Kirol-instalazio publikoak

Hiriburu batzuetan, askozaz kirol-azpiegitura handiagoa bestetan baino

Gure herrian, hamar hiritarretatik lauk praktikatu ohi dute kirola. Lau horietako bik, titulartasun publikoko kirol-instalazioetara jotzen du.
1 urtarrila de 1999
Img temap

Hiriburu batzuetan, askozaz kirol-azpiegitura handiagoa bestetan baino

Publikoak, hau da, kirola telebistako ikuskizun huts hitsa ez dela uste duten erabiltzaile horiek bizi diren hirietako udalek, funtsez, sustatu eta gestionatuak daudelako. Ongi egiten dute, noski, horri esker forma fisikoa mantendu eta pisua nolabait kontrola dezakegulako. Bizitzari pozez aurre egiteko egoki-egokiak diren joko- eta atseden-izpiritu hori suspertzeko ez ezik, egunerokotasun iluna hautsi eta batzuetan bideratu ezinik dugun agresibitate hori askatzeko ere balio du kirolak; beste alderdi bat, aurrekoak bezain garrantzizkoa: besteekiko komunikazioa erraztu egiten du.

Igeriketa, futbola, tenisa, gimnasia, saskibaloia, pilota, atletismoa… ariketa hauetan jende askok dihardu bere aisialdian, hiri handitik irten gabe. Horrela aritzea, ordea, ez da beti erraza, horretarako behar bezalako azpiegiturarik ez baitu hiri zenbaitek.

Hezkuntza sanitarioa, hezkuntza fisikoa eta kirola sustatuko dute botere publikoek. Era berean, aisialdiaren erabilera egokia erraztuko dute gogoratzen die espainolei hogei urte bete berri dituen Konstituzioko artikuluetako batek. CONSUMER-ek, zazpi hiriburutan erabilera publikoko nolako kirol-ekipamendua dagoen aztertu du. Lehen ondorioa: inor ezin egon daiteke harro ekipamendu oso batez, hiri guztietan udal agintariek kirol-instalazioen eskaintza zabaldu behar baitute. Esate baterako, helduentzako igerileku bakarra dago 16.000 laguneko, batez beste. Edota gimnasio bakarra zazpi hiri horietako 10.000 egoliarreko. Dena den, erakunde publikoen azpiegiturak toki batzuetan dezente handiagoak dira bestetan baino. Bestela, esan dezagun, kirola egiteko unean, toki batzuetako herritarrek (Logroño eta Burgos, adibidez) beste tokietakoek (Santander, Bilbo edo Iruñea, kasu) baino erraztasun gehiago dituzte. Jakina, klub pribatuetara jotzeko aukera dugu beti ere (era guztietakoak baitaude, elitistak, herrikoiak eta tartekoak), baina azterketa honetan titulartasun publikoko kirol-azpiegiturez bakarrik arduratu gara. Txostena aiseago uler dadin, kirol-mota bakoitzean aritzeko instalazioen kopuruak, hiri bakoitzeko biztanle-kopuruen arabera adierazi ditugu. Datuak erlatiboak dira, beraz, ez guztirakoak: bistakoa denez, Bilboko 20 igerilekuek garrantzi apalagoa dute Logroñon dauden 11ek baino, Errioxako hiriburua Euskal Herriko hiria baino hiru bider txikiagoa delako. Logroño, izan ere, gimnasio eta muskulazio-gelen (Burgosek bider zortzi), kiroldegien (Bilbok bider bost), frontoien (Bilbok baino erdiak gehiago) futbol-zelaien ekipamendurik onena duen hiria da. Errioxar hiriaren pribilegiozko egoera horrela agertu dugu, ikastetxe publikoetako instalazioak ere barne sarturik, Udalak gestionaturik, jendearentzat ateak zabalik dituztelako. Burgos da igerileku, atletismo- eta tenis-pistarik gehien dituena (Iruñea eta Bilboren bi halako, ia). Gasteizek du squash-ik gehien, igerileku, gimnasio eta muskulazio-gela, frontoi eta futbol-zelaiez ere ederki horniturik baitago. Donostia eta Bilbo dira paddle-pistaren bat (gutxi) dutenak. Santander da, azkenik, igerileku gutxien dituena ez ezik, tenis-pista, gimnasio eta muskulazio-geletan txiroena. Ez du ez paddle-, ez squash-tokirik. Futbol-zelaietan, ordea, bigarren posturik onenean agertzen da.

Kirola egitea zenbat kostatzen den.

Kirol-zentro publikoek bazkideei urteko tarifa-aukera zabala eskaintzen diete, ez erreserbarik ez altarik egitea agintzen ez duten instalazioetarako ateak zabalik izan ditzaten. Badira, hala ere, inoizkako erabiltzaileentzako tarifak: udalek finkatzen dituzte udal kiroldegietako kuotak eta prezioak hainbat faktoreren arabera aldatzen dira: erabiltzailearen adina eta hiriko erroldan izenemanik dagoen ala ez, esate baterako. Hamazortzi urtetik gorako gasteiztarrek urteko ia 15.000 pezeta ordaindu behar dituzten bitartean, adin guztietako bilbotarrek ia 14.000 besterik ez dute patrikatik aterako; Donostian, 16 urtetik gorakoek 16.000 eta Santanderkoek, 1.750 soil-soilik (kopuru honek igerilekuetako ateak zabaltzen ez dizkieten arren) Logroñotarrek 11.000 pezeta urtean eta Burgoskoek, 9.600. Iruñean ez dago abonorik: instalazioak noiznahi erabil daitezke, sasoiaren hasieran eginiko erreserbak medio, okupaturik ez dauden bitartean.

Famili abonoak dira kirol egiteko beste bideetako bat: senideen kopuruaren arabera, %25etik %80ra bitarteko deskontuak egiten dira. Burgosen, berriz, txiroago dabiltza: %5etik %20ra arte doaz deskontuak. Bilboko famili tarifa 21.000 pezeta inguru kostatzen da, hots, Logroñon baino beheraxeago. Donostian, azkenik, 29.000 pezeta ordainduko du familia kirolzaleak. Ikusten denez, alde nabarmenak daude, batetik bestera.

Beste aldetik, hiri horietako kirol-instalaziorik nagusienetako hogeita hamarren batera bisita egin ondoren, gehientsuek hainbat kirol ikasteko ikastaroak eskaintzen dituztela egiaztatu dugu, hiri batetik bestera zerrendak oso desberdinak diren arren. Bisitatu ditugun zentro guztietan botikina zegoen eta askotxok (Donostia eta Gasteizko denek) ederki hornituriko medikuntza-gela dute. Era berean, ikuskatu ditugun kirol-zentro guztietako aldageletan takillak zeuden (Logroñon, ordea, bisitatu ditugun lauetatik bakar batean), mantentze-egoera onean eta garbi. Azkenik, hainbat arazo xumerekin bada ere (mini-basketeko pista batean harriak eta aldagela askotxotan lur labaingarriak, besteak beste), erabiltzailearentzat arriskutsu izan daitekeen elementurik ez dute instalaziook.

Bisitatu ditugun instalazio gehienetara sartzeko, gurpil-aulkientzako egokituriko irispideak dituzte ezinduek, baina hirutatik batean, kirol-guneetara iristeko arrapalarik batere ez dago edo behar baino gutxiago daude. Donostian izan ezik, hiri guztietan (CONSUMERek bisitatu dituenez ari gara) zentroren batek ez zuen ezinduentzat egokituriko garbigelarik.

Hiri batzuetan, besteetan baino dezente hobeki.

Goian esan dugun bezala, hiri bakar bat ezin daiteke harro egon bere ekipamendu osoaz. Bilbon, esate baterako, futbitoan, saskibaloian, eskubaloian eta abarretan aritzeko pista gehiago antolatu behar omen dira: Logroñok baino bost bider gutxiago ditu, Errioxako hirian soberakorik ez dagoen arren. Bilbo eta Iruñean, berriz, futbol-zelai urri dago eta tenis-pisten kopurua ugaldu beharko lukete (Burgosek bi halako ditu, adibidez). Donostiak, gainera, igerilekuen eskaintza urria du (piszinez okerren hornituriko bigarren hiria da, Santanderrek bost halako baditu ere). Burgosko hutsunerik nabarmenenak gimnasio eta muskulazio-gelenak dira: Logroñon baino zortzi bider gutxiago. Konparatu ditugun zazpietatik, Kantabriakoa da kirol-instalazio publikoen ekipamendu txiroena duen hiria. Bi igerileku besterik ez du eskaintzen, eta biak ere estali gabeak. Tenis-pista, gimnasio eta muskulazio-gelen kopurua, auzoko hirien aldean, urri-urria da. Paddle-pistak Bilbok (sei) eta Donostiak (hiru) bakarrik dituzte: barkatzeko modukoa da hau, mini-tenis hori oraindik ez baitago arras hedaturik gure artean. Nekez onar daiteke, berriz, Santander, Logroño, Donostia eta Iruñean squash-pista publiko bakar bat ere ez egotea, kirol honek dozena bat urte bete baititu herri honetan.

Zein kirol ditugun gustuko eta zein aukera ditugun praktikatzeko.

CIS (Centro de Investigaciones Sociológicas) erakundeak duela bi urte eginiko ikerlan batek jakinarazi zigunez, Estatuan zaletu gehien dituzten kirolak hurrengook dira: igeriketa (kirola praktikatzen dutenen %33ak igeri egiten omen dute), txirrindularitza (%27), futbola (%21), mantentze-gimnasia (%16), saskibaloia (%14), joggina (%13) eta tenisa (%12). CONSUMERen txostenak garbi erakutsi du zazpi hirietan, batez beste, igeritoki handi bakarra dagoela (umeak plisti-plasta ibiltzekoak kanpo) 27.000 biztanleko. Gimnasio eta muskulazio-gelak ere ez dira ugariegi: bakar bat 10.000 biztanleko. Gehien daudenak kiroldegiak dira, kirol anitzetan jarduteko pistak: bat 5.000 laguneko. Instalazio publikoetan tenisean aritzea amets hutsa baino ez da, kasik: pista bakarra dago 142.000 biztanleko. Atletismoak (pista bakarra 115.000 biztanleko), squasha edo paddlea zailagoak dira oraindik, honelako ekipamenduak urriago baitituzte udalek. Pilotan aritzeko frontoiek, berriz, ez ohi dute gure paisaia osatzen laguntzen: bakarra dago 13.000 laguneko. Erabilera publikoko futbol-zelaiak, era berean, ez dira ugari: bakarra 25.000 biztanleko.

Biztanleko igerileku gehien dituen hiria ez den arren, Gasteizek ditu igeriketan aritzeko toki estali gehien: hamahiru, guztira. Bilboko hamarretan ere egin daiteke igerian nahiz, biztanle-kopurua kontuan izaki, Arabako hiriburutik dezente behera dabilen. Zerrendaren erdialdean Logroño eta Burgos daude: launa igeritokirekin. Estaliriko igerilekuetan ekipamendu eskasena dutenak Donostia eta Iruñea dira, egoerarik txarrena Santanderrek erakusten badu ere: igerileku estalirik ez. Donostiak eta Santanderrek hondartzak izateak ez du esan nahi erakundeek igerilekuak egiteari utzi behar diotenik, honelakoetan jendea urte osoan zehar ibil litekeelako. Atletismo-pistak, korrika egiteko tokirik egokien eta seguruena izan arren, nekez aurki daitezke: Santander, Logroño, Iruñea eta Gasteizek atletismo-pista publiko bana besterik ez dute; Burgos eta Donostiak, bina eta Bilbok lau.

Kirola ere, ikasgai.

Hurbilen dugun giza ingurunearen tradizioak, erosotasunak edo beste zeinahi gora-beherak eraman gaitzakete kirol bat praktikatzera, gure zaletasunek edo trebeziak beste baterantz zuzenduko gintuzkeen arren. Horixe gertatzen zaio asteburuan lagunekin futbitoan aritzen denari, nahiz eta bera liluratzen duena tenisa edo igeriketa den. Ikasteko, ordea, sekula ez da berandu: ia denetan abiatzeko ikastaroak ematen dira, baina hiri guztietan eskaintza ez da bera edo berdina. Kirol-heziketari dagokionez, Gasteiz agertzen da gailurrean: 50 espezialitate baino gehiagotan aritzeko ikastaroak eskaintzen dira bertan. Logroñoko eskaintza ere luzea da: 41 kirol-mota diferente. Gainontzeko hirietako biztanleek askoz aukera txiroagoa dute: Bilbotar eta Iruñearrek hogei bat kiroletako ikastaroak bakarrik dituzte. Burgos eta Santanderkoak urriago ibiliko dira, ikasi nahi izatekotan, 15 bat ikastaro besterik ez dutelako. Donostia ederra dator atzena, bost kirol-motatako ikastaroak eskaintzen baititu.

Aldagelak, ongi.

Bilbo, Donostia eta Iruñean bisitatu ditugun kirol-zentro gustietan eta Santanderko bi-hirutan badaude takillak aldageletan. Hauen garbitasuna eta mantentze-egoera, gainera, ona zen, batean izan ezik: La Albericia (Santander), bertakoa hobetu beharra baitago. Burgosko Centro Río Vena izenekoan ez dago halakorik. Gasteizen, takillak dituzten hiru zentroetakoak (bost bisitatu genituen) egoera onean zeuden. Egoera okerrenean Logroño dago: lauretako bakar batean (Las Norias) zeuden takillak, denak ere mantentze-egoera onean eta garbi. Aldagelen egoerak, oro har, ez zuen akats nabarmenik. Itxura onean ez zeudenak ez ziren izan sei baizik, Gasteizen bisitaturiko 14etatik eta Santanderren bisitaturiko zazpietatik.

Beste aldetik, kiroldegiak darabiltzatenentzat arriskutsu gerta daitezkeen elementu gutxi aurkitu da: Mendizorrotzako (Gasteiz) tokiren batean burdinak eta aldamioak ikusi ziren. Txurdinaga eta Artxandan (Bilbo), igerilekuak mugatzen dituzten arketak hobeki egokitu beharko lirateke. Logroñoko Varea-ko zelai polibalentean kirolean ari den bitartean saskibaloiko saskiekin tupust egin dezake, bertatik gertuegi daude eta. Aldageletako zoruari dagokiola, Bilboko kiroldegi guztietan (San Ignaziokoan izan ezik) labaingarri zeuden. Beste horrenbeste gertatzen da Mendizorrozan (Gasteiz), Paco Yoldi Igerilekuetan eta Bidebietako Kiroldegian (biak ere Donostian) eta Las Norias-en (Logroñon). Beste hari bati heltzen diogula, Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Santanderren bisitatu ditugun zentro guztietan zeuden telefono-kabinak. Enkargu edo ohar pertsonalak eman edo, areago, larrialdiko deiak egiteko unean, eskura telefono bat edukitzea ongi dago. Telefono-hornidura eskasena Logroño eta Iruñeak dute. Hiri hauetan bisitatu ditugun lau kiroldegietako bakar batean zegoen telefono-kabina. Burgosko Vena-koan ere ez zegoen kabinarik.

Iruñea, bestelakoa

Gainontzeko hiriek ez bezalako kirol-azpiegitura du Iruñeak. Bertako biztanleen %40raino dugu Iruñea zaharrean diharduten kirol-elkarte pribatuetako baten bazkide. Gainerako hirietan biztanle gehienek udal instalazioetara jo ohi dute, bi eratakoak elkarren osagarri edo elkarren lehiakide izanik ere: normalean bazkide sartzeko diru-kopuru handi bat eta urte osoko edo bestelako epe jakin bateko abonoa eskuratzeko beste bat ordaindu behar baitira kirol-instalazio eta -klub pribatuetan. Erabilera publikoko kirol-ekipamendurik txarrenetako bat da Iruñeak eskaintzen duena, baina hirian bertan dozena bat klub pribatu ditu eta hauetako askok hainbat kiroletan jarduteko kalitatezko instalazioak eskaintzen dituzte. Era berean, elkarte horietako bateko bazkide izateko kostua beste hirietan baino merkeago dute iruindarrek. Iruñeako Udalak CONSUMERi azaldu zion bezala, kirol-instalazio gehiago eraikitzeko inbertsiorik ez da egin, orain dagoen eskakizuna bertako klubek ederki asetzen dutelako. Elkarte pribatu horiekin akordioak sustatzen ditu Udalak, bere instalazioak zabal ditzaten erabilera publikokotzat izendaturiko lurrak utsiz eta bestelako neurriak hartuz. Horren truk, urte osorako nahiz udarako hainbat abono entregatzen diote klubek Udalari, honek herritarren artean bana ditzan. Hala eta guztiz, gure ustez ez dira gutxi titulartasun publikoko kirol-instalazio gehiago edukitzea nahiago luketen iruindarrak.

Bartzelona, aparteko kasua

Txostenean ageri diren datuak udal jabegokoak diren instalakuntzei buruzkoak dira. Ez dira jasotzen Generalitat, Portu Autonomo, Diputazio eta Estatuko Administrazioarenak. Bartzelonako Udalak gestioa kirol erakundeei zedituz ustiatzen ditu bere instalazioak (Udalak berak ez du instalazio bat bera ere gestionatzen). Udal instalazioen gestoreek irabazi asmorik gabeko entitate izan behar dute. Zeharkako gestio edo subkontratazio hau kontrolatzen duen organua Udaleko Kirol Kontseilua da. Udalak ez du ikastaro eskaintzarik antolatzen, baina instalazioen gestoreengan delegatuz bultzatu egiten ditu. Horrela, eskaeraren arabera antolatzen dira ikastaroak, hau da, eskaintza eskaerara egokitzeko ahalegina egiten da, instalazioak kolapsatu arte; orduan, itxaron- zerrenda egiten da. Kirol entitateei instalazioak lagatzeko, urte kopuru jakin baterako kontratua sinatzen da. Kontratu horiei urtero egiten zaie auditoria, sarrera eta gastuei buruzko txosten baten bidez. Gestoreek urteroko kanona ordaintzen dute udalaren instalaziook kudeatzearen truke. Instalazioetara sartzeko prezioak, berriz, Udalak ezarri eta onartzen ditu. Guztira 119 entitate ari dira udal instalazioen gestioa eramaten. Udalari ordaindu beharreko kanona zati finko batek eta sarreren araberako beste zati aldakor batek osatzen dute. Entitateak instalazioak hobetzeko inbertsioren bat eginez gero, kanona gutxitu egiten da. Konponketa garrantzitsuren bat egin edo instalazio gehiago eraikitzen bada, gastua Udalak ordaintzen du.

Bartzelona da mundu mailan gestio-eredu hau ezarri duen lehen hiria. Udaleko iturrietatik jakin ahal izan dugunez, hiriak gaur egun duen tamaina demografikoak ez du gomendagarri egiten kirol instalazioak Udalak berak zuzenean gestionatzea, oso konplexua litzatekeelako.

Udalarenak ez diren instalazio publikoak ere zeharkako moduak erabiliz gestionatzen dira, lagapen bidez. Dirudienez sistema horrek ondo funtzionatzen du eta instalazioak errazago amortizatzen dira.

Fitxa teknikoa
  • Gasteiz, Bilbo, Donostia, Iruñea, Logroño, Burgos eta Santanderrek duten titulartasun eta erabilera publikoko kirol-ekipamendua aztertu eta konparatu da.
  • Azaroaren 1etik hasita, CONSUMER hiri bakoitzeko Udaleko Kirol-Arearekin harremanetan jarri zen, ikerlanaren helburua azalduz eta galdategi bat igorriz. Honetan, igeriketa-toki, tenis-, squash-, paddle-pista, frontoi, futbol-zelai eta abarri buruzko datuak eskatzen dira. Instalazioetan aritzeko tarifen eta, jende guztiari, -zaharrei eta ezinduei, bereziki- eskaintzen diren ikastaroen galde ere egin genuen.
  • Beste aldetik, 1998ko azaroaren 5etik 9ra arte, erabilera publikoko hogeita hamarren bat (3-5 hiri bakoitzeko) kiroldegi bisitatu genituen. Horietako bakoitzean hurrengo alderdiak aztertu genituen: mantentze- eta garbitasun-egoera orokorra, aldagela eta takillak, elementu arriskutsuak, ezinduentzako garbigela eta irispideak, telefono-kabinak eta osasun-arretako gelako botikina. Guztira, 63 igerileku, 45 gimnasio muskulazio-gela, atletismoko 7 pista, 68 kiroldegi-pista (futbito, eskubaloi, saskibaloi, minibasket, boleibol eta badmintonekoak), 20 squash-pista, 39 frontoi, 4 paddle-pista, 68 tenis-pista, 11 futbol-zelai, 5 rugbi-zelai, 3 patin-hockeyko pista, 3 eskalada-murru, golf-zelai bat eta golfean aritzeko hiru espazio.

Kirol-ekipamendu publikoa, hiriz hiri

Logroño

  • Ekipamendua: frontoi, futbol-zelai, gimnasio eta muskulazio-geletan, hoberena. Igerilekuetan, bigarren hoberena eta tenis-pistetan, hoberenetako bat.
  • Squash- eta paddle-pistarik ez dago. Lau kirol-zentrotara eginiko bisitaldiaren emaitza: Lobeteko muskulazio-gela, zaharkitua.
  • Las Norias: pista polibalenteetako lurzorua, labain-labaina. Varea-n, saski batzuk zahar eta sarerik gabeak: hondartzako boleiboleko tokiko hondarra, gogor eta latza. Bi zentrotan ez dago osasun-gelarik. Las Norias izenekoan ez dago takillarik. Bisitatu ditugun 12 aldagelak garbi eta egoera onean daude.
  • Varea, IX Centenario del Fuero eta Lobet-n, ezinduentzako irispideen gabezia nabarmena da; hauetako bitan, gainera, ezinduentzako garbigelarik ez dago.

Burgos

  • Ekipamendua: Igerilekuetan, atletismo- eta tenis-pistetan onena. Pista polibalenteetan, hirugarren onena eta squash-pistetan, onenetakoa.
  • Gimnasio eta muskulazio-aretoetan, txarrena eta futbol-zelaietan, txarrenetakoa. Paddle-pistarik ez dago.
  • Lau kirol-zentrotara eginiko bisita: instalazoak ongi dauden arren, General Yagüe-ko saskibaloi eta minibasketeko saski batzuk okertuak daude. Río Vena izenekoak ez du osasun-gelarik eta arropa gordetzeko takillarik.
  • Bisitatu ditugun 12 aldagelak garbi eta egoera onean. Ezinduak: bisitatu ditugun zentro guztietan irispide egokituak dituzte baina bitan ez dago garbigela egokiturik.

Gasteiz

  • Ekipamendua: squash-pistetan onena eta igerileku, gimnasio eta muskulazio-gela, frontoi eta futbol-zelaietan, onenen artean. Atletismo-pistetan txarrena. Paddle-pistarik ez dago.
  • Bost kirol-zentrorako bisitaldia: horietako bitan, mantentze eta garbitasun-egoera hobetu beharko: Mendizorrotzan (instalazio batzuetan, etxegintzarako materiala) eta Gamarran (tenis- eta boleibol-pistetako sareak urratuta).
  • Ikuskaturiko 14 aldageletatik lau ez zeuden garbi. Bi kirol-zentrotako aldageletan takillarik ez. Zentro bakar batean dago osasun-gela.
  • Ezinduak: Mendizorrotzan eta Iparralde Zentro Zibikoan gurpil-aulkientzako arrapala gehiago eraiki beharko lirateke. Zentroetako bat, egokituriko garbigelarik gabe.

Donostia

  • Ekipamendua: Atletismo- eta tenis-pistetan eta frontoietan, hoberenetakoa. Baditu paddleko pistak. Igerileku gutxi eta squash-pistarik ez.
  • Lau kirol-zentrotarako bisita: mantentze eta garbitasuna, ongi denetan. Lau zentroek dituzte osasun-gela eta takillak, egoera onean eta garbiak. Ikuskaturiko 11 aldagelak, oso ongi.
  • Ezinduak: Pío Baroja izenekoan kafetegian (bakarrik) sartzeko zailtasunak. Ezinduentzat egokituriko garbigelak denek dituzte.

Bilbo

  • Ekipamendua: Atletismo-, squash- eta paddle-pistetan, hoberenetakoa baina pista polibalente eta futbol-zelaietan txarrena. Bost kirol-zentrora eginiko bisitaldia: horietako hiruretan, hutsuneak: Errekalde Kiroldegiko atletismoko zuzeneko zorua irregularra da eta zuloak daude.
  • Estaliriko tenis-pistetako zoruan, desmailak eta gora-beherak. Artxanda eta Txurdinagako igerilekuetan, hauek inguratzen dituzten plastikozko arketak bere toki zehatz-zehatzetik aterata daudenez, estrapozu egin dezake norbaitek.
  • Txurdinagako pistako zoruak gora-beherak ditu eta tenis-pistako sarea urraturik dago. Denek dute osasun-gela eta takillak. Bisitatu ditugun 15 aldagelak garbi eta egoera onean zeuden.
  • Ezinduak: hiru, gabeziekin: Deustuko Kiroldegia (sartzeko eskailerak dira lehen zailtasuna), Artxanda (eskailera eta igaroleku estu ugari, eta egokituriko garbigelarik ez) eta Txurdinaga (arrapala gehiago egin behar da).

Iruñea

  • Ekipamendua: Gimnasio eta muskulazio-geletan bigarren hoberena eta frontoietan hoberenen artekoa. Futbol-zelaietan okerrenetakoa eta tenis-pistetan, berriz, okerrena.
  • Squash- eta paddle-pistarik ez, gainera. Lau kirol-zentrorako bisitaldia: mantentze- eta garbitasun-egoera, ongi denetan.
  • Bik ez dute osasun-gelarik baina denek dituzte takillak. Ikusitako 12 aldagelak, egoera onean, garbi.
  • Ezinduak: zentro guztietarako irispide erraza. J. M. Iribarren kirol-zentroak izan ezik, denek dituzte garbigela egokituak.

Santander

  • Ekipamendua: futbol-zelai eta pista polibalenteetan bigarren onena. Igerilekuetan txarrena eta tenis-pista, gimnasio eta muskulazio-geletan, txiroenetakoa.
  • Squash- eta paddle-pistarik ez, gainera. Hiru kirol-zentrorako bisita: bitan, mantentze- eta garbitasun-egoera ona. La Albericia izenekoan, atletismo-pista berritzen ari dira eta kanpoko pista polibalente batzuetako zorua irregularra da.
  • Hiru zentroetatik bitan badaude takillak eta La Albericiakoen egoera hobetu beharko litzateke, bertako aldageletako bi bezala (birmoldatu egin behar baitira). Zentro honetan bakarrik zegoen osasun-gela.
  • Ezinduak: Belako Etekin Garaiko Zentroak eta Matalañas Golf Zelaiak ez dute ezinduentzako irispiderik eta batek ere ez du garbigela egokiturik.

Bartzelona

  • Ekipamendu: Gimnasio eta muskulazio gelatan, atletismo pistetan (batzuk zuzenak diren arren) eta squash eta paddle-pistetan, ongi. Kantxa gutxi. Gainera, kontuan izan behar da udal instalazioei buruzko datuak bakarrik eskuratu ahal izan ditugula.
  • 5 kirol-gunetara bisita: Bartzelonako 5 kirol-guneak garbi eta egoera onean zeuden ikuskapena egin zen egunean. 5 horietatik lautan arropa gordetzeko takilak daude (egoera onean). 11 aldageletatik bakarra zegoen zikin. Bost guneetatik batean ez dago osasun-zerbitzurik (Poliesportiu Municipal L´illa deituan).
  • Bartzelonan bisitatu ditugun 5 zentroek oso kokapen ona dute, baina Poliesportiu Municipal Estalió Del Nord-eko muskulazio gelan minusbaliatuen sarbidea hobetu beharko litzateke.
  • Dena dela, une honetan handitzeko lanak egiten ari dira instalazio horietan. Kirol-guneetako bakarra dago garbigela egokiturik gabe (Poliesportiu Municipal L´illa).

Castelló

  • Ekipamendua: Paddle-eko pistetan hirugarren onena, baina tenis-pista eta igerileku gutxi. Ez dago squash-pistarik. 4 kirol-gunetara bisita: Egoera orokorra ona da bisitatutako 4 guneetan (baina Castaliako Kirol Gunean muskulazioko zenbait tresna konpontzea komeniko litzateke, hondatuta baitaude: piezak falta dituzte eta ez daude behar bezala lubrifikatuta).
  • Gune guztiek dute osasun-zerbitzua. Erdietan ez dago arropa gordetzeko takillarik (Parque Polideportivo Sindical eta El Polideportivo Chencho-n), baina gainerakoan egoera ona da. 12 aldagelatatik 3 zaharkituta daude (guztiak Parque Polideportivo Sindical delakoan).
  • Orokorrean sarbide onak hiru zentrotan, baina Castellóko Parque Polideportivo Sindicalean zintarria gutxitu eta arrapalak eta sarbide egokituak eraikitzeko ahalegina egin behar lukete (gainerakoetan badituzte).

Valentzia

  • Ekipamendua: Squash-pistetan ongi. Igerileku, atletismo-pista, gimnasio eta muskulazio-gelatan txarrenetakoa. Kantxetan txarrena da.
  • 5 kirol-gunetara bisita: El Saler-eko Parque Deportivo Dehesan instalazioak birgaitu eta eguneratu beharrean daude, zaharkitu samar geratu baitira. Bisitatutako gune guztiek zuten osasun-zerbitzua.
  • Hirutan ez dago arropa gordetzeko takillarik. 6 aldageletatik bat (El Saler-eko Parque Deportivo Dehesan) garbitasun egoera onean, baina kontserbazioari dagokionez ez daude oso egoki.
  • Orokorrean sarbide onak bost zentroetarako, baina hirutan ez dago minusbaliatuentzako egokitutako komunik.

Murtzia

  • Ekipamendua: Onena da futbol zelaietan baina txarrena atletismo-pista eta frontoietan. Tenis-pistetan ere bigarren txarrena da.
  • 4 kirol-gunetara bisita: Bisitatutako 4 instalazioak garbi eta egoera onean zeuden. Zentro guztiek dituzten osasun-zerbitzuak. Guztietan daude arropa gordetzeko takillak ere, egoera onean gainera.
  • Ikusitako hamar aldagelak ere egoera onean daude kontserbazio eta garbitasunari dagokionez. Orokorrean sarbide onak lau zentroetan.
  • Kirol-gune guztietan komun egokituak dituen hiruburu bakarra da.

Alacant

  • Ekipamendua: Txarrena da gimnasio eta muskulazio-gela eta tenis-pistetan. Bigarren txarrena igerileku eta kantxatan. Eta txarrenetakoa frontoi eta futbol zelaietan.
  • Ez dago squash-pistarik, ez eta paddlekorik ere. 5 kirol-gunetara bisita: Bisitatutako 5 instalazioak garbi eta egoera onean zeuden. Bostetik hirutan ez zegoen osasun-zerbitzurik.
  • Guztietan daude arropa gordetzeko takillak, egoera onean eta garbi, Antiguo Hipódromo deituan (herdoilduta zeuden) eta Pabellón Municipal de Deportes delakoan izan ezik (zikinak zeuden).
  • Orokorrean aldagelak egoera onean. Sarbide eskasa Antiguo Hipódromo eta La Ciudad Deportiva kirol-guneetara. Gainera, hiru zentrotan ez dute komun egokiturik.

CONSUMERek bisitatu dituen kirol-instalazioak

  • Gasteiz: Gamarrako Parkea, CD Mendizorrotza, Ariznabarra, Iparralde Zentro Zibikoa eta Judizmendi Zentro Zibikoa.
  • Bilbo: San Ignacio igerilekua, Deusto igerilekua, Artxanda Kirol-Hiria, Begoña-Txurdinaga Ig. eta Errekalde-Loitzaga Ig.
  • Donostia: Paco Yoldi Ig., Pío Baroja Ig., Bidebieta Ig. eta Altza Ig.
  • Iruñea: P. J.M. Iribarren, P. Ermitagaña, P. Arrosadia eta C. D. M. Aranzadi.
  • Logroño: C. D. M. Las Norias, P. Varea, P. IX Centenario del Fuero de Logroño eta P. Lobete.
  • Burgos: CD El Plantío, CD Militar General Yagüe, CD Río Vena eta CD San Amaro.
  • Santander: CDM La Albericia, Belako CAR, Matalañas Golf-Zelaia.