Berogailutan nola aurreztu
Norbere lurraldeko klima, etxebizitzaren tamaina, leiho mota eta kalitatea, eta isolamendu termikoa oso erabakigarriak dira berogailuaren kontsumoan. Behar diren neurriak hartzen baditugu, -bero-berotan- aurre egingo diogu negu gogorrari, poltsikoari kalte handirik eragin gabe. Horrela, harri batez bi kolpe emango ditugu: diru apur bat aurreztu eta energiaren kontsumoak ingurugiroarengan duen eragina gutxitu.
Kontrola ezazu berogailuaren tenperatura. Termostatoa 20ºCtan eduki egunez. Lo egiteko aski da 15º eta 17º arteko tenperatura. Adi: Etxeko tenperatura gradu bakar batean jaisteak %9ra arteko aurrezpena dakar energia-kontsumoan.
Ez ahaztu beirazko guneak direla berotasuna gordetzen ahulenak (beroaren galera handiena, %40, leihoetatik gertatzen da). Ahal izanez gero kristal bikoitzak ipini leihoetan; %20 aurreztuko duzu energiatan.
Ate-leihoen itxituretan juntura itsaskorrak ipini. %5 eta %10 bitartean aurreztuko duzu energiatan.
Horma eta sabaietan isolamendu termiko ona ezarri. Isolamendurik gabeko etxebizitzetan %70eraino gehi daiteke urtean berogailuaren gastua, etxibizitza familibakarretan batez ere.
Zure etxeko berogailua indibiduala bada, ipin iezaiozu termostatoa. Komeni den tenperatura iristean berez deskonektatuko da aparailua.
Ez berogailurik alferrik piztuta izan erabiltzen ez diren lokaletan.
Etxean bero larregi somatzen baduzu, ez leihorik ireki. Hobe da erradiadore batzuk itxi edo tenperatu jaistea.
Ezarri erradiadoreak leihoen azpian. Leihotik sartzen den aireak korrenteak sortzen ditu eta beroa gela guztian zehar zabaltzen laguntzen du.
Sistemarik egokiena aurkitzeko
Etxean berogailu-sistemaren bat jartzekotan bazara, kontuan izan etxearen tamaina, azalera, kokapena eta orientazioa, eta baita etxebizitzari eman behar diozun erabilera ere.
Sistema zentralak
Bero-ponpa (elektrizitatea). Udan aire egokitua eta neguan aire beroa ematen ditu. Sistema elektriko konbentzionalaren aldean %60 edo %80 aurrezten du energiatan. Klima epeletarako gomendagarria da. 200.000 eta 300.000 pezeta artean kostatzen da. Urteko gastua: 19.000 – 67.000 pezeta. Bero-metagailuak (elektrizitatea). Berokuntzako gastuak murriztu egiten ditu sistema honek, gaueko tarifa, merkeagoa, erabiltzen baitu. Leku hotzetarako eta egunez erabiltzen diren lokaletarako gomendagarria. 274.000 eta 375.000 pezeta arteko kostua. Urteko gastua: 27.000 eta 106.000 pezeta artean. Hormako gas-kaldera, erradiadoreekin (Propano gasa edo gas naturala). Oso azkar lortzen da nahi den tenperatura. 100m2tik gorako lokaletan eta klima hotzeko lekuetako etxebizitza familibakarretan gomendagarria. 400.000 eta 425.000 pezeta artean kostatzen da. Urteko gastua: 37.000 eta 58.000 pezeta artean.
Sistema modularrak
Hormako erradiadore estankoa (propano gasa). Modulu bidez jar daiteke, beharren arabera. Klima epeletarako egokia, gehien erabiltzen diren geletarako batez ere. 50.000 pezetatik aurrera. Urteko gastua: 923 pezeta botilako. Berogailu infragorria eta berogailu katalitikoa (butano eta propanozko bonbona). Ez dute instalaziorik behar. Baina berotasuna ez da uniformeki zabaltzen. 30 m2 baino gutxiagoko geletarako egokiak dira. 13.000 pezetatik aurrera. Gastua: 923 (propanoa) eta 1.049 (butanoa) pezeta/botilako. Olio-erradiadoreak eta Aire-konbektoreak (elektrizitatea). Kontsumo handia. Beste sistema batzuekin batera erabiltzeko baliagarriak dira. 7.000 pezetatik hasita. Urteko gastua: potentziaren arabera. 14,61 pezeta Kw/h.