Hasi da Euroranzko trantsizioa
Sistema hori onartu duten Europako hamaika herrialdeetako (Espainia barne dela) bizilagun guztiei eragin behar die euroak eta trantsizio eta egokitzapenerako aldi bat behar du diru edo moneta bakarrak.
Hasiera batean 2002ko ekainaren 30era artekoa izango da epe hori. Aurrez, 2002ko urtarrilaren 1ean, gure eguneroko bizitzan sartuko da moneta bakarra, bileteak eta txanponak eurotan erabiltzen hasten garenean. Une horretara arte ekintza ugari egingo da herritarrok eurora ohitu eta egoera berriaren aurrean kontzientzia gaitezen. Estrategia horretan sartzen da kontsumitzaile elkarte eta merkataritza, turismo, artisautza eta Enpresa Txiki eta Ertainen (PYME) elkarteen artean euroaren garapenerako lortu den Akordioa. Europar Batasunaren babesarekin, akordio horretako xedapenak enpresen ordezkariek eta kontsumitzaileen elkarteen ordezkariek negoziatu dituzte. Enpresek eta euren bezeroek eurora pasatzeko urratsa ulertzea da akordioaren helburua. Honela, moneta aldaketa erraztu egin nahi da, turismoaren sektorean batez ere. Batetik bestera iragaitea zuzen egin dadin, funtsezkoa da enpresen eta kontsumitzaileen artean elkarrenganako konfidantza giroa izatea.
Euroaren sarrerako data nagusiak
“Euro Logo” bereizgarria. Kontsumitzaileak enpresa batek arauak onartzen dituela jakin dezan, arau horiek errespetatzeko konpromisoa hartzen duten enpresak markatuko dituen bereizgarri bat sortuko da. Europa osoan erabiliko da bereizgarri hori (“Euro Logo”izenekoa), eta horren bidez desberdindu egingo dira akordioa betetzera mugatzen diren enpresak eta onarpen hutsaz gain, eurotan ordaintzea onartzen dutenak. Erakunde zentral batek emango du bereizgarria. Batzordearen gomendioz, “euroaren behatokiak” arduratuko dira bereizgarria emateaz. Horretarako berariaz sortutako erakundea da, euroaren sarrera bultzatu, trantsakzioetako zintzotasuna eta praktika profesionalen gardentasuna bultzatuko duena. Kontsumitzaileen elkarteek eta elkarte profesionalek ere egin ahal izango dituzte kontrolak eta baita hartutako konpromisoak betetzen ez dituzten enpresen kontra demandak jarri ere. “Euroaren behatokiak” “Euro Logoa” jaso duten enpresen zerrenda bat argitaratuko du gainera.
Enpresen konpromisoak.
Akordio honetara atxekitzen diren enpresek pezetatan eta eurotan adierazi beharko dituzte saltokietan jarritako eskaintza guztien prezioak, erosketa-bale edo deskontuzkoak, kaxako egiaztagiri edo faktura guztiak eta eraikinen kanpoko aldean erakusten diren informazio guztiak: erakusleiho, ostalaritzako establezimendu eta jatetxeetakoak. Prezioaren azalpen bikoitz hori publizitate-orri gehienetan, saltokietako produkturik salduenetan eta bezeroen esku jarritako tarifetan ere agertuko da. Eurotan ordaindu nahi duen kontsumitzaileak ez du gastu gehigarririk egin behar izango. Oinarrizko informazio bat ere jarriko da kontsumitzaileen eskura: ordezkapen-egutegia (txanponak eta bileteak 2002tik aurrera), bezeroa eta enpresa trantsizioko garai honetan euroa erabiltzera derrigortuta ez daudela dioen adierazpena, eta konbertsiorako eta kopuru osoa biribiltzeko tipoak eta arauak Enpresariek ahalegin berezia egin beharko dute bisualizazio bikoitza egiten, horrela prezio-aukera ahalik eta zabalena eskaintzeko eta beraz balio-eskalaren ulergarritasuna errazago egiteko. Bestalde arreta berezia jarriko da itsuentzat eta ikusmeneko arazoak dituzten bezeroentzat irakurgarritasuna errazteko eskaeretan. Enpresariak konpromisoa hartzen du halaber ahal duen neurrian indikazio bikoitzaren erritmoa areagotzeko. 2001eko uztailaren 1erako produktu edo zerbitzu gehienek indikazio bikoitza izatea jarri da helburu gisa.
Kontsumitzaileak iritzia emango du. 1999ko apirilaren 1etik aurrera enpresa batek hartutako konpromisoak ez dituela betetzen ikusiz gero, erabiltzaileek euroaren behatokietara jo ahal izango dute salaketa egiteko. Publikoarekin harremanetan dauden langileek prestakuntza berezia hartuko dute euroa ulertu eta gai horri buruzko azalpen errazak eman ahal izan ditzaten. Azkenik, ordainketa eurotan kreditu txartel bidez edo txeke bidez onartzen duten erabaki beharko dute enpresek; kasu horretan, hala dela adieraziko da bereizgarrian.
- 1998ko maiatzak 3. Austria, Belgika, Finlandia, Alemania, Frantzia, Irlanda, Italia, Luxenburgo, Herbehereak, Portugal eta Espainiak diru bakarrean parte hartuko dutela erabaki zuten Estatuburu edo Gobernuburuek. Kontseiluaren erabakiz, Wim Duisenberg izango da Europako Banku Zentralaren (BCE) Presidentea.
- 1999ko urtarrilak 1. Europako Moneta Batasunaren hirugarren fasea hasten da. Euroa eskubide osoko diru bihurtzen da.
- 1999ko urtarrilaren 1etik aurrera. Banku Zentralen Europako Sistemak (SEBC-BZES) eurotako moneta-politika bakarra ezarriko du eta eurotan egingo ditu truke-eragiketak.
- 1999ko urtarrilak 1 – 2000ko urtarrilak 1. BZESak finkatutako truke-tipoen arabera egingo du moneten aldaketa. BZESa eta botere publikoak arduratuko dira moneta bakarrerako aldaketa gainbegiratzeaz eta aldaketarako prestatzen lagunduko diete sektore-ekonomiko guztiei.
- 2002ko urtarrilak 1, beranduen dela ere. BZESak eurotako bileteak jarriko ditu zirkulazioan apurka-apurka eta herrialde bakoitzekoak erretiratu egingo ditu. Estatuek eurotako txanponak jarriko dituzte zirkulazioan eta bertakoak erretiratu.
- 2002ko uztailak 1, beranduen jota. Eurorako trantsizioaren amaiera parte hartzen duten estatu guztientzat.