Zeramikaren moldea eta bidea
Zeramikak esanahi unibertsala du, forma, kolore eta irudi askotarikoen gainetik. Nonahikoa eta noiznahikoa dela badakigu, kultura antzinakoen arrasto gisa agertzen zaigu, eta haiei buruz mintzatzen: herrien historia biltzen dute buztinezko ontziek, haien izaera, argia, landaredia, fauna nolakoak ziren erakusten digute, haien gustuak, ohiturak, zailtasunak eta arrakastak zertan geratu diren jakinarazten. Kateko produkzioa hasi zenean, gremioak bere burua moldatu behar izan zuen, buztinarekin egiten duen bezala, eta hortxe dago orain ere, tente. Lanbide zena artisautza bihurtu zen.
Lurrari forma emanez
Lur fina, mineralen deskonposaketatik sortzen den aluminio hidratatuaren silikatoz osatua, horixe da buztina. Ore koskorra urez busti, eta eskuztatzeko gertu dago. Sentiberatasuna eta teknika, esperientzia eta dohaina eskuz esku ibiltzen dira pieza bakoitzean, eta elkarren ondoan antzeko izan badaitezke ere, bakoitza da bat, bakarra eta bakana buztingilearentzat. Oinarekin eragiten dio tornua mugitzen duen gurpilari, eta esku hutsez eta esku hutsik eusten dio buztin formagabeari. Orea zutitzen hasiko da, eta itxuratzen.
Labeko sutan
Berotan, uzkurtu egiten da zeramika, kare biziak galdu egiten baititu azido karbonikoaren mineral karedunak. Labeko erretiluak eutsiko dio 8 orduz, 1.000 gradutara. Egosaldia amaituta, tenperatura apaldu egiten da gutxika-gutxika. Hoztu ondoren, behin betiko forma hartuko du piezak, zeramika ere sutan jartzean egiten baita iraunkor.
Ondoren bainua
Hotz, lehor eta uniforme daudela, esmaltetan murgiltzen dituzte piezak. Berniz beiraztatuarekin igurtzi, eta babes-patinarekin edertzen. Hauts berezi baten txanda dator ondotik: eztainu sulfuroa eta uretan disolbatuta dagoen urgarriren bat izaten du, eta fusio kristalkararen aberastasunak erabakiko du zenbaterainoko kalitatea eta leuntasuna izango duen estaldurak, baita zenbat iraungo duen ere.
Zurian beltz
Pintzela hartu eta oihal berezia kolore oxidoz hornitzen hasiko da artisaua. Zuzenean margotzea da aukera bat, edo agian nahiago izango du txantiloiz marraztea. Kalko papera hartu, eta hango irudiak zeramikan inprimatzea, alegia. Papera zeramika piezaren gainean jarri, eta hango marrazkiaren gainetik pasarazten da ikatz ehoz beteta dagoen oihal zati bat; paperaren poroetan barrena igaro eta marrazkia itzal bihurtzen du zeramikaren gainean. Marrazkia itzaletik argitara ateratzeko, esku onetan utzi behar da, malgu bezain irmo erabili behar baita pintzela.
Berriz labera: irazgaitz bihurtu behar da
Bigarren egosaldian, sulfuro geruza beiratzea lortzen da; horrek irazgaitz bihurtzen du, eta oxidoak betikotzen dizkio. Denbora ongi neurtu beharra dago, koloreak ez daitezen aldatu eta marrazkia ez dadin hondatu. Antzinako labeetan, ontzi berezi batzuen barrenean sartzen zituzten piezak, babesteko, beroak eta keak zuzenean ez emateko eta koloreei kalterik ez egiteko. Labe berriekin ere ongi zaindu beharra dago egoste prozesua, ustekabe txarrik gerta ez dadin. Su txar batek edo kedar kolpe batek baliorik gabe utz dezakete egunetako eta are astetako lana ere.
Koloreztatu
Urteak eta urteak iraun ditzakete koloreek gainazal zurixkaren gainean, baita mendeak ere. Marrazkiak sutan jarrita probatu dituzte lehenago, eta onik atera dira 900 graduen epeletatik, tenperatura hori behar baitu esmalte zurizko geruzak beiratzeko (egiaz hartzen du beiraren itxura). Antimonioaren horia, manganesoaren morea, kobrearen berdea eta kobaltoaren urdina, horiek dira Talaverako zeramikaren kolore bereizgarriak.