidrato sinplea); ogia egiteko prozesuan eransten diote azukrea, errazago hartzitzen eta xigortzen delako. Moldeko ogiek, batez beste, % 3,6 dauzkate azukre erantsiak (zuriek gehiago integralek baino). Panrico etxeko zuriak eman du azukre gehien (% 6,1), eta La Hornada Casera etxeko integralak gutxien (% 2,4).
Kalitate-preziorik onenak eta konparatzeko taula
Kalitate-preziorik onenak
Dastatze proban, Panrico eta La Hornada Casera etxeetakoak nabarmendu dituzte kontsumitzaileek ogi zurien artean eta Moldipan gustatu zaie gutxien. Integraletan, berriz ere Moldipan gustatu zaie gutxien, eta beste hirurak parean geratu dira. Dastatze probako emaitzak eta laborategiko probetan atera direnak aintzat hartuta Bimbo integrala gailendu da kalitate-prezioetan.
Ogi zuria nahi dutenentzat, Panrico aukera ona: gantz saturatu eta azukra ugari ditu, baina zuntz asko ematen du, gatz gutxien berak eduki du eta kontsumitzaileei asko gustatu zaie.
Marka | Bimbo | Panrico | Moldipan | La Hornada Casera |
---|---|---|---|---|
Gatzagaiaren izena | Moldeko ogia | Moldeko ogia | Moldeko ogia | Moldeko ogia |
Formatua (g) | 295 | 310 | 500 | 500 |
Prezio (euro/kilo) | 5,02 | 4,69 | 1,5 | 2,7 |
Hezetasuna (%)1 | 37 | 35 | 33 | 34,5 |
Proteinak (%) | 9 | 10 | 9 | 7 |
Gantza (%) | 2,7 | 4,8 | 5 | 5,1 |
Gantz azido saturatuak (%) | 26 | 47 | 20 | 50 |
Gantz azido saturatugabeak (%) | 74 | 53 | 80 | 50 |
Karbohidratoak (%) | 47 | 44 | 48 | 50 |
Azukreak, guztira (%) | 3 | 6,1 | 4,3 | 3,8 |
Balio energetikoa (kal/100 g) | 250 | 260 | 274 | 274 |
Zuntza, guztira (%)2 | 2,4 | 3,9 | 2,3 | 1,6 |
Gatza (%) | 1,3 | 1,1 | 1,6 | 1,4 |
Esne-alergenoak | Ez dauka | Ez dauka | Ez dauka | Ez dauka |
Arrautza-alergenoak | Ez dauka | Ez dauka | Ez dauka | Ez dauka |
Dastatze proba (1etik 9ra) | 5,6 | 7,2 | 4,6 | 7 |
Marka | Bimbo (integral) | Panrico (integral) | Moldipan (integral) | La Hornada Casera (integral) |
---|---|---|---|---|
Gatzagaiaren izena | Moldeko ogi integrala | Moldeko ogi integrala | Moldeko ogi integrala | Moldeko ogi integrala |
Formatua (g) | 545 | 520 | 500 | 500 |
Prezio (euro/kilo) | 3,58 | 3,03 | 1,5 | 2,7 |
Hezetasuna (%)1 | 38 | 35,5 | 35 | 36 |
Proteinak (%) | 10 | 10 | 10 | 8 |
Gantza (%) | 3,9 | 6,1 | 4,7 | 4,7 |
Gantz azido saturatuak (%) | 23 | 24 | 20 | 47 |
Gantz azido saturatugabeak (%) | 77 | 76 | 80 | 53 |
Karbohidratoak (%) | 40 | 41 | 42 | 44 |
Azukreak, guztira (%) | 3,2 | 3,1 | 3,2 | 2,4 |
Balio energetikoa (kal/100 g) | 235 | 257 | 252 | 253 |
Zuntza, guztira (%)2 | 6,5 | 5,5 | 5,7 | 4,3 |
Gatza (%) | 1,2 | 1,5 | 1,4 | 1,2 |
Esne-alergenoak | Ez dauka | Positivo | Ez dauka | Ez dauka |
Arrautza-alergenoak | Ez dauka | Ez dauka | Ez dauka | Ez dauka |
Dastatze proba (1etik 9ra) | 6,5 | 6,7 | 5,2 | 6,2 |
1. Hezetasuna: arauak esaten du ogi zuriek, gehienez, % 40ko hezetasuna eduki dezaketela, eta integralek, % 42koa, gehienez.
2. Zuntza, guztira: zenbat zuntz disolbagarri eta disolbaezin dituen esaten du.
Banan-banan
8 moldeko ogi (4 zuri, 4 integral)
Panrico
- “Moldeko ogia”
- 310 gramoko poltsan etorri da, eta 16 xerra eduki ditu. Kiloak 4,69 euro balio du, eta garestienetakoa izan da. Hauxe da aukerarik onena moldeko ogi zuria nahi dutenentzat.
- Osagaiak: gari irina, ura, legamia, azukrea, landare gantza, gatza, baba irina, emultsionatzaileak, (E-471, E-481), ozpina, kontserbagarriak (E-282, E-200) eta egonkortzailea (E-412).
- Elikadura ikuspegitik, denetik badu: gantz guztiaren % 47 saturatua dauka (gainerakoek baino gehiago, proportzioan), eta, gainera, ez du besteek baino gantz gutxiago (produktu osoaren % 4,8). Azukre gehien ere honek eman du (% 6,1). Baditu bi ezaugarri on: ogi zurietan, honek eduki du zuntz gehien (% 3,9) eta gatz gutxien (% 1,1).
- Dastatze proban 7,2 puntu lortu ditu (honek lortu du emaitzarik onena aztertu ditugun zortzi ogietan), eta zurien artean, kontsumitzaileei gehien gustatu zaienetakoa izan da. “Zaporea” eta “mamitsutasuna” gustatu zaizkie, eta ez diote deus txarrik antzeman.
Moldipan
- “Moldeko ogia”
- 500 gramoko poltsan etorri da, eta 24 xerra eduki ditu. Kiloak 1,5 euro balio du, eta etxe bereko ogi integralarekin batera, hau izan da guztietan merkeena, alde handiz, gainera.
- Osagaiak: gari irina, ura, landare olioa, azukrea, gatza, legamia, emultsionatzaileak (E-471, E-472e eta E-482), hobetzaileak (E-300 alfa-amilasa entzimak), zekale irina, kontserbagarria (E-200, E-282), egonkortzailea (E-412), pH erregulatzailea (ozpina), eta lekadunen irina.
- Elikadura ikuspegitik erdipurdiko ogia da. Gantz gehien duenetakoa (% 5), nahiz eta, gantz saturatuen proportzioa neurtuta (gantz guztiaren % 20), gainerako guztiak baino osasungarriagoa izan. Kaloria gehien ematen duten bi ogietako bat izan da (274 kaloria, ehun gramo bakoitzeko) eta guztietan gaziena (% 1,6).
- Dastatze proban 4,6 puntu atera ditu, eta honek lortu du emaitzarik txarrena zortzi ogietan. Kontsumitzaileei hauxe gustatu zaie gutxien zurien artetik: ez diote alderdi bakar bat nabarmendu, eta, aldiz, ez zaizkie gustatu “neurria” eta “mamitsutasuna”.
Bimbo
- “Moldeko ogia”
- 295 gramoko poltsan etorri da, eta 14 xerra ekarri ditu. Kiloak 5,02 euro balio du, eta beste guztiak baino garestiagoa izan da.
- Osagaiak: gari irina, ura, legamia, azukrea, gatza, oliba olio findua (% 0,8), emultsiona-tzaileak (E-472e, E-481, E-471, E-472c), ozpina, kontserbagarria (E-282, E-200), azidotasun erregulatzailea (E-341i), herdoilaren aurkakoak (E-307, E-304), soja eta baba irina.
- Elikadura ikuspegitik, hauxe izan da onena zurien artean. Oliba olioa eduki duen bakarra izan da. Honek eman du gantz gutxien zortzi ogietan (produktu osoaren % 2,7 eduki du, eta badira % 6 eduki dutenak ere); zurien artean, hau izan da kaloria gutxienekoa (250 kal/ 100 g). Zuntza % 2,4 eduki du, eta erdi parean geratu da zurietan (gehien eduki duenak % 3,9 eman du eta gutxien eduki duenak % 1,6).
- Dastatze proban 5,6 puntu lortu ditu. “Zaporea” eta “itxura” gustatu zaizkie kontsumitzaileei, baina ez zaie iruditu oso “mamitsua”.
La Hornada Casera
- “Moldeko ogia”
- 500 gramoko poltsan etorri da, eta 18 xerra ekarri ditu. Kiloak 2,7 euro balio du, eta Moldipan etxeko ogi zuriaren ondotik, hau izan da merkeena.
- Etiketa gaizki emana du. “Moldeko ogi naturala” jartzen du, baina osagaien zerrendan gehigarriak ageri dira.
- Osagaiak: gari irina, ura, landare gantz eta olioak, azukrea, gatza, legamia, kontserbagarria (kaltzio propionatoa), lurrina, emultsiona-tzaileak (gantz azidoen mono eta diglizeridoak, Estearoil-2-sodio laktilatoa), baba irina, egonkortzailea (guar goma), ozpina, irina tratatzeko osagaia (azido askorbikoa).
- Elikadura ikuspegitik hau izan da kaskarrenetakoa. Honek eduki du gantz gehien zurien artean (% 5,1), eta gantz horren % 50 saturatua izan da, gainera (ez batere osasungarria). Honek eduki du karbohidrato gehien (% 50), eta kaloria gehientsuen ere honek eman du (274 kal/100 g). Zuntza, berriz, besteek baino gutxiago eduki du (% 1,6).
- Dastatze proban 7 puntu lortu ditu, eta bigarren geratu da alderdi horretan. Ogi zurien artean, hauxe gustatu zaie gehientsuen kontsumitzaileei. “Itxura”, “zaporea” eta “mamitsutasuna” gustatu zaizkie, eta ez diote deus txarrik antzeman.
Bimbo
- “Moldeko ogi integrala”
- 545 gramoko poltsan etorri da, eta 22 xerra ekarri ditu. Kiloak 3,58 euro balio du, eta hau izan da garestiena integralen artean; ogi guztiak aintzat hartuta, hiru garestienen artean ibili da. Hau gailendu da kalitate-prezioetan.
- Osagaiak: gari irin integrala, ura, legamia, azukrea, landare olioa, gatza, txikoria sustraiaren landare zuntz disolbagarria (% 1,2), ozpina, emultsionatzaileak (E-472e, E-471, E-481, E-472c), kontserbagarriak (E-282, E-200), baba irina, zekale irin maltatua, soja irina, azidotasun erregulatzailea (E-341i), herdoilaren aurkakoak (E-307, E-304).
- Elikadura ikuspegitik, hau izan da onena aztertu ditugun zortzien artean. Honek soilik eduki du oliba olioa. Gainerako integralek baino gantz gutxia eduki du (% 3,9), eta lipido-izaera osasungarrienetakoa (gantzen % 23 ditu saturatuak). Kaloria gutxienekoa izan da (235 kal/100 g), zuntz gehienekoa (% 6,5) eta gatz gutxien eduki duenetakoa (% 1,2).
- Dastatze proban 6,5 puntu lortu ditu, eta integralen artean, hauxe gustatu zaie gehientsuen. “Zaporea”, “itxura” eta “mamitsutasuna” gustatu zaizkie, eta ez diote deus txarrik antzeman.
Moldipan
- “Moldeko ogi integrala”
- 500 gramoko poltsan etorri da, eta 25 xerra ekarri ditu. Kiloa 1,5 euro balio du, eta etxe bereko ogi zuriarekin batera, hauxe izan da merkeena.
- Osagaiak: gari irin integrala, ura, landare olioa, legamia, azukrea, gatza, emultsiona-tzaileak (E-471, E-472E), herdoilaren aurkakoa (E-300), alfa-amilasa entzimak, kontserbagarriak (E-200 eta E- 282), pH erregulatzailea (ozpina).
- Elikadura ikuspegitik, ez du nabarmentzeko ezer, lipido izaera ez bada: gantz guztien % 20 ditu saturatuak, eta alde txikiz bada ere, hau da guztietan osasungarriena. Gatz kopuruan batez bestekoaren paretsu ibili da (% 1,4), nahiz eta zortzitik lau % 1,1 eta 1,3 artean geratu diren.
- Dastatze proban 5,2 puntu lortu ditu, eta integralen artean, hauxe gustatu zaie gutxien kontsumitzaileei. Ez dute alderdi bakar bat ere nabarmendu, eta, aldiz, ez zaizkie gustatu “neurria” eta “mamitsutasuna”.
Panrico SENZIAL
- “Moldeko ogi integrala”
- 520 gramoko poltsan etorri da, eta 22 xerra ekarri ditu. Kiloak 3,03 euro balio du.
- Etiketa gaizki emana du: “% 100 zuntz naturala” jartzen du, baina zuntza berezkoa du produktu mota honek; ezin da aditzera eman ezaugarri bereziak dituela, baldin eta antzeko produktuetan berezkoa bada ezaugarri hori.
- Osagaiak: gari irin integrala, ura, legamia, landare olioa, azukrea, gatza, malta irina, inulina (elikadura-zuntza), gari glutena, emultsionatzaileak (E-471, E-481), esne-hauts gazura, kontserbagarriak (E-200, E-282), ozpina, egonkortzailea (E-412).
- Elikadura ezaugarriei dagokienez, honek eduki du gantz gehien (% 6,1), eta gatza ere askok baino gehiago (% 1,5). Honek soilik eduki du esnea; osagaien zerrendan esaten du, eta ongi egina dago hori, elikagai horri alergia edo intolerantzia diotenek jakin dezaten.
- Dastatze proban 6,7 puntu lortu ditu, eta integralen artean, hauxe gustatu zaie gehientsuen kontsumitzaileei. “Zaporea” eta “mamitsutasuna” nabarmendu dituzte, eta ez diote deus txarrik nabarmendu.
La Hornada Casera
- “Moldeko ogi integrala”
- 500 gramoko poltsan etorri da, eta 18 xerra ekarri ditu. Kiloak 2,7 euro balio du.
Osagaiak: gari irin integrala, ura, gari zahia, landare gantz eta olioak, azukrea, gari glutena, gatza, lurrinak, legamia, emultsionatzaileak (gantz azidoen mono eta diglizeridoak, Estearoil-2-sodio laktilatoa), baba irina, kontserbatzailea (kaltzio propionatoa), ozpina, egonkortzailea (guar goma), irina tratatzeko osagaia (azido askorbikoa).
- Elikadura ikuspegitik begiratuta, nabarmendu beharra dago gantzak ez dituela batere osasungarriak (% 47 ditu saturatuak), eta integralen artean, honek eduki duela zuntz gutxien (% 4,3). Alderdi onetan, berriz, esan behar da gatz gutxien eduki duenetakoa izan dela (% 1,2), eta azukre gutxien eman duena (% 2,4).
- Dastatze proban 6,2 puntu lortu ditu, eta integralen artean, hauxe gustatu zaie gehien-tsuen. “Itxura”, “zaporea” eta “mamitsutasuna” gustatu zaizkie, eta ez diote deus txarrik antzeman.