Ur mineralak

Osasun iturri

Giza organismoaren osagai behinenaren propietateak mineral osaketaren arabera aldatzen dira
1 uztaila de 2005
Img alimentacion listado 307

Osasun iturri

/imgs/20050701/alimentacion01.jpg
Gure planetan eta gure organismoan ura osasun iturri da. Izan ere, geure baitan daukagun osagai ugariena bera da, gure gorputz osoaren %50-60 ura izaki. Zelularik aktiboenak -muskulu eta erraienak, adibidez- ur gehien daukatenak dira. Baina, ura ezinbesteko badu ere, gorputzak ez du bera bildu edo metatzeko ahalmenik eta, horregatik egunero pare bat litro eta erdi ur galtzen du gizakiak gernutik (1500 ml), gorozkietatik (150 ml), izerditik (350 ml) eta arnasketatik (400 ml). Beraz, egunero galdutako hori berreskuratu beharra dago, organismoa egokiro hidrataturik mantenduko badugu.

Ura (eta ura daukaten bestelako likidoak, hala nola salda, infusio, zuku eta abar) hartzea da gure gorputzak egunean galdutakoak orekatzeko modurik egokiena. Jaten ditugun elikagaiek daukaten ura irentsiz ere hidratatzen gara: barazki eta fruta gehienen edukiaren %90etik gora ura da. Jangai horiek gure dietan behar den proportzioan sartzen baditugu (egunean bost fruta eta barazki) ia litro bat ur irentsiko dugu eta, gainera, organismoak elikagaietako nutrienteak -karbohidratoak, proteinak eta gantzak- metabolizatzen (erabiltzen) dituenean 200 edo 300 mililitro ur sortzen ditu. Hortaz, ura izan edo bestelako likidoak izan, egunean litro eta erdi hartu behar dugu (6 – 8 basokada baino ez) ur galerak orekatzeko eta hidratazio maila egokiari eusteko. Edan beharreko ur kopurua handiagoa da bero dagoenean eta likido galerak handiago gertatzen direnean, hala nola ariketa bizia egitean, diarrea edota sukarra dagoenean, adibidez.

Denak ez dira berdinak

/imgs/20050701/vaso.jpg Mineral gatzak garraiatzen dituen eroalea da ura eta, hortaz, dauzkaten mineralen eta proportzioen arabera sailkatzen dira ur motak. Eduki eta kontzentrazio horiek kanpo aldera irten aurretik urak lurpean egin duen ibilbidearen arabera aldatzen dira, bertatik igarotzean hainbat mineral kopuru desberdinetan disolbatzen baititu. Berariazko propietateak dituzten ur mota zenbait sailkatu dira mineralen osaketa aintzat hartuta; horrelako urek, gure organismoa hidratatu eta garbitzeaz gainera, hezur eta hortzak mineralizatzen dizkigute, kariesaren eta gernu-infekzioaren kontrako prebentzioan laguntzen gaituzte, larruazalaren egoera hobetzen digute…

Osaketaren eta mineralizazio (mineral edukia, guztira) graduaren arabera, mineralizazio handikoak (hondakin lehorra, litroko, 1.500 mg-tik gora dabilenean), txikikoak (500 mg-ra arte) eta oso txikikoak (50 mg-ra arte) izan daitezke urak, eta denek dituzte osasunarentzat propietate mesedegarriak. Zenbaitetan ura mineral iturri oparoa izan daitekeelarik, nutriente horien irenste aholkagarria osatzen laguntzen gaitu, gabeziei saihets eginez.

Ur motak
Ur mineralak Mineral-osaketa (litroko) Onurak
Bikarbonatatu edo alkalinoak 600 mg bikarbonato Digestioa bizkortu eta bihotzerrea neutralizatzen dute
Kaltzikoak 150 mg-tik gora kaltzio Kaltzioa da giza organismoan mineralik ugariena. Uretako kaltzioa ederki aprobetxatzen du organismoak eta hezur eta hortzen mineralizazioa laguntzen dute
Magnesikoak 50 mg-tik gora magnesio Hezur eta hortzen mineralizazioa laguntzen dute eta hein batean laxante gerta daitezke
Hiposodiko edo sodikoak Hiposodikoak: 20 mg-ra arte Hiposodikoak: giltzurrunetako alterazio, hipertentsio edo likido-atxikipenik nozitzen dutenentzat, haur txiki eta adin handiko pertsonentzat mesedegarri. Organismoa garbitzeaz gainera, gehiegizko likidoak kanporatzen dituzte.
Sodikoak: 200 mg-tik gora Sodikoak: bihotzeko zein giltzurrunetako alterazio edo likido-atxikipenik nozitzen dutenentzat, haur txiki eta adin handiko pertsonentzat ez dira aholkagarri.
Fluordunak Litroko miligramo bat fluoruro baino gehiago Hortzetako kariesa prebenitzen duten arren, ume txikientzat ez dira aholkagarriak; hortzak garatzen ari diren bitartean mineral honetatik gehiegi kontsumitzea fluorosiaren sortzaile izan baitaiteke, esmaltea gaizki mineralizatzea eta, hortaz, hortzen itxura aldatzea eragin dezake (ildaxkak edo orban marroiak azalean)
Ferruginosoak Litroko miligramo bat burdina baino gehiago Burdina-ekarpena egiten laguntzen dute; dieta egoki batekin hartuz, anemia prebenitzen dute
Karboniko edo gasdunak Litroko 250 mg-tik gora karbono-anhidrido (CO2) edo gas libre Gasa urak berez eduki dezake, edo erantsitakoa. Apetitua suspertu, bihotzerrea neutralizatu eta digestioa errazten dute.
Mineralizazio txikiko (500 mg-ra arte) edo oso txikiko urak (50 mg-ra arte) Diuresia (gernua ekoiztea) eragiten dute. Haurrentzako elikagaiak prestatzeko eta sodioa kontrolatzeko dietetan edateko egokienak dira ur hauek; hipertentsioa, bihotz alorreko arazoak, giltzurrunetako harriak edo giltzurrun gutxiegitasuna zein likido atxikipena.

Ura bizitzan zehar

Pertsonaren ur-premiak aldatu egiten dira hainbat faktoreren arabera: galtzen duen likido kopurua, dieta, ariketa fisikoa, klima, adina, egoera jakinak (haurdunaldia, edoskitzaroa) eta osasun egoera, batik bat.

  • Haurtzaroan: mineralizazio txiki edo oso txikiko urak aholkatzen dira, oraindik helduak ez dauden giltzurrunen funtzioa gehiegi ez zamatzeko. Helduaren aldean, haurrak likido gehiago hartu behar izaten du gorputz pisuaren proportzioz larruazalaren azalera handiagoa daukalako (izerdi gehiago ateratzen du) eta ariketa egitean gorputzak tenperatura handiagoa hartzen duelako; gainera, egarri daudela, txikiek ez dute beti-beti ura eskatzen.
  • Gaztaro eta helduaroan: pertsona osasuntsu badago, zeinahi ur mota har dezake, gasdun edo gabea.
  • Haurdunaldian: ur gehiago edan behar da orain; garai honen amaieran emakumearen pisuaren hirutik bi ura da.
  • Edoskitzaroan: umea edoskitzen duen emakumeak behar adina likido hartu behar du (2 litro eguneko), esnea ekoizteko baliatzen duenaren galera orekatzeko.
  • Menopausia: likidoa atxikitzeko joera baldin badu emakumeak, mineralizazio txikiko urak eta hiposodikoak hartzea aholkatzen dute adituek.
  • Zahartzaroan: hondakinak iragazi eta suntsitzeko giltzurrunen ahalmena pertsona zaharrengan gazteenen erdia da, hor nonbait. Adinean joan ahala gorputzak muskulu-masa eta ur gutxiago dauka eta egarriaren mekanismoa bestelakotu egiten da (pertsona zaharrak, gorputza deshidrataturik ere, ez du egarria sentitzen). Horrenbeste funtsezkoa da egunean sei edo zortzi baso ur (zein bestelako likido: infusio, salda, etc.) hartzea.
  • Kirola egitean: organismoa egokiro hidratatua baldin badago etekin fisikoa (abiadura, erresistentzia) ez da jaitsiko eta hipertermia (gorputzeko tenperatura handia) gertatzeko arrisku txikiagoa izango du pertsonak. Ariketa hasi baino ordu erdi bat lehenago, bitartean eta amaitutakoan ere likidoak (edari isotonikoak edo mineralizazio txikiko urak) hartzea aholkatzen dute adituek.
Geure burua hidratatzeko hamar arrazoi

Behar adina likido hartzen dugunean organismoa egokiro hidratatua daukagu, osasunaren mesedetan.

  • Hidratazio egokiak zelula guztiek (bihotz, gibel, giltzurrun, nerbio, muskulu larruazaletakoak…) ongi funtzionatzea ahalbidetzen du.
  • Organismoan gertatzen diren funtzio guztiek ura dute premiazkoa eta uretan disolbatzen dira gorputzeko likido guztiak: odola, digestio-isuriak, gernua, etc.
  • Digestioa egiteko, elikagaien nutrienteak xurgatzeko eta hondakinak kanporatu ahal izateko funtsezkoa da.
  • Zirkulazio sisteman berebiziko eginkizuna betetzen du. Nutrienteak eta substantzia organiko guztiak garraiatzen laguntzen du.
  • Gorputzeko tenperatura egonkor mantentzen laguntzen du, larruazaletik likidoa lurruntzeari esker.
  • Giltzurrunek hobeki funtzionatu dute, gernu gehiago eta aratzagoa sortu, odoletatik toxinak garbitzen eta errazago kanporatzen dituzte.
  • Giltzurrunetako harriak, gernu-infekzioak zein arnasketa-bideetakoak sortzeko arriskua arintzen da.
  • Idorreria prebenitu edo arintzen du.
  • Organismoa toxinetatik garbitzen laguntzen dute.
  • Organismoak ongi funtzionatzeko premiazkoak dituen mineral-gatzen (kaltzioa, fluorra, magnesioa, burdina, etc.) eroale da ura.