Kontratuetako fede gaiztoa

Abusuzko klausulak

Erabiltzaile batek, automobila utzitako ordainduzko aparkalekura joan eta ez zuen aurkitu. Ibilgailua ez zegoen.
1 urtarrila de 1999

Abusuzko klausulak

Aparkalekuaren ardura zeukan enpresak inongo erantzukizunik bereganatu nahi ez zuenez, erabiltzaileak epaitegietara jo zuen. Bereari eutsiz, erabiltzaileari emaniko txartelean, lapurreta eta ebasketagatik inolako ardurarik ez zuela argi eta garbi agertzen zela argudiatu zuen enpresak.

Kaltea jasan zuen erabiltzailearen onuraz, klausula hark baliorik ez zuela eta automobilzaleari inongo loturarik ezartzen ez ziola xedatu zuen Bartzelonako Entzutegiak. Horrela bada, 1991ko urtarrilaren 7an emaniko epaiak, “atxikipen-kontratuan erantzukizuna zeharo salbuesteari buruzko klausula” gisa ezagutzen den hori baliogabe utzi zuen, Kontsumitzailearen eta Erabiltzailearen Defentsarako Legeari jarraiki. Lege horren idazketa berriaren arabera, 10. artikuluak xedatzen duenez, erabiltzaileak, egiten zaizkion kalteak ordain dakizkion eskubidea duenez, eskubideoi aurretiaz uko egiteari zein erantzukizuna zeharo gabetzeari buruzko klausulak baliogabeak dira. Alderdien eskubide eta betebeharren arteko bidezko orekaren eta fede onaren kontrako klausulak, abusuzkoak izatearren, baliogabeak direla xedatzen baitu Legeak. Beste alde batetik, konkrezio-, argitasun- eta soiltasun-irizpideetan oin harturik idatzi behar dira klausulak, kontratua amaitzean entregatzen ez diren dokumentuetara jo gabe; honelakoren baten aipamenik egiten bada, dena den, kontratuan agertu beharko da. Klausula baten esanahiari buruzko zalantzarik izatekotan, kontsumitzailearentzat mesedegarrien gerta daitekeena aukeratuko da. Eskubide urratuen alde jarduteko egokieran dagoen erabiltzaileak bere kabuz aritu edo kontsumitzaileen elkarte batetara jo dezake, hala egokituz gero, honek egintza kolektiboa betearaz dezan.

Epaileak kontsumitzaileari arrazoia emaniko kasu zenbait * Ondoren aipatzen ditugun kasu guztietan, kontratuetako klausulak tarteko, Justiziak kontsumitzailearen aldeko epaia eman zuen. Ez ahantzi zenbaitetan epaileen diktamenak ez diola erabiltzaileari arrazoia ematen: honelakoak aurkiko CONSUMER batean aztertuko ditugu. Hurbil gaitezen, bien bitartean, epaileek abusuzkotzat harturiko kontratu-klausuletara.

Istripu-aseguru baten kontratazioa

Erabiltzaile batek, milioi t’erdi pezetako ezintasun iraunkorreko estaldura zuen asegurua kontratatu zuen. Trafiko-istripua izan eta, ondorioz, ezintasun iraunkorra etorri zitzaion. Haren aseguru-konpainiak, aurreikusiriko milioi eta erdi hori baino gutxiago ordaindu nahi zion, kontratuko beste klausula batzuetan oin harturik. Aseguratuak, horrelako klausulak ezagunak eta onartuak ez zituela argudiatu zuen. Fede onari eta aseguratuaren aldeko interpretazioari buruzko printzipioa aplikatuz, Ourenseko Entzutegi Probintzialaren (1997ko irailaren 1eko epaia) iritziz, aseguratuaren eskubideak murrizten dituzten klausulak baliozkoak izan daitezen, nahitaezkoa da aseguratuari entregatu eta honek sinatzea; beste aldetik, klausula horiek lotesleak izango badira, bereziki nabarmenduak ageri eta berariaz onartu behar ditu aseguratuak. Asegurua Kontratatzeko Legea eta Kontsumitzailearen eta Erabiltzailearen Defentsarako Legea aplikatuz, hitzarturiko kopurua gehi ondorioen balioespen medikoak egin ziren egunetik hasita, atzerapeneko %20ko interesa aseguratuari inolako murrizketarik egin gabe ordain ziezaion kondenatu zuten konpainia.

Ezbeharra izaniko automobilaren konponketa

Ibilgailu baten jabeak aseguru-konpainiari eskatu zion istripua izaniko bere automobilaren konponketa osorik ordain zezan. Aseguruaren baldintza orokorretan oinarrituta, indemnizazioa ibilgailuaren balio benaleraino (ibilgailu erabilien merkatuko prezioa) jaitsi nahi zuen aseguratzaileak. Konpainiak argudiatzen zuen klausula batek dioenez, ezbehar batean erabateko galeratzat joko da ibilgailua, honen konponketaren aurrekontua balio benalaren %75etik gorakoa denean; horrelakoetan, beraz, balio benalaren arabera likidatuko litzateke kontua. Soriako Entzutegi Probintzialaren arabera (1997ko martxoaren 20ko epaia) klausula hori ez da loteslea, polizak aseguratua baldintza orokorretako artikulu-multzo bat irakur dezan bidaltzea ez baita bide egokia, aseguratuaren aldetik erabateko adostasuna ondorioztatzeko. Horrenbestez, Asegurua Kontratatzeko Legearen eta Kontsumitzailearen eta Erabiltzailearen Defentsarako Legearen arabera, konponketaren osoko kostua ordaintzera kondenatu zuen aseguru-konpainia.

Beste alderdiak agindutakora berariaz makurtzea

Almeriako kontsumitzaile batek banketxe batekin kreditu-txartela kontratatu zuen. Sinaturiko dokumentuaren atzealdean, nekez irakur zitekeen tamaina txiki-txikiko letraz agertzen ziren kontratuaren baldintzak: besteak beste, norbere foruari uko eginik, Kordobako auzitegien esanetara makurtzea, alderdien arteko arazoak konpondu behar izatekotan. Neurri ia mikroskopikoan idatzirik zegoen klausula horrek erabiltzaileari gastu handiak eragingo zizkiokeen, auzitan sartu ahal izateko Almeriatik Kordobaraino joan behar izango baitzuen. Kordobako Entzutegiak (1996ko ekainaren 12ko epaian) delako klausula hori baliogabetzat jo zuen, Kontsumitzailearen eta Erabiltzailearen Defentsarako Legeko 10. artikuluak xedaturiko betebeharrak ez betetzearren, hots, konkrezioa, argitasuna eta erraztasuna. Argitasun horrek ulergarritasuna ez ezik, irakurterraztasuna ere esan nahi du, hau da, erabiltzaileak begiratu batera klausula hori hor dela atzeman ahal izan dezan. Klausulak, noski, ez zituen aipatu ditugun ezaugarriak agertzen, letraren tamaina ñimiñoa medio.

Kirurgia estetikako ebakuntza

Pertsona bati kirurgia estetikako ebakuntza egin zioten sudurrean. Eragiketaren ondoren, markets batek sudurra are eta itsusiago bihurtzeaz gainera, pertsonari arnasketa eragozten zion. Profesionalak emaitzen gaineko inolako erantzukizunik bereganatuko ez zuela zioen kontratuko klausula batek. Hala eta guztiz, erabiltzaileak zirujaua auzitara eraman zuen, kalteordainen indemnizazioa eskatuz; arnasketa normalizatu eta sudurreko marketsa suntsitu ahal izateko beharrezkoak izango ziren ebakuntza kirurgiko guztiak egiteko bezainbesteko diru-kopurua ere ordain zekion eskatu zuen. Alacanteko Entzutegi Probintzialak (1997ko uztailaren 20ko epaian) demanda aintzat hartu zuen. Gainera, kirurgia estetikoko ebakuntza egin aurretik, dauden arriskuez eta gerta daitezkeen gora-beherez informazioa eman behar zaio pazienteari; bestela, honen adostasunak ez luke baliorik izango. Gure kasuan, legeaz, ordenu publikoaz edota moralaz aurkako hitzarmenei aplikatu ohi zaizkien eta erantzukizuna ezesten duten klausulak baliogabetzat jotzen ditu Kode Zibileko 1.255. artikuluak.

Kalitate urriko masterra

Halako master batean izen eman zuen ikasle batek, bertan esku hartuko zuten irakasle eta koordinatzaileen izenak agertzen zituen orritxoa irakurri ondoren. Ikastaroa hasitakoan egiaztatu zenez, orritxoan adierazitako irakasleen erdiek baino gehiagok ez zuten masterrean parte hartzen. Beraz, irakaskuntzaren kalitate eskasa frogaturik, eskoletara joateari utzi eta ikasketen kostua itzul zekion eskatu zuen. Ikastetxeak uko egin zion dirurik bueltatzeari, izen-emateko kontratuko klausula batek, aurrez adierazi edo agindutako irakasleak aldatzeko eskubidea aitortzen ziolako. Malagako Entzutegi Probintzialaren ikuspegitik (1994ko ekainaren 17an emaniko epaian) kontratu hura atxikipenekoa zen eta, hortaz, abusuzko klausulak baliogabeak ziren. Horrez gainera, ikastetxeak publizitatean eskainitakoa bete ez zuenez, bidezkoa zen kontratua deuseztea; azkenik, ikasleari aitortu zion ordainduriko diru-kopurua berriro eskuratzeko eskubidea.

Etxebizitzaren eskrituretako abusuzko klausula

Etxebizitzaren salerosketako kontratua eskrituratu zuen kontsumitzaile batek. Kontratuko klausula batek xedatzen zuenez, obra berria ordaindu eta eraikuntza finantzatzeko sustatzaile-saltzailearekin hitzarturiko hipoteka-kredituaren kitapen-gastuak erabiltzaileen konturakoak izango ziren. Horrelako gastuak ordaintzerik nahi ez zuenez, kontua auzitara eraman zuen. Eskrituren arabera, ordainketa kontsumitzaileak egin beharko zuen, baina klausula hori baliogabetu zuen Valentziako Entzutegi Probintzialak (1993ko uztailaren 1eko epaian), sustatzaileari dagozkion eta titulu horren ondoriozkoak diren gastuak -obra berria, jabetza horizontala, hipotekak eta hauen kitapena, alegia- erostunaren konturakoak direla dioen agindua Legeak lehen eskuko salmentetatik salbuetsi egiten duelako.

Ekipajea galtzea

Bidaiari batek garraio-txartel bat erosi zuen: honek, prezioa ordaindutakoan, hainbat kilotako karga dohainik eramateko eskubidea aitortzen zion. Garraiolariak ekipajea galdu bazuen ere, galeraren erantzukizunik ez zuen bereganatu nahi izan: dohainik garraiatzen zuen ekipajearen kalteez edo galeraz enpresak inongo ardurarik ez zuela bereganatzen zioen txartelean agertzen zen klausula baten indarrez. Kordobako Entzutegi Probintzialak (1990eko azaroaren 22ko epaian) garraiolaria kondenatu zuen, ekipajearen galeraren ondorioz bidaiariak jasaniko kalteez erantzun zezan, erantzukizuna ezesten duen klausula hori erabat baliogabea baita, Espainiako Konstituzioko 51.1 artikuluaren, Kode Zibileko 6.3 artikuluaren eta Kontsumitzailearen Defentsarako Lege Orokorreko 10. artikuluaren kontrakoa baita.

Abusuzko klausulak: zein eta nolakoak diren
  • Eskaintza bat onartu edo ezesteko nahiz prestazioa egiteko, profesionalari bidegabeko epea -laburregi zein luzeegia- aitortzen dioten klausulak.
  • Kontsumitzailea aurka agertzen ez bada, iraupen jakineko kontratuaren luzapen automatikoa xedatzen duena, kontratua ez berriztatzeko asmoa benetan adieraztea eragozten dion mugako data finkatuz.
  • Zehazturiko arrazoi baliozkoak izan gabe, bere kabuz kontratua interpretatu edo aldatzeko ahalmena profesionalari aitortzen diona.
  • Profesionalaren asmo-gogoei baldintzaturiko entrega-datak finkatzen dituena.
  • Prezioa, ondasuna edo zerbitzua entregatzeko unean zehaztea; era berean, azken prezioa aldatzeko eskuduntza, arrazoi objektiborik izateke edo, kopurua hasieran aurreikusitakoa baino askoz ere garestiago balitz, kontsumitzaileari kontratua deusezteko eskumena aitortzeke.
  • Ondasuna edo zerbitzua jasotzeari uko egitearren, kontsumitzaileak ordainduriko diru-kopuruak atxikitzea, profesionalak uko egiten badu beste horrenbestetsuko indemnizazioa ordaintzeko beharra jaso gabe.
  • Harturiko arriskuarekiko, gehiegizko bermeak ezartzea.
  • Kontratua egin aurretik, benetan ezagutzen ez zituen klausulekin ados dagoela aldarrikatzea.
  • Legez profesionalari dagozkion dokumentazio- eta tramitazio-gastuak kontsumitzaileari ordainaraztea.
  • Kontsumitzaileak eskatu ez dituen ondasun edo zerbitzu osagarriak onartzera behartzea.
  • Kontsumitzailearen legezko eskubideak bidez bestela indargabetzea edo murriztea, kontratua osorik edo zati batez bete ez delako edo profesionalak akatsez bete duelako. Ezkutuko bizioei buruzko legezko arauak aldatzen dituzten klausulak, bereziki.